Infinituaren erronka (J Agirre Kolektiboa: Uztaro, 27 1998)

Cantor, ENAM, Filosofia, Infinitua (metafisikoa; matematikoa), Matematika

 

IRAKURRI HEMEN TESTU OSOA

 

Hona hemen, pdf formatuan, J. Agirre kolektiboak orain dela ia 30 urte idatzitako beste artikulu zientifiko bikain bat. [1] Kolektiboak aurkezten duen artikuluaren laburpenak zera dio:

Descartes, Leibniz, Spinoza eta Kantenganaino iritsita, matematikak eta filosofiak bide luze eta kordatua egin dute elkarrekin. Kantek berak matematika eta ezagutza orokorraren jatorriak Talesen izen mitikoaren peanlotu zituen. Filosofo hauentzat guztientzat argi dago matematikak ahalbidetu zuela ezjakite eta sineskeria ororekiko jatorrizko haustura. Matematikak mitoaren nagusitasuna apurtu zuen. Pentsamendu erromantikoak bestalde –eta Hegelek batez ere–, urte gutxiren buruan, bien banaketa ia erabatekoa gauzatu zuen. Artikulu honetan, klasikoen bideari jarraitu nahi izan diogu. Dena dela, filosofiak berak egiarik sortzen ez duela eta, azken atalean politikaren alorrera jo dugu ondorio interesgarririk aterako zelakoan. Zelangura ere, politika askatzailea aldizkakoa da beti, eta ez da inoiz denborarengainetik dagoen kategoria filosofiko baten gauzatze edo mamitzearen ondorioa.

1998ko testuinguruan idatzitako hausnarketa filosofiko sendoa izanda, J Agirre Kokektibokoen idazlanaren zehar jorratzen duten ‘infinitu’ hitzaren nola genealogia halaxe esanahien erabilera filosofikoek zein politikoek ez dituzte gaurkotasunik galdu.

Bukaeran argi geratuko den bezala, bestalde, infinitua ENAM edo Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren politika emantzipatzailearen muina azaltzeko baliagarria izango da, hitzaren inguruan eratutako zenbait lotura metaforiko eta analogikoen bidez.

Artikuluaren muinak Infinitua kontzeptuaren inguruko erronka nagusi baten kontua azaldu nahi du, matematikak eta filosofiak elkarrekin egindako bide luzearen testuinguruan.

Erronka nagusia Infinituaren izaera bikoitzari lotuta dago: batetik, infinitu metafisikoa dago, Jainkoari lotua; eta, bestetik, infinitu matematikoa dago, prozesu mugagabe gisa ulertua.

Matematikak eta filosofiak elkarrekin egindako bide luzea Parmenides monistaren jarrailea izango zen Zenon-en paradoxa ezagunekin hasi eta Erdi Aroko monoteismo kristauarekin nagusituko den Jainko infinituaren ikusbide metafisiko aristoteliarra tartean, Descartes, Leibniz, Spinoza edo Kant-en pentsamendu modernoaren abiarazteko erdi-erdikoa izango den Galileoren inflexio-punturaino luzatuko da, besteak beste.

J Agirre Kolektibokoek aipatu filosofia klasiko zein moderno hau matematika siniskerietatik at pentsatzeko duen garrantziagatik azpimarratuko dute. Are gehiago, ondorioz, Hegel eta pentsamendu erromantikoak burututako eta gaurdaino operatiboa den matematika eta filosofiaren arteko bereizketa deitoragarria dela salatuko dute. Bereizketa horri aurre egiteko filosofiak eta matematikak elkarri behar diotela azpimarratuz gain, Alain Badiou-ren erara, bide batez [2], Cantor matematikariaren ekarpena nabarmenduko dute.

Cantor-ek multzoen teoriarekin infinituak hainbat tamaina dituela frogatzen du, zeinak infinituaren tratamendu zorrotza ahalbidetzen baitu matematikaren barruan, nahiz eta, Russell-en paradoxa adibide, zenbait arazo eta oinaze sortzen baituen, halaber.

Infinituaren definizioa, bada, beti egongo da ertz batean kokatua, errealitate ontologikoaren ([g]izakiaren izaerari dagokiona) eta eraikuntza formalaren (matematikaren abstrakzioekin lotuta dagoena) artean kili-kolo. Eta, horregatik, infinituaren misterioa guztiz argitu gabe geratuko da. J Agirre Kolektibokoen artikuluan ondorioztatzen den bezala, infinituaren ingurukoa erronka iraunkorra dirau: infinituarena ez da soilik matematikaren arazo tekniko bat; giza ezagutzaren mugak ukitzen dituen auzi metafisiko sakona ere bada, era berean.

Artikuluaren azkeneko atalean, horrela, J Agirre Kolektibokoek infinituaren kontzeptua eta bere inguruko eztabaida matematiko-filosofikoa metafora politiko gisa erabiltzen dute. Analogiaren baliabidetik tiraka, hain zuzen ere, infinitua ENAM-ek edo euskal askapen mugimenduak Euskal Herriarako duen proiektu politikoaren izaera aztertzeko lagungarria da.

Zehatz-mehatz, euskal askapen mugimendua anitz edo multiple infinitua dela ondorioztatzen dute. Ondorio hori ateratzea posible da erakundetze prozesu ezberdinen bidez askapen mugimenduaren hedatzeko eta garatzeko ahalmena mugagabea delako. Infinitu potentzial baten modura, horrela, askapen mugimenduarena etengabeko prozesu ireki gisa ulertu behar da: inoiz ez da amaitzen eta, aldi berean, aipatu Cantor-en multzoen teoriaren antzera, tamaina askotako hedapen infinitu desberdinetara irekita dago.

Bestela esanda, euskal askapen nazional eta sozialaren proiektua (Euskal Herriaren eraikuntza politikoa) ez da finitua edo itxia. Aitzitik, erronka infinitu bat bezala ulertu behar da: beti erronka berrien aurrean aurkituko denez beti gehiago zabaltzeko potentzia(la) izango duena, eta horregatik, hain zuzen, bere mugak eta barne-koherentzia ere gorde behar dituena.

Euskal Herrirako askatasun proiektua ez da helburu finko eta amaitu batera laburtzen. Aitzitik, prozesu infinitu, ireki eta etengabea da — erronka nagusia beti izango baita “urrunago” joatea bertara inoiz guztiz iritsi gabe.

Artikulu honekin, beraz, J Agirre Kolektibokoek euskal askapen mugimenduaren pentsamendu politiko emantzipatzailea infinituaren auziaren aurrean jartzen dute; esan nahi baita: mugak gainditzeko gaitasunaz gain, oinarri sendoak eta barne-koherentzia hain beharrezkoak direla azpimarratzen dute.

Aurkezpen hau bukatzeko, beraz, askapen mugimenduaren gaur egungo proiektu politikoa oraindik infinituaren adibide gisa uler daitekela sostengatu nahi dugu, hemen: hamarkaden zehar jarraipena segurtatu duen subjektu militante eta antolatu baten bidez, euskal askapen nazional eta sozialaren proiektu politikoa hedapen eta sakontze mugagabera irekita darrai, fideltasuna eta diziplina ardatz!

OHARRAK
[1] Ikus J Agirre Kolektiboa: “Analisi sintomatikoa eta politika nazionala” (Uztaro 23, 1997).
[2] Ikus, Alain Badiou: Matematiken Gorazarrea -I- Matematika gorde behar dugu eta: Matematikaren Gorazarrea – II- Filosofia eta matematika edo bikote zahar baten istorioa (Laister euskaratua).

Share This