Alain Badiou: Mundu bat eta bakarra dago!

Diferentzia, Identitatea (dilatazioa v purifikazioa), Migrantea, Proletario nomadak, Unibertsaltasuna

Alain Badiouk Atenasen emandako hitzaldi hau migrazioaren gaiari buruz da eta ohiz ingelesezko izenburuarekin aipatzen da: “Benetako komunismoa biharko atzerritartasuna da”— Euskaraz, aldiz, “Mundu bat eta bakarra dago” aukeratu dugu, irakurleak ondo asko ulertuko duelakoan.

Hitzaldia bera 2014ko urtarrilaren 25ean izan zen, eta elkarrekin antolatu zuten Alithia psikoanalisi aldizkariak, Open City Udal hauteskundeen mugimenduak eta SYRIZAko Left Union gazte erakundeak. Nikos Poulantzas Institutuak ere lagundu zuen.

Hasiera batean Chronos.ek frantsesez argitaratu zuen (Clément Petitjean) eta gero Verso Books-ek ingelesera itzuli zuen (David Broder).

Oro har, Badiouk erantzun indartsu bat garatzen du migratzaileen beldurra piztu eta migrazioaren auzia helburu politikoetarako ustiatzen dutenen aurka.

Hitzaldian mundu bat eta bakarra dagoela printzipio axiomatiko errefutaezin gisa ezartzen du Badiouk. Mundu garaikidean migrazioaren ondorio politikoak jorratzerakoan ez du onartzen migratzaileak “arazo” gisa ulertzea. Aitzitik, “proletalgo nomada” gisa ulertzen ditu politika internazionalista eta unibertsalista berri baten bideratzailea izan daitekeelakoan.

‘Proletalgo nomada’ esamoldearekin Badiouk migratzaile modernoaren gaur egungo agerpen nagusia jabetzarik gabeko proletargoarena dela azpimarratu nahi du, beren lana saltzera behartuta daudenak jatorriko herrietatik kanpo.

Alta, proletargoaren lekuz leku aldatzea ez da, inolaz ere, mugarik gabe. Mugarik gabe aske mugitzen direnak, aitzitik, dirua eta salgaiak dira globalizazio kapitalistaren pean, pertsonen arteko gehiengoa, migratzaileak barne, guztiz mugatuta eta banatuta dauden bitartean modu bateko eta besteko harresien eta hesien bidez. Kapitalismo globalak, bada, “mundu faltsu” bat sortzen du eta benetako giza batasuna galarazten du.

Giza batasunarena mundu bat eta bakarraren aldarrikapenarekin bat dator. Are eta gehiago, mendebal zuriaren narrazio historiko dominanteak, nazionalistak eta inperialistak, apurtzeko balio du.

Badiouren arabera, gaur egun, gure aberri handia mundua da. Edozein politika esanguratsua izateko, hortaz, edonoren aberri partikularretara datozenak barne hartu behar ditu.

 

 

Baina mundu bakarra dagoela dioen printzipioak mundu horretako identitate eta diferentzien ugaritasuna ukatzen du? Ez, hitzaldi honetan erdi-erdikoa den adibide zehatzez jositako azalpenean, Badiourentzat gakoa da identitateak nola mobilizatzen diren: negatiboki, ‘beste’arekiko erreakzio purifikatzaile gisa, edo positiboki, norberaren eta bestearen identitateen arteko elkartrukea, hedapena eta berritzeko gaitasuna suspertze aldera.

Hitzaldi hau Migrants and Militants (2020) Badiouren geroagoko lanarekin lotu behar da.

Irakurketa osagarri gisa ikus:

Alain Badiou:

“Buruko zapiaren Legearen atzean, beldurra”

Nikolas Xamardo, Xabier Rodríguez:

Identitarearen dilatazioa ala purifikazioa (Argia, 2024/02/23)

Dilatación o purificación de la identidad (Naiz, 13/02/24)

Imanol Galfarsoro:

Unibertsaltasunaren alde -3 – errekontziliazio teorikoen beharraz.

 

—//—//—

Alain Badiou Atenasen: Mundu bat eta bakarra dago!

 

Mundu bakarra dagoela dioen printzipioa ez dago kontraesanean identitateen eta diferentzien arteko joko infinituarekin

Alain Badiou

Lagun greziarrak agurtu eta guztiei eskerrak eman nahi nizkieke, gehi, gaur egun Europan boterea duen oligarkia finantzarioak, kapitalismo globalizatuaren zerbitzura, greziar herriari eragindako egoera izugarriaren aurka borrokan ari diren guztiei.

Gaur egun Greziako Gobernuan benetan agintzen duen Troika gaiztoa ez da Europako ordezkaria soilik; gaur egungo Europa kapitalismo globalizatuaren transmisio-uhala baino ez baita. Zer esaten zaio Greziako herriari zapalkuntza eta hondamendia justifikatzeko? Zuen lekua benetan dagoen munduan kokatu behar duzuela, eta mundu garaikidearen errealitateak kontuan hartuz merkatu-ekonomiaren eta lehia globalaren legeak obeditzera erresignatu behar duzuela.

Propaganda honi aurre egiteko, proposamen oso sinple batetik abiatu behar dugu. Gaur egun, ez dago planeta honetan bizi diren gizon-emakumeek osatutako benetako mundurik. Zergatik diot gizon-emakumeen mundurik ez dagoela? Bada existitzen den mundua, globalizazioaren mundua, merkantzien eta finantza-trukeen mundua baino ez delako. Marxek duela ehun eta berrogeita hamar urte iragarri zuena da: munduko merkatuaren mundua. Mundu honetan, gauzak –sal daitezkeen objektuak– eta zeinuak –erosteko eta saltzeko tresna abstraktuak, diru eta kreditu mota desberdinak– baino ez daude. Hala ere, ez da egia mundu honetan giza subjektuak askatasunez existitzen direnik. Hasteko, ez dute erabat mugitzeko eta nahi duten tokian finkatzeko oinarrizko eskubiderik. Zeren gizon-emakumeen gehiengo izugarriak ez baitu mundu horretara, mundu deitzen den salgaien eta diruaren mundura sarbide txikiena ere. Mundu horretatik guztiz kanpo, harresiaren beste aldean daude, salgai gutxi eta dirurik ez dagoen tokian. Eta «harresiaren beste aldean» diodadean oso modu zehatzean ukertzen dut. Munduko leku guztietan harresiak eraikitzen ari dira. Palestinarrak israeldarrengandik bereizteko asmoa duen harresia; Mexiko eta AEB mugako harresia; Afrika eta Espainiaren arteko hesi elektrifikatua; Italiako herri bateko alkateak erdigunearen eta auzoen artean harresia egitea proposatu zuen! Beti harresi gehiago, pobreak euren etxeetan espetxeratuz. Badira, baita, Europan zorterik gabeko Greziaren eta Ipar Europa aberatsaren artean harresia eraiki behar dugula uste dutenak ere. Globalizazioaren itxurazko mundua harresien eta kartzelen mundua da.

 

 

Duela ia hogei urte, Berlingo harresia erori zen. Gertakari honek munduaren batasuna sinbolizatu zuen berrogeita hamar urtez bananduta egon ostean. Berrogeita hamar urte hauetan bi mundu egon ziren, mundu sozialista eta mundu kapitalista. Edo batzuek esan bezala, mundu totalitarioa eta mundu demokratikoa. Beraz, Berlingo harresia erortzea mundu bakar baten garaipena izan zen, demokraziaren munduaren garaipena. Hala ere, orain ikusten duguna horma mugitu besterik ez dela egin da. Ekialde totalitarioaren eta Mendebalde demokratikoaren artean zegoen, baina gaur Ipar kapitalista aberatsaren eta Hego suntsitu eta pobrearen artean dago. Europan ere hala gertatzen da. Iraganeko garaietan –herrialde indibidualetan ere bai, Iparraldekoetan barne– kontraesana estatua kontrolatzen zuen burgesia menperatzailearen eta langile klase boteretsu eta antolatuaren artean zen. Gaur egun, nonahi ikusten duguna estatua kontrolatzen duen burgesia da, agintean. Gaur egun, nonahi ikusten ditugu merkataritza globalaren onuradun aberatsak eta baztertuen masa izugarria, eta bien artean era guztietako harresiak eta hesiak daude: ez dira eskola berdinetara joaten, ez dute osasun-laguntza bera jasotzen, ezin dira modu berean mugitu, ez dira hiriko leku berdinetan bizi…

‘Baztertua’ izen egokia da mundu errealean ez daudenentzat, hortik kanpoan, hormen eta alanbre-hesien atzean dauden guztientzat. Edo hemen, Grezian bertan, aurreiritzien harresiaren atzean eta Europako jendarmeen atzean zaudetenok.

Duela hogeita hamar urte horma ideologiko bat zegoen, burdinezko oihal politiko bat. Gaur egun aberatsen gozamena eta pobreen nahia bereizten dituen harresi bat dago.
Dena funtzionatzen du bizidunen artean bereizketa zorrotzak egin beharko balira bezala, jatorriaren eta baliabideen arabera, diru zeinu eta objektuen mundu bakarra egon dadin. Gaur, berriz esaten dut, ez dago mundurik. Eta hau horrela da kapitalaren mundu bateratuaren kostua giza existentziaren bi zatiren arteko banaketa basatia eta bortitza delako harresiak, polizia-txakurrak, kontrol burokratikoak, itsas patruilak, alanbre-hesiak eta deportazioak tarteko.

Zergatik bihurtu da immigrazioa deiturikoa mundu osoan zehar funtsezko arazo politikoa? Herrialde ezberdinetan bizi eta lan egin nahian etortzen diren gizaki guztiak munduaren batasun demokratikoa guztiz faltsua den froga direlako.

Egia balitz, atzerritar horiei harrera egin beharko genieke gure mundu bereko pertsona gisa. Maitatu beharko genituzke zure etxe ondoan gelditzen den bidaiaria balitz bezala. Baina hori ez da batere horrela gertatzen. Gure arteko gehienok jende hau beste mundu batetik datorrela uste dugu. Hori da arazoa. Froga bizia direla gure mundu garatu eta demokratikoa ez dela gizon-emakumeen mundu bakarra. Gure artean beste mundu batetik etorritzat jotzen ditugun gizon-emakumeak daudela. Baita Europan ere bada jendea, greziarrak bezala, Frantziako edo Alemaniako gobernuek beste mundu batetik datozela uste dutela. Dirua berdina da nonahi, dolarra eta euroa gauza bera dira nonahi; pozik onartzen ditugu beste munduko atzerritarrek poltsikoan dituzten dolarrak edo euroak. Baina pertsonari, jatorriari eta bizimoduari dagokionez, ez dira gure mundukoak. Kontrolak jartzen dizkiegu, ez diegu gelditzen uzten. Troika bat bidaltzen dugu haiek zaintzeko. Larrituta galdetzen diogu geure buruari zenbat dauden gure artean, zenbat etorri diren beste mundu batetik. Galdera izugarria dena, ondo pentsatuz gero. Horien jazarpen, debeku eta kanporatze masiborako lurra ezinbestean prestatzen duen galdera. Gobernu politiken alde kriminala elikatzen duen galdera.

Beraz, hau esan dezakegu: munduaren batasuna diru-objektu eta zeinuen batasuna bada, gorputz bizidunentzat ez dago halako batasunik. Lekune zonifikatuak daude, harresiak, bidaia etsituak, gorrotoa eta heriotzak. Alemania ona dago eta Grezia txarra.

Hori da gaur egungo auzi politiko zentrala, mundua izatearen arrazoia, munduaren existentziaren auzia.

Mundu bakarra merkatu globalaren mundu faltsuaren aurka: horixe nahi zuen Marx komunista handiak, eta berari erreferentzia egin behar diogu orain. Mundua gizadi edo humanitate osoak amankomunean duena dela biziki defendatu baitzuen. Emantzipazioaren eragile nagusia proletarioa dela esan zuen. Bai, proletarioen aberria gizakien mundu osoa baino ez da. Eta hori gauzatzeko, beharrezkoa izango da merkatu globalaren munduarekin bukatzea, salgaien eta diruaren munduarekin, kapitalaren eta jabeen munduarekin. Guztion mundu bat egon dadin, jabetza pribatuaren finantza diktadurarekin amaitu beharko da.

Batzuk, gaur egun, –dudarik gabe, asmo onez beteta– demokrazia zabalduz Marxen ikuspegi indartsu honetara iritsi gintezkeela uste dute. Hau da, munduaren forma egokia dena, hots, Mendebaldeko demokrazietan eta Japonian dagoena, mundu osora zabalduz. Greziak, beraz, behar bezala globalizatu beharko luke, bere bankuekin bakea egin eta haiei guztiz menperatuta jarraitu. Arazoa, hauentzat, demokrazia leku guztietan ez dagoela da.

Nire ustez, hau gauzak ikusteko modu absurdua da. Mendebaldeko mundu demokratikoaren oinarri material absolutua jabetza pribatua baita. Bere legea da biztanleriaren ehuneko batak munduko aberastasunaren %46a duela eta ehuneko hamarrak munduko aberastasunaren %86a. Eta munduko biztanleriaren ehuneko berrogeita hamarrak -bai, %50 da- ezer ez daukala, errealitatean. Nola egin daiteke mundu bat, halako desberdintasun amorratuekin? Mendebaldeko demokrazietan, askatasuna jabetza-askatasun mugagabea da lehenik eta behin, balioa duen guztiaren jabetzea. Eta gero moneta-objektu eta zeinuen zirkulazio askatasuna dator. Askatasunaren kontzepzio honen ondorio hilgarria aberastasunaren pribilegioen defentsa zorrotz eta errukigabearen bidez gorputz bizidunak bereiztea da.

Gainera, demokraziaren «hedapen» honek zein forma konkretu hartzen duen ederki dakigu. Besterik gabe: gerra da. Jugoslaviako, Irakeko, Afganistango, Somaliko eta Libiako gerrak, Frantziako hamaika esku-hartze militarrak Afrikan barne, zer esanik ez. Eta gero, munduko eta Europako sistemak herri osoen aurkako gerra isil eta maltzurra dago, halaber -greziarrekin bezala-.

Herrialde jakin batean hauteskunde askeak-edo antolatzeko gerra luzeak egitea beharrezkoa izatea, gerraz ez ezik hauteskundeez ere hausnartzera bultzatu behar gaitu. Munduaren zein ikuskera dago gaur egun hauteskunde demokraziarekin lotuta? Gainontzeko guztiaz gain, demokrazia honek zenbakien legea inposatzen du. Zenbakien bidez merkantziaz batutako munduak diruaren legea ezartzen duen bezalaxe. Hauteskunde-zenbakien legearen inposaketa militarrak, Bagdaden zein Tripolin, Belgraden, Bamakon, Kabul edo Bangui-n, gure arazoa azaltzera garamatza: mundua objektuen eta zeinuen mundua baldin bada, mundua leku bat da non den-dena zenbatzen baita. Eta zenbatzen edo kontatzen ez dutenek, edo apur bat besterik ez, gure zenbatzeko legeak dituzte gerrak inposatuta.

Zeinak frogatzen baitu horrela pentsatutako mundua ez dela errealitatean existitzen, edo bestela artifizialki bakarrik existitzen dela, indarkeriaren bidez.

Uste dut arazo honi buelta eman behar diogula. Munduaren existentzia baieztatu behar dugu, hasieratik, axioma eta printzipio gisa. Oso esaldi xume hau esan behar dugu: «Badago emakume eta gizon bizien mundua». Esaldi hau ez da ondorio objektiboa. Badakigu diruaren legearen arabera ez dagoela emakume eta gizonen mundu bakarra. Hor daude aberatsak eta pobreak, Europako gobernatzaileak Greziako herriak bereizten dituen harresia. «Mundu bat dago» esaldi hau performatiboa da. Guretzat existitzen dela erabakitzen dugu. Eta esaldi honi fidel jarraituko diogula. Esku artean dugun zeregina oso esaldi sinple honetatik sortzen diren ondorio oso larri eta zailak ateratzea da. Marxek, langile klasearen lehen nazioarteko erakundea sortu zuenean, langileek aberririk ez dutela dioen ondorio latzak atera zituen bezalaxe. Proletarioak herrialde guztietakoak dira. Proletarioak nazioartekoak dira.

 

Lehen ondorio oso sinple bat gure artean bizi diren atzerriko jatorria duten biztanleei dagokie: etorkin deitzen direnak. Nire herrialdean, horrek marokoarrak, maliarrak, txinatarrak eta beste asko esan nahi du. Hemen Grezian ere, pobrezia orokorraren artean, beste nonbaitetik etorritako jendea dago, albaniarrak adibidez. Baina emakume eta gizon bizien mundu bakar bat baldin badago, orduan gure mundu berekoak dira. Jatetxeko sukaldean ikusten dudan langile afrikar beltz hau, edo errepidean zulo bat egiten ikusten dudan marokoarra, edo haurtzaindegi batean haurrak zaintzen ikusten dudan emakume belodun hori; denak nire mundu berekoak dira. Hori da garrantzitsuena. Hor da, eta beste inon ez, munduaren batasunaren ideia nagusia irauli dezakegula zeinaren arabera mundua objektuen, seinaleen eta hauteskundeen lekua baita soilik –gerrara eta jazarpenera daraman ideia besterik ez dena–. Munduaren batasuna, hemen eta orain, gorputz bizi eta aktiboen batasuna da. Eta batasun horren benetako proba gainditu behar dut, erabat: hemen dauden biztanle hauek –nigandik desberdinak hizkuntzan, arropetan, erlijioan, janarian eta hezkuntzan– mundu berean existitzen dira, besterik gabe, ni bezala existitzen dira. Eta ni bezala existitzen direnez, haiekin eztabaidatu dezaket, eta gero, beste edozeinek bezala, gure adostasunak eta desadostasunak izan. Baina nik bezala existitzen diren baldintza absolutuarekin, alegia, mundu berean bizi garela.

Kulturak elkarren artean desberdinak direla dionik egon daiteke hemen: Baina nola? Nire mundu berekoak dira ala ez dira? Identitate Politikaren aldekoak esango du: ez, ez! Gure mundua ez da edozeinena! Gure mundua gure balioak benetan balio duten guztien multzoarena da. Esaterako, demokratak direnak, emakumeak errespetatzen dituztenak, giza eskubideen alde egiten dutenak, frantsesez hitz egiten dutenak, hau edo bestea egiten dutenak, haragi bera jaten dutenak, ardoa edaten dutenak eta txistorra jaten dutenak. Edo grekoz hitz egiten dutenak bakarrik, kristau ortodoxoak direnak eta feta eta olibak jaten dituztenak. Bai, pertsona hauek mundu berean bizi dira. Baina kultura ezberdina dutenak, hala esaten digute LePen-zale zein Golden Dawn (eskuin muturreko) alderdikoek, ez dira benetan gure mundukoak. Ez dira demokratak, emakumeak zapaltzen dituzte, arropa barbaroak janzten dituzte… Nola izan daiteke ardoa edaten edo txerrikirik jaten ez duena nire mundu berekoa? Edo, egia esan: zikinak dira, musulmanak dira, gu baino pobreagoak dira. Gure munduan sartu nahi badute gure baloreak ikasi behar dituzte; gure balioak partekatu behar dituzte. Gure baloreen azterketa gainditu beharko dute: Frantzian probak ardo baso bat edatea, urdaiazpiko xerra bat jatea eta katixima laiko bat irakurtzea izan daitezke. Edo Grezian, apaizaren aurrean belaunikatu eta greziar herriaren historia mitiko guztia greziar hizkuntza modernoan errezitatzea.

Horren guztiarako hitza «integrazioa» da; beste nonbaitetik datorrenak gure munduan integratu behar du.

Afrikatik datorren langilearen mundua gurea den mundu berdina izateko, gu mundu honen jabe garela esan nahi duena, bera – Afrikako langilea – gu modukoa izan behar da. Balio berdinak maitatu eta landu behar ditu. Nicolas Sarkozy izeneko Frantziako presidentea izan zen batek zera esan zuen: «Atzerritarrak Frantzian geratu nahi badute, Frantzia maitatu behar dute, eta hala ez bada, alde egin behar dute». Eta nik neure artean: Bada nik ere alde egin beharko dut, ez dut batere maite-eta Nicolas Sarkozyren Frantzia. Ez ditut batere partekatzen integrazioaren balioak. Ez nago integrazio horretan integratuta. Mundu txiki itxi batean integratzearen kontrakoa naiz, izan frantsesa edo grekoa izan, herria indartsu egiten duena mundu bat dagoela esatea baita, eta mundu honetan badirela proletarioak, batzuetan oso urrun, bizirik irauteko, bidaiatu behar dutenak. Gure mundu bakarreko proletalgoa proletalgo nomada bat da, eta gure aukera politiko bakarra harekin egotea da, non eta noranahi.

Egia esan, langile afrikarrari edo langile albaniarrari zure mundu berekoa izateko baldintzak jartzen badiozu, orduan «emakume eta gizon bizien mundu bakarra dago» printzipioa bera abandonatzen eta hondatzen duzu. Hala ere, zera esaten didazu: baina herrialde batek bere legeak ditu. Noski. Baina lege bat ez da erabat baldintza bat. Lege bat berdin doa guztiontzat. Ez du ezartzen mundua izateko baldintzarik. Munduko eskualde jakin batean dagoen behin-behineko arau bat besterik ez da. Eta inori ez zaio eskatzen legea maitatzeko, soilik betetzeko baizik.

Emakume eta gizon bizien mundu bakarrak legeak izan ditzake. Ez baina bertan sartzeko edo bertan egoteko baldintzarik. Ezin da egon beste batzuk bezala izateko betebeharrik bertan bizitzeko. Are gutxiago beste batzu hauen arteko gutxiengo bat bezalakoa izateko, adibidez, burges txiki zuri zibilizatua edo greziar nazionalista basatia bezalakoa izateko. Mundu bakarra baldin badago, hor barruan bizi diren guztiak ni bezala existitzen dira, baina ez dira ni bezalakoak: desberdinak dira. Mundu bakarra, hain zuzen, desberdintasun infinitua dagoen lekua da: Mundua berdina da mundu honetan bizi diren pertsonak desberdinak diren bitartean.

Aitzitik, munduan bizi direnak denak berdinak izan daitezen eskatzen badugu, mundua da itxi egiten duguna — zeinak, ezinbestean, bereizketak, harresiak, kontrolak, gorrotoa, heriotzak, faxismoa eta azkenik, gerra ekartzen ditu.

Beraz, jendeak galdetuko du: ez al dago ezer desberdintasun infinitu hori arautzeko? Identitaterik ez desberdintasun horiekin dialektika batean sartzen dena? Mundu bakar bat, espetó, ados, baina horrek benetan esan nahi du frantsesa izateko, edo Frantzian bizi den marokoarra, edo bretoia, edo musulmana tradizio kristaua duen herrialde batean, edo Grezian albaniarra izateak ez duela ezertarako kontatzen bizien munduaren batasun inposatuaren aurrean?

Galdera ona da. Noski, desberdintasunen infinitua identitateen infinitua ere bada. Azter dezagun pixka bat identitate ezberdin horiek nola iraun dezaketen baita gizaki guztientzat mundu bakarra dagoela baieztatzen dugunean ere.

Baina lehenik: zer da identitate bat? Definiziorik errazena identitatea edo nortasuna norbanako edo talde batek «bere burua» aitortzen duen ezaugarri eta propietateen multzoa da. Baina zer da «bere burua»? Bada aldaketarik gabe geratzen diren identitatearen ezaugarri guztiek osatzen dutena. Beraz, identitatea ezaugarri eta propietate aldaezinen multzoa dela esan genezake. Esaterako, identitate homosexuala desioaren objektu posiblearen aldaezintasunari dagokion guztiak osatzen du; artista baten identitatea bere estiloan aldaezina dela antzeman dezakeguna da; atzerriko komunitate baten identitatea herrialde jakin batean bere pertenentzia aitortzen duen horrek osatzen du: hizkuntza, errituak, jantziak, usteak, jateko ohiturak, etab.

Aldaezintasunak, edo inbarientziak, horrela definituta, identitatea diferentziarekin bi modutara erlazionatzen da.

Identitatea beste guztiarekin ezberdina dena da (identitate estatikoa).

Identitatea desberdin bihurtzen ez dena da (identitate dinamikoa).

Jokoan dagoena Norberaren eta Bestearen arteko dinamika filosofiko handia da.

Denok mundu berean bizi garela dioen hipotesia hartuta, berdinak izateko, norberaren identitatea mantentzeko eta garatzeko eskubidea baiezta dezakegu. Langile maliarra edo kale-garbitzaile albaniarra ni bezala existitzen bada, esan dezake eskubidea duela, nik bezala, bereak diren propietate aldaezinak mantentzeko eta antolatzeko, bere erlijiotik bere ama hizkuntzaraino, eta entretenitzeko moduetatik bere bizimoduraino, etab. Bere identitatea baieztatzen du integrazioak inposatuko liokeenari uko eginez, bestela bere identitatea beste baten mesedetan desegite hutsa eta soila litzateke-eta. Beste honek nik bezala pentsatzen badu, nire mundu berean bizi dela, ez dauka arrazoirik beste identitate hori, nirea, a priori berea baino hobeagotzat hartzeko.

 

Hori esanda gero, baina, identitatearen baieztapen honek bi alderdi nahiko ezberdin ditu, Norberaren eta Bestearen arteko dialektikaren barruan.

Lehenengo alderdia etorkizunean izan nahi dudana bihurtzeko nahia bera berdintasunaren mugen barruan izango dela da. Nietzschek bere maxima famatuan esandakoaren antzera: ‘Bihur zaitez bazarena’. Horrek egoera berri baten barruan identitatearen garapen inmanentea esan nahi du. Langile maliarrak edo kale-garbitzaile albaniarrak bere nortasun indibiduala, familiarra edo kolektiboa osatzen duena ez du batere utziko. Baina apurka-apurka, bizitzen amaitu duen munduko txokoan aurkitzen duen guztia bereganatzen joango da, modu sortzailean. Eta horrela asmatuko du orain zer den: langile maliar bat Pariseko auzo baten, edo kale-garbitzaile albaniar bat –edo baita eskale albaniar bat ere– Atenasko auzoren batean. Mugimendu subjektibo baten bitartez bere burua bersortuko du, Maliko nekazaria izatetik Parisen finkatzen den langilea izateraino, edo zorigaiztoko baserritar albaniarra izatetik Atenasko kale-garbitzaile edo eskalera izateraino. Barne hausturarik gabe, baina bere identitatearen hedapen edo dilatazio baten bidez.

Norberaren identitatea baieztatzeko beste modua negatiboa da. Ni Bestea ez naizela gogor azpimarratzean datza. Eta ezinbestekoa da beti gure gobernuek – gai honetan guztiak erreakzionarioak eta faxismoaren konplizeak– integrazio autoritario eta jazartzailea eskatzen dutenean. Langile maliarrak, ondorioz, indarrez baieztatzen du bere tradizioak eta ohiturak ez direla europar burges txikiarenak. Erantzun gisa bere erlijioan eta jantzietan adierazitako ezaugarri identitarioak indartu ere egin daitezke, onartzen ez duen Mendebaldeko munduaren nagusitasunari aurre eginez. Eta jarrera hori nola leporatu diezaiokegu, behar den bezala, mundu bat bestea baino gorengoago izatearen ideia BER’s absurdua dela uste badugu? Mundua, izan, bat eta bakarra baita!

Azken finean, identitatearen barnean desberdintasunaren bi adiera bereizten dira. Baiezkoa: Norberak bere buruari eusten dio bereizteko ahalmen propioaren bidez. Sorkuntza bat da. Erabilera negatiboa: Norberak bere burua defendatzen du Besteak eskatzen dion korrupzioaren aurka. Bere garbitasuna gorde nahi du. Purifikazio bat da.

Identitate oro sorkuntza mugimendu baten eta purifikazio mugimendu baten arteko joku dialektikoa da.

Beraz, beraz, Identitateen eta «Mundu bakarra dago» printzipio handiaren arteko erlazioa aski ongi ikusgarria da.

Ideia orokorra sinplea da: bizidunen munduaren batasunaren printzipioa kontuan hartuta, identitateek sorkuntza gailentzen dute nonahi purifikazioaren gainetik.

Zergatik da harresien, jazarpenen, kontrolen eta kanporaketen politika hondamendia? Zergatik sortzen du faxismorako joera oso arriskutsua? Bada, izan ere, jakina, bi mundu sortzen dituelako, eta horrek gizateriaren existentzia bera ukatzeaz gain amaigabeko gerrak dakartza. Baina gainera, gure gizarteak barnean bertan hondatzen ditu, marokoarrak, maliarrak, errumaniarrak, albaniarrak eta beste guztiak, nolanahi ere, ugari etorriko direlako. Jazarpenak, baina, beren kideen artean indartzen duena ez da sortze-prozesua, garbiketa-prozesua baizik, purifikazioa. Sarkozy eta Blair, Hollande eta Valls, Venizelos eta kanporatzearen eta jazarpenaren bidez berehalako integrazioa nahi duten beste guztien aurrean, gazte islamistak ditugu beren fedearen garbitasunarengatik martiria egiteko prest. Eta Fronte Nationalak edo Urrezko Egunsentiak erasoak edo pogromak antolatzen badituzte, apurka-apurka gure gizarteak erregimen errepresibo hutsetan eraldatuko dira, polizia-estatuak bilakatuz. Horrek faxismorako lurra prestatzen du, politika kapitalista baino ez den fantasia nazional puztua poliziaren errepresioaren bidez. Horregatik, identitate sortzailea nortasun garbitzaileari irabaztea eragiten duen guztia edozein preziotan onartu behar dugu, azken joera purifikatzaile hori erabat desagertu ezin dela jakinda ere. Hori gertatzeko modu bakarra mundua bera bakarra dela hasieratik baieztatzea da. Eta axioma horretatik datozen ondorioak identitateen alderdi sortzailea irekitzen duten ekintza politikoak izan behar direla: hala nola, oso zehatz eztabaidatu dezaket langile marokoar batekin edo Maliko ama batekin, langabezian dagoen albaniar batekin bezala, zer egin dezakegun elkarrekin denok mundu berean existitzen garela baieztatzen, gure identitate partzialki bereiziak edozein direla ere.

Leku guztietan, mundu bakar baten existentzia politikoa antolatu behar dugu. Beste batzuk ezagutuko ditugu, eta berdintasunez eztabaidatu ahal izango dugu mundu berean egoteko gure modu desberdinak. Baina hasiera batetik, ezer baino lehen, denok batera aldarrikatuko dugu jazarpena zilegitzen, harresiak ezartzen eta miaketa eta deportazioak antolatzen dituzten legeak indargabetzearen alde. Atzerritarrak poliziaren esku uzten dituzten legearen kontra. Indarrez aldarrikatuko dugu, borroka tinkoa den heinean, gure herrialdeetara kanpotik etorritako milioika pertsonen presentzia ez dela batere identitate eta integrazio kontua.

Zirt edo zartekoa, hemen, proletarioak daudela da, azken finean beren bizitza aktibo eta nomadaren bidez irakasten digutenak politikan –politika komunistan– beharrezkoa dela gizaki bizidunen mundu bakarra erreferentetzat hartzea, eta ez nazio separatuen mundu faltsua. Horretaz guztiak jabetzeko nahikoa da ideia soil hau ulertzea, alegia: gu bezala hemen daude eta existitzen dira. Nahikoa da haien existentziaz ohartzea eta egoera erregulartzat ematea, bizitza normaltzat hartu eta beste edozein bezala existitzen uztea. Funtsean, nahikoa da edonork bere lagunekin naturalki egingo lukeena egitea.

 

 

Ibilbide kolektibo honetan, gure identitateak trukatuko ditugu, inork berari uko egin beharrik gabe, edo inor beste norbait den horretan integratu gabe. Atzerritarrek, bidaia luzeen ondoren, irakatsiko digute gure herriaren politika oso txartzat ikusten dutela eta nola parte hartuko duten hura aldatzeko; eta atzerritarrei guk irakatsiko diegu aspalditik saiatzen ari garela politika aldatzen, etorkizunean ere funtsezko eginkizuna izaten jarraituko duena. Prozesu horretatik ideia berriak sortuko dira, zenbait ezusteko moduetan barne. Baita antolakuntza-modu berriak ere, non atzerritarren eta bertakoen arteko ezberdintasuna gure ikuspegi komunaren menpe egongo den guztiz: mundu bakar bat dago non denok berdin bizi garen, mundu honetan gure identitateek partekatzen ditugunez elkartruke adiskidetsuan oinarritzen den ekintza politiko amankomunean.

Gauzak horrela, gure pentsamoldea lau puntutan laburtu daiteke:

  1. Trabarik gabeko kapitalismoaren eta demokrazia aberatsen «mundua» mundu faltsua da. Diru-produktu eta zeinuen batasuna hartzen du aintzat soilik eta gizateriaren gehiengoa arbuiatzen du. Beste «mundu» debaluatuan botata bizi direnetatik bereizten da nola harresi gakaxe gerraren bidez. Zentzu honetan, gaur egun ez dago mundurik. Harresiak, itotzeak, gorrotoak, gerrak, lapurtutako eta abandonatutako eremuak, beste edozertatik babestuta dauden eremuak, pobrezia osoan utzitako beste batzuk eta kaos horren guztiaren bizkar aurrera egiten duten ideologia kriminalak besterik ez daude.
  2. Beraz, «mundu bakarra dagoela» baieztatzea ekintzarako printzipio bat da, inperatibo politiko bat. Printzipio honek mundu bakar honetako atal guztietan existentziaren berdintasuna dakar.
  3. Mundu bakarra dagoela dioen printzipioa ez dago kontraesanean identitateen eta desberdintasunen joko infinituarekin. Bakarrik identitateek beren dimentsio negatiboa (Bestearekiko oposizioa) utzi eta dimentsio positiboaren (Norberaren garapena) menpe jartzea eskatzen du.
  4. Gure herrialdeetan milioika atzerritar egoteari dagokionez, hiru helburu ditugu: integrazio jazarlearen aurka egitea; arazketa erreaktiborako bidea blokeatzea; eta identitate sortzaileak garatzea. Hiru helburu horien artikulazio zehatzak definitzen du gaur egungo politikan garrantzitsuena dena.

Eta politikaren eta atzerritarren auziaren arteko lotura estu honetaz, gaur guztiz erdigunea dena, Platonen testu harrigarri bati erreparatu diezaiokegu, eta horrekin amaitu nahiko nuke. Bere Errepublikaren 9. liburuaren amaieran dago. Sokratesen solaskide gazteek diote: «Politikari buruz kontatzen diguzun hori ondo dago, baina ezinezkoa da. Ezin duzu praktikan jarri’. Eta Sokratesek erantzuten du: «Bai, jaiotzen garen hirian agian ezinezkoa da. Baina agian beste hiri batean posible izango da’. Benetako politika orok atzerriratzea, erbestea, atzerritasuna suposatuko balu-edo. Gogora dezagun hau adiskidetasunez joaten garenean atzerriko ikasle eta langileekin politika egitera, auzoetako gazteekin eta jatorri eta sinesmen guztietako pobreekin: Arrazoia zuen Sokratesek, arrotzak izatea, edo haien kultura ezberdina izatea, ez da oztopoa. Aitzitik! Aukera bat da, hemen eta orain internazionalismo forma berriak sortzeko aukera. Eta gogoratu Marxek esandakoa: komunistaren ezaugarririk oinarrizkoena, internazionalista izatea da. Izan ere, gaur egun aldarrikatzen dugun mundu bakar honetako edozein zatitan benetako politika bat gauzatzeko, mundu honetako beste nonbaitetik datozenak behar ditu guztiz –posible izan dadin–.

Frantziako lehen ministro sozialista batek 1980ko hamarkada hasieran esan zuen «etorkinak arazo bat» direla. Horri buelta eman behar diogu: «etorkinak aukera bat dira!» Atzerriko langileen eta haien seme-alabek lekukotzen dute -gure herrialde zahar eta nekatuetan- munduko gazteen, bere hedadura, bere barietate infinitua. Haiekin sortuko da etorkizuneko politika. Haiek gabe, kontsumismo nihilistan eta polizia ordenan trabatuta jarraituko dugu, Petty LePen-isten eta haien txakurren menpe.

Atzerritarrak, gutxienez, irakatsi behar digu geure buruari atzerritarrak izaten, geure buruarengandik kanpo proiektatzen eta jada ez gatibu geratzen orain amaitzen ari den Mendebaldeko historia luze eta zuri honetan, eta bertatik antzutasuna eta gerra baino ez dagoen espero. Hondamendi nihilista eta sekuritario honen zain egon beharrean, benetako komunismoa agurtzen dugu, hau da, biharko berri(tasun)a izango dena eta, beraz, arrotza.

 

 

 

 

 

Share This