Analisi sintomatikoa eta politika nazionala (J. Agirre kolektiboa, UZTARO 23 – 1997)

‘Bestea’, ENAM, Estatua, ETA, Gertakizuna, Metodoa, Sintoma


IRAKURRI HEMEN TESTU OSOA

 

Hona hemen, pdf formatuan, J. Agirre kolektiboak orain dela ia 30 urte idatzitako artikulu zientifiko bikaina. Kolektiboak egiten duen artikuluaren laburpenak zera dio:

Artikulu honetan analisi-metodo koalitatiboen premia aldarrikatzen da, gatazka-egoeratan metodo koantitatiboek ez baitute asko balio politika informatiboa aztertzeko. Sintomak medikuntzan eta psikoanalisian dituen esangura desberdinak errepasatu eta tipologia sintomatikoa aipaturik, egoki deritzo autoreak politika-alorrean zein horren isla diren hedabideetan ere prozedura psikoanalitikoa aplikatzeari. Analisi-metodo honi analisi sintomatikoa deritzo. Proposatzen den analisi hau egiteko puntu pribilegiatuak krisi-une larriak izaten direla dio autoreak, eta eguneroko politika-girotik hartutako adibide piloa eskaintzen du analisi sintomatikoa nola egin daitekeen azalduz

Artikuluaren asmoa garaiko estatu espaniarraren hedabide nagusien askapen mugimenduarekiko jarrera aztertzea da, edo hobe esanda, agian, azaltzea eta erakustea borroka politiko eta ideologiko zehatz baten testuinguruan. Hori baita irakurketa sintomatikoa: esaten dena baino esaten ez dena, sintoma gisa, agertaraztea.

J. Agirre kolektibokoen arabera, alde batetik, gertakizun fundatzailea dago (Euskadi eta Askatasuna) edo Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak osatuko duen gertakizun historiko-politiko berriaren agerpena; eta, beste aldetik, estatu espaniarraren mesedetan jokatzen duten masa-hedabideak:

Euskal Nazioaren Askapen-Mugimenduaren (ENAM) eta Estatu espainiarraren arteko gatazka-egoerak –zeinean mass-mediek, honen borroka politiko-ideologikoaren oinarrizko euskarri diren aldetik, leku zentrala betetzen duten.

Askapen mugimendua, bada, estatu espaniarraren ‘Bestea’ da, Beste ulergaitza, eta hedabide nagusien betebeharra, ondorioz, ulertzen ez den horren aurka estatuaren ideologia nagusia babestea da, ohiko jakintza-tresna edo diskurtsoen bidez:

Kontu egin dezagun, ENAMek aurreratzen duen berritasuna suntsitzeko grinaz, Estatuak beti faltsutu, desitxuratu eta ezkutatu egiten dituela aipaturiko jabeldura edo interpretazio ekintzaileetatik datozen elementu politiko-informatiboak – ulermen ezagatik eta aurkariarentzat kaltegarriak izan daitezen.

Baina askapen mugimenduaren Egia emanzipatzailea gai da estatu espaniarraren mesedetan hedabide nagusiek jada badagoena sostengatzen saiatzen direnei aurre egiteko:

Edonola ere, Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren askapen-egiak zulatu egiten du egitura hori eta, Estatua den entziklopedia arauemaile eta kontserbatzailean egindako arrakaletatik, zuladura horren aztarnak irtenarazi egiten ditu sintoma modura.

Kontuan hartu, bide batez, J. Agirre kolektibokoek, hemen, Alain Badiouren kontzeptuez baliatzen direla, non, enziklopediak edo jakintza enziklopedikoak jada badagoen edo eratua dagoen jakintza sistemikoaren eremua ordezkatzen duen, gertakizuna, bere aldetik, jada badagoen jakintza edo sistema eratuetatik haratago sortzen den zerbait apurtzailea den bitartean. Edo bestela esanda: gertakizunak indar eraldatzailea duen egia berri bat sortzen duen bitartean, enziklopedia jada badagoen jakintza egonkor eta egitaratuaren errepikapena da.

Zentzu horretan, J. Agirre kolektibokoen betebeharra zenbait irakurketa sintomatikoetan oinarritzen da; eta asmoa gertakizun berri gisa askapen mugimenduak osatzen duen ‘beste’ ulergaitz horri buruz espaniar estatuaren aldeko hedabide nagusiek esaten dutenaren azpian ezkutatzen diren aurresuposizio politiko eta ideologikoak agerian uztea da, gehienbat.

Gehien bat, zeren Irakurketa sintomatikoa metodo kualitatiboan oinarritzen baita, eta zapalkuntzaren mekanismo ezkutuak azaltzeko eragingarriagoa da ezker abertzaleko hedabide alternatiboetan ere maiz nagusitzen den kuantifikaziora joerarekin baino – zenbakietan oinarrituz gero azalpena zientifikoago-edo bilakatuko balitz bezala.

Artikuluak, beraz, metodoari buruz besterik ez bada, irakurketa sintomatikoarena, izugarrizko gaurkotasuna gordetzen du, egungo sekuentzia politikoa guztiz ezberdina izanda ere.

Artikuluaren lehenengo eta bigarren ataletan sintomaren nozioa azaltzen da eta zerrenda (tipologia) moduko bat aurkezten da sintoma nozioaren erabilera psikoanalitikoak, nola klinikoak hala linguistikoak, zerrendatuz eta deskribatuz.

Gero, hirugarren atalean, sintomen teoria eremu politikoan aplikatzen da, gehienbat askapen mugimenduak, (ETA, ENAM, KAS, HB, LAB…) estatuan eragingo duen krisien testuinguruan adibide piloa eskainiz, are adibide zeharo argigarriak, izan ere, hiru azpiataletan barreiatuak:

Sintomak egitura menderatzailetan: (J.L. Corcuera eta Irunberriko ETAkideen buruez beste egitearena; F. Buesa eta ikastolak; Txamorro katedradun jauna eta J.R. Etxebarriaren gose greba bortxa gisa; El País egunkaria eta ‘Kinito’ konfidentea);

Sintomak ENAMen erakunde egituran: EGIN Ezker Abertzalea eta Sozialismo Erreala;

Sintomak ENAMen barruan bertan: Gertakizun fundatzailea (ETAren sorrera) eta herri mugimenduen arteko harteman ez-organiko eta lotura ikusezinei buruz; dela Euskal Herrian bertan, gaztetxeak, euskararen aldeko taldeak, intsumisioa, ekologia…, baina baita kanpoan ere, hala nola, Montevideoko euskal errefuxiatuekiko eelkartasun mugimendua…

Laugarren atalean, azkenik, erdiko gaia GAL da. Bertan zenbait PSOEko politikariek (F. Gonzalez nagusiki gehi R. Vega, Benegas, Buesa…) edo Lopez Aranguren ‘etika’ko irakaskeak eta abarrek esandakoen eta ez-esandakoen irakurketa sintomatiko luze bezainbat argigarria eskaintzen zaigu – bukaeran, euskal testuinguru konkretuan beste bizpahiru adibideekin batera: Ardanza, Atutxa eta , PNV oro har.

Irakurketa interesgarria, hortaz, nola garai historiko hurbil bateko zenbait gorabeherez jabetzeko halaxe J. Agirre kolektiboko burkideen posizio intelektual guztiz aintzindaria ospatzeko! Chapeu!

Irakurketa osagarriak:

Alain Badiouren Gertakizun kontzeptuaz euskal testuinguruan ikus Gertakizuna eta euskal emantzipazio prozesua:

(1/3) Gertakizunak Badiouren arabera
(2/3) Euskal emantzipazio prozesua gertakizun gisa
(3/3) Gertakizuna atzo eta gertakizuna gaur

Gertakizun gisa euskal askapen nazional eta sozialaren agerpena eta garapenaren berritasuna desitxuratzeko eta ukatzeko ahaleginen logika eta operazio dominatzaileen nolakotasunez jabetzeko, ikus, Alain Badiou: Estaldura Prozeduraz

Share This