Nola egin berria komunikagarri – Nicolás Xamardo González

Badiou, Berria, Gertakizuna, Komunikazioa, Lacan

Niko Xamardo-rekin legendazko J Agirre Kolektiboari buruz izandako solasaldiaren ondoren, hona hemen euskaratua 2024an gailegoz argitaratu zuen idazlana (Coimo un acontecimento (lo novo) se fai comunicable, Novas do Eixo Atlántico, 2024).[1]

Idazlana Laura Mintegik trinkotu du eta itzulpenaren egilea Jexuxmari Zalakain da.

 

IRAKURRI HEMEN TXOSTEN OSOA

 

Militante nekaezinena izanez gain, Nikolas Xamardo EHUn Kazetaritza Saileko irakasle ohorezkoa da. Ondoren Nola egin berria komunikagarri idazlanari buruz oinarri lagungarri batzuk datoz.

Hasteko, bere lanetan Jacques Lacan eta Alain Badiou bezalako pentsalariek eragin handia dute. Pentsalari horien ikasle ohia izandakoa École Normale Supérieure-n, Xamardok bere zorroztasun teorikoa kazetaritzaren azterketara eramaten du
berriak diren gertakizunen komunikagarritasunari buruz haratago zenbait adibide zehatzen azterketarekin borobilduz.

 

 

Alain Badiouren eragina, hain zuzen, Gertakizunaren eta Berriaren sorrerarekin lotuta dago, lau eremu nagusietan ematen direnak: politika, zientzia, artea eta maitasuna. Xamardok Badiouren ontologia erabiltzen du komunikabideek ustekabearen aurrean nola erreakzionatzen duten aztertzeko:

Gertakizunak [2] ustegabeko hausturak baitira.. Bestela esanda, berriak indarrean dagoen ordena eratuarekin hausten du; hizkuntza komunean lekurik ez duen zerbait bezala sortzen da. Lengoaiaren funtzioa, bada, gertakizun berri honi izena ematea da .komunikagarria izan dadin. Komunikazioa ez baita soilik informazioa transmititzea, komunitatearentzat lehen existitzen ez zenari leku sinbolikoa ematea baizik.

Berriaren izendapena dela eta, bada, inportantea da azpimarratzea berria gizartearentzat bakarrik izena ematen zaionean existitzen dela. Baina hedabideek, askotan, huts egiten dute berria izendatzen eta nahiago dute kategoria zahar eta ezagunetan babestu. Alta, kazetaritzan betebeharra ez litzateke laburtu behar “albiste” hutsak ematera, indarrean dagoen “egoeraren” normaltasuna hausten duten gertakizunen berritasunari hitzak jartzea baizik. [3]

Gero gertakizunari fideltasuna dago. Badiouren lanean oinarrituta, Xamardok aztertzen du subjektuek (kazetariek, herritarrek edo intelektualek) gertakizun horrekiko «fideltasuna» nola mantendu behar duten botereak edo aurreko egitura linguistikoek ez dezaten bereganatu edo neutralizatu berria dena diluituz edo baztertuz.

Jacques Lacanen eragin pean, azkenik Analisi sintomatikoa, Errealarekin topaketa eta Maisuaren diskurtsoak aipatu behar dira.

Analisi sintomatikoa [4] dela eta, Xamardork psikoanalisi lacaniarraren tresna hau eta besteak erabiltzen ditu zerbait berria hedabideetan sartzen saiatzen denean zein “sintoma” sozial edo politiko agertzen diren ulertzeko, diskurtso mediatikoen «makineria», batez ere, berria den hori oztopatzea den heinean. .

Lacanentzat, bestalde, ezaguna da “inkontzientea hizkuntza gisa egituratuta dago”ela. Xamardok, horrela, komunikabideek datuak transmititzeaz gain, ikuslearen errealitatea nola eraikitzen duten aztertzen du, ikuslearen nahia moldatzen duten adierazle-kateen bidez.

“Errealarekin topaketa” [4] dela eta, bestalde, topaketa hori zerbait traumatikoa edo apurtzailea gertatzen denean, hedabideek erraz azaldu ezin dutenean gertatzen da. Errealarekiko topaketa hizkuntzari zerbaitek ihes egiten dionean gertatzen da eta Xamardok aztertu duen bezala, kazetaritzak hutsune hori azkar “josten/suturatzen” saiatzen da publikoari lasaitasuna berreskuratzeko.

Maisuaren diskurtsoa delakoa, bukatzeko, Lacanen unibertsitateko diskurtso akademiko ofizialen teorian oinarritzen da (Lau diskurtsoak) eta Xamardoren arabera hedabideek boterearen bozeramaile gisa noiz funtzionatzen duten identifikatzeko balio du subjektuaren egia berriak azaleratu beharrean.

Nicolás Xamardok Jacques Lacan eta Alain Badiouren kontzeptuez baliatzen da eta aurkeztu dugun azalpena baliagarria delakoan gaude Nola egin berria komunikagarri txostenaren muinaz jabetzeko, izan ere subjektibotasunaren beraren sorrera nola ematen den azalduz gain berriaren edota gertakizun berrien agerpenei buruz zenbait adibide argigarri bana ematen digunez artearen (Vasili Kandinsky), politikaren (Nelson Mandela), zientziaren (Robin Warren eta Barry Marshal) eta maitasunaren (Richard Loving eta Mildred Jeter) eremuetan.

—//—//—

 

 

Bide batez, aipatzeko aprobetxatzen dugu hizkuntzaren eta boterearen egiturek komunikabideak nola baldintzatzen dituzten aztertu ahala, komunikabideen analisia hizkuntza gutxituetara luzatzen duela Niko Xamardok, komunikazioa erresistentzia politiko eta psikiko ekintza bihurtzeko asmoz. Teoria hauek HEKA IKERKETA TALDEAk egindako lanean txertatuko zituen, galegoa, euskara edo bretoiera bezalako komunikabideak aztertuz, Europako Hizkuntza Gutxituen Hedabide eta Kazetaritza Ikerketa delakoaren testuinguruan..

Are eta gehiago, Niko Xamardoren argitalpen akademikoei eta artikuluei buruzko xehetasun gehiago ezagutzeko, gailegoz, bere profila Novas do Eixo Atlántico eta Praza Pública moduko lekuetan jarraitzeko aukera dago.

Euskaraz berriz, ARGIA, UZTARO eta beste hainbeste agerkarietan aurki daitezke: HERRIA 2000 ELIZA, LARRUN… baita garaiko J Agirre Kolektibokoekin batera idatzitakoak ere.

—//—//—

OHARRAK

[1] “Como un acontecemento se fai comunicable” idazlanaren zati bat, gailegoz, Ikus “40 Anos Peneirando” XIII.orri, Kandinsky-k ekarri zuen berriari buruz margogintzan.

[2] Gertakizunak zer diren eta zer ez gehiago argitzeko aipamena:
“Oso komenigarria deritzogu gertakizuna kontzeptuari buruzko ondoko puntuak argitzeari: gertakizun fundatzailea, bere baitaren barnekoa den anizkuna [multiplea] litzateke, fidelak zaizkion beste anizkunen sorrera ere izanik. Euskal Herrian, subiranotasunaren galeraren kontzientzia hartzea eta haren berreskurapen aldeko burruka litzateke. Hau ez da, inolaz ere, gertaera historiko objetibagarria (jai dute, beraz, gertaera horren bila jotake aritzen diren historialariek), interbentzio-apostu, interpretazio eta izendapen emaitza baizik. Ez gara, ondorioz, historiari buruz mintzatzen ari, historizitateaz (historia politikaren ikuspegitik ikusita) baizik; historiaren interpretazio zehatz bat defendatzen dugu beraz, historia unibertsala eta objetibagarria, marxismo zaharkituak hedaturiko falazia besterik ez delako.”
In J. Agirre Kolektiboa, “Publikoa, Pribatua eta Herritarra”, (Larrun, 10. Zenbakia, 1991ko Uztaila).

[3] Antton Azkargorta, Nikolas Xamardo “Egia eta egiantzekotasuna. Prentsa Euskadin. Zenbait adibide” UZTARO 0 – 1990, 37-46orri.
Izendapenari gehi berria v zaharra borrokari buruz hizkuntza/ diskurtsoaren eremuan Ikus Alain Badiouren “Estaldura prozeduraz” mintegia (Egien inmanenentzia liburutik ateratzen duena). Mintegian (a) jada badagoenaren testuinguruan lengoaia nagusiaren babespe seguruaren bitartez finitua, posiblea eta eraiki(garri)a denaren eta (b) lengoaia nagusiaren murrizketak gaindituz ez dagoenaren infinitua, inposiblea eta oraindik ez-eraikiaren arteko talkaz ari da, besteak beste.

[4] Analisi sintomatikoa dela eta, ikus Analisi sintomatikoa eta politika nazionala (J. Agirre kolektiboa, UZTARO 23 – 1997) . Testuaren asmoa gertakizun berri gisa askapen mugimenduak (ENAM) osatuko zuen ‘beste’ ulergaitz horri buruz espaniar estatuaren aldeko hedabide nagusiek esaten zutenaren azpian ezkutatzen ziren aurresuposizio politiko eta ideologikoak agerian uztea zen, gehienbat. Zinez testu baliagarria oraindik gaur egun ia 30 urte eta gero!

[5] Errealaren topaketarekin lotuta ikus sarrera erraza: Lacan etxetik ibiltzeko modukoa: Erreala, Imajinarioa eta Sinbolikoa.

[6] Lacanen lau diskursoez, ikus Slavoj Zizek Jacques Lacan’s Four discourses. Osagarri gisa ikus ikus “Nork esan du zientziak” Lacanek “Unibertsitateko jakintzaz” zer esan nahi duen gehiago jakiteko.

Share This