Antzerkiaren gorazarrea -5- Ikuslearen lekua

‘Jokoa’, Aktorea, Antzezlana, Erreala, Ikuslea

Antzekiaren Gorazarrea liburuaren Aurkezpenean Alain Badiou eta Nicolas Truon-en arteko elkarrizketa osoaren testuinguru orokorra laburtzen da, bost kapituluen auribidearekin batera.

Lehen kapituluan -1- Galzorian dagoen arte baten defentsan, antzerkiari meatxuak eskuinetik eta ezkerretik datozkiola dio Badiouk. Eskuinetik komertzializazioa eta ideologia dominantearen mezularia izatea dira meatxu nagusiak; ezkerretik, experimentazio neurrigabea eta generoen zein formaren kontuan ez hartzea, antzerkiaren beraren disoluzioa dakarrena, artegintza berezitu gisa.

Bigarren kapituluan, -2- Antzerkia eta filosofia: bikote zahar baten istorioa, aztergaia antzerkiaren eta filosofiaren arteko harreman historikoa da, Badiouk greziarrengandik hasita eta gaurdaino azaltzen diguna.

Hirugarren kapituluan -3- Dantzaren eta zinemaren artean, Badiouk dantzaren, zinemaren eta antzerkiaren arteko harremanez hitz egiten digu eta benetako antzerkiak, bietatik hartzen badu ere, dantzaren eta zinemaren artean negoziatu eta bien tartean bere toki propioa aurkitu behar duela dio.

Laugarren kapituluan, Eszenatoki politikoak, gai nagusia antzerkiaren eta politikaren arteko harremana da, labur-labur azaltzen duena. Badiouren arabera antzerkia (artea) eta politika Egiaren prozedura desberdinak dira, aldez aurretik bereiztu behar direnak. Alta, horrek ez du esan nahi antzerkia eta politikaren arteko harremanak estuak ez direnik.

 

 

Adibidez, bostgarren kapitulu honetan, Ikuslearen lekua, Badiou hainbat saiakera biltzen dituen bere Antzerkirako Rapsodia (“Rhapsody for the Theatre”) lanaz baliatzen da eta merezi du zera aipatzea: lan horretan Antzerkiaren Gorazarrea honetako bigarren kapituluan aztertutako filosofiaren eta antzerkiaren arteko harremanaz arituz gain, antzerkia politikatik hurbilen dagoen artea dela dio Badiouk.

Antzerkiak pentsamendu filosofikoa bizitzeko eta antzeztu ahal izateko espazio bat sortzen du, politika bera bezalaxe egiturazko murrizketen eta estatuaren errepresioaren menpe dagoena.

Antzerkiaren eta politikaren arteko lotura, beraz, intrintsekoa da, berezkoa. Antzerkia, Badiouk azpimarratzen du, politikatik hurbilen dagoen artea da, botere harremanak eta botere gaiak eszenaratzeko duen gaitasunagatik. Eta horregatik da, hain zuzen ere, antzerkiaren historia estatuaren errepresioarekin eta zentsurarekin oso lotuta dagoela.

Bostgarren kapitulu honetata berritzuliz, Badiouk, oraingoan, egiazko Antzerki onaren eta “Antzerki” (gakotxa artean) txarraren arteko bereizketa egiten du, aktoreen benetako gaitasuna non datzan azaltzen digu eta antzerkia ikuslego zabalago batera irekitzeko gakoak ematen dizkigu.
Gozatu irakurketa.

 

 

—//—//—

Zein ikusle mota zara, amorratua ala indulgentea? Zein leku ematen diozu ikusleari, margolana egiten duen ikuslearena, Marcel Duchamp-ek arte plastikoei buruz esan zuen bezala -hau da, testigantza batena– edo antzezlana bere afektuen eta pertzepzioen arabera birkonposatzen duen aktore batena?

Hasiera batean, aurreiritzirik ez izaten saiatzen den ikusle lasaia naiz. Azken finean, auditorioan sartzea gertatuko denari aukera ematea da, gutxienez. Bestela zertarako? Baina nire aldartea oso laster iluntzen da askotan, ahaleginak egin arren, izan ere, ilun geratzen zaidan arrazoi batengatik: ia beti, barne-hausnarketa datorkit antzezpenaren lehen uneetan ea benetako antzerkia den ala, aitzitik, “Antzerkirako rapsodia” (“Rhapsodie pour le théâtre”) saiakeran «antzerkia» deitzen dudana komatxo artean. Hau da, egiazko Antzekia izan beharrean “Antzerkia” entretenimenduaren antza duen zerbait da, lehenago hitz egiten ari ginen zentzuan; hutsegite pretentzioso bat da, iruzurra; edo ideia berririk gabeko gauzaketa bat, ohiko klasiko baten bidez tradizio hil bat kopiatzen duena. Konbentzimendu honek sortzen duen bizkortasuna bitxia da, egiazko antzerkia antzezpenaren lehen agerpenetan nabarmen finkatzen baita eta oso gutxitan gezurtatzen ondoren datorrenarekin. Zentzu berean, «antzerki» baten aurrean gaudela ere biziki azkar egiaztatzen dut; eta aspertzen hasten bainaiz edo pazientzia galtzen, orduan, gehienetan -eta inolako zalapartarik gabe, lanean ari diren aktoreei ez diezu inoiz trabarik egin nahi-eta-, alde egiten dut. Azken finean, nigan dagoen ikuslea emanaldi jakin bat antzerkia edo “antzerkia” den oso azkar erabakitzera deitua dago, geratzeko edo joateko. Eta gelditzen banaiz, egiazko antzezlan baten aurrean banago, benetako antzezlan erreal baten aurrean, ni naiz, gero, ikusleen artean biziena eta konbentzituena.

Zein aktore mota saritzen duzu? Zein zentzutan da ‘aktuatzea’ (jokatzea) pentsamendurako materiala?

Aktorearen emanaldi antzokiaren grabitate-zentroa da, azken erreala. Beharrezkoak eta sarritan oso erakargarriak izan arren, antzerkiaren gainerako osagaiak (eszenografia, jantziak, argiztapena…) antzerkiaren esentziatik kanpo geratzen dira. Horregatik da antzerki bikaina egon daitekeela gaizki argiztatutako hiru oholetan, aktoreak zu eta ni bezala jantzita, eta atzeko horman iltzatuta dagoen izara baten aurrean. Horrek berak frogatzen du antzezpena material gisa deskriba daitekeen pentsamendu bat dela, bere burua ahotsaren eta gorputzaren arteko lotura soilaren bitartez ikustera ematen duen pentsamendua. Ikusgarritasun hori lortzen bada, aktoreak nire onespena du, bere bitartekoak edozein izanda ere. Dena den, uste dut nahiago dudala aktore zuhurra, betez gai denarekiko lotsatia den aktorea, antzezpenaren aukerei justizia egiten dien aktorea haien exekuzio integralari baino. Baldintzazko aktorea, niregana zuzentzen dena pertsonaiak zer egin dezakeen erakusteko, berak egiten duena baino askoz gehiago. Bere itxura irmoki agerian uzten duen aktorea, baina ekonomia maximoarekin, antzezleak hitz egiten digun pertsonaiaren betiko barnekotasun ikusezina jasotzen duena. Aktorea, laburbilduz, ia geldik, ahots neutroan eta batzuetan marmarka, pertsonaiaren inkontzientearekin komunikatzen nauena. Esan gabe esaten duen aktorea, benetako subjektibotasun (erreal) ororen sekretua.

 

 

Imajina al dezakegu eszenatokian aktorerik gabeko antzezlan bat?

Aktorerik gabeko antzerki-ekoizpenen aukera zabalik dago nire ustez. Izan ere, gaur egun posible da antzerkia den ekoizpen bat muntatzea, eszenatokian dialektika bat sortzen baitu, ez aktoreen artean, iturri ezberdinen artean baizik. Eszenatokian antzerki-dialektika ahalbidetzen duten aktoreak ikusten dira hainbat iturriren bitartez (telefonoa, sakelakoa, telebista, ordenagailua…). Aktorearen zati bat mekanizatzeko aukera zabalik dagoela iruditzen zait, ulertuta gorde beharrekoa presentzia eszeniko eraginkorra dela: iturri sonoroen dialektika, publiko bildu baten aurrean gertatzen da. Bestela ez da antzerkia.

Aktoreak drama bat ‘antzeztu’ egiten duenean ‘jokatu’ (play, joue, juega) egiten du. Haurtzaroko artea al da antzerkia?

Uste dut argi dagoela arte guztia haurtzaroko botere erreprimituekin lotuta dagoela. Puntu honetan freudiarra naiz: sorkuntza artistikoa desio inkontzienteen sublimazioen adibiderik hoberena da. Horregatik arte handia probokatzailea, transgresiboa eta unibertsala izan daiteke, aldi berean. Giza subjektibotasunak artean aitortzen du ohitura eta tradizio errepresiboen aniztasunak edozein Subjekturen eratzaile izateari eutsi ezin dion desioen arrasto ezkutuen indar jasanezina. Subjektuak aldi berean bizi ditu aitorpen honetan istilu susmagarri bat eta miresmen arrazional bat. Ir da Edertasunaren sentimendua deitzen duguna nahasketa hori da. Eta antzerkiak prozesu hori gailurrera eramaten du, desioen mugimenduak antzezten dituen arketipoen gatazkekin ‘jokatzen’ duelako: Aita, Ama, Erregea, Bufoia, Emakume maiteminduta, Hiltzailea, Bikoizlea, Botere Gosea, Gezurtia, Koketa, Korkua, Koldarra… Nola komikoa halaxe tragikoa, antzerkiak pasioen arteko ‘jokua’ irudikatzen du. Horrela, inkontzientea itxuratzen duten harreman-egituretan sartzen da, sakon. Ideien eztabaidaren sofistikazio gutxien duten formei atxikiz, antzerkiak behetik datorren energia antolatzen du, bulkaden padura sakon eta ilunetan oraindik sinbolizatu gabe dagoen edozein erreal subjektibotik.

 

 

Genero guztiak baliokideak al dira: komedia eta tragedia, farsa eta melodrama, bulebarreko eta txontxongilo antzerkiak?

«Bai» erantzuten dut zalantzarik gabe, «baliokidetasunarekin» zera ulertzen baduzu: benetako sorkuntza artistikoaren eremuan sartzeko ahalmena. Nolanahi ere, arte guztiek genero desberdinak zabaltzen dituzte: pinturan, erretratua ez da eszena historiko handia; musikan, sinfonia ez da hari-laukotea; poesian, sonetoa ez da epika; zineman westerna ez da slapstick komedia… Esan dezagun antzerkiak, aipatu berri dudanaren goitik beherako zirkulazioan arrakasta lortu bezain pronto eta bere efektua eta bere bitartekaritza ikusleengan bermatzen duen heinean, existitzea lortu duela, bere generoa edozein dela ere.

Zer da zuretzat antzerki txarra edo lehen aipatu duzun “antzerkia”?

Antzerkirako rapsodia saiakeran zehazten dut. Utzidazu neure burua aipatzen:

“antzerki txarra, “antzerkia”, mezaren ondorengoa da, bere rol finkatu eta mamitsuekin, desberdintasun naturalekin, errepikapenekin, gertaera faltsifukatuekin. Bertan, Jaungoikoa bera den anfitrioiaren erara dastatzen eta jaten, are irensten dena zera da: birjina, histeriko zahartzarotua, ahots ozeneko aktore tragikoa, antzara-negarren birtuosoa, maitale dardartia, gazte poetikoa. Hortik, ondo apaindutako ikusgai zein norberaren jarrerak ondo zainduta ateratzen zara. Salbazioa merke lortuta. Benetako antzerkian errepresentazio oro, aktoreen keinu oro zalantza orokortua bikakatzen da eta diferentziak proban ezartzen dira inolako oinarri euslerik gabe.”

Ikusten, antzerki txarra ezarritako edo jada badauden identitateen bilduma da, ideia konbentzionalekin eta horiei dagozkien iritzi onartuen erreproduzitzeko lan egiten duena. Arestian esan bezala, “antzerkia” komatxo artean deitzen dudan antzerki hau egon, badago, eta beti egongo da. Antzerki txarra suntsiezina da. Baina egia da, era berean, antzerki txarraren garaipen batek ezin duela benetako antzerkia kendu.

 

 

Antzerkian etenaldiaren ohiturari eustearen alde hitz egiten duzu. Etenaldia kentzea, zure ustean, ekintza zinematografikoa litzatekeelako al da?

Horixe bera. Etenaldia ekoizpenean gurea den existentzia subjektiboaren lehen balorazioa egiteko unea da. Zinemak denboraren haria ezinbestean desegiten du, ezinbestean existitzen delako. Antzerkia antzezpenaren prekarietatean existitzen da, eta etenaldia existentzia prekario horren sinboloa da. Puntuatze une bat da. Antzerkia ez da mekanikoki jarraitu behar duen zerbait amaitu arte. Lekuren batean gelditu daiteke. Hori da nik deitzen dudan antzerkiaren ezpurutasuna, filosofiaren ezaugarria ere badena. Lengoaia filosofikoak matematikaren hizkuntza formalaren eta poemaren hizkuntza sakonaren arteko tartea zabaltzen duen bezala, Platonetik biak ala biak oso erabiliak, antzerkia, berdin, material arras desberdinez osatuta dago Eskiloz geroztik.
Etenaldiak ezpurutasun hori adierazten dio ikusleari, eta ihes egiteko askatasuna ere ematen dio.

Zera idazten duzu: “Batzutan, batek norberaren eserlekua hautsi nahi luke, amorruz eta gorrotoz, eta kalera atera hainbeste oinaze eta esfortzutik kontsolamendu bila. Antzerkia, batzuetan, amorru larria sortzeko gauza da. Ba al dago ezer okerragorik “huts” egiten duen antsezlan baten ekoizpenera joatea baino?

Antzerkiak huts egiten duenean izugarria da! Ezin da antzerkiak efektu bereziak izan ditzan alderantzizkorik gabe: porrot zinematografikoa ez da hain ikaragarria, baina porrot egiten duen antzerki ekoizpena, asperdura-efektua sortzen duena, baita nazka ere, jasanezina da. Huts egiten duenean jasanezina den bezala, baina, arrakasta lortzen duenean apartekoa da…

Zein da antzerkiaren poza? Eta zer etorkizun aurreikus dezakegu antzerkiarentzat?

Maitatu eta lagundu beharko genukeena antzerki oso bat da, antzezpenean zabaltzen dena, agertokiko ausardi hauskorrean, mundu garaikideko existentzia indibidual zein kolektiboaren zentzuari buruzko proposamena. Antzerkiak orientatu behar gaitu, pizten duen atxikimendu imajinarioaren eta korapilo ilunak argitzeko orduan duen indar paregabearen bitartez, sekula engainatzeari uzten ez digun tranpa sekretuetan, edo denbora galtzeari, denbora bera galtzeari. Baina, azkenean, halako mirari bat itzuli behar dugu: gorputz batzuk daude, nonbait, argi ilunekin egurrezko plataforma batean. Hitz egiten ari dira. Eta orduan, Mallarmérentzat bezala, poetikoki ahoskaturiko «arraunlari» hitz bakarretik sortu zen, betierekoa, «sorta guztietatik falta dena», horra dator, begiratzen dutenei, egin zezaketela konturatu ez diren pentsamendu berri bat, ezkutuan egin nahi duten bitartean.

 

Share This