Zorionaz eta Baikortasunaz izenekoan Alain Badiou gure ‘wellbeing coach’ edo ongizate entrenatzaile berri gisa aurkeztu genuen, ironikoki, noski. Orokorrean ulertzen den modura, hain zuzen, zoriontasuna funtsezkoa baita kapitalismo garaikidearen hertzaintza operazioan. William Davies-en Zoriontasunaren Industria (The Happiness Industry: How the Government and Big Business Sold Us Well-Being Verso: 2014) liburuaren arabera, are gehiago:
Dela lantokian ongizate arduradunen laguntzarekin edo etxean autolaguntzako eskuliburuen idez, zoriontasuna zorrotz mantendu behar den zerbait dugu, eta haren inguruan industria oso bat hazi da, zorigaitz kolektiboak ekarriko lukeen finantza-kolapsoaren arriskua ekiditze aldera.
Alain Badiouk jarraian dioen bezala, baina, zoriontasuna ez da erosi daitekeen zerbait. Zorionak, aitzitik, erreal(itat)aren eremuan benetako arriskuen hartu beharra eskatzen du — artegintza, zientzia, maitasuna edo, elkarrizketa honetan gehienbat azaltzen den bezala, ekintza politikoa oinarri duen afektu gisa.
Elkarrizketa Miri Davidson-ek aurkeztu zuen 2015eko ekainaren 10an VERSOBOOKS blogean, ingeleraz, David Broder-ek itzulia eta euskaratzeko oinarri bezala hartu dena. Jatorrizko elkarrizketa frantsesez Regards.fr aldizkari digitalean agertu omen zen baina ez dago eskuragai.
—//—//—
Zergatik interrogatu behar dugu berriro “zoriontasuna” kategoria bezala? Zergatik hitz egin behar “benetako” zorionaz?
Zoriontasunaren kategoria, gaur egun sustatzen den bezala, asebetetasun edo satisfakzio deituko nukeen horretara murriztu da, neurri handi batean. Zoriontasunaren irudi honek, oinarrian, munduan jada badagoenetan eman zaigun lekuaz geure buruari galdetzean datza, nola gorde toki eman hori! Horregatik azpimarratzen dut benetako zoriona (edo zorion erreala) nire ustez irudizkoa (edo imajinarioa) den zoriontasunarekin kontrastea markatzeko. Irudizko zoriontasun honek ez dakar, ez du onartzen inongo abenturarik, are gutxiago, arriskuak hartzerik. Zoriontasunaren ikuskera modernoa, funtsean, arriskurik ez hartzea delakoan nago; bermearekin datorren zoriona da. Zoriontasuna merkaturatzeko modu berri honek lelo bat du: “harmonia” edo munduarekin, lagunekin, bikotekidearekin eta abarrekin harreman harmoniatsua. Zoriontasunaren ideala “etxeko bakea” deitzen genuenaren antzekoa da. Nahiz eta denek jakin, alderantziz, bikote batena abentura zaila eta arriskutsua dela. Zoriontasunaren ikuskera honek, oinarrian, lehendik zehaztutako leku bat okupatzera murrizten gaitu: gustuko dugun lana, bikotekide maitagarria, haurrak. Noski, ez genioke inori nahi langabezian egotea, hori bai astakeria! Baina nire galdeketa –filosofia jokoan sartzeko funtsezko arrazoia, hain zuzen– ea zoriontasuna asetasun hutsera murriztu dezakegun da.
Hori jokaera klasikoa da, filosofiarentzat, baina zer zentzutan eskaintzen du ezer berririk?
Bai, egia da, nirea jokaldi klasikoa da, filosofiaren eta zoriontasunaren arteko lotura dagoela aldarrikatuz. Jakina, antzinako pentsamenduan agertzen den argudio bat da, Platon eta estoikoengan. Baina jokaldi honetatik hartu beharko genukeen ideia harrigarriena zera da: filosofiak zoriontasunaren kontzepzio berezkoa omen dena baina, hobeto esanda, sozialki nagusia dena, astindu eta lekualdatu dezake. Berezkotasuna, neurri handi batean, kodifikatuta dago: gizarteak berez agerikoa dela pentsarazten diguna da. Horregatik da, baita ere, filosofiak zoriontasuna bere arazoetako bat bezala hartzen duenean gatazkan sartzen dela sozialki nagusi den ikuspegiarekin — dela Sofistek Platonen garaian markatu zuten ikuspegiarekin edo dela gaur egungo magazinak zein psikologia eskuliburuek taxutzen dutenekin. Eta filosofiak zoriontasunari buruz eztabaidatzen duenean, amankomunean dugun arazo bati egiten dio aurre, beste hainbat arazo filosofikoekin gertatzen ez den bezala. Izan ere, “Zer da izatea izate bezala?”, “Ba al dago egia matematikorik?”, eta horrelako galderak egiterakoan, horiek, azken finean, zure kide adituekin soilik eztabaidatuko dituzun galderak dira. Eta ez da galdera horiek edo haien historiak eta premia teorikoak begi onez ez ditudala ikusten, noski ezetz; aitzitik, ordena orokorrago bateko gaiak jorratzeko ezinbestekoak diren armategi teorikoak dira. Baina filosofia ezin da hor gelditu: maitasuna, zoriontasuna eta horrelako arazo zabalagoei aurre egiteko gai izan behar da. Azken finean, filosofia nahi eta desira orokorrei lotutako galderekin arduratu behar da, edo, bestela, diziplina akademiko huts gisa geratuko da, lankideekin filosofiaren esparruan soilik inskribatutako arazoak eztabaidatzeko. Beraz, bai, filosofia hor kokatzen da borrokaren lehen lerroan, ideia nagusiekin gatazkan.
Zergatik baliatzen zara “salbuespen” kategoriaz zoriontasuna definitzeko?
Zoriontasunaren kontzepzioa dela-eta azterketa hurbilean abiatzen zarenean, bere aparteko egoeraren auzian ere sartzen zara: Nola da asetasun arruntetara murrizten ez den benetako zoriontasuna ez dela existentziaren lege orokorra? Eta nola da, alderantziz, salbuespen egoera batean inskribatzen diren aukerak eta uneek osatzen dutela benetako zorion erreal hori? Oinarri-oinarrian, ohiko kontzientzia arruntak berak zorionaren kontzepzio hori partekatzen du, zorionarena izaera bitxia dela, alegia, gero hori estali edo ezkutatu arren. Hortik, nik uste, gai honetan maitasunak duen errotiko garrantzia (lirikoa, ez nuke zalantzarik izango horrela deitzeko). Maitasuna, pasioa, norbait ezagutzea… existentziaren une apartekotzat hartzen dira, eta jakina da momentu horiek benetako zoriontasuna dei dezakeguna seinalatzen dutela. Argi dago: zorigaiztoko egoeran ez egotea guztiz desiragarria da. Baina benetako zoriontasunak zorigaiztoko egoeran ez egotea baino askoz gehiago eskatzen du. Zoriona ezin da izan zorigaitzaren ezeztapen soil bat: asetasunaren ordenatik haratago doan opari bat da, bizitzaren oparia. Onartzeko prest egon behar dugun bizitzaren opari bat, hartzeko prest egon behar dugun arriskua. Aukera existentzial garrantzitsu bat da: edo asetzera soilik irekita dagoen bizitza, edo zoriontasuna arrisku gisa hartzen duen bizitza, salbuespen gisa barne. Eta hori arazo politikoa da, halaber: zorigaiztoa baztertzearekin bakarrik ados datozenak daude («Filosofo Berriak» deitzen direnen argudio kontserbadorea) eta badaude zoriontasunaren bila arriskatuko dutenak. Argudio kontserbadorearen arabera, jendea zorigaitza arbuiatzearekin egon daiteke ados bakarrik, eta ez zorionaren bila ibiltzearekin. Saint-Just-ek alderantziz adierazi zuen –modu guztiz iraultzailean– zoriontasuna ideia berria zela Europan.
Horregatik lotzen al duzu, Benjaminek bezala, zorionaren ideia beste garai bateko ideiarekin?
Benjaminek denboraren kontzepzio harilkatua proposatu zuen, zeinaren arabera garai asko baitaude: ez dago denbora bakar eta arruntik, denbora-tarte korapilatsu eta batzuetan kontraesankorren aniztasuna baizik. Eta argi dago zoriontasunaren garaia –zentzu politikoan barne– denboratasun arruntatik haratago doan eta zentzu batean suntsitzen duen garaia dela. Filosofian, XX.mendea (erlatibitatearen teoriarekin eta Bergsonekin) denboratasunaren aniztasuna aztertzen zen unea izan zen. Zoriontasunaren auziak bere lekua hartzen du esparru horretan. Egiaren denbora propioa, izan matematikoa, artistikoa, politikoa edo maitasunaren egia –subjektibotasun zoriontsuaren garaia– gertakizunaren ondorioei lotutako denbora da, denbora arruntean kokatu ezin dena. Zatiketa, haustura, aparteko garaia da nahitaez. Denboraren salbuespen honen ondorioak onartzeak beste denbora bat finkatzea dakar. Hori da sen onak edo zentzu komunak diona, azken finean, maitaleak munduan bakarrik daudela esaten dugunean. Munduan bakarrik – esan nahi baita, bakarrik bikote hau osatzen duen denboran, denbora arrunta jada partekatzen ez duena. Hori da benetako zoriontasunaren ezaugarri orokorra. Eta gauza bera gertatzen da problema bat ebazten duen matematikariarekin, bakarrik lanean. Beraz, nola eraiki daiteke zorion kolektibo bat, baldintza hauetan? Entusiasmoa zorion politikoari dagokion afektua baldin bada, garai berri bat amankomunean adierazten duelako da. Entusiasmoak gizabanakoek historia jazan ez ezik egin ere dezaketela subjektiboki kontzientzia hartzearen momentua adierazten du. Entusiasmoa, beraz, historia egin dezakegula konbentzimendu partekatua da, historia gurea dela eta, Françoise Proustek adierazi zuen bezala, historia ez dela oraindik amaitu. Intentsitate baten partekatzea da, manifestazio batena, Udaberri arabiarreko plaza publikoetan ikusi genuen bezala. Baina salbuespen egoerari eustea ere bada, aktibismo politikoa deitzen dugunaren lan neketsua tarteko (bilera amaigabeak, egunsentian idatzitako eskuorriak); eta zin dagizut, zorion politikoa nekagarria da, baita ere. Hori esan beharra dago. Horregatik, zoritxarrez, lanaldi osoko iraultzaileak ekoizteko joera du, eta batzuetan baita koadro profesionalak ere…
Hala ere, zuk zeuk idatzi duzu lan honek, antolaketa praktika honek, nolabaiteko “diziplina” behar duela…
Argi izan dezagun, bistan denez, hitz hau probokazio gisa erabiltzen ari nintzen. “Komunismo” hitza erabiltzen dudan bezalaxe, gaur egungo lexiko politikoan gehien gorrotatu den hitza delako. Politikaren indar gertarazlea gordetzen saiatzen ari gara, hemen. Baina garai politiko iraunkor baten eraikuntzak salbuespen baten diziplina eskatzen du, nik uste, haustura politikotik datorren energia ez hiltzea bermatzen duen denborazko jarraikortasuna. Beraz, asmatzen jarraitu behar dugu, eta asmakizun hauek sorkuntzak suposatzen dituzte, diziplina bati men egiten dioten sorkuntzak. Diziplina hitza, margolariak, esperimentatzen eta sortuz, bere buruari diziplina bat ezartzen dion zentzuan ulertu behar dugu. Matematikari batek problema bat ebazten duen heinean diziplina inplakaezina ezartzen dion bezalaxe. Salbuespeneko egoera batean kokatuz gero, nahitaez zure arauak, zure printzipioak sortzera behartuta zaude, eta zentzu horretan diziplina askatasunetik bereiztezina da. Eta diziplina hau etengabe berrasmatu behar da.
Eta zergatik erabiltzen duzu “fideltasun” hitza? Ez al da kontzeptu etikoa politikoa baino?
Fideltasun hitzak esanahi negatiboa du: ez traizionatzea. Niretzat, ordea, fideltasuna ez litzateke traiziorik ezaren, hau da, bere ezeztapenaren arabera definitu behar. Gertakizun bati leial izatea –fideltasuna beti baita jatorrizko haustura bati fideltasuna, eta ez dogma bati, doktrina bati edo ildo politiko bati–, gertakizuna abian jarri zuen hausturaren indarra berreskuratzen duen zerbait berria asmatzea edo proposatzea da. Kontserbazioaren printzipiora lotuta baino, bada, mugimenduaren printzipiora lotuta dago. Fideltasunak jatorriko haustura beraren etengabeko sorrera izendatzen du. Fideltasun kontserbadorea, aitzitik, hau edo bestea etsaitzat hartu behar direla esatean datza, baztertu egin behar direla, baita beharbada ezabatu ere, hasierako gertakizunaren zentzuarekin bat ez datozelako.
Baina bat etortze edo adostasun zuzen horrek fideltasunak berak gertakizuna izan zenarekiko objektibotasun moduko bat dakarrela aurresuposatzen du; gertakakizunari fideltasunak eskatzen duen konpromiso subjektiboa neutrala eta axolagabea dela, hain zuzen. Baina fideltasuna kontzeptu etikoa baino logikoa da: esan nahi du logikoa edo koherentea izatea hasierako konpromiso subjektibo batekin, orain elkarren lagun politikoen arteko eztabaida kolektibo baten bidez aurrera egiten duena. [‘Erreal’ hitzaren erabilera atzerakoiez jabetzeko ikus Erreal galduaren bila (À la recherche du réel perdu) bereziki Pasoliniren ‘Gramsciren hautsak’ izeneko poemaren irakurketa] Zentzu horretan, ez da matematikarien komunitatetik oso desberdina arazo partekatua ez ezik, prozedurak ere badituztenak faltsua eta egia definitzeko eta zehazteko ahalbidetze aldera. Politikaren funtsa ez da etsaien arteko talka soilik; izan ere, horretarako lagunen arteko akordioaren aldez aurretiko baldintza ezinbestekoa da. Fideltasuna esan nahi du eztabaida komun honetan sartzen direnek beren kideen arteko kontraesanik badagoen aztertzeko betebeharra dutela. Eta kontraesan hori ez litzateke inoiz identifikatu behar euren etsaiekiko kontraesanarekin.
Eta hori al da “izua” edo “terrorea”ren jatorria politikan?
Kontraesan guztien kontraesan antagonikoarekin identifikazioa, klase kontraesanarekin, klase etsaiarekin, beti da hondamendia. XX.mendeko terrorearen tragedia kontraesan bakarra zegoela kontuan hartzea izan zen, klase kontraesana. Aitzitik, etengabe gogoratu behar dugu eztabaidak behar duen denbora guztian jarraitu behar duela, edozein kontraesan politiko beti ematen dela kolektibo baten barnean uler dezagun eta, beraz, lagun artean konpondu behar dela. Ikuspegi horretatik, politikan pazientzia eza oso kaltegarria da. XX.mendeko komunismoari berezko zaien izuak zenbait gizabanakoei (pertsonaia ustez krudelei) zor gutxiago die muturreko mesfidantza, pazientzia eza eta zuhurtzia faltaren nahasketa bati baino – zoriontasunaren guztiz antinomikoa dena. Pentsa besterik ez dago Stalinen lurra kolektibizatzeko egin zituen mugimendu izugarri bortitzez, aldi berean, etsaiak nonahi ikusten zituelarik… Ez, politikaren ordenean, beste leku batzuetan bezala, konfiantza eta pazientzia izaten jakin behar dugu, pazientziari eta denborari aukera egokia ematen.

