Hemen Alain Badiouk zientziari buruz esandakoarekin apaindu genuen sarrerari (Nork esan du Zientziak) jarraipena emango diogu beste bi testu labur baina osagarriez baliatuz.
-I- Zientziaren esparruak modu estuan bereizten jarraituz, Darwin, Marx eta Freud-en emaitzak zientzia gisa baino pentsamenduaren gorputz gisa defendatzen ditu Badiouk, Fabian Tarby-rekin argitaratutako liburu-elkarrizketa batean (Philosophy and the event “Filosofia eta gertakizuna”; 95-6).
-II- ‘Ilunkeria garaikideaz’ Badiouren irunskin laburratik tiraka, gaur egungo obskurantismoaz aritzerakoan Darwin, Marx eta Freudenak ‘geniozko pentsamendu-gailu’ gisa aurkezten ditu orain, tartean zientzia eta politikaren arteko harremanaz luzatuz eta, bukatzeko, eztabaida bera guregana ekartzeko baimenduz.
-I-
Zientziaren esparruak
FT- Zure aldetik, funtsean, fisika edo biologia baino, matematika eta logika aipatzen dituzu. Fisikak eta biologiak zure lanean duten lekuari buruzko arazoa oso eztabaidatua da. Zenbaitek uste dute alde horretatik hutsune bat dagoela.
AB – Nire filosofian fisika eta biologia ez direla agertzen dioen objekzioa ez dago behar bezain oinarritua. Lehenik eta behin, fisika guztiz aitortzen dut egiaren prozedura gisa. Biologiari dagokionez, aldiz, ez nago hain ziur, biologiaren osagai zientifikoa kimikaren alorrean baitago, gainontzeko ikerketa biologikoa, medikuntza bezala, enpirismo basatia besterik ez den bitartean. Biologian oso proposamen teoriko gutxi daude.
Nire ustez, [biologiak] ez du aurrerapen handirik egin Darwinek ‘pentsamenduaren gorputz’ bat deitzen dudana landu zuenetik. Arazoa hor ez baita filosofia ala zientzia, esparru arrazional indartsu bat sortu zela baizik, zientzia baten horizonte posiblea aurreikusi zuena, hain zuzen, baina bertan guztiz sartu gabe. Izan, hau da XIX. mendeari dagokion ezaugarri nabarmena nabarmenik badago, hiru pentsamenduaren gorputz nagusi ikusi zituela: Marx historiarentzat, Darwin historia naturalarentzat eta Freud inkontzientearentzat. Pentsalari hauen gaiak biziberritzeko eta hankaz gora jartzeko gaitasuna, aurreikuspen-ahalmena eta hainbat tabu nola irauli zituzten asko miresten ditudan gauzak dira. Hala ere, nor ausartuko litzateke, gaur egun, historiaren zientzia bat benetan existitzen dela defendatzera? Zuzenago da diskurtso faltsuak ezabatzeko aukerak sortzen dituzten pentsamendu-esparruak direla adieraztea. Darwinismoak kreazionismoa ezabatzea ahalbidetzen du, baina oraindik ez du forma biologikoen eboluzioa dela-eta zientzia teorizatu bat osatu. Forma biologikoen historia den darwinismoaz gain, biologia kimika da —oraindik oso ilunpean dagoen kimika—. Maila esperimentalean oso lokalizatutako kausa eta ondorioen behaketa dago. Baina bizitza zer den ezin izan da zehaztu; oso kontzeptu iheskorra izaten darrai. Fisika, ordea, zientzia bat da zalantza izpirik gabe. Are gehiago, matematizazioa zientziatasunaren irizpide absolutua dela uste dut.
Osagai matematikoa zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da elementu hermeneutikoa. Fisika, gainera, maila ikusgarrian matematizatu da, zeharo. Fisika kuantikoan, matematika jada ez da hizkuntza bat, gauza bera da. Ekuaziorik gabe ez duzu ezer ulertzen. Fisika kuantikoa edozein intuizioz elikatzeko saiakera guztiek, gainera, gogo-eraikuntza nahiko tamalgarriak edo erlijiozko posizio berriak ekarri dituzte, guztiz ilunzaleak direnak.
.
-II-
Ilunkeria garaikideaz
Gaur egungo obskurantismoaz hitz egiteko orduan, Badiouren tesi nagusia da Darwin, Marx eta Freudek gizateriaren mesedetan burututako aparteko eraikuntza intelektualak ahuldu eta desagerrarazteko forma guztiak ilunkeria garaikidera lotuta daudela, salbuespenik gabe.
Baina nola deitu Darwin, Marx eta Freuden lanak, izan guztiz zientzia edo filosofía edo psikologia ez diren neurrian?
Darwinenak ez dira hertsiki zientziak, nahiz eta biologia garaikidea bera marko darwinistaren barruan pentsatua egon, esperimentazioak Darwini arrazoia eman diolarik.
Marxena ez da filosofia, nahiz eta dialektikari bultzada berria eman zion bere politika iraultzaileak hipotesi komunista egiaztatzen saiatuz gain.
Eta Freuden sendabide psikoanalitikoak ez dira ohiko psikologian sartzen nahiz eta psikoanalisia bera psikiatriaren muga aldakorren gainean jartzen duen.
Guztiz zientziatzat ulertu ez daitekeenez, zientzia bera matematika eta fisikara laburtuta dagoen neurrian, Badiouk hiru saiakera erraldoi hauek ‘jeniozko pentsamendu-gailu’ bezala izendatzea proposatzen du, zentzu jakin batean, are gehiago, XIX. Mendea identifikatzeko balio dutela azpimarratuz.
Darwinen ondoren giza bizitzaren eta existentziaren mugimenduak, erlijiozko transzendentzia orotatik ezinbestean urrunduko baitira, beren legeak zeharo inmanentzia hutsaren menpe geratuz.
Marxen ondoren, giza taldeen historia nola probidentziaren opakutasunetik halaxe jabetza pribatuaren, familiaren eta Estatuaren inertzia ahalguztidun eta zapaltzaileetatik urrutiratzeko baliabideak sortuko baitziren – esfortzuarekin eta ziurgabetasunarekin izanda ere, berdintasunezko etorkizuna diseinatzea posible eginez kontraesanen joko librearen testuinguruan.
Eta Freuden ondoren, arimarik ez dagoela ulertuko baitzen, zeinaren prestakuntza beti baitzen moralizatzailea haurtzaroko desio primordialek ekarriko dutenaren aurka eginez. Aitzitik, desio horien muinean, bereziki sexu-desioan, subjektuaren balizko askatasuna jokoan dagoela.
Badiouren arabera, ‘geniozko pentsamendu-gailu’ horien mugimendua nagusitu zen mendebaleko eremu intelektualean, kontserbadurismoa defentsiban ezarriz. Edo bestela esanda: Darwin, Marx eta Freuden eragin emantzipatzaile handiak nagusitu ziren, pentsamenduan eta ekintzan – nahiz eta, noski, baita eztabaida gogorren, berrikuspen lazgarrien eta kritika sortzaileen artean ere.
Baina denbora hain luzez, eta naturala denez, era guztietako aipatu kontserbadurismoek eraso egin zieten hiru pentsamendu-gailu handi horiei.
Estatu Batuetan, gaur egun ere, hezkuntza-erakundeak sarritan erabiltzen dute Bibliako kreazionismoa Darwinen eboluzioaren teoria ukatzeko.
Antikomunismoaren historia bera “demokrazia” izenpean nagusi den herrialde handi guztietako ideologia nagusiarenarekin gainjartzen da, Badiouk kapitalo-parlamentarismoa deitzen duena.
Positibismo psikiatriko normalizatzaeak, basakeria kimikoaren bidez aurre egin beharreko desbideraketak eta anomaliak nonahi ikusten dituena, psikoanalisia iruzur bat dela «frogatzen» saiatzen da.
Are gehiago, 80ko hamarkadan hasi zen maila globaleko normalizazio prozesu zabalaren ondoren, edozein pentsamendu emantzipatzaile edo soilik kritikoa ere deserosoa bilakatu da. Ondorioz, aipatu pentsamendu-gailu handien aztarna guztiak kendu nahian, saiakerak ikusi ditugu bata bestearen atzetik hauek “ideologia” bezala baztertzeko zer eta, oinarri-oinarrian, morrontza ideologikoaren kritika arrazionalenak beraienak direnean. Badiouren hitz zehatzetan:
“Frantzia, zehazki, Marxen ustez “klase borrokaren lur klasikoa” zena, erreakzio horren lehen lerroan egongo diren “hamarkada gorriko” (1965-1975) ernegatu talde txiki baten ekintzaren pean aurkitu izan da; eta hor ikusi genituen komunismoaren, psikoanalisiaren, aurrekoitasunaren eta gaur egungo ergelkeriaren (kontsumitu, lan egin, bozkatu eta isildu) pareko ez den ororen kontra «liburu beltzak» argitaratzen.”
Eta gure artean ere, ikusi dugu jada nola garai berean ernegatu glorifikatu gutxi batzuk frankismo osteko demokraziaren aldeko diskurtsoa garatzeko aitzakiaz baliatu ziren jokaldi atzerakoi oro har antzeko bati hasiera emanez. (Sakatu HEMEN). Azpimagarriagoa gaur egun, hala ere, balizko demokratismo aurrerakoi eta errepublikarraren aldeko (XIX. Mendeko Rex Publica-ren zentzu zabalean ulertuta) gorazarre imajinarioen arrakasta da, ganorazko emantzipaziorekin zer ikusirik izatetik guztiz urruti dagoena: “Demokrazia gure fetitxe nagusia da”, hala dio Badiouk Pornographie du temps present (Garai pornofrafikoak) liburutxo motz baina zorrotzean. Baina eztabaida horrek beste sail ezberdin bat merezi du, ‘Fikzio demokratikoa’ izenpean beste batean garatuko duguna.

