Hau Le Siècle (2005) liburuko artikulu bildumaren lehen kapitulua (ikasgaia) edo sarrera da. Luzea baina guztiz interesgarria XX. mendeko ‘izpiritu’ desberdinez jabetzeko.
//——//
Zer da mende bat? Jean Genet-en Les Nègres (Beltzak) antzezlanaren hitzaurrea datorkit gogora [1]. Bertan, ironiaz galdetzen du: «Zer da beltz bat?». Berehala gehituz: «Eta lehenik eta behin, zein koloretakoa da?». Era berean, galdetu nahi dut: Mende bat, zenbat urte dira? Ehun? Oraingoan, Bossuet-en galdera da gure arreta pizten duena: «Zer dira ehun urte, mila urte, une bakar batek ezabatzen dituenean?» [2] XX. mendeko une bereizgarria zein den galdetu beharko ote, orduan? Berlingo harresiaren erortzea? Genomaren mapatzea? Euroa abian jartzea?
Mendea eraikitzea lortzerik badagoela suposatuz ere, pentsamendurako objektu gisa osatzea, objektu filosofiko bat izango al litzateke hori, borondate singular batera irekia zeina, hain zuzen, espekulaziorako borondatea baita? Mendea ez al da, bada, unitate historikoa, lehenik eta behin? Tenta gaitzala, hortaz, modazko anderea den Historiak. Historia, edozein politikarako euskarri astinezintzat hartzen dena. Esate baterako, ziurrenik honako aldarrikapena egin nezake: mendea 1914-18ko gerrarekin hasten da (1917ko urriko iraultza barne hartzen duen gerra) eta SESBren kolapsoarekin zein Gerra Hotzaren bukaerarekin amaitzen da. Mende laburra da hau (hirurogeita hamabost urte), mende biziki bateratua. Hitz batean: Sobietar mendea. Mende hau guztiz ezagunak eta guztiz klasikoak diren parametro historiko eta politikoen laguntzarekin eraikitzen dugu: gerra eta iraultza. Gerra eta iraultza «munduarekin» lotuta daude bereziki. Mende hau, alde batetik, bi mundu gerren inguruan artikulatzen da eta, bestetik, engaiamendu edo ahalegin “komunista” bezala ezagutzen denaren sorrera eta kolapsoaren inguruan, ahalegin planetario gisa aurreikusten zena.
Egia da beste batzuek, Historiarekin (edo “memoria” deitzen dutenarekin) berdin-berdin obsesionatuta, mendea guztiz beste modu batera kontatzen dutela. Erraz jarraitu dezaket haien arrastoa. Oraingoan, mendea gertakizun apokaliptikoen gunea da – hain lazgarriak diren gertakizunak ezen mendeko batasuna antzemateko gai den kategoria bakarra krimenarena baita: komunismo estalinistaren krimenak eta nazismoaren krimenak. Eta mendearen muinean beste guztien eredua ematen duen Krimenen krimena dago: Europako juduen suntsipena. Mende hau madarikatua da. Pentsatzeko parametro nagusiak suntsipen-esparruak, gas-ganberak, sarraskiak, torturak eta estatuko krimen antolatua dira. Zenbakiek berezko kualifikazio gisa funtzionatzen dute. Eta arrazoia delitu-kategoria behin estatuarekin lotuz gero, hilketa masiboa izendatzen duela da. Mendeko balantzeak berehala sortzen du hildakoak zenbatzearen auzia [3]. Zergatik zenbatzeko borondate hori? Bada, izan ere, kasu honetan, epai etikoak delituaren gehiegikeria suntsitzailean bakarrik kokatu dezakeelako bere erreala, biktimen -milioika- zenbatze horretan. Kontatzea une hori da non heriotzaren dimentsio industriala epaiketaren beharrarekin gurutzatzen baita. Kontatzea inperatibo moralak aurresuposatzen duen erreala da. Erreal horren estatu krimenarekin bat egiteak badu bere izena: mende hau mende totalitarioa da. ·
Kontuan izan mende totalitarioa mende «komunista» baino are laburragoa dela. 1917an hasten da Leninekin (batzuek ez lukete arazorik izango 1793an hasi zela esateko, Robespierrerekin [4], baina mendea, horrela, luzeegia izango litzateke), bere goira 1937an Stalinekin eta 1942-45ean Hitlerrekin iristen da eta, ondorio guztietarako, 1976an Mao Tsetung-en heriotzarekin amaitzen da. Hirurogei urte inguru irauten du, baldin eta bizirik irauten duten exotikoei, Fidel Castro, edo susperraldi marjinal eta diaboliko jakin batzuk, «muturreko» islamismoa esaterako, jaramonik egiten ez bazaie.
Dena den, mende labur hau eta bere zalaparta hilgarria oroimen objektu zein oroitzapen penagarri bihurtu baino, gure garaia historikoki bere emaitzaren arabera hoztasunez pentsatzerik ere badago. Azken finean, XX. mendea kapitalismoaren eta merkatu globalaren garaipenaren mendea izango litzateke. Neurririk gabeko borondate baten patologiak lurperatu ondoren, mugarik gabeko Merkatu baten eta ertzerik gabeko Demokrazia baten korrelazio zoriontsuak bakegintzan [pazifikazioan] edo erdipurdiko zuhurtasunean [jakituria mediokrean] finkatuko zuen, azkenean, mendearen esanahia. Mendeak, horrela, ekonomiaren garaipena adieraziko zuen, hitzaren zentzu guztietan: Kapitalaren garaipena, pentsamenduaren zentzugabeko pasioak ekonomizatuz. Mende liberala da hau. Mende hau -non parlamentarismoak eta haren babesak ideia txikien garaipenerako bidea zabaltzen baitute- denetan laburrena da. Asko jota, hirurogeita hamarreko hamarkadan (iraultzatasun sutsuaren azken urteak) hasten da eta hogeita hamar urte baino ez ditu irauten. Mende zoriontsua, diote. Hondarren mende bat.
//——//
Nola hausnartu filosofikoki honi guztiari buruz? Zer esan genezake, kontzeptuaren arabera, XX.mende totalitarioa, mende sobietarra eta mende liberala elkarri lotzeaz?
Gauzak daudenetan ez du balio nolabaiteko batasun objektibo edo historiko bat hautatzea (epopeia komunista, gaitz erradikala, demokrazia garailea…). Filosofoontzat, kontua ez da mendean zer gertatu zen, bertan zer pentsatu zen baizik. Zer pentsatu zuten mende honetako gizakiek, aurrekoen pentsamendua garatzeaz gain? Edo beste era batera esanda: zein dira mendeko pentsamendu ez-heredatuak? Zer aldez aurretik pentsatu gabekoa, are pentsaezina?
Nire metodoa mendeko produkzioen artetik mendeak bere burua nola pentsatzen zuen aztertzeko adierazgarri diren dokumentu edo aztarna batzuk azaltzea izango da. Zehatzago esateko, mendeak nola pentsatu zuen bere pentsamendu propioa, nola identifikatu zuen bere pentsamenduaren historiatasuna eta zein izan zen harremana pentsamenduaren singulartasun horrekin.
Metodoaren gai hau argitzeko, utz iezadazue gaur egun galdera probokatzailea dena planteatzen, are debekatua: zein zen nazien pentsaera? Zer uste zuten naziek? Badago dena beti naziek egin zutenera itzultzeko joera (Europako juduen sarraskia gas-ganberetan), eta horrek zer pentsatzen zuten jakitea oztopatzen du guztiz, edo zer pentsatzen zuten egiten zutena egiterakoan. Alta, naziek pentsatzen zutenari buruz pentsatzeari uko egiteak, haiek egindakoaz pentsatzea ere oztopatzen digu, eta, ondorioz, haien ekintzak egiteko itzulera debekatuko lukeen politika errealak egitea debekatzen du. Pentsamendu nazia zer izan zen berez pentsatua ez den bitartean gure artean bizitzen jarraituko du, pentsatu gabea eta, beraz, suntsiezin.
Batzuek esaten dutenean, arinki, naziek egindakoa (exterminazioa) pentsaezinaren edo konponezinaren ordenakoa dela, ezinbestekoa den zerbait ahazten dute: naziek egin zutena arreta handienarekin pentsatu eta tratatu zutela, determinazio handienarekin.
Nazismoa pentsamendu forma bat ez dela, edo, oro har, basakeriak ez duela pentsatzen sostengatzea, ezkutuan absoluzio prozesu bat bultzatzea da. Gaur egungo hegemonia intelektualak hartutako itxuraetariko bat da, «ez dago alternatibarik» leloan bildua, frantsesek la pensée unique deitzen dutena. Hau alternatibarik gabeko politika baten sustapena besterik ez da, benetan politika bakarra, alegia: Politikak pentsatzen du, barbarismoak ez, ergo politika ezin da barbaroa izan. Silogismo honen helburu bakarra gure egungo patua buru duen parlamentarismo kapitalistaren basakeria bera ezkutatzea da. Eta lausotze modu honetatik ihes egiteko, mendeak berak ematen digun lekukotasunean oinarrituta, nazismoa, izan, politika eta pentsamendu bat dela mantendu behar dugu.
Batzuek erantzungo dute: «Nazismoa -eta estalinismoa luzapenez- gaitzaren figura bat dela ikusteari uko egiten diozu». Aitzitik, uste dut pentsamendu (edo politika) forma gisa identifikatuz ni naizela, azken finean, haiek epaitzeko bitartekoak hornitzen ditudala, eta zuek, alderantziz, haien errepikapena babesten amaitzen duzuela, epaiketa (politikoa) ekidituz.
Izan ere, «pentsaezina» den nazia (edo stalinista) gaizkiarekin identifikatzen duen ekuazio morala teologia ahul bat baino ez da. Azken finean, historia luze bat jaso dugu oinordetzan, gaizkiaren eta ez-izatearen arteko ekuazio teologikoarena. Horrela, baldin eta gaizkia bada edo gaizkiak estatus ontologiko positiboa baldin badu- Jainkoa bere sortzailea dela ondorioztatzen da, eta, beraz, gaizkiaren arduraduna. Alta, Jainkoa absolbitzeko, gaizkiari izateren aukera bera ukatu behar zaio.
Nazismoa pentsamendu forma bat edo politika ez dela baieztatzen dutenek (beren «demokrazia» ez bezala), pentsamenduaren edo politikaren absoluzioa besterik ez dute nahi. Hau da, nazismoaren erreal politikoaren eta aldarrikatzen duten errugabetasun demokratikoaren arteko lotura sakon eta sekretua ezkutatu nahi dute.
XX.mendeko egietako bat baita Hitlerren aurkako gerran aliatu ziren demokraziek ez zeudela exterminazioarekin larregi kezkatuta. Estrategikoki, alemaniar espantsionismoaren aurka gerran zeuden, batere ez nazien erregimenaren aurka. Taktikoki (erasoen garaian, bonbardaketen helburuak aukeratzean, komandoen operazioetan, eta abar), haien erabakietako bat ere ez zen izan sarraskia saihestea, ezta mugatzea ere. Eta hala izan zen, nahiz eta, hasieratik, zer gertatzen ari zenaz ezin hobeto jakinaren gainean egon [5]. Gaur egun gauza bera esan dezakegu gure demokraziek – erabat humanitarioak Serbia edo Irak bonbardatzeko orduan – ia erabateko kezka eza erakusten dutela HIESak milioika afrikarren suntsipenari buruz, gaixotasun hori eraginkortasunez kontrol pean dagoenean Europan eta Amerikan. Baina jabetza eta ekonomia arrazoiengatik, merkatuaren legeetatik eta inbertsioen lehentasunengatik – arrazoi inperialengatik, guztiz pentsagarriak diren eta benetan pentsatuak diren arrazoiengatik- ez zaie botikarik emango hilzorian dauden afrikarrei.
Demokrazia, beraz, zurientzat bakarrik. Aipatu bi adibideetan, mendeko benetako arazoa «demokrazien» eta, gauzak gertatu ondoren, beren Bestetzat izendatzen dutenaren arteko loturan kokatu behar da – basakeria horien aurrean guztiz errugabetzat aurkeztuz –. Eta, hain zuzen ere, absoluzioaren prozedura diskurtsibo hori da desegin behar dena. Horrela bakarrik lortuko baitugu esku artean dugun gaiari buruzko egia batzuk eraikitzea.
Egia horien logikak dagokion subjektua zehazten dugula aurresuposatzen du, hau da, errealaren zati honen edo bestearen ukazioan lanean dabilen benetako eragiketa zein den identifikatzen dugula. Hori da egiten saiatuko naizena XX. mendeari dagokionez.
Nire ideia da mendeko subjektibotasunei ahalik eta hurbilen atxikitzea. Ez edozein subjektibotasunari, baizik eta mendeari berari dagokion subjektibotasun motari, hain zuzen ere. Helburua da ea «XX. mendea» esaldiak pentsamendurako nolabaiteko pertinentzia duen ikusten saiatzea, kalkulu enpiriko hutsetik haratago egingo dugun heinean. Horrela, barnetasun maximoa duen metodo bat hartuko dugu aintzat. Gure helburua ez da mendea datu objektibo gisa epaitzea, baizik eta nola subjektibatu den galdetzea. Mendea bere preskripzio inmanenteen arabera hartu nahi dugu: «mendea» mendearen beraren kategoria gisa hartzea. Gure dokumentu pribilegiatuak mendeak bere aktoreentzat izan zuen zentzua gogora ekartzen duten testuak (edo margolanak, edo sekuentziak…) izango dira; mendea oraindik martxan zegoen bitartean, edo hasi besterik ez zen bitartean, ‘mendea’ hitz gakoetako bat bihurtu zuten dokumentuak.
Horrela, epaiak ematea arazo batzuen ebazpenarekin ordezkatzea lortu genezake. Egungo inflazio moralak esan nahi du mendea epaitua dela, alde guztietatik… eta kondenatua. Nire helburua ez da mendea birgaitzea, pentsatzea baizik, eta horrela erakustea nola den pentsagarria. Gure interesa piztu beharko lukeena, batez ere, ez da giza eskubideen epaitegi baten aurrean mendearen «balioa» zein den jakitea, zeinaren mediokritate intelektuala estatubatuarrek eratutako Nazioarteko Zigor Auzitegiaren mediokritate juridiko eta politikoarekin alderatu baitaiteke. Horren ordez, saia gaitezen enigma batzuk isolatzen eta lantzen.
Ikasgai [sarrera] hau amaitzeko, enigma horietako bat jorratuko dut, zeinaren garrantzia zaila baita gutxiestea. XX.mendea aparteko era batean hasten da. Har ditzagun 1890 eta 1914 arteko bi hamarkada handiak mendearen prologotzat. Urte hauek aparteko asmakuntza-aldi bat adierazten dute pentsamenduaren eremu guztietan, Florentziako Errenazimentuarekin edo Periklesen mendearekin soilik konparatu daitekeen sormen polimorfo batek markatuta. Zirrara eta haustura garai ikaragarria da. Aipa ditzagun mugarrietako batzuk. 1898an, Mallarme hiltzen da, idazkera modernoaren manifestua argitaratu eta gutxira, ‘Un coup de dés jamais…’ [Dadoak botatzeak ez du sekula…]
1905ean, Einsteinek erlatibitate berezia asmatu zuen (Poincarek aurreikusi ez bazuen behintzat), argiaren teoria kuantikoarekin batera. 1900ean, Freudek Ametsen interpretazioa argitaratu zuen, iraultza psikoanalitikoari bere lehen maisulan sistematikoa eskainiz. Oraindik Vienan, 1908an, Schoenbergek musika atonal baterako aukera ezartzen du.
1902an, Leninek politika modernoa sortzen du, Zer egin lanarekin hasten dena. Garai hau James eta Conrad-en eleberri galanten argitaratzea dakar, Proust-en Denbora galduaren bila lanaren zatirik handiarena eta Joyce-ren Ulises-en heltzea. Frege-k inauguratutako logika matematikoa, besteak beste, Russell, Hilbert eta Wittgenstein gaztearen ekarpenarekin, bere hizkuntzaren filosofia ahizpa diziplinarekin batera, indarra hartzen du kontinentean zein Erresuma Batuan. Edo ikus, orain, 1912 inguruan, nola Picasso-k eta Braque-k ahultzen duten pinturaren logika. Husserl-ek, bere aldetik, deskribapen fenomenologikoa argitzen du, bakarkako egoskeriaz. Aldi berean, Poincare eta Hilbert bezalako jeinuek -Riemann, Dedekind eta Cantor-ren oinordekoek- oinarri berri bat ematen diote matematikaren estiloari berari. 1914ko gerra baino lehen, Portugalen, Fernando Pessoa-k poesiari eginkizun herkulear batzuk ezartzen dizkio. Zinemak berak, duela gutxi asmatua, Melies, Griffith eta Chaplin-en aurkitzen ditu bere lehen jeinuak. Epe labur honetako mirarien zerrendak aurrera eta aurrera egin lezake.
Baina aldi honi berehala jarraitzen diona tragedia luze baten antza duen zerbait da, zeinaren tonua 1914-18ko gerrak ezartzen baitu: giza materialaren manipulazio sentigabearen tragedia. Egon badago Hogeita hamarreko izpiritu bat, zalantzarik gabe eta, ikusiko dugunez, antzua izatetik urrun dago. Baina mende hasierako izpiritu neurrigabe eta asmatzailerekin alderatuta guztiz bortitza eta monolitikoa da. Eta jarraipen horren zentzuak enigma baten aurrean jartzen gaitu.
Edo agian arazo baten aurrean. Ze galde diezaiogun hauxe geure buruari: Hogeita hamarreko, berrogeiko edo, baita ere, berrogeita hamarreko hamarkada ikaragarriak -beren mundu gerra, gerra kolonial, eraikuntza politiko opaku, sarraski zabal, enpresa erraldoi bezain prekario, eta hain kostu astronomikoko garaipen, garaipen baino bati porrota deitzeko tentazioa sortzen baitzaio- hori guztia mendeko lehen urteak irudikatzen omen duten sorrera argitsu, sortzaile eta zibilizatuarekin erlazioan (edo ez-erlazioan) ote dago? Bi aldi horien artean, 1914ko gerra dago. Zer esan nahi du, orduan, gerra honek? Zein da emaitza, edo sinboloa? Eta arazo hau konpontzeko itxaropenik ez dago baldin eta ez badugu kontuan hartzen gerra aurreko garai bedeinkatu hori konkista kolonialaren apogeoarena ere badela, Europak lur osoaren itotzearena, edo ia ia. Eta hortaz, beste nonbait, urrun baina baita guztion kontzientziatik oso gertu ere, familia guztien artean, morrontza eta sarraskia presente daudela jada. 1914ko gerra baino askoz ere lehenago — hor dago Afrika, lekuko eta artista arraro batzuek basakeria konkistatzaile zuzena bezala izendatuko dutena [6]. Nik neuk beldurrez begiratzen diot oraindik 1932ko Larousse hiztegi horri, gurasoek eman zidatena eta non, Arrazen hierarkia goiburuaren azpian – unibertsalki arazo gabekotzat ikusia- gizon beltz baten burezurra gorila baten eta europar baten artean kokatua dagoen.
Esklabotza helbururako giza haragia deportatzen bizpahiru mende igaro ondoren, konkistak Afrika distira europar, kapitalista eta demokratikoaren atzekalde ikaragarri bihurtzen lortu zuen. Eta honek gaur egun arte jarraitzen du. Hogeita hamarreko hamarkadako haserre ilunean, heriotzarekiko axolagabetasunean, Gerra Handian eta lubakietan sortzen den zerbait badago egon, baina baita kolonietatik datorren infernuko itzuleraren moduko zerbait ere, gizadiaren barneko ezberdintasunak nola aurreikusten zirenetik, alegia.
Eman dezagun gure mendea -Malrauxek esan zuen bezala- politika tragedian bihurtu zuena dela. Zer izan zen mende hasieran, belle epoque-ren urrezko inaugurazioan, gauzen ikuspegi hori prestatu zuena? Funtsean, une jakin batetik aurrera, gizakia aldatzeko, gizon berri bat sortzeko ideiak sorgindu zuen mendea. Egia da ideia horrek faxismo eta komunismo ezberdinen artean zirkulatzen duela, haien estatuak gutxi gorabehera berdinak direla: alde batetik, mundu emantzipatuaren atarian dagoen proletarioa, bestetik, Siegfried ario eredugarria dekadentziaren herensugeak borrokatzen. Gizateria berri bat sortzea beti dator zaharra suntsitzea eskatzearekin batera. Gizadi zahar honen izaerari buruzkoa eztabaida bortitza eta adiskidezina da. Baina, aldi bakoitzean, proiektua hain da erradikala, non gauzatzeko bidean giza bizitzaren singulartasuna ez dela kontuan hartzen. Material bat baino ez dago hor. Arte modernoaren praktikatzaileentzat soinuak eta formak, tonuen edo figurazko harmoniatik urratuak, helmuga guztiz birmoldatu behar zuten materialak baino ez ziren era berean. Edo zeinu formalek, inolako idealizazio objektiborik kenduta, matematika osotasun automatizatu batera proiektatzeko modua bezala. Zentzu horretan, gizon berriaren proiektua hausturaren eta oinarriaren proiektua da, -historiaren eta estatuaren esparruan-, mende hasierako haustura zientifiko, artistiko eta sexualen tonaltasun subjektibo bera eusten duena. Horregatik, mendea bere prologoari fidela izan dela argudia daiteke. Izugarri fidela.
//——//
Intrigazkoa dena da gaur egun kategoria horiek hilda eta lurperatuta daudela, inor ez dela gehiago inplikatzen gizon berri baten sorrera politikoan. Aitzitik, alde guztietatik entzuten duguna da antzinako gizateriaren eta desagertzeko arriskuan dauden espezie guztien kontserbazioaren eskaria (gure antzinako garia barne) – gaur egun, hain zuzen ere, ingeniaritza genetikoaren etorrerarekin prestaketak aurrera doazenean gizakiaren benetako eraldaketarako, espezieen aldaketarako. Desberdintasuna da genetika oso apolitikoa dela. Uste dut, gainera, ergelkeria dela ere esan nezakeela, edo behintzat ez duela pentsamendu forma bat adierazten, onenean teknika bat baizik. Beraz, guztiz koherentea da proiektu politiko Prometeoarraren gaitzespena (gizarte emantzipatuaren gizon berria) gizakiaren espezifikotasuna eraldatzeko aukera teknikoarekin (eta azken finean finantzarioarekin) bat etortzea. Eta horrela da aldaketa hori ez datorrelako, batere, inolako proiekturekin. Aukeren berri egunkarietatik jakiten dugu; bost adar izan genitzakeela, edo hilezkorrak izan gaitezkeela. Eta hori guztia gertatuko da, hain zuzen ere, proiektu bat ez delako. Gauzen automatismoaren arabera gertatuko da.
Laburbilduz, teknikaren jabetze ekonomikoan itsuena eta objektiboena denaren mendekua bizi dugu politikan subjektiboena eta borondatezkoena denarekiko. Eta baita, zentzu jakin batean, arazo zientifikoaren mendekua proiektu politikoaren gaindi. Zientziak -hor datza bere handitasuna- arazoak ditu; ez du proiekturik. Gizakian sakonena dena aldatzea [7] proiektu iraultzailea zen, txarra dudarik gabe; orain arazo zientifiko bihurtu da, edo agian arazo tekniko hutsa, nolanahi ere konponbideak ahalbidetzen dituen arazoa. Badakigu nola, edo jakitera iritsiko gara, behintzat.
Jakina, hau galdetu genezake: zer egin nola egin badakigulako egitateaz? Baina galdera honi erantzuteko proiektu bat behar dugu. Proiektu politiko bat: itzela, epikoa eta bortitza. Sinetsi iezadazue, batzorde etiko ineptoek ez digute sekula erantzunik emango galdera honi: «Zer egin behar da zientziak gizon berri bat egiten badakiela egitatearekin?». Eta proiekturik ez dagoenez, edo proiekturik ez dagoen bitartean, denek dakigu erantzun bat eta bakarra dagoela: irabaziak, errentagarria denak esango digu zer egin.
Azken finean, eta bere amaieraraino, mendea, hain zuzen ere, beste gizateria baten agerpenaren mendea izango da, gizakia denaren errotiko eraldaketaren mendea. Alde horretatik, bere hasierako urteak markatu zituen aparteko haustura kognitiboei leial mantenduko da -nahiz eta, pixkanaka-pixkanaka, proiektuaren erregistrotik irabazien automatismoetara pasatu. Proiektuak asko hilko ditu. Automatismoak ere berdin, eta horrela jarraituko du, baina inor errudun izendatu gabe. Ados jar gaitezen -gero azalpenak bilatzeko: mende honek krimen galantak egiteko abagunea izan du; baina berehala gainera dezagun ez dela amaitu, lenengo gaizkile izendunak sozietate anonimoak (S.A.) bezalako gaizkile anonimoez ordezkatuak izan baitira orain.
———
OHARRAK
[1] Les Nègres [Negroak] lehen eleberrien ondorengo Geneten testu ia guztiak bezala (hau da, Sartreren Saint Genet, Actor and Martyr (Saint Genet, Aktore eta Martir) galanta argitaratu ondorengo testu guztiak), mendeari buruzko dokumentu erabakigarria da, Mendebaldeko zurien eta haien inkontziente historiko beltza deitu genezakeen arteko harremana artikulatzen duen neurrian. Era berean, Les paravents (Pantailak) Aljeriako gerra kolonial beldurgarritik antzerkia egiten saiatzen da. Ez du pasadizoen arabera egiten, baizik eta gerraren barruan subjektuei dagokienez gertatutakoaren arabera. Mota honetako saiakera bakarra da, Guyotat-en Tombeau pour cinq cent Mille soldats (500.000 Soldaduentzako Hilobia) aparta eta bakartia izan ezik, gerra poema materialista moduko batean bihurtzen duena, Lukrezioren antzera.
Geneten saiakera literarioa bere maisulantzat hartzen dudan honetan amaitzen da, Un chant d’amour (Maitasun kantu bat). Oraingoan, antzerki-lan batez baino gehiago prosazko obra batez ari gara. Maitasun kantu bat idazlanak palestinarren Israelen aurkako gerrako une erabakigarri bat betikotasunera igotzen du, eta baita, Pantera Beltzekin ere, gerra zibil sekretu eta betiko horren une bat Estatu Batuak deitzen dugunarekin.
[2] Ez dut uste Bossuet -eta bereziki nire aipamenaren iturria den Sermon sur la mort (Heriotzari buruzko sermoia)- asko irakurtzen denik gaur egun. Hala ere, Frantziako historiako ahots indartsuenetako bat da. Philippe Sollers omendu behar dugu, urte askotako Bossueten garrantziaren aldeko defentsa tematiagatik. Mendeetako balantzean interesa duen edonorentzat – eta orrialde hauen irakurlea bat izatea espero da -, garrantzitsua da Bossuet giza historiaren ikuspegi probidentzial eta, beraz, arrazionalista baten defendatzailerik onena balitz bezala irakurtzea, gure adimenaren baliabideak gainditzen baditu ere.
[3] Hildakoen zenbaketak mendeko balantzea osatzen duela, horixe da hogei urte baino gehiagoz «filosofo berriek» argudiatzen daramatzatena — politikari buruzko pentsaera oro agindu «moral» atzerakoienean jartzen ahalegindu direnak. Komunismoaren liburu beltza berriki argitaratua atzeraldi honen jabetze historizista guztiz txartzat hartu behar da. Kontakizunen balantze bati eusten badiogu ezertxo ere ez da ulergarria argitalpen horretan “komunismo” izen orokorraren inguruan jorratzen denari buruz, hirurogeita hamar urteko historian zeharreko esperientzia politikoen inspirazio zein etapetan oso desberdinak izan zirenak. Esperimentu politiko hauetariko batzuekin batera izan ziren sarraski izugarriak eta bizitza galera alferrikoak pentsatzeko aukera orotik at geratzen dira erabat, azken finean haiei eskainia dagoela dioen Liburu Beltz horren metodoak aintzat hartuz gero. Eta, hala ere, hor dirau, temati, pentsamenduaren mende ez dagoen hori. Askotan esaten denaren aurka, errepikapena debekatzen omen du, ez memoria.
[4] Emantzipazio-politikaren edo politika ez-liberalaren izaera «totalitarioaren» diskurtsoaren harira, batzuei komenigarria iruditu zitzaien sustraien bila Frantziako Iraultzan ibiltzea, bereziki bere erdi-erdiko pasarte jakobinoan. Ondorioz, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieratik Robespierre-qua-Stalin moduko zorakeriak jasan behar izan ditugu, edo baita, kontrako froga gisa ere, Vendetarren [hau da, Vendée-ko matxinada erregezalearen] jenio askatzaileari buruz, errepublikarrek pribintzietan planeatutako “genozidio”-aren aurrean. Zentzu horretan, Errestorazioaren aldeko muturreko batzuentzat, XX.mendea -bere funtsa abominazio totalitarioan aurkitzen denez- Herri Segurtasun Batzordearekin [Comité de Salut Publique] hasten da.
.
[5] Aliatuei sarraski-prozesuari eta gas-ganberei buruz helarazitako informazioari buruz, ikus bereziki Rudolf Vrba-ren obra erabakigarria, (I escaped from Auschwitz / Auschwitz-etik ihes egin nuen), Robson, 2006). (Jatorrian Ezin dut Ahaztu bezala (I Cannot Forgive) bezala argitaratua).
Irakurketa hau Cécile Winter-en Pourquoi le mot juif est imprononçable? (Zergatik da ahoskabea judu hitza?)izeneko artikuluarekin osatu behar da, orain nire Circonstances 3-n argitaratua, eta Steven Corcoran-en nire artikuluen itzulpenen bilduman sartuta dagoena: Polemics (Verso, 2006). Besteak beste, Claude Lanzmann-en Shoah filmeko editatzean Vrbaren testigantza mozten den moduari buruzko iritzia ematen du Winter-en artikuluak.
Proiektu genozidaren faseei buruzko oinarrizko liburua Raul Hilberg-en Judu europearren suntsipena – The Destruction of the European Jews, 3 liburuki (Holmer eta Meier, 1985) izaten darrai.
Nazien politikaren balantzeak eta gas-ganberen ukazioan oinarritzen den errebisionismoak pentsamenduari planteatzen dizkion arazoen irudi zabala lortzeko, irakurleak Natacha Michel-ek zuzendutako liburu kolektiboa kontsultatu beharko luke: Paroles à la bouche du present. Le négationnisme: histoire ou politique? (Hitzak orainaldiko ahotsean. Negazionismoa: historia ala politika?) (Al Dante, 1997).
[6] Mendeko artista frantsesen kolonizazioaren basakeriari buruzko lekukotasun bakanen artean, jakina, Gide-ren Voyage au Congo [Kongoko bidaiak] aipatu behar ditugu. Baina baita gauza txiki bat ere, Ravel-en Chansons Madécasse [Madecasse abestiak] , zeinaren estribilloa zera baita: ‘Itsasertzeko bizilagunok, ez zaitezte zuriez fidatu’. Ravel-ek Ohorezko Legioari uko egin zion Frantziako gobernuak Errusiako iraultza boltxebikearen aurka imajina daitezkeen maniobra guztiak egin zituelako.
[7] Kultura Iraultzaren hasierako fasean, alderdiko buruzagi batzuk, Lin Biao horien artean, «Alda ezazu gizakian sakonena dena» leloaren atzean. Azkar ikusi zen gizakiaren sakoneko eraldaketa horrek altzairuzko diktadura eta neurriz kanpoko puntuazio bortitza beharko zuela, halabeharrez, gero oso emaitza aleatorio batzuk lortzeko besterik gabe. Are gehiago, gizon berriaren behartutako emaitza hori, Kultura Iraultzaren ondorengo sekuentzia batean, gehiegikeria «ezkertiar» gisa salatu zuten. Lin Biaok berak, 1969an boterearen gailurrera eramana, kontrakorronte horren erdian bizia galdu zuen 1971ko irailean; litekeena da korridore batean likidatua izana alderdiko buruzagien bilera batean. Gertakari honek Estatu sekretu gisa sailkatuta jarraitzen du Txinan.










