Unibertsaltasunaren alde (HIRU: Errekontziliazio teorikoen beharraz)

Dekolonialismoa, Intersekzionalismoa, Partikulartasuna, Populismoa, Unibertsaltasuna

Sarrera

 

Hau unibertsaltasunaren inguruko auziari buruzko hirugarren eta azken azpisaila da.

Lehen azpisailean, askatasuna eta berdintasuna edo askatasun politikoa eta giza-berdintasuna moduko egia unibertsalak Euskal Herrian hartu duten forma lekutu, singular eta konkretu bat azpimarratu dugu – zenbait belaunaldien zehar fideltasunaren eta diziplina militante eredugarriz bideratu dena euskal askapen nazional eta sozialaren hipotesiaren inguruan ardaztutako eta artikulatutako proiektu, proiekzio eta prozesu emantzipatzaile betiere testuinguratu batean; betiere, hemen eta orain; betiere sortzaile eta berritasunera irekia. Are eta gehiago, euskal askapen mugimenduak historikoki gorpuztu eta gorpuzten duen hipotesi emantzipatzaile singular eta konkretuaren azken xedea unibertsala dela azpimarratu dugu — oraingo hirugarren azpisail honetan aipatuko diren borroka partikularretatik sortzen diren susmoak susmo, borroka horiek unibertsalak izan ezean, edo, hobe esanda, unibertsalizatu ezin badira, nekez izan daitezke eta guztiz emantzipatzaileak!

Bigarren azpisailean ‘unibertsaltasuna’ hitza ulertzeko modua dela eta mendebaleko filosofiaren hastapenera jo dugu. Tales Miletoko lehenetariko filosofo grekoaren figurak ordezkatzen duen unibertsaltasunaren ikusbide baztertzailea ukatu ondoren, aldiz, Tarsoko Saulo Apostolu kristauaren ikusbidea emankorragoa dela argudiatu dugu. Gurera egokituta gakoa zera baitirau: singulartasun politikoa eta partikulartasun kulturala, edo sexuala, arrazazkoa eta abar, ez dira gauza bera unibertsaltasunaren inguruko dagokigun eztabaidaren testuinguruan. Partikulartasunak giza animaliaren aniztazun ukaezinaren kontua ematen digu: jada badagoena da; adibidez, gu moduko lumarik gabeko hankabiko gizabereen ohitura/sinesmen askotarikoak etnografoek-eta katalogatzen dituztena; izan ere, Badiouk liokeen erara, loro urdinek edo baleek gure arreta erakartzen duten modu berean, bizitza anitzaren indarrak intrigatzen eta xarmatzen gaituelako. Demagun, baina, euskal gizabere etno-kulturalki berezi, xarmagarri eta misteriotsuaren partikulartasuna gure izate kolektiboaren erdian ezartzen dugula. Horrela egingo bagenu, hor ez legoke, gero, subjektu politiko zehatz baten ardazten den proiektu emantzipatzaile posiblerik, izurdeen arteko komunikazioa eta jolasekin gertatzen den bezala, aipatu etnografoen zein, erantsi behar da, turista kuriosoentzat beste giza-animalia batzuen, hau da, gure, hitz egiteko eta jateko eta abarreko modu autentiko bezain bitxien-edo nola intelektualki halaxe aisealdian gozatzeko esperientzia baizik. Singulartasunak, aitzitik, subjektuaren berritasuna gertarazteko asmoa eta kemena adierazten duen bitartean; dela subjektu amodiozkoa, zientifikoa edo artistikoa, edo dela, hemen dagokigun kasuan azpimarratzen dugun bezala, subjektu zinez politikoa; hau da: Euskal Herrian, de-kolonizazio politiko eta kultural baten testuinguru eta prozesu zehatz eta luze baten zehar garatu izan den emantzipaziorako subjektu politiko kolektibo baten bidez.

Hirugarren eta azken azpisail honetan, hortaz, ezker independentistaren tradizio politiko, kultural eta intelektualean garatzen diren jakintza betiere berri(tu)etan gaur egun nabaritzen den unibertsaltasunarekiko aipatu susmoari aurre egingo zaio. Izan ere, ironia edo paradoxa zera baita: jakintza partikular hauek guziek emantzipazio unibertsalaren eraikuntzan benetan interesa duten burkideek erabiliko ez balute, zentzurik gabeko jarduerak lirateke, ertz iraultzailerik gabeko tresna intelektual ahulak. Teorikoki, behintzat, zaila baita unibertsaltasunaren aurkako ezkerreko proiektu emantzipatzailerik imajinatzea: batek goserik diraueno ez gara gu asetuko, bat inon loturik deino ez gara libre izango.

Zentzu horretan, hasteko, bat, gaur egungo ezkerreko soberamismoa delakoan nagusi diren erregistro teoriko garrantzitsuez jabetuko gara; hala nola: aipatu pentsamendu dekolonial/subalternoa, feminismotik garatutako teoria intersekzionala eta ezkerreko populismoa —zeinen asmo eta egitarau politikoa, oro har, Mendebaleko unibertsaltasun patriarkal eta eurozentriko dominantearen kritikan oinarritzen baita.

Ondoren, baina, bi, aipatu mendebaleko jakintza eta jarrera nagusiei luzatutako kritikaren beraren kontrapuntura joko dugu, kontrapuntu kritikoa bera ere, noski, bi irizpide nagusitik tiraka; bat: ertzekotasunaren gorazarre obligatua formalismo hutsean erori daitekeela azalduz; gehi, bi: dibertsitatearen eta aniztasunaren aldarrikapenak, benetako eta erradikalenak ere, jai dutela azpimarratuz kapitalismo globalizatuaren unibertsaltasunaren parean, unibertsaltasun hori faltsua dela jakinaren gainean egon arren.

Eta bukatzeko, hiru, unibertsaltasunaren inguruko aipatu susmoa gainditze aldera, errekontziliazio edo adizkiditze teoriko baten aldeko deia luzatuko dugu; jada esan bezala, bestela ere praktikan, kaleko borroka ugarietan, nabaria dena — bestela ere, are gehiago, Alain Badiouk dionarekin guztiz bat etorriz:

“Unibertsaltasun politikoaren eta diferentzien existentziaren artean kontraesanik ez dagoela baieztatu behar dugu eta diferentzien existentzia unibertsaltasunaren beraren izenean babestu behar dela.”

 

-I-

 

Euskal Herriko ezker soberanista gero eta arrakastatsuagoan, ikusbide eta jakintza eraldatzaile berrituetan parte zuzena hartu izan da azken bizpahiru hamarkaden zehar-edo, gurean feminismo gehienbat marxistatik bideratutako teoria intersekzionala eta ezkerreko populismoa nagusi, Hegoalde globaleko kritika post-koloniar eta subalternoarekin batera gauzatu dena.

Testuinguru horretan, oraingo belaunaldi gazteengan, aipatu teoria intersekzional eta dekoloniarrak gaina hartu du egungo gizartea dominazio sistema konplexu oso bat dela azpimarratuz — konplexua gainditu beharreko zenbait zapalkuntza partikularrak desberdinak direlako: generoa, arraza, klasea eta abar.

Errealitate garaikidea ulertzeko, hortaz, ezagutza eurozentriko batetik abiatzen den Mendebaldeko jakintza nagusien parean, jakintza alternatiboak zapalkuntza desberdinak nola funtzionatzen eta gurutzatzen diren eta nola eragiten diguten aztertzeko baliabide teoriko eta praktiko zehatzak eskaintzen dizkigute, desberdintasun ekonomikoen, indarkeria desberdinen eta identitate politiko anitzen garrantzia aldarrikatuz gain eurozentrismo mendebaldarrak berarentzako bakarrik erreklamatzen duen unibertsaltasunaren kritika erdigunean ezarriz —izan ere, lelo erakargarri hau ardatz: ertzeak erdigunera!

Zalantzarik gabe, jarraitasun-lerro ugari aurki daitezke gaur egungo posizio teorikoen eta askapen mugimenduko tradizio politiko, kultural eta intelektualean ohiz jorratu direnen artean — nabarmenenak batez ere zenbait uhain feministen jarraian zein nuklearren aurkako borroka historikoetatik tiraka gaur egungo trantsizio feminista eta ekologikoen aldeko ildotik doazenak, batetik, eta bestetik, zehazki askapen nazional eta sozialari lotuta, garai bateko ‘hirugarren munduko’ posizio anti-koloniar zehatzetatik abiatuta gaur egun Hegoalde globaletik teorizatzen den pentsamendu de-koloniar eta subalternoraino. [*]

 

 

Alta, esandakoaren arabera bi galdera nagusi sortzen dira segituan; bat: dagoen dominazio sistema benetan da horren konplexua ? Eta bi: bai, aniztasunaren errealitatea ukaezina da, are neurtezina eta maila askokoa. Baina maila askoko aniztasun neurtezin eta inkonsistente horren onartzearekin halabeharrezkoa al da identitate subordinatu/subalternoen gorazarrearekin batera bestela ere hor dagoen diferentzia eta dibertsitatearen goratu beharra, hori, berez edo bere horretan, eraldatzailea balitz-edo? Galdera hauek egokiak dira, batez ere, gainera, kontuan hartuta, oraintxe bertan erakutsiko den bezala, benetan dagoen kapitalismo globalizatuaren dominazio sistema bera sobera sinplea dela eta jada badagoen giza-animaliaren dibertsitate kultural, generozko, arrazazko eta abar ukaezin hori sistema sinple horren beraren garapenerako oztopo baino aukera dela!

 

-II-

 

Beraz, gure artean, gaur egun, identitate ertzeko eta anitzen aldeko posizio filosofiko eta politikoak goresten dira; alta, posizio intelektual eta militante gehienbat onartu horietatik abiatuta eta guzti zera da, halaber, onartu behar den kontrapuntu kritikoa: oinarri-oinarrian, egon, dominazio sistema sobera sinplea dagoela, hain zuzen, eta berezko ideologia kulturalik ez duen kapitalismo globalizatuaren unibertsaltasuna bera, inolako kontraesanik gabe egokitzen dela hain balioko zaizkigun tokiz tokiko edo nolanahiko berezitasun kultural, arrazazko eta sexualetara — izan ere, mundua bere osotasunean merkatu unibertsal bateratu edo homogeneoa izatea ez baita oztopo aukera baizik munduan lekuan lekuko dibertsitateaz eta zatiketez baliatzeko, are zatiketa gehiago eragiteko merkatuaren dibertsifikazioa betiere helburu — gaur egun munduan zehar ospatzen den euskal gazta-tarta erretik Lesbos-en trans poeta ezinduentzat oporretaraino…

Gakoa, beraz, zera da: kapitalismo globalizatuaren unibertsaltasun faltsu horren parean erantzun emantzipatzailea ezin daiteke izan partikulartasun ugariz ordezkatzea identitate subordinatuen zerrenda amaigabe baten zehar. Izan ere, kapitalismo globalizatuaren testuinguruan Mendebaleko eurozentrismoaren gehiegikeriak gainditzeko, erdiguneratu behar diren Beste baztertuen ertzekotasuna bera berezko baliotzat onartzea formalismo hutsa baita —bere garaian Terry Eagletonek argi asko adierazi zuen bezala, alegia:

“Formalismo hutsa da imajinatzea bestetasuna, heterogeneotasuna eta marginaltasuna beren eduki sozial konkretuari erreparatu gabe onura politikoak direla berez.”

Zentzu horretan, ez digu balio unibertsaltasuna kritikatzea baztertzailea edo Mendebaleko partikular baten esklusiboa dela iritzita. Zapalduta dauden diferentzien aldeko borroka politikoak giza-berdintasunaren aldeko borrokak dira. Unibertsalaren mendebaldeko ohiko ikuskera baztertzailea, bere partzialtasun partikular dominanteagatik (gizonezkoa, heldua, zuria, burgesa…) kritikatzen dugunean, kritika horren betebeharra ez litzateke partikulartasun alternatibo ugariekin ordezkatzea, mendebaleko ohiko unibertsaltasun faltsu horren distortsioak ikusaraztea baizik egiazko unibertsaltasun baten bila arakatuz.

Erantzunak, hortaz, kapitalismo globalizatuaren beraren unibertsaltasun menderatzailearen faltsutasuna salatzetik dator, zalantzarik ez. Baina modu berdinean, unibertsaltzat agertzen zaizkigun distortsio edo partzialtasun partikular horiek egiaztatu ondoren (dela gizaki zuria, arra, zaharra, burgesa, koloniarrarena…), ugaritasun subalterno edo subordinatu hori benetako unibertsaltasun inposible baina beharrezkoarekin berkonektatu eta artikulatzeko borrokatze beharra dago. Inposiblea, noski, ‘ezinezkoa’ den zentzu estatikoan ulertu beharrean oraindik ez denaren eremu posiblera bideratzen duen zera hori bezala ulertuz, ezarritako edo jada badagoen ordena neoliberalaren unibertsaltasun faltsutik haratago.

Azken finean, benetako unibertsaltasuna ezin baita zapalkuntzan oinarritu eta, beraz, bazterketan ardaztutako partikular zapaltzaile zehatz batzuen unibertsalaren bahiketaz aritzerakoan, ekuazioa zuzenean hankaz gora ezarri eta partikulartasun anitzen goratzea zeregin alferrikakoa da eta, ondorioz, emantzipazio partikularren alde eta unibertsaltasunaren aurka kokatzea ez da oso bidezkoa. Badiouk arestian esandakoa parafraseatuz: Unibertsaltasuna ez da diferentzien baztertzailea; aitzitik, ertzetako diferentzia baztertuen erdiguneratzeak askatasun politikoa eta giza-berdintasuna dute oinarri; zentzu horretan, unibertsaltasun politikoaren eta giza-diferentzien existentziaren artean kontraesanik ez dagoela baieztatu behar dugu, diferentzien existentzia unibertsaltasunaren beraren izenean babestu behar dela, hain zuzen.

 

 

-III-

 

Sekuentzia politiko berrira begira, independentzia helburu politikotzat duen euskal askapen mugimenduak bultzatutako prozesu emantzipatzaile integralean — sozialista, feminista, de-koloniarra, ekologista…- inportantea da, behin eta berriz, emantzipazioaren azken xede unibertsalaz jabetzea, unibertsala izan ezean ez baita emantzipatzailea..

Ondorioz, askatasun politikoa eta giza-berdintasuna edozein emantzipazioarako proiektu edo proiekzio estrategikoren erdigunean egon beharko da — dagoen ordenari aurre egiteko orduan zer nahi dela eztabaiden zein borroka berezien enfasien arabera alternatibaren izenari modu desberdinetan deitzeko modua: eko-sozialismoa, feminismo marxista-dekoloniala, marxismo transgeneroa, solarpunk mugimendua, baita sozialismo demokratikoa ere, gaur egungo espektro politikoaren ezker alternatiboan kokatzen den heinean. [**].

Izan ere, orain arte, askapen mugimeduaren arrakasta, oro har, askatasun politikoa eta giza-berdintasuna uztartzetik dator, bidean alde bateko zein besteko jarrera puritau eta ulermen doktrinarioak ekidituz:

  • Batetik, identitateak eta diferentziak ulertu eta aztertzerakoan naziotasunaren inguruko kultur-esentzialismo zurrunetan ez eroriz – gaur egun gero eta argiago nabaritzen den bezala arrazakerian eta migrante edo proletario nomaden kontrako jarrera onartezinak babesten bukatzen dituztenak.
  • Bestetik, testuinguru konkretuetatik kanpoko langileriaren izate transzendentalizatuetan babesten diren ezker muturreko infantilismotik ihes eginez – ohiz, historikoki, nazioarteko proletargo abstraktu baten izenean espainolismoaren sozial-txobinismo zapaltzailea babesten amaitu izan dutenak, bestalde.

Alta, zer esan nahi du, zehazki, gure testuinguru politiko eta ideologikora begira, emantzipazioaren azken xedea unibertsala dela ala, bestela, ez dela ezer.
Edo hobe adierazita: zer eskatzen du, gaur egungo eztabaida teorikoan? Eta, berriz azpimarratzeko, eztabaida teorikoan diogu, hain zuzen, praktikan, edo kalean, hainbat eta hainbat borroka partikularren inpultso unibertsala gero eta gehiago nabaritzen eta baieztatzen delako jada — adibide zehatz bat emateko, esate arren, modu autonomoan izanda ere, askapen mugimenduarekin lerrokatzen den feminismo marxistaren garapenaz erreparatzea besterik ez dago.

Emantzipazioaren azken xedea unibertsala dela adieraztenten dugunean, beraz, adierazpen honek errekonziliazio edo adiskidetze teoriko posible baten norabidea seinalatzen du. transitatzea beharrezkoa izango dena bi joera nagusi uztartuz; alegia: gaur egun nagusi diren teoria intersekzional zein deskolonial gehi ezkerreko populismoa eta izena zernahi (sozialismoa, justizia soziala, anti-neoliberalismoa…), gure tradizio politiko, kultural eta intelektualaren hipotesi emanzipatzailean betitik zutoin nagusia izan den komunismoaren ideia generikoa.

Adiskidetze teoriko honek, batetik, ganorazko lanabesa eskainiko digu ezkerreko populismoan, feminismo intersekzionalean eta de-kolonialismo subalternoan ikur nagusi gisa hartzen den eurozentrismo patriarkalaren kritika gehiago konplikatzeko eta berkokatzeko.

Adibidez, bai, Eurozentrismoaren eragina oztopoa da mota guzietako dekolonizazio nazional, sozial, sexual, arrazazko eta abarren prozesuan. Baina, era berean, Europatik sortutako makinabat jakintza eta eredu lagungarriak dira prozesu askatzailean. Baita kapitalismo patriarkalik gabeko etorkizun dekoloniala amesterakoan ere, horrelako paradoxak, kontraesanak eta impasseak kontuan hartu behar dira. [***]

 

 

 

Oharrak

 

[*] Beste lan baten Jean Paul Sartre aipatu genuen (sakatu HEMEN) garai hartan Hirugarren eta Lehen mundu gisa izendatutakoetan borroka anti-koloniarren arteko isomorfismoa azpimarratu zuelako. Gaur egun berdin, Boaventura de Sousa Santos moduko Hego Globalari buruzko teorigile eta adituek garbi uzten dute kontzeptu hori ez dela guztiz geografikoa politikoa eta ekonomikoa baizik, izan ere, Hego Globalaren aztarnak Iparrean aurkigarriak diren hein berean, Ipar Globalaren aztarnak sobera nabariak direla Hego Globakeko zenbait tokitan. Ikus Epistrmologies of the South. Justice Against Epistemicide, (Taylor & Francis, 2014). Sartreren idazlana dela eta, guztiz garrantzitsua da, era berean, unibertsaltasun konkretua eta abstraktuaren arteko desberdintasunez jabetzeko. Sakatu HEMEN, Le Proces de Burgos (Gisele Halimi, Gallimard,1971) liburuaren Sartrek idatzitako hitzaurre mamitsua Rebelion.org ebean gazteleraz argitaratua irakurtzeko.

[**] Hemen ez gabiltza bakarrik ezker independentistan sozial-demokraziak betitik izandako eraginaz Bestela ere badaude autoreak, atzokoak (Nicos Poulantzas…) zein gaurkoak (Thomas Piketty…) hor sartzen direnak, baita Jeremy Corbyn edo Bernie Sanders moduko politikariak ere, edo Hego-ameriketako zenbait esperientzia politiko estatu liberal-burgesa barrutik kudeatzeko ahaleginetan, sozial-demokraziaren ertz eraldatzailea mantentzea laguntzen dutenak, sozial-demokrazia nagusiaren beraren tra(d)izio historikoetatik haratago ulertuta. Ikus HEMEN frantsesez Alain Badiou eta Thomas Piketty arteko elkarrizketa baten zati motz bat, nahiez gero, elkarrizketa osora sartzeko aukerarekin.

[***] Gaiarekin luzatu beharrean, tentsio hauez gehiago jabetu nahi duenak oraintxe puntuan Europari buruz Isidro Esnaolak zuzen dionari erantsitako nire zehaztapen bat edo beste baliagarriak suertatzen direlakoan nago eztabaidaren muina bera non dagoen argitzeko. Ikus HEMEN Isidro Esnaola: ‘Europa dominazio-proiektua da, ez besterik’; eta HEMEN nire erantzuna: ‘Europako osagarri gaiztoak: badakigu, baina hala ere’ — ZuZeu agerkarian ere argitatu zena eta HEMEN eransten dudana motz geratu ziren zenbait argudio borobiltzeko baimendu zidalako. Aipatu, baita ere, artikuluaren izanburua ingeleraz idatzitako beste lan batena dela, non gai honi helduz gain aipatu errekontziliazio teorikoari buruz ere aritu nintzen. Ikus IG “Europe’s Malignant Supplements, I Know. But Nevertheless…” in N.A. Barria-Asenjo, B. Willems, S. Žižek (eds) Global Manifestos for the Twenty-First Century. Rethinking Culture, Common Struggles, and Future Change. (London, New York: Routledge; 2023: 125-133) — International Journal of Zizek Studies (IJZS) aldizkarian ere agertzen dena; ikus HEMEN.

Share This