Unibertsaltasunaren alde (BI: Tales ez, Saulo, bai)

Egia, Partikulartasuna, Saulo, Singulartasuna, Tales, Unibertsaltasuna

Arestian, beraz, unibertsaltasunaren inguruko auziari buruzko lehen azpisailean, euskal emantzipazio nazionalaren prozesuan askatasuna eta berdintasuna moduko egia unibertsalen aldeko borrokak EHan hartzen duen singulartasun politiko zehatzaren forma nabaritu dugu — izan ere, diziplina eta fideltasuna moduko militantzia politikoaren ezaugarri garrantzitsuekin bideratu dena zenbait belaunaldien zehar. Baina galdera zera dirau: singulartasun politikoa eta partikulartasun kulturala gauza bera al dira unibertsaltasunaren inguruko dagokigun eztabaidaren testuinguruan?

Bigarren azpisail honetan galdera horri erantzuna ematen hasteko zer eta hasieratik hasiko gara, hain justu, edo hasieratik, zehazkiago, mendebaleko filosofiaren testuinguruan unibertsaltasuna hitza ulertzeko modua dela eta. Horrela, Tales Miletoko filosofo grekoaren figurak ordezkatzen duenari ezezkoa emango diogu baina Tarsoko Saulo Apostolu kristauak ordekatzen duenari baiezkoa; eta ondorioetan, gero, azaldutakoak gurera egokituko ditugu.

 

Tales ez!

 

Tales Miletokoak (K.a 624-546) homo ethicus eta homo economicus bateratzen ditu. Mendebaleko tradizio filosofikoaren sortzaile edo aitatzat kanonizatua izateaz gain, finantza kontratuen merkataria izan baitzen: deribatuak, opzioak… Eta hau xehetasun garrantzitsua da: espekulazio hitzaren erabilera bikoitza figura berdinean biltzen baita.

Jatorriko Mendebal filosofiaren eta finantza kapitalismoaren eginbideak bateratuz, bestalde, inportantea da azpimarratzea espekulazio filosofikoaren eta espekulazio finantziarioaren jainkosa zein eta Fortuna bera dela, zeinari esker onak emanez, hain zuzen, Talesek bere identitatearen hiru osagai nagusiak goraipatuko dituen:

“Lehenik eta behin, gizaki jaio nintzela eta ez basapizti; bigarrenik, gizon jaio nintzela eta ez emakume; hirugarren, greziar jaio nintzela eta ez barbaro”.

Talesek ordezkatzen duen mendebaleko filosofiaren hasierako posizioa, bada, zatiketa hirukoitz batean oinarritzen da: gizakia vs piztia, gizona vs emakumea, grekoa vs barbaroa. Mendebaleko filosofiaren jatorriko subjektua gizakia, gizonezkoa eta greziarra da; eta banaketaren beste aldean animaliak, emakumeak eta barbaroak daude.

Hara hor, hortaz, jabetzera behartuta gauden ageriko egitate ukaezina; alegia: Tales Miletokotik hasi eta gaurdaino balizko Mendebal unibertsaltasun zibilizatua eredu antropozentriko, patriarkal eta arrazista baten inguruan antolatutako nagusikeria eta menderapen zehatzak adierazten ditu— naturarena, emakumeena, gutxiengo arrazializatuena…

Ondorioz, zilegia da baieztatzea mendebaleko filosofia edo logos-aren barna hasierako sarbidea, bazterketaren bidez izan zela, izan; eta geroztik, beraz, mendebaleko filosofiaren lorpen guztiak bazterketa horren zamaren aurka neurtu behar direla — mamuen gisan sorreratik gaur arte filosofia sorgintzen duten bazterketen aurka, hain zuzen.

Alta, hemen badago zehaztapen argigarri bat berehala adierazi behar dena, gizabere gizonezkoa, zuria eta bertakoa ez den beste guziaren bazterketak logos mendebaldarra hasiera-hasieratik kalifikatzen baldin badu ere, horrek ez baitu esan nahi deskalifikatzen duenik. Aitzitik, unibertsaltasunarekin eta bere Beste baztertuekin atxikitzeko zeregin konplexua iragartzen du: bai, unibertsaltasuna inposiblea da baina, era berean, beharrezkoa da.

Eta politika emanzipatzailearen muina inposible dirudiena posible egitean datza, beti. Edo hori dio , behintzat, Alain Badiou moduko ezkertiar zahar baina munduko gazteengan oro eraginkorrak — zeinarentzat, zehazkiago, eta unibertsaltasuna ulertzeko orduan, Tales Miletokoa baino Tarsoko Saulo (5/64/5) saindu kristauaren figura baita guztiz erdi-erdikoa.

 

 

Saulo bai!

 

Beraz, behin honeraino helduta gero, nola ulertu, orduan, Saulok Galatiarrei gutun-ean iragartzen duen adierazpen ospetsua bezainbat akaso, gure artean batzuentzat, zalantzagarria:

“Ez dago ez judu ez greko, ez esklabu ez libre, ez gizonezko ez emakumezko, denok baizaudete Jesukristoren baitan”.

Badiouren arabera, alde batetik, unibertsaltasunak diferentziei indiferentzia eskatzen du. Diferentzia jada badagoena baita, munduan berez existitzen dena eta, beraz, diferentzia ez da oso interesgarria, ez filosofikoki, ez politikoki.

Zehazkiago, ondorioz, diferentzia kulturalei edota alteritate hitzarekin ohiz adierazten denari buruz aritzerakoan, ondorengo hau onartu behar da: diferentzia horiek ez dute inolako interesik pentsamenduaren mailan. Edo, bestela esanda, diferentzia kulturalek gizateriaren aniztasun agerikoa eta inkonsistentea besterik ez dute erakusten eta azalarazten: alteritatea dagoena da. Badiouren arabera, are gehiago:

Edonolako edozeinen esperientzia bera diferentzia amaigabeen barreiaketa da — nitasunaren esperientzia barne, inolaz ere ez dena batasun baten intuizioa norberaren barneko diferentzien labirintoarena baizik.

Adibideekin argitzeko, honek guztiak esan nahi du baietz, diferentziak agerikoak direla, esate baterako, euskal herrementari baten eta Lagosko taxista baten artean, edo Australiako komunitate aborigenen eta Texasko cowboyen artean, edo ni eta Madrileko nire lehengusuaren artean — ni neu eta neronen arteko diferentziak ahaztu gabe; ex ahaztu: ni beste bat da! zion Artur Rimbaud poeta madarikatuak.

 

 

Baina, beste aldetik, unibertsaltasunaren errealitatea bera edo unibertsaltasunaren benekotasuna egiaztatzeko diferentzia eta desberdintasun horiek guziak behar-beharrezkoak dira. Ze, bestela, nola azalduko da unibertsaltasuna diferentziara irekiz ez bada? Saulok berak galdetzen duen erara:

“Txirula edo harpa bezalako tresnak nota desberdinak ematen ez badituzte, nola jakingo du inork txirulan edo harpan jotzen den soinua? (Kor. I.14.7).

Tonu instrumentalak bezala, orduan, desberdintasunak eta diferentziak Egia unibertsalen melodian gauzatzen den unibokotasun polifonikoa eskaintzen digute. Soinugintzarik gabe, txirularen edo harparen identitatea egurraren eta metalaren existentzia filosofikoki edo politikoki inolako interesik gabekora laburtzen da.

Unibertsaltasunak, bada, diferentziak eta desberdintasunak hauen barneak atrabesatzen dituzten Egia unibertsalei modu singular, zehatz eta propioan ongietorria emateko gai direla erakusten du: Texako cawboyren identitate redneck-ena zirkuitulaburtu dezakeen maitasunaren sexu bereko agerkera bat-bateko baten medio, esate arren; edo Lagosko taxista random bati Afrobeat berri bat sortzen zaionean, auto hilaraketa batean atrapatuta; baita komunitate aborigenaren ‘benekotasun milaurtekoa’ trans ekintzaile performatiboekin edo Hego Asiako proletargo nomadekin bat datorrenean Australiako soinu anglo multikulti nagusiaren melodia asaldatuz; eta abar eta abar.

 

Ondorioak

 

Munduko aniztasunaren errealitatea neurtuezina da, are maila askokoa. Maila askoko aniztasun neurtezin eta inkonsistente horretan, azken bostbatsei hamarkaden zehar, gure txikian, zehazki politikoa den egia propioa zizelkatu dugu, bizi-mundu politiko propio eta konsistente bat, hain zuzen, bi ideia generiko eta egia unibertsalen bateratuz: askatasuna eta berdintasuna

Hara hor betiere askatasun politikoaren eta giza-berdintasunaren soinuak sintonizatuz, gertakizun historiko eta politiko singular batetik sortzen den gure egia propioa, Independentzia eta Sozialismoa lelo zehatzean laburtu zena eta beti hor zegoen Feminismoa esplizituki erantsiz gaurkotu, gure askapen nazionalaren prozesua proiektu emanzipatzaile integral baten azpimarratuz.

Gure egia politikoa, horrela, ez da identitatean errotzen zeren egia bakoitza singularra izanda, edo modu singularrean sortzen bada ere, bete singulartasuna berehala da unibertsalgarria; eta singulartasun unibertsalgarriak halabeharrez apurtzen du identitatezko singulartasunarekin, edo zehazkiago, gure kasuan, betezitasun edo partikulartadun kulturalaren zentzuarekin.

Gurea, hortaz, ezin da, ezta euskal identitate betiere subalternoaren izenean ere, kexa erresuminduan ardaztutako eskaria partikularrera laburtu. Soinu horrek, bere horretan, desafinatu egiten du. Subjektu etiko-politiko gisa, gure egiaren singulartasun unibertsal konkretuaren tresneria militantea askatasun politikoa eta giza-berdintasunaren aldeko borroken inguruan antolatzea izan da historikoki, da, gaur egun, eta izango da geroan — edo bestela akabo gure benetako euskaltasun subordinatuaren izaera egia unibertsalen apropiazio singular baten bidez prozesatzeko gaitasuna; eta ongi etorri, behin eta berriro, iraganeko euskal identitate kultural zurrunaren simulakro esentzialistei!

Euskal identitate kultural partikuarraren sirena kantu engainagarriari koroa egitea baino, beraz, gure bizi-mundu politiko singularratik abiatuta munduko beti(dani)ko melodia politiko nagusiaren erritmora jotzen jarraitzea eskatuko du: askatasuna, berdintasuna …elkartasuna, justizia…

Hara hor nonnahiko eta beti(ere)ko melodia emanzipatzailea gure subjetutasun etiko-politikoko borroka singularraren soinura egokituta. Eta vive versa. Hara hor datorren hirugarren eta azken azpisailaren erronka, izan ere, gure mugimendu politikoaren baitan gaur egun nabaritzen den unibertsaltasunarekiko susmo errotikoaren zilegitasuntik haratago begiratzea ere eskatuko duena.

Share This