Unibertsaltasunaren alde (BAT: Singulartasun politikoaren inguruan)

Argala, Gertakizuna, Lacan, Singulartasuna, Subjektua, Unibertsaltasuna

 

Argalak esan zuen bezala, — bide batez, gainera, Jacques Lacan psikoanalista frantziar ospetsuaren erara:

”Ikusten, hitz guziek hainbat aldaera (esanahi) dituzte”.

 

 

Historikoki, horrela, euskal askapen mugimenduak Egia propioa bat sortu eta garatu du, askatasuna eta berdintasuna moduko esanahi unibertsaleko hitzak ardatz; Egia propio bat, are gehiago, bidean ezagututako eta baita sustatutako makinabat ahulezia, gehiegikeria eta hertsipenenekin batera ere; Egia propio bat, hortaz, subjektu politiko errotik etiko baten ibilbide kolektibo eta singular baten bidez garatu izan dena; eta gu, gaur egun, gertakizun horren ondorengoak eta jarraileak gara; hau da: gertakizun politiko eta historiko zehatz eta singular batek ireki zituen aukera berrien ondorioei aurre egiten jarraitzen diegu; eta jarraitu, gainera, diziplina eta fideltasun eredugarrien inguruan ardaztua dagoen proiektu qua proiekzio emanzipatzaile zehatz baten aldeko prozesu batean engaiatuak.

Gauzak horrela, egia, diziplina edo fideltasuna moduko hitzen esanahiak testuinguru historiko zehatz horretan ulertu behar dira; esan nahi baita: gure diziplina askatasunez ezarritakoa eta onartutakoa da; gure fideltasuna nekez da itsua, betiere zeharo kritikoa baizik, eta gure egia sinismen politiko sendoetan oinarritzen da baina ez da dogmatikoa, betiere berritasunera irekia baizik.

Hau guztia, Joseba Sarrionandiak nonbait azaldu zuen pasadizoarekin gehiago argitu daiteke: sutegi ondora gerturatu zen norbaitek ea zertan ari zen galdetu zion burdin puzketa bat mailukatzen zebilen herrementariari, eta herrementariak erantzun zuen: ‘zuzen ateratzen bada iltzea, oker ateratzen bada gakoa’.

 

 

Ba al dago esan beharrik? Edozein estrategia politiko eraldatzaileen asmoa gauzak zuzen ateratzea da, iltze zuzenak mailukatzea. Baina ez dago bermerik eta gauzak okertu daitezke, zein kasutan, hala eta guztiz ere, iltze okerrak gako gisa erabilgarriak baitira.

Hori da kritika eta hori da autokritika, gure kasuan, euskal herrementariarena, alegia, ez sutegi ondotik pas(e)atzen den begirale kuriosoarena, zeinaren kritika, baita eraikitzailearena ere, beti etorriko baita burdin puzketa gordina mailukatuta dagoenean eta gero.

Herrementariarekin bezala, militantzia tematiarekin, berdin-berdin, buru-belarri beti antolakuntza eta ekintza politiko kolektibo berritzaile lanetan, hori da arriskua munduan dagoen egoera gordinari aurre egiterakoan, hemen eta orain, batzutan asmatzen dela baina beste batzutan ez.

Mugimendu politiko emanzipatzaile gisa non kokatzen garen ondo jakinaren gainean egonda, bada, gure militantzia politikoa dagoena onartu baino unibertso berri baten eraikitzeko aukera berrien garapena izan da betidanik,

Alta, aukera sortu berrien garapena beti izango da iragarriezina eta ezustekoz betea. Are gehiago, edozein aldakuntza prozesu halabeharrez egongo da makinabat erru eta gehiegikerietara irekita. Edozein berrikuntzan edo berria den zer edo zeren alde abiatzeko edozein erabaki, prozesu betiere arriskutsu batean engaiatzera eskatuko du.

Nahiz eta atzera begira, orain, dagoeneko zera bai badakigula zalantza izpirik gabe, behin eta berriz, baieztatzeko; alegia: Argala eta aurreragoko belaunaldien oinarri-oinarriko motibazio politikoa askatasuna eta berdintasuna izan zen. Eta geroztik, askatasunaren eta berdintasunaren aldeko oinarri-oinarriko motibazio politiko hori, testuinguru betiere lokal(izatu) zehatz baten zehar, momentu zein sekuentzia politiko ezberdinetara egokitzeko gauza izan da, subjektu etiko eta kolektibo baten Independentzia eta Sozialismoa ideiari fideltasunaren bidez.

Hara hor askatasun politikoa eta giza-berdintasuna batuz euskal askapen mugimenduaren sorrera iragarri zuen gertakizun politikoa; eta geroztik, zenbait belaunaldien betebeharra, geroztik, gertakizun politiko lokal(izatu) eta singular horrek irekitako aukera berrien ondorio edo konsekuentziei erantzutea izan da, erantzun betiere berrituak asmatzea.

Ondorioz, gauza bat behintzat onartu behar zaie gure belaunaldietako aurrekoei, eta da bai horixe asmatu zutela! Bestela hau idaztea ez zen posible izango eta. Eta asmatu zuten, gainera, asmatu hitzaren esanahi baliobikoitzean: asmatu ‘gurpila asmatu’ edo, nahiez gero, inbentatu zentzuan, askatasuna eta berdintasuna moduko betiereko Egiak euskal askapen nazional eta sozial partikularraren baitan hipotesi emanzipatzaile singular eta murriztezin gisa zehazki txertatuz eta testuinguratuz; eta asmatu ‘iltzean jo’ zentzuan, artikulatu zuten hipotesi emanzipatzailearen potentziala bistakoa den arrakasta politikoan islatzen den heinean — iraganean edo baita gaur egun ere, batek daki, oraindik agudoegi da eta jakiteko, mailukatutako hainbat eta hainbat gako edo iltze okerren despit.

Hasieran aipatu Argalaren esaldiaren aurretik hausnarketa interesgarria burutzen du:

“Argi izan behar dugun lehen gauza zer bilatzen ari garen da, helburua, eta gero, hori lortzeko biderik eraginkorrena. Kontua ez da txapa ematea, solaskideari pentsaraztea baizik.

Arazoa, baina, da hemen ensaiatuko dena, unibertsaltasuna hitzaren aldeko gorazarrea, hain zuzen, ezin izango dela egin txapa eman gabe — unibertsaltasuna hitzaren esanahiak bat baino gehiago izanda, are bata bestearekiko zera baino esanahi kontraesankorrekoak.arazoa ezin baita konpondu bizpahiru iritzi emanda, argudiaketa arrazoitu luzeagoa beharrezkoa delako.

Are gehiago, gainera, unibertsaltasuna hitza bera, gure artean, gaur egun, susmo pean ere badagoenean. Eta susmo pean arrazoi nabariak medio, adibide erakusgarri gisa, bigarren azpisailean, Tales Miletoko eta Tarsoko Sauloren unibertsaltasuna ulertzeko modu desberdinak azalduz nabaritzeko bidea irekiko duen bezala. Gero, ondoren, hirugarren eta azken azpisailean borobilduko dena, egungo askapen mugimenduak euskal subiranismo zabalago baten bidez eta bitartez hartu duen forma berriari begira, bertan garatzen eta sustatzen den teoria intersekzional zein dekoloniarra aintzat hartuz — izan ere, unibertsaltasunarekiko susmo errotikoan oinarritzen dena, bide batez, gainera, argudiatuko dugu, euskal subalternotasun iraunkor baten ideia, azken finean, konfortagarrian babestuz.

Alta, lehen azpisail hau Argalaren belaunaldiko garaian komunismoaren ideia humanista orokor edo generikoaren eraginpean nagusitu zen lerro hau azpimarratuz amaituko dugu: “batek goserik diraueno ez gara gu asetuko, bat inon loturik deino ez gara libre izango”.

Share This