Unibertsaltasun berritua – Alain Badiou-ri elkarrizketa

Dialektika, Filosofia, Historia, Politika

BILDUMAREN AURKEZPENA

 

“Crisis & Critique ale honetan (Filosofia, Historia eta Dialektikaren Eraldakerak) Badiou-ren irakurle ezagun eta ahots berrien talde bat biltzen dugu, batzuk eszeptikoak izandakoak, dogmatiko samarrak beste batzuk. Gure helburua bere ahalegin aparta nekez gutxietsi daitekeen pentsalari baten lorpena ospatzea da. Behin, jendaurreko hitzaldi batean – Belgikan, oker ez and bagaude, Badiouk bere jarduera filosofikoaren arrakasta aldarrikatu zuen eta “Filosofia ni naiz” (la philosophie, c’est moi)” esan zuen. “Krisia eta Kritika”k filosofia goraipatu nahi du ‘Zerena da Badiou izena’ galdetuz.”

Agon Hamza & Frank Ruda (eds)

“Introduction” Alain Badiou: Philosophy, History and the Transformations of the Dialectic, In CRISIS & CRITIQUE Volume 12 / Issue 2, pp 470-73, 25-12-2025, Edited by Agon Hamza & Frank Ruda In CRISIS & CRITIQUE crisisandcritique.org

 

BILDUMA OSOA SAKATU HEMEN – PDF

 

BILDUMA BUKAERAN ALAIN BADIOUri ELKARRIZKETA LABURRA

 

Unibertsaltasun berritua

 

C&C: Lehenik eta behin, zure lanaren egungo egoeraz galdetu nahi dizugu laburki. “Izatea eta Gertakizuna” trilogia -“Subjektuaren teoria” aitzindariarekin-, filosofia garaikidean sistema bat osatzen duen bakanetako bat da. 2025ean, zure mintegi publikoak amaitu zenituen, berrogei urtetan zehar antolatuak oro har (behin 2017an moztu zenituen 2021ean berriro hasteko). Azken mintegia Pindaroren aipamen batekin amaitu zenuen, Nemeako Odetatik maxima bat formulatu zenuen edozein filosofiaren batasun zailari eusteko ahalbidetzen duena azaldu nahiz. Zure kasuan batasun hori zure filosofiaren baldintzek -artea, politika, maitasuna eta zientzia- filosofiaren historian eragiten dituzten harreman eta ondorioen arabera finkatzen duzu. Horrela, bere barne-aniztasuna saihestezina den arren, filosofiaren batasuna badagoela proposatu zenuen. Ingelesez irakurtzen den maxima hau hemen erabiltzen duzun frantsesezko bertsiotik itzultzen dugu: “Gure aurrean ikusi genuena / esatea espero genuena da / bere maila gorenean”. Bizpahiru esalditan hau filosofiaren (batasuna) adierazten duen maxima zergatik esaterik bai? Eta Pindarok -poeta batek- azken hitza (zure mintegian) izateaz badu esanahirik zuretzat?1

Alain Badiou: Nik ez dut filosofia kontzientzia transzendentalaren batasun gisa hartzen, betiere aniztasun edo multiplizitate singular batek baldintzatua balu bezala baizik, eta zeinaren forma primitiboak irudi garaikideetara bideratu baitaitezke zientzia, maitasuna, politika eta arteak eskaintzen dituzten datu osatzaileen bidez.

Proposizio filosofiko baten batasuna nire hizkuntzan egiaren prozeduren aniztasuna edo multiplizitatea deitzen den horretan antzematen da beti. Beraz, esan daiteke, halaber, filosofiaren egiaz hitz egin beharrean, prozedura horien ondoriozko egien aniztasunaren existentzia aktiboaz hitz egin behar dugula. Filosofia pentsamenduaren jarduera da, zeinaren bidez, beraz, egien multiploaren zeharkatzeak kontzeptu singularrak sortzen dituen.

Hori da, bide batez, filosofia bere historiarekin bat egitearen arrazoia eta bere historiaren barnean lan egitearen arrazoia, greziar zaharreko pentsamendutik hasi eta gaur egungo eraikuntzetaraino.

Une bakoitzean, bada, filosofiaren eragiketa nagusia multiploa zeharkatzen aritzea da, betiere singulartasun baten bila: «Gure aurrean ikusi genuena / esan nahi genuena da / bere maila gorenean». Eta honek azaltzen du zergatik filosofia, zentzu jakin batean, bere historia osoarekin garaikidea den, zenbait formula ezagunetan adierazten dena: “filosofia filosofiaren historia da” edo, era berean, “filosofia denboragabea / garaigabea da”.

Filosofia lantzeak, beraz, hari zuzendutako galdera bati dagokionez, eragiketa dialektiko bat eraikitzea dakar beti, aniztasunean batasunzalea, eta historian garaikidea — filosofia, beraz, aldi berean garaiz kanpokoa eta berehala presente munduan egon dadin.

Filosofia filosofiaren laguntzarekin eraikitzen da, bere antzinako formak gaurko presentzia honetara itzuliz.

Azken hitza poetaren esku uztea filosofiaren determinazio dialektiko batetik abiatzen da, eta, funtsean, bere sorkuntzarako identitateak giza pentsamenduaren multzoarekin, bere historian, duen erlazioari dagokio. Denok bizi izan dugu filosofia bat bera ez den zerbaiteruntz jotzen; sarritan, poemaren eta matematen artean inskribatuta dago.

Esan daiteke, hortaz, filosofia poema bat teorema bat bezala tratatzeko gai dela (poema ere egia den heinean) edo, alderantziz, teorema bat poema bat bezala tratatzeko gauza dela (teorema sorkuntza ere esan nahi baitu).

C&C: Iruditzen zaigu zuk behin eta berriz kapitalaren ez-mundu gisa deskribatu izan duzuna lotua dagoela ilunkeriaren forma zehatzekin. Frank Ruda orain dela gutxi, zure lanari jarraituz, “subjektu automatikoa” aztertzen saiatu zen, Marxentzat kapitalaren beste izendapen bat zena eta zuk “subjektu iluna” deitzen duzuna: kapitalak historia geldiaraztea bilatzen duen heinean, aldaketarako aukera posible guztiak bertan behera utziz, horrek ia leku guztietan dakarren ondorio atzerakoi guztiekin batera, gaur egun, eta zuk “faxismo generikoa” deitzen duzuna. Behin ilunkeriaren nagusitasunari ihes egiteko “berez haratago dagoen… gizateriaren ikur bat sortu behar dugu”la iradoki zenuen, “figura heroiko bat”; heroismoak, zuretzat, gizadia “giza animaliaren muga naturaletatik haratago” daramanaren figura deskribatzen baitu, gizakiaren baitan gizagabekoa den zerbait. Ekintza kolektiboaren eta ekintza kolektiborako forma sinboliko berria da. Ikus al dituzu halako figura heroiko-sinboliko berri baten osagaiak edo aztarnak inon sortzen gaur egun?

Badiou: Zaila da galdera honi erantzutea, filosofiak, bere benetako historiaren ikuspuntutik, beti egin behar izan baitio aurre giza historiaren nolabaiteko irudi mehatxagarri bati. Honekin bakarrik esan nahi dut, modu batera edo bestera, agian bereziki modu zeharo argian Platonengan, Descartesengan edo Hegelengan, filosofiaren betebeharra bere garaiko pentsamendu nagusiaren zoritxarrezko eraginez jabetzea eta kritikatzea dela.

Halaxe da gaur egun ere, non erabateko desorientazio baten mehatxupean gauden, eta pentsamendua eraikuntza mekaniko batera murrizteko nahia horren sintoma da. Erdi Aroan filosofia sinesmen erlijioso bihurtzearekin gertatu zen bezala, mehatxu horrek ere zeregin kritikoa moldatu zuen. [*]

Eta gaur egun, berdin, gizakia animalien mugetatik haratago eramango lukeen eremu sinboliko berri baten garapen sortzaileari oztopatzen dion figura negatiboa dago — dudarik gabe, identitarismoaren indarra dena. Beraz, zerbait berri eta heroikorik baldin badago, figura honi egin behar zaion kritika irmoan neurtzen da, eta unibertsaltasun berritu baten proposamenean. [**]

C&C: Filosofia, Sokratesetik aurrera, gazteak perbertitzeko saiakera -beti arriskutsua- izan bada, hau da, iritzi nagusietatik aldentzeko eta nolabait norberaren buruak dionari itzultzeko, zeintzuk dira zuretzat, gaur, horretarako biderik onenak? Zeintzuk dira modurik onenak, agian, behin filosofia errepikapen sortzaile gisa deskribatzen duzun ildoan esateko arriskatu genezake, gaur egungo gazteak sormenez perbertitzen?

Badiou: Gazteen korrupzio filosofikoaren edozein adibide garaikide dagoeneko esandakoarekin bat dator.

C&C: Mintegiaren amaiararekin iragarri zenuen, hemendik aurrera idazten jarraituko duzula elkartruke publikoak eman beharrean. Zer idazten ari zara une honetan (zurrumurruak daude komunismoari buruzko liburu bat idazten zabiltzala-edo (seguruenik kapitalismoari eta Neolito aroari buruz jadanik idatzitakoak kontuan hartuta) [***], baina ez dakigu ziur zurrumurru horiek egiazkoak direnz Naturaren kontzeptuari buruzko liburu bat ere laster aterako omen. Zeren zain egon gaitezke etorkizun hurbilagoan?

Badiou: Zentzugabea litzateke erantzutea une honetan proiektuekin konprometitzerik badagoen ere ez dakit-eta!

Eskerrik asko, lagun maitea.

OHARRAK

1 Galdera honen zati bat Daniel Barryk eta Jan Weis-ek inoiz egin ez den Alain Badiou-ri elkarrizketa batean planteatu zuten galdera batean inspiratzen da.

[*] “Bost ohar Erdi Aroaren garrantzia garaikideaz”

[**] “Unibertsatasunaren alde -2-Tales ez, Saulo bai”

[***] “Neolitoa, kapitalismoa eta komunismoa”

“A Renewed Universality – Interview with Alain Badiou” in Alain Badiou: Philosophy, History and the Transformations of the Dialectic, In CRISIS & CRITIQUE Volume 12 / Issue 2, pp 470-73, 25-12-2025, Edited by Agon Hamza & Frank Ruda In CRISIS & CRITIQUE crisisandcritique.org

Translated to English by Frank Ruda (Euskarara IGM-02-2026)

Share This