Trauma historikoen aurrean: Biktimak ala Subjektuak?

Biktima(tasuna), Gertakizuna, Giza aberea, Giza-eskubideak, Gizakia, Subjektua, Trauma

Biktimen inguruko gaia arantzatsua da. Horregatik iritzi pertsonalak eman baino, argigarriago suertatuko da egun bizirik dagoen filosofo handienaren argudio arrazoituak azaltzea.

Biktimaren figura aztertzeko orduan, Alain Badiouk:

(1) Gaur egun nagusi den “giza eskubideen etika” kritikatzen du, elikatzen duen biktimatasunaren kritika barne.

(2) Kritika hori egiteko bere marko filosofiko eta politiko zabalagoaz jabetzera bultzatzen gaitu — bereziki egiarekin, subjektutasunarekin eta gertakizunarekin lotuta dagoena.

Eta (3) marko zabal hori XX.mendeko basakeria eta bortizkeria guztien ondoriozko trauma historiko eta injustizia politikoei aurre egiteko emankorragoa da biktimatasunean ardaztutako etika ahultzailea baino.

 

(1) Sufrimenduan oinarritzen den giza eskubide dominantearen etika negatiboaz

Badiouren arabera, giza eskubideen etika dominantea denontzat agerikoa edo berezkoa balitz bezala aurkezten zaigu. Halabeharrez onartu behar den zerbait da.

Alta, nagusi den giza eskubideen etika hau guztiz kritikagarria da.

Batetik, gizakiaren ikuskera negatiboa du, biktima gisa definitzen duena, batik bat: Gizatasuna sufrimenduaren, minaren eta ahultasunaren arabera antzematen da.

Bestetik, ondorioz, politikoki kontserbadorea da: Giza-eraldakuntza kolektiboaren ildoa jorratu beharrean gizabanakoen sufrimendua kudeaketa soilera bideratzen du.

Bestela esanda: nagusi den giza eskubideen etika ‘unibertsal’ honek gizateria biktimatasunaren arabera definitzen du. Gaizkiaren eta minaren onarpen orokorra eskatuz, arreta sufrimendu indibidualean jartzen du prozesu kolektiboetan baino. Horrela, benetako eraldaketa politikorako potentziala mugatzen du. Izan ere, benetako eraldaketa politikotik aldendu egiten da.

Biktimatasunaren ondorio nabarmen bat ekintza kolektiboari utzikeria baita. Biktima indibidualengan eta haien sufrimenduan arreta jartzeak biolentzia sistemikoa ikustea zaildu egiten du eta hori zalantzan jartzeko beharrezkoa den ekintza kolektiboaren garapena galarazten du.

Eraldaketa errotikoa sustatu beharrean, giza eskubideen etikan babesten den ikuspegi nagusiak dauden gizarte-arazoak kudeatzera laburtzen da, arazo horiek sortzen dituzten azpiko egiturak zalantzan jarri gabe.

 

 

(2) Egia, subjektutasuna, gertakizuna… fideltasuna

Beraz, nagusi den giza eskubideen etikak “gizakia” edo “norbanakoa” giza-abere huts gisa antzematen du, soilik eta bakarrik. Hau da: batez ere biktima gisa definitzera bultzatzen du eta betebehar nagusia, ondorioz, mina eta tratu txarrak arintzera laburtzen da, aitzitik, subjektu politiko berriak sortzera bultzatu beharrean.

Gizakia ez baita subjektua, berez. “Subjektua” gizakiatik sortzen bada ere, ezin da giza-aberearekin berdindu. Subjektua, izan ere, ez da aldez aurretik existitzen, giza-aberea existitzen den bezala. Subjektua, aitzitik, gertakizun baten egiari fidela izateko prozesu baten bidez eratzen da.

Alta, nola lotzen da subjektua Badiouren pentsamenduan gitzarri diren gertakizuna, egia eta fideltasuna hitzekin?

Gertakizuna, hasteko, jada badagoenakiko haustura gisa ulertu behar da. Gertakizuna ustekabean sortzen den zerbait da, ezarritako edo existitzen den ordenarekin hausten duena aurretik ezkutuan zegoena agerian utziz.

Gauzak horrela, izan gertakizunak dira subjektuak sortzen dituztenak, ez alderantziz. Are gehiago, gertakizun baten egiari fidelak diren gizakiak bihurtzen dira subjektu, egia hori izendatuz eta iragarriz, beren konpromisoaren bidez jakintza eta ezagutza sortuz.

 

(3) Trauma historikoei eta injustizia sozialari aurre egin beharraz

Badiouren etika, bada, subjektuaren egian oinarritutako prozesuen etika da: Subjektutasuna eta egia bat datoz.

Giza eskubideen etika, kontrara, sufrimenduan eta biktimatasunean zentratzen da, egiaren bilaketa eta subjektuak sortzeko prozesu erabakigarriak alde batera utziz —zeinak, funtsezkoak baitira edozein ganorazko eta errotiko ekintza politikorako.

Testuinguru horretan sufrimenduan fokua jartzen duen etika kontserbadorearen kritikak trauma bera gertakizunaren teoriatik ulertzera bultzatzen gaitu. Gertakizunaren teoriak, izan ere, lesio soil gisa baino trauma ulertzeko beste modu bat eskaintzen baitigu, subjektuaren ulermen berri bat aktiboki eraikitzea eskatzen diguna informazio-iturri berrien bila arriskuak hartuz esparru zaharretako azalpenen erraztasunera egokitu baino.

Badiourentzat, biktimengan soilik arreta jartzeak beste gainontzeko fenomeno sozialen ulermena nola moldatzen duen aztertu behar da modu kritikoan: Biktima-biktimizatzaile dinamikan gelditzeak egia eta subjektutasun berriak sortzen dituzten baldintzak ezkutatzen baitituzte.

Biktimatasun pasiboaren ordez, Badiouk gertakizun historikoen “biktimek” subjektu bihurtzeko ahalmena azpimarratzen du, trauma gainditzeko, ezagutza edo jakintza eta testuinguru berriak sortzen dituzten gertakizunen egiarekin zintzoki konprometituz.

Badiouk biktimatasunari egiten dion kritika, azken finean, kapitalismo globalaren eta «neoliberalismo militarraren» gaitzespenarekin lotuta dago, aberasteko baliabideak ateratze aldera pobretutako «eskualde suntsituak» sortu behar dituela salatuz.

 

 

Ondorioak

(1) Giza eskubideen etika dominantea negatiboa da eta jarrera politiko kontserbadoreak sustatzen ditu: biktima gisa definitutako gizateria nabarmentzen du. Etika horrek gizabanakoei egindako kaltearen onarpen unibertsala azpimarratzen du, horrela, giza subjektuaren identifikazioa biktima gisa duten egoeraren menpe jarriz.

(2) Giza abere etikarekin, bada, subjektutasuna menpekoa bilakatzen da. Alta, benetako giza-subjektutasuna ez da berezko ezaugarri bat, aldez aurretik emana dagoena-edo; gertakizun baten egiari fidelak bihurtzen diren gizabanakoek sortutakoa baizik. Fideltasun prozesua gertakizun baten egia agerrarazteko subjektuaren lan gisa ulertzea funtsezkoa da.

(3) Badiouk biktimatasunari egindako kritikak Biktima-Biktimatzaile bikotik guztiz haratago joten du. Badiouk ez ditu biktimak deitoratzen. Aitzitik, basakeria eta bortizkeria politikoak, XX. mendekoak, gehien bat, nola estatutik sortutakoak (mundu gerra inperialistak, holokaustoa…) halaxe iraultzaileak (borroka armatu insurgenteak barne) gertakizunaren ikuspegitik eta egia berrien potentzialaren bitartez ulertu nahi ditu.

Badiouren filosofiak indarkeriaren aurkako erresistentzia bultzatzen du injustiziaren aurkako erresistentziaren barruan. Bestela esanda, indarkeriaren aurkako gaitsezpen erreaktibotik haratago egiaren eta bakearen politikaren alde egiten du.

Funtsean, Badiouk biktimatasunari egiten dion kritika pasibotasunetik haratago joateko deiarekin lotuta dago, sufrimenduaren ikuspegi soilean gelditu baino egia berrien eta mundu justuago baten sorreran aktiboki parte hartzera deituz — ez bakarrik injustizia sistemikoen aurrean, baita trauma historiko sakonen gainditzeko ere.

—//—//—

Oharra: Iruzkin hau hiru zatitan banatuko den “Egiaren eta Ongiaren Etika” delakoaren aurkezpen gisa-edo uler daiteke. Lehen azpisaila Indarkeriari buruz izango da; bigarrenak Giza-eskubideak-eta izango ditu oinarri; eta hirugarrenean fokoa Askapen Mugimenduaren Subjektu Etiko-Politikoa-n ezarriko da.

IGM 09/25

Share This