Zientzia eta teknologia ohiz batera aurkezten badira ere, Alain Badiourentzat, teknologia ez da zientzia. Zientziaren egiak filosofia baldintzatzen du eta, horregatik, elkarrekin lotuta egonda ere, zientzia teknologiatik bereiztu behar da, artea, politika eta maitasuna kultura, kudeaketa eta sexuarengadik bereiztu behar diren bezala. Alta, horrek ez du esan nahi zientzia eta teknologiaren arteko harremanak baztertu behar direnik, are gutxiago zientzia, teknologia eta boterearen arteko harremanak.
Hau azpimarratzea, hau da, boterea ekuazioan sartzea, inportantea da, COVID-19 pandemiaren itzalpean “zientziak” gure imajinario ezkertiar eta militantean irabazi zuen prestigio eta eraginkortasun sinboliko berriaren harira galdu diren zenbait ertz kritiko berreskuratzeko. Zentzu horretan, merezi du zientziaz zer ulertzen den zehaztea, gure kasuan Badiouk zientziaz zer ulertzen duen hitzez hitz zehaztea — bide batez, Zientzien eta Letren arteko ditxosozko arrakalaz eta harremanez piskatxo bat hausnartzea ere eskatuko diguna, besterik ez bada Badiouren ikusbide orokorrean matematikak eta poesiak edo teatroak duten garrantziaz jabetuta.
Bukaeran, bada, Badiouren filosofía zertan den argituko da, labur-labur, Zoriona (errealaren metafisika) liburutik tiraka. Baina aurretik, Subjetuaren Teoria eta Munduen Logikak liburuetan idatzitakoez baliatuz, Badiouren posizio orokorra azalduko da zientziari buruz, ohiko zientzia ‘gogor’ zein ‘giza-zientzia’ bigun gisa ulertzen direnak barne.
Beraz, Badiouren zientziaren filosofiak zerbaiterako balio behar badigu, aipatu zientziaren aura akritiko berri honen arriskuak azaltzeko izan beharko da, zer eta, hain zuzen, zientziaren beraren goraipamenatik abiatuta. Horretarako, Badiouk bere ikusbide propioa aurkezten du eta hiru maila bereizten ditu zientziatasunarekin lotuta.
-1-
Hasteko, bat, oinarri egoki eta guztiz zientifikoa dago, hizkera garaikidean zientzia “gogorrak” bezala ulertzen dena eta benetako paradigma historikoa osatzen duena. Zientziaren oinarrian matematika modu naturalean agertzen da, eta hainbeste denboraz, Sirakusako Arkimedes eta Alexandriako Euklidesen ondoren bederen, lagunkidea izan den fisika ondo-ondoan dago. Badiouren arabera:
“Hemen fisikari buruz ari gara bere dimentsio desberdinetan, mekanika arrazionaletik hasi eta kosmologiaraino doana oinarrietatik hurbilagoak diren ikas-diziplina guztiak tarteko: optika, elektromagnetismoa, fluidoen mekanika, baina baita bere oinarritik urrunago ere, geologia eta klimatologia. Jakina, erlatibitatearen teoria orokorra edo mekanika kuantikoa matematikatik askoz ere hurbilago daude, ia banaezinak dira.”
Badiouk dioenez, multzo hau guztia bi modutan aurkezten zaigu: formalizazio matematiko konplexu gisa — denok onartutako bidezko kalkulu eta froga konbentzigarriak eskatzen duena; eta zorrozki kontrolatutako esperimentazio gisa, aurreko jakintza edo ezagupen tekniko onartuetatik abiatuta prozesu esperimentalaren emaitza berriak neurtzeko balio duena.
-2-
Jarraian bigarren mailako zientziak daude eta Badiouk azaltzen duen bezala, oinarri matematiko-fisikoaren kontrolpean edo efektuen barnean bizi diren diziplina arrazionalak dira; baina edukien enpirismoak eta arrazoikotasun informalak hartzen duten gainaz jabetuz gero, lehen mailako oinarri zientifikoarekin guztiz bat ez datozela nabarmentzen da:
“Zientzien bigarren talde bat dago kimikatik medikuntzara biologiaren bidez joango litzatekeena – azken hau fluidoen fisikak, kimika molekularrak eta eboluzioaren lege darwiniarrak zeharkatuta dagoelarik. Bigarren talde hau ez dago hain egituratuta oinarrizko eskakizunen arabera — formalizazioa eta kontrol integrala.”
Bestela esanda, lehen eta bigarren mailako zientzia gogorren artean metodozko neurriak malguagoak bilakatzen dira bigarrenenean, nahiz eta, horregatik izpiritu zientifikoa bera inolaz ere galdu gabe. Eta, testuinguru horretan, Charles Darwin, hain justu, bigarren taldearen baldintzapean dagoen beste azpitalde batera transitatzeko balio dio Badiouri.
-3-
Hirugarren talde honetan, zenbait erlijiozko finkapenen eta fetitxizazio ilunkoien kritika arrazionalak aurkitzen dira, tartean behaketa enpirikoa hipotesi estrategiko zabalekin konbinatuz. Hirugarren talde honetan, bada, protokolo arrazional, estrategiko eta esperimentalen norabidean lan egiten da baina benetako zientzia gogorrekin guztiz identifikagarriak izan gabe. Eta, zentzu horretan, Badiouk darrai:
“Marxek berak ere giza kolektibitateen teoria berri baterako bide arrazionala aurkitu zuela esan daiteke — nolanahi ere Neolitoko “iraultza” abiapuntu hartuz, zeinean jabetza pribatuaren, familiaren eta Estatuaren hirukoa aurkitzen dugun, eta, hain zuzen ere, filosofia dialektikotik eta ekonomia liberalaren hastapenetatik datozen eskema teorikoak konbinatuz egin baitzituen. Baita Engelsek Ingalaterran langile klasearen baldintzez egindako ikerketa zorrotzak ere. Beraz, bi mende igaro ondoren zera esan daiteke, alegia zientziara murrizteko batere modukoa ez den politika bera, neurri batean, behintzat, etengabeko esperimentazio askearen aztarnen bidez dabilen zerbait bezala deskribatu daitekela, eta egiaren prozedura baten izena duela, “komunismo” izena, hain zuzen. Asmakizun praktiko honek teoria bat du, normalean “marxismoa” deitua, ahalik eta zorrotzena eta arrazionala dena. Helburua, horrela, giza espezieak osatutako multzo historikoen barruan asmatutako esperimentazioa eta eraldakuntza da, eta bere kide direnak praktikak aberasten dituzten teoriez argitutako bidea jarraitzen dute.”
Badiourentzat, azkenik, Darwin eta Marxekin batera, hirugarren talde honetan zientziaren idealaren pean lan egin zuten arteko hirugarren pentsalari moderno handiena Sigmund Freud da. Freudek, berdin, beti proposatu baitzuen garaiko psikiatria eta filosofiako eskema kontzeptualetatik abiatzea, “sendatze analitikoa” izeneko bidean onartutako protokolo esperimentalak norbanakoaren psikearen teoriarekin uztartuz. Badiouren esanetan:
“Darwin, Marx eta Freud, laburtuz, arrazoitasun esperimental zientifikoaren gailu edo dispositiboez baliatzen dira baina muturreko ertz gisa agertarazten zaizkigu, zientziakotasunaren errotiko oinarrietatik zera baino urrunago baleude-edo, gure munduko baldintzetan arrazoikotasun unibertsalaren bila ibili arren. Pentsamendu modernoaren hiru erraldoi horietan antzeman daitekeen handitasun guztia eta haien obretatik, haien pentsamolde eta ekintzaren ordenatik atera daitezkeen ondorioak, “giza zientziak” izen pean sortzen diren jakintza guzien legez, hain zuzen ere, Lacanek “unibertsitatearen diskurtsoa” bezala izendatzen duenarekin ordezkatzen dira. Eta diskurtso hau ideologia multzo bat da gehienetan, non “zientziatasuna” noizean behin eta zati txikitan aurkezten baita, azken finean, autoritatearen printzipioaren pean sostengatzen delako.”
Badiouk proposatzen duen zientziaren laburpen hirukoia ez da ematen duen bezain monolitikoa eta lekua uzten du zenbait zehaztapenekin borobiltzeko. Kasu jakin batzuetan, hizkuntzalaritzarekin eta bereziki fonologiarekin gertatzen den bezala, zientziatasunaren aztarnak ukaezinak dira. Aitzitik, ekonomiaren kasuan dimentsio pragmatikoa (enpresen zerbitzura) eta ideologikoa (nagusia ez den beste edozein orientazio baztertuz) dira erdi-erdikoak — hainbat non, zientzia baino:
“Ekonomia kapitalismo globalizatuaren eskala handiko esklabua baita. [Eta] gauza bera esan daiteke “zientzia politikoaz”, aitzakia ezin hobea dena goi munduko elite agintarien eta komunikabideetako eragileen formakuntzarako. Soziologiaren zati handi bat, berdin, estatu “demokratikoaren” beharretara bideratuta dago eta portaeraren psikologia [behaviorismoa] egokitzapen sozialaren doktrina izaten darrai. Hau guzia kimika-biologia-medikuntza multzoaren trikimailu sotilak ahazu gabe — zientziaren “muin gogorra” ardatz dutela aldarrikatu bai baina non teoriak asko duen egiteke oraindik.”
Zientziaren nagusitasuna ukatu gabe, bada, justu-justu alderantziz, Badiouk Giza-Zientziak edota Humanitateen eta Zientzia ‘gogor’ edo arlo teknikoen arteko banaketa gainditzeko zenbait gako ematen dizkigu eta unibertsitarean jakintzen mailan, zehazkiago, zientzia eta diziplina akademikoak bereizten ditu. Adibidez, psikologia diziplina akademiko bat da baina ez zientzia, edo izatekotan zientzia faltsua da.
Honek ez du esan nahi Badiouk zientziaren egia onartuak ukatzen dituenik edo Humanitate eta Arte Ederren edo Gizarte Zientzien errealitatea antzemateko ahalegina guztiz osagarria dela iradokitzen ez duenik — horrela (Natur) zientzia ‘gogor’ gehi ‘praktiko’-en eta gainontzeko hurbilketa ‘bigun’ eta ‘baliogabezko’-en arteko aspaldiko talka antzua gainditzen lagunduz.
Batetik, zientziak eta arteak mendez mende elikatu dute elkar. Bat ezin da existitu bestea gabe. Biak ala biak dira errealitate iheskorra antzeman eta azaltzeko ariketak. Batak aspalditik bila gabiltzan gauzak erdiesten saiatzen da errealitatean, besteak ametsetarako erregaiak eskaintzen ditu errealitatea kolorazteko. Edo bestela esanda, txantxetan izanda ere, John Keats ez dabil guztiz zuzen Lamia olerkian Isaac Newton salatzen duenean ortzadarraren poesia kolore prismatikoetara laburtu izanagatik.
Bestetik, giza zientzietatik edo filosofiatik abiatutako pentsamendu espekulatiboenak ez ditu zientziaren protokolo onartuak edo nahikoa arrazoikotasunaren eskaera zientifiko modernoa baztertzera eskatzen, enpirikoki eta objektiboki atzemangarritzat ulertutako
kanpoko errealitatearekin engaiatzeko. Filosofiak, bereziki, beste dimentsio baten kontua ematen digu, izan ere, beste hiru dimentsioena Badiouren arabera:
“Filosofia hiru gauza da. Garai baten diagnosia da: garaiak zer proposatzen duen. Proposamen garaikide horretan oinarrituta, egiaren kontzeptu baten eraikuntza da. Azkenik, benetako bizitzari lotutako esperientzia existentzial bat da”
Filosofiaren garrantziari buruz orokorrean nagusitzen den mesfidantza, bada, guztiz lekuz kanpo behar legoke gure artean, subjektu politiko gisa, are eta kanpoago, gainera, filosofiaren kritika bere edukien praktikotasun ezean oinarritzen denean, batik bat — adibidez, maiz entzuten den bezala, filosofiak ez diela erantzuten gizarte garaikide azeleratuen erronka nagusiei etab. Mesfidantza eta jarrera gaitzezle horiek zalantzagarriak dira eta gure bizitza informatzen duen perspektiba militantetik guztiz baztertu beharrekoak — bidebatez teoriaren aurka maizegi nabarmentzen diren jarrera anti-intelektualak ere baztertzera eskatzen duena: anti- intelektualtasun kretinotik haratago teoria zientziaren zutabe bat da.

