Adam Smith ekonomia politiko liberalaren aintzindaria moralaren filosofoa ere izan zen, eta zera zion: “Ez gara unibertsoko erdia”. Badiouk, bere aldetik, ondo asko kokatzen du gure posizioa gizabere gisa unibertsoaren osotasun nola miresgarri halaxe ikaragarrian:
“Gizakia gaur egun txip pentsalari bat besterik ez da, bigarren mailako planeta batean bizi dena, eguzki-sistema arrunt batean galaxia hutsal baten ertzetan”
Orduan, jakinaren gainean gaude: unibertsoko erdia ez garen gizaki errukigarriak gara baina gure existentzia petralaren absurdo galantari aurre egite aldera, zer eta, halere, pop psikologiak edo psikologia herrikoiak irtenbide positiboak eskaintzen dizkigu, norbanako subirauaren ilusioa indartsuago nahian.
Hori dela eta, pop psikologiak Antzinako Grezia eta Erromako kultura handien adimenik zuhur eta nobleenak gaur egungo nortasun indibidual zoriontsuaren bilakaera osasuntsu baten neurrira egokitzen saiatzen zaigu. Eta, oraindik ere, are gehiago, Ekialdeko filosofia ‘alternatiba’ osagarri gisa aurkeztzen zaigu Mendebaleko gaitz eta gehiegikeria materialisten parean norbanako neurtuaren nortasun espiritual oso baten zoriontasuna baieztatze aldera, naturarekin oreka armoniotsuan!
Har dezagun Marko Aurelio erromatar enperadore eta filosofo estoikoaren aipamen maiz errepikatua, Meditazioak best-seller-rean proposatzen duena:
“Zuzendu zure begirada dena ahazten duen askatasunera eta bi aldeetako denbora infinituaren amildegira, oihartzunaren hutsunera, zu goraipatzeko irudipena ematen dutenen moldakortasun eta burugabekeriara, loria inguratzen duen lekuaren estutasunera. Lur osoa puntu bat besterik ez baita, eta zenbat hartzen du bertako gure bizitzaren txoko txikiak? Eta txoko horretan, zenbat eta zein motako gizakiek goraipatuko zaituzte? Gogoan izan, beraz: zeure eremu txikian dagoen aterpea geratzen zaizu.”
Hona hemen, bada, helburu estoiko gorengoa: unibertso infinituan lurra den bigarren mailako planeta edo puntutxoaren beraren nonbaiteko baztertxo baten kokatzen den nire bizi-mundu bereziko txokoan bertan, niretzat neure aterpe pertsonalaren gisan eremu edo txokotxo are laburragoa segurtatzea. Edo bestela esanda: ni naiz nire eremu segurua, ni, ezerez alaena, eta nire izaera errukigarria dira, izan, nire aterpea unibertsoko infinituaren amildegitik babesteko; aterpea, are gehiago, nire ingur(une)koen errotiko motibazio norberakoiez jabetu ondoren geratzen zaidan aterpe bakarra dena: ni, ni eta ni!
Badiouk, aldiz, Zorionaz eta Baikortasunaz dionaz jabetzea besterik ez dago, tentazio estoikoaren kontsolamenduan babesteko eskaria baino zerbait bertutetsuago aurreratzen digu, alegia: zure txikia kosmikoan, dio gutxi gora behera, hor nonbait egon behar da zer edo zer, maitasunarekin lotuta, edo politikagintzaren arloan, edo zientziarenean, edo artegintzan edo horien guzien arteko zirrikitu eta arrakaletan, egon behar da, bada, zerbait, benetako egiaren bat zure indibidualtasunari zentzu kolektibo osoagoa emanez gizabere moldakoi baino subjektu eragile bihurtzeko aukera sortzen dizuena, noizean behin sikiera!
Bai, Marko Aurelioren aipamenaren kontrara, zeinak gizabere moldakoi besterik izatera kondenatzen gaituen, Badiourentzat subjetu eragile izateko modu zehatzak daude “artista sortzaile, eremu teoriko berri bat irekitzen duen zientifiko, mundu enkantatu baten bizi den maitale edo militante politiko temati gisa”.
Ze niretzat, eta guretzat, zoriona eta ongizatea kategoria politikoak eta sozialak ere badira, ez da hala, elkarlanaren eta auzolanaren balioak azpimarratzen dituzten giza aldakuntzarako iparrorratzak eta itsasargiak. Gure baikortasuna lotuta dago haserrea, amorrua, tristura eta ansiedadea moduko afektu negatiboek duten potentzial eraldatzailearekin.
Are gehiago, nire edo gure errealitate indibiduala ez dago lotuta inguru hurbileko bizi-mundu berezia partekatzen dugunokin soilik, munduko beste miloika eta miloikarekin baizik, zeinen patua norberaren baliabide urrien arabera bizirautea baita. Moda estoikoa, horrela, nork beraren gabezia materialen onartzeko modu bat bestetik ez da. Bestela, Epikuroen jarraileak izango ginateke, hedonismoaren zoriontasun moderatuenak ere emulatzeko ahalbiderik bagenu, esan nahi baita, ahalbide materialak.
Beraz ez, psikologia herrikoiaren positibotasun toxikoak sustatzen duen estoizismo enpaketatu berri honek ez digu gorengo posizio etiko bat eskaintzen. Aitzitik, beheko posizio sozial bat izkutatzeko balio du, norbanako libre eta subirauaren logika preziatuaren barru-barrutik abiatuta gure baliabide urrienak ere kontsumo gizarte garaikideetara egokitze aldera.
Estoizismo garaikidea, horrela, bertutetsua baino konpensatzailea da: kalefakzioa ezin duzula jarri gasaren prezioa zeruetan dagoelako? Ardurarik ez, balia zaitez zure txakurtxo maskotaren berotasunaz! Eta, noski, emozio negatiboen gainditzeko jarrera positiboak betiere gidari Ekialdeko filosofian-edo errotutako Mendebaldeko budismoan-eta antzeko zerbait suertatzen da. Norberarekiko errukia ardatz, hain zuzen, gizartean bertan dagoenaren onarmena edo gizartea dagoenetan onartzea dela irtenbiderik gabeko abiapuntu eta abiaburu, hala nola: “bizitza gogorra dela esatea ez da ezkorra, aitzitik bizitza baieztatzen du”; “onarmenarekin bizitza lasaia bihurtzen da baita mingarria denean ere” eta abar eta abar.
Azken finean, zoriontasunaren bilaketa norberaren maila pertsonalera soilik laburtzeko egungo pop psikologia herrikoiarena, mendebaleko budismoarena barne, arinkeria kontsolagarria besterik ez da; eta transmititzen duen positibotasuna hain da toxikoa zer eta liberalismo klasikoaren moraltasun arretatsuan oinarritutako norbanakoaren irudia bera ankaz gora ezartzen baitu. Adam Smith berriz aipatzea besterik ez dago:
“Besteendako asko eta geure buruarekiko gutxi sentitzea, gure egoismoa ukatzea eta gure afektu onenetan gogoz aritzea giza izaeraren perfekzioa osatzen du; eta horrek bakarrik sor dezake gizateriaren artean beren grazia eta egokitasun osoa osatzen duten sentimenduen eta pasioen armonia hori.”
Testuinguru honetan, garrantzitsua suertatzen da liberalismo klasikoaren eta neo-liberalismo garaikidearen arteko arrakalaz ohartzea; besterik ez bada Adam Smithek berak transmititzen duen moraltasun kolektiboraren zentzuaz jabetuz gero, ez delako oso zaila ondorioztatzea pop psikologia herrikoia bat datorrela, oro har, ‘ni-lehen’ urrezko lege neoliberalarekin, lege neoliberalik badago.
‘Ni-lehen’ urrezko lege neoliberalaren leloak berak horrela, pop psikologia herrikoiarena legez, subjektu eraginkor izatera baino gizabere moldakoi izatera kondenatzen gaitu, zoriona, izan ere, beharren asebetetze primario eta primordial batera laburtuz.
Hartu maitasuna. Maitasuna zerbait bada, ‘hi-lehen’ lelo neoliberalaren ukapena da, ukapen politikoa: “Maitasuna komunismoaren forma mínimoa da” dio Badiouk — maitasunak ni-lehen lelo neo-liberalean azalerazten den nartzizismoa alboratzea eskatzen duen neurrian, eta beste norbaitez arduratzea.
Maitasuna eta sexua bereiztuz, bestalde, ‘maitasuna ez da sexua’ dio Badiouk, hemen Jacques Lacan psikoanalistarenak jarraituz, esamolde horrek ez du adierazten, baina, maitasuna mehatxua denik askatasun sexualaren kontra. Maitasunak mehatxatzen duena, aitzitik, zer eta kapitalismo basatiaren ideologia nagusia baita, eta bertan proposatzen zaigun merkatuaren edo merkataritzaren legea — tartean, berriz, “ni-lehen” lelo neoliberalean laburbiltzen den norbanako burujabe eta askearen ideia ahul baina arrakastatsuari aurre eginez. Norberarekiko maitasuna eta bestearekiko sexua, hemen eta orain eta agur, industria oso bat baita soilik, gaur egun, ideologia neoliberal garaikide nagusiaren “ni-lehen” urrezko arauaren inguruan antolatzen dena.
Argudio bera jarraituz esan daiteke artelan berri apurtzaile batekin datorren artista sortzaile edo teorema berri batekin datorren matematikari bakartienak ere, ez datozela inolaz bat ni-lehen leloan laburbiltzen den egitasmo norberakoiarekin — bakardadean asmatutakoak ezer ez baitira gero parekide eta jendarte zabalagoekin partekatu ezean — hainbat non, gainera, arriskurik gabe baieztatu genezake ez dagoela ezer interes gutxiagokorik norberak bere norbanakotasunaz harrotzea baino.
Bukatzeko, bada, pop psikologia herrikoiaren printzipio bateratzailea norbanakoari zuzendutako gehiegizko promesez beteta dagoen pentsamendu baikorra da: “izan positibo”, “beti begiratu bizitzaren alde disdiratsuari”, “nire esku dago”… Baina baikortasun mota horrek eskaintzen duen zoriontasuna norbanakoaren beraren osasunerako txarra da, positibotasun toxikoa – zer eta, azken finean, gaur egungo ni-lehen leloa erdian kokatzen duen ideologia neoliberal nagusiaren erdimuin gogor, norberakoi eta oldarkorrean oinarritzen baita; ohianaren legepeko indartsuenaren biziraupenerako lehiaketa erasokorra baliotzen duena norberaren behar indibidualen asebetetzeko gainontzeko guztien kaltetan: “munduko, are unibertsoko erdia naiz”.
Badiouk arakatzen duen baikortasunean, aldiz, zoriona ez dago lotuta gizabereen existentziarako beharren asebetetzera soilik. Beharren asebetetzea inportantea da, noski. Izan ere, zorion eta ongizate kolektiboaren segurtatzeko engaiamendu politikoaren ardatz nagusia da.
Alta, gizaberearen existentzia materialatik haratago, inportanteago da ondoregoaz ohartzea.
Batetik, alegia, ni-lehen urrezko lege neoliberalak jakintza zientifikoaren, sorkuntza artistikoaren eta maitasunaren funtsa zuzenean erasotzen dituela; baita burkidetasunaren edota militantzia politikoaren zentzua ahultzen ere, erabat.
Eta okerragoa dena, bestetik, ni-lehen leloak, pop psikologia herrikoiaren bertsio bigunenetan ere, zer eta norberaren ganorazko introspekzio indibidualari berari lagundu baino oztopoak ezartzen dizkiola — bizi gaituzten gaitz edo patologiez jakinaren gainean egotera eta kudeatzera lagundu behar gaituen introspekzioari oztopoak jartzen dizkio, hain zuzen, ezinezko oreka bertutetsuen edo osotasun armoniotsuen bilaketa antzuak medio.
Ni-lehen? Ni-neu bertutez beteriko norbanako oro ahaldun eta subirau? Erruki zu bai, eta zu zeu zaren zeure aterpe txikiaren babes errukiorra — Arthur Rimbaud poeta sinbolista madarikatuak aditzera eman zuenaren muinaz jabetzeak min egingo dizu:
— je est un autre, “ni beste bat da”.


