Neolitoa, Kapitalismoa eta Komunismoa

Kapitalismoa, Komunismoa, Neolitoa

Arazoa ez da teknologia edo natura. Arazoa da gizarteak nola antolatu mundu mailan.

Gaur egun, ohikoa bihurtu da ezagutzen dugun giza arrazaren amaiera iragartzea. Horrelako aurreikuspenak egiteko hainbat arrazoi daude . Ingurumenaren aldeko mota mesianiko baten arabera, gizateria pizti baten gehiegizko harrapariek laster ekarriko dute bizitzaren amaiera Lurrean. Aurrerapen teknologiko iheskorrak seinalatzen dituztenen profeziek, berriz, bereizi gabe aurreratzen dituzte lan guztien automatizazioa roboten bidez, informatikaren garapen handiak, automatikoki sortutako artea, plastikozko hiltzaileak edota supergiza adimen baten arriskuak.

Bat-batean, transhumanismoa eta post-humanismoa bezalako kategoria mehatxagarriak agertzen dira — edo, haien ispiluaren irudia: gure animalia egoerara berritzultzea— segun eta batek berrikuntza teknologikoan oinarrituta profetizatzen duen edo Ama Naturaren aurkako eraso guztiak deitoratzen.

Niretzat, halako iragarpen horiek guztiak zarata ideologikoak besterik ez dira, gizateriak gaur egun jasaten duen benetako arriskua ezkutatzeko xedean oinarritua, hots, kapitalismo globalizatuak garamatzan impasse edi geldiunearena . Izan ere, gizarte-forma hori baita —eta hori bakarrik— baliabide naturalen ustiapen suntsitzailea ahalbidetzen duena, hain zuzen ustiapen hori etekin pribatuaren bilaketa mugagabearekin lotzen duelako. Hainbeste espezie arriskuan daudela, klima-aldaketa ezin dela kontrolatu, ura altxor arraro baten antzeko bilakatzen ari dela, hori guzia harrapari milardarioen arteko lehia errukigabearen azpiproduktu bat da. Ez dago beste arrazoirik berrikuntza zientifikoa zein teknologia saldu daitekeen arazoaren menpe dagoela baizik, hautapen mekanismo anarkikoen bidez.

Inguramenaren aldeko predikapen ekologistak gertatzen ari denaren deskribapen limurtzaileak erabiltzen ditu batzuetan, profetaren tankerako gehiegikeria hau edo bestea gorabehera. Baina gehienetan propaganda hutsa bihurtzen da, lagunarteko aurpegia erakutsi nahi duten zenbait estatuentzat erabilgarria. Trafikatzen ari diren salgaien garbitasun noble, anaikide eta naturalean sinetsarazi nahi diguten multinazionalekin gertatzen den bezala — euren kontu eta balantzei onura handiagoa emanez.

Teknologiaren fetitxismoak eta eremu honetako «iraultza» etengabeek —«iraultza digitala» modan gehien dagoelarik gaur egun—, etengabe zabaldu dituzte bi sinesmen elkarlotu: batetik lanik gabeko mundu baten paradisura eramango gaituela—. robotekin guri zerbitzatzeko, eta gu denbora libreez disfrutatzeko; eta bestetik, aldiz, “pentsamendu” digital horrek berak giza adimena zapalduko duela. Gaur egun ez dago adimen artifizialak adimen naturalaren aurka izango duen «garaipena» hurbilekoaren berri ematen ez dionik irakurle harrituari. Baina kasu gehienetan ez “natura” ez “artifiziala” hitzak ez dira argi edo behar bezala definitzen.

Filosofiaren sorreratik, «natura» hitzaren benetako irismenaren galdera etengabe planteatzen da. “Natura” esan liteke arratsaldeko ilunabarren ameskeria erromantikoa, Lukrezioren materialismo atomikoa (De natura rerum), gauzen barne-izatea, Spinozaren Osotasuna (Deus sive Natura), kultura ororen azpiko objektiboa, landa eta nekazari-ingurunea hirien artifizialtasun susmagarriari kontrajarria (“lurrak ez du gezurrik esaten”, Pétain mariskalak esan zuen moduan), biologia fisikatik bereiztua, kosmologia gure planeta den kokapen txikiarekin alderatuta, mendeen inbarientzia edo aldaezina berrikuntzaren zoramenarekin alderatuta, sexualitate naturala perbertsioaren aldean… Beldur naiz gaur egun “natura” batez ere txaletaren eta lorategiaren lasaitasunarekin lotzen dela, edo animalia basatiek turistentzako duten xarmarekin, edo uda politak igarotzeko hondartza eta mendiekin mendiekin.. Nork imajina dezake, beraz, gizakia naturaren arduraduna denik, orain arte arkakuso pentsatzaile bat besterik izan ez denean galaxia hutsal baten ertzean dagoen batez besteko eguzki-sistemako bigarren planeta batean?

Bere sorreratik filosofiak ere gogoeta handia eman dio Teknologiari, edo Arteei. Greziarrek Techne eta Physis dialektikan hausnartu zuten, giza animalia kokatzen zuten dialektika horretan. Animalia hau “kanabera baten gisa, naturako ahulena, baina… kanabera pentsatzaile” gisa ikus ahal izateko oinarria ezarri zuten. Pascalentzat, horrek esan nahi zuen gizakia Natura baino indartsuagoa eta Jainkoarengandik hurbilago zegoela. Aspaldi denik, matematika egiteko gai den animaliak gauza handiak egingo zituela ikusi zuten materialtasunaren ordenan.
Jo ta ke gelditu gabe aipatzen dizkiguten “robot” hauek makina baten formapean kalkuluak egiteko baino zerbait gehiago al dira? Zifrak mugimenduan? Badakigu gu baino azkarrago zenbatu dezaketela, baina gu izan gara asmatu genituenak, hain zuzen ere zeregin hori betetzeko. Ergelkeria litzateke hormigoizko zutabe bat altuera handi batera altxatzen duen garabi bati begiratzea, hori gizakia balentria bera egiteko gai ez dela argudiatzeko erabiltzea eta, gero, giza gaindiko erraldoi gihartsu bat sortu dela esanez bukatzea… Tximista-bizkorren pare zenbatzea ere ez da gaindi ezinezko “adimen” baten seinalea. Transhumanismo teknologikoak antzinako doinu bera jotzen du —beldurrezko eta zientzia-fikziozko filmen gai agortezina— bere sorkuntzak gainditzen duen sortzailearena. Hori egiten du dela supegizakiaren etorrerarekin hunkituta —Nietzschetik gero betiere espero izan dugun zerbait—, edo, bestela, [supergizaki] haren beldurrez Gaiaren altzoan edo Ama Naturaren gonapean babestuta.

Jar ditzagun gauzak zertxobait gehiago perspektiban..

Azken laupabost milurtekoen zehar, gizateria ondorengo hirukote honen bidez antolatu da: jabetza pribatua, aberastasun izugarriak oligarkia oso estuen eskuetan biltzen dituena; familia, zeinetan fortunak herentziaren bidez transmititzen diren; eta estatua, ondasunak zein familia indar armatuaren bidez babesten dituena. Hirukote honek gure espeziearen Neolito aroa definitu zuen, eta oraindik puntu honetan gaude, orain inoiz baino gehiago esan genezake. Kapitalismoa Neolitoaren forma garaikidea baita. Konpetentziaren, irabazien eta kapitalaren kontzentrazioen mesedetan, teknologiaren esklabutzak desberdintasun ikaragarriak, zentzugabekeria sozialak, gerra hiltzaileak eta klase hierarkiaren erreinupean teknologia berrien hedapenak beti lagundu izan dituen ideologia kaltegarriak, bere hedapenik handienetara igo ditu soilik, historian zehar.

Argi izan behar dugu asmakizun teknologikoak Neolito aroaren etorreraren aurretiazko baldintzak izan zirela, eta inola ere ez emaitza. Gure espeziearen patua kontuan hartzen badugu, ikusten dugu nekazaritza sedentarioa, behi eta zaldien etxekotzea, zeramika, brontzea, arma metalikoak, idazkera, nazionalitateak, arkitektura monumentala eta erlijio monoteistak hegazkina edo telefono adimenduna bezain asmakizun garrantzitsuak direla. telefonoa. Historian zehar, gizakiarena izan dena beti izan da, definizioz, artifiziala. Hori guzia existitu ez balitz, ez legoke Neolitoko gizateriarik —ezagutzen dugun gizateria, alegia— animalien bizitzarekin hurbiltasun iraunkor bat baizik; izan ere, 200.000 urteren zehar talde nomada txikien moduan existitu zen zerbait izan zena.

Primibismo beldurgarri eta ilunista batek “komunismo primitibo” kontzeptu faltsuan ditu sustraiak. Gaur egun, haurrak, gizonak, emakumeak eta adinekoak ustez anaitasunean bizi ziren antzinako gizarteen gurtza hau ikus dezakegu, ezer artifizialik gabe, are saguekin, igelekin eta hartzekin batera bizi zirenak. Azken batean, hori guztia propaganda erreakzionario barregarria baino ez da. Zeren denak iradokitzen baitu aipaturiko gizarteak izugarri bortitzak zirela. Azken finean, haien biziraupen-behar oinarrizkoenak ere etengabe mehatxupean baitzeuden.

Artifizialtasunak naturaren aurkako garaipenaz beldurrez hitz egitea, edo robotena gizakiaren aurka, atzerakada jasanezina da gaur, benetan absurdua. Eta aski erraza da halako beldurrei eta profeziei erantzutea. Zeren neurri horien arabera, aizkora soil bat edo zaldi etxekotu bat, ikurrez estalitako papiro bat ez aipatzearren, post- edo trans-humanoaren kasu eredugarriak baitira. Abako batek berak gizakiaren eskuko hatzak baino kalkulu azkarragoak ahalbidetzen ditu.

Gaur egun ez dago primitibismora itzuli beharrik, ezta teknologiaren etorrerak ekar ditzakeen “hondamendi”ekin beldurtzerik ere. Bestalde, robot oro konkistatzaileen zientzia-fikzioarekiko lilura morbosoak ez du inolako erabilerarik. Aitzitik, aurrean dugun premiazko zeregina Neolito ordenatik irteteko modua bilatzeko metodoa da. Azken honek milurtekoak iraun du, lehia eta hierarkia soilik balioetsiz eta milaka milioi gizakiren pobrezia onartuz. Kosta ahala kosta gainditu behar da. Salbu, noski, Neolito garaian hain ezagunak izan diren goi-teknologiako gerren kostua onartzen bada, nola 1914-1918 halaxe 1939-1945 gerren modukoak, haien hamarnaka milioi hildakoekin. Eta oraingoan askoz gehiago izan daitezke.

Arazoa ez da teknologia, edo natura. Arazoa da gizarteak nola antolatu mundu mailan. Neolitokoa ez den gizartea antolatzeko modu bat posible dela planteatu behar dugu. Horrek esan nahi du komunean izan behar denaren jabetza pribaturik ez, hots, giza bizitzako behar guztien ekoizpena. Esan nahi du herentziazko botererik edo aberastasunaren kontzentraziorik ez. Oligarkiak babesteko estatu bereizirik ez. Lanaren banaketa hierarkikorik ez. Identitate itxi eta etsaikorrezko naziorik ez. Interes kolektiboa den guztiaren antolaketa kolektiboa.
Eta honek guztiak badu izen bat, ederra benetan: komunismoa. Kapitalismoa gizartearen forma neolitikoak giza bizitzari ezarri dizkion murrizketen azken fasea baino ez da. Neolitoaren azken etapa da. Gizakiak, animalia eder horrek, azken bultzada bat eman behar du 5.000 urteko asmakizunek pertsona gutxi batzuei bakarrik balio izan zieten egoeratik irteteko. Ia bi mendez —Marxetik aurrera behinik behin— badakigu aro berria hasi behar dugula. Guztiontzat sinestezinak diren teknologien garaia, guztion artean berdin banatutako zereginena, dena partekatzeko eta guztion jenioa baieztatzen duen hezkuntzarena. Komunismo berri hau nonahi eta arazo guztietan altxa dadila kapitalismoaren biziraupen morbosoaren aurka. Kapitalismo honek, itxurazko “modernitate” honek, hain zuzen, bost milurte iraun duen mundu neolitiko bat adierazten du. Eta horrek esan nahi du zaharra dela, zaharregia.

The Neolithic, Capitalism, and Communism
Lehen aldiz Le Monde egunkarian argitaratua. David Broder-ek itzulia.

Share This