Hau Alain Badiouren “Maitasunaren gorazarrea” itzulpenaren 6. kapitulua da. Aurkezpena eta Sarrera sailean liburuaren aurkibidea eta ideia ardaztzaileak daude. 1. kapituluan, “Maitasuna mehatxu pean”, Badiouk dio maitasuna berrasmatu behar dela. 2.kapituluan, “Filosofoak eta Maitasuna”, filosofia eta maitasunaren arteko harreman zaila aztertzen du. 3. Kapituluan , “Maitasunaren eraikuntza”, Badiouk maitasuna gertakizun bezala ulertzen du, amodiozko gertakizuna, eta 4. kapituluan “Maitasunaren egia”, gertakizuna den heinean, maitasuna ‘egiaren prozedura’ dela dio, prozesuan baieztatzen dena. 5. kapituluan, “Maitasuna eta politika” , Badiourentzat maitasuna komunismo minimoa da maitasunaren subjektua Bi-a delako, politika kolektiboaren inguruan ardazten den bitartean. Seigarren eta azken kapitulu honetan “Maitasuna eta artea”, Badiouk dio artegintzaren ezaugarri bat beste eremuetako gertakizunak (politikoak, zientifikoak eta amodiozkoak) nola islatzen dituen ere badela. Surrealismoarekin buruz, horrela, proiektu artistiko, existentziala eta politikoa zela azpimarratzen du, baita surrealismoaren asmoa maitasuna berriro asmatzea zela ere, à la Rimbaud. Are gehiago, surrealismoari maitasunaren alderdi bat-batekoa eta eroa atsegin zitzaion, inoiz ezin dela maitasuna lotzen duen legerik egon alegia. Alta, Badiourentzat, maitasunaren beste ezaugarri erdi-erdikoa iraupena da, maitasuna irauten duen lana da, modu ezkorrean izanda ere, Samuel Beckett-ek ondo asko azaltzen duena bere lan batzuetan, maitasunaren iraupen alderdi hori, hain zuzen, bestearekin egunerokotasuna, konpromisoa, eta abar irudikatzen duenean. Honetaz gainera, Badiou bere gaztarotik datorren antzerkiarekiko maitasun sakonaz ere mintzo da eta antzerkiarekin lotuta, filosofoek ere aktore izan behar dutela dio Badiouk. Filosofoen lana, aktoreena bezala, egiaren zerbitzura seduzitzea da.
-VI- MAITASUNA ETA ARTEA
Le Siècle-n, (2005) André Bretón-en testu bat eztabaidatzen duzu, Arcane 17, eta erakusten duzu nola XX. mendea aro handia izan zen maitasuna egiaren metafora gisa sustatzeko. Baina zer esan nahi du André Bretonek Poisson Soluble -en (“Arrain disolbagarria”, 1924) “artea bere adierazpen errazenera, hots, maitasunera” murriztu nahi duenean? *
Proiektu surrealista zentrala hasiera-hasieran aipatu genuena izan zen, hots, Rimbauden aginduari jarraituz, maitasuna berriro asmatzea. Eta surrealistentzat berrasmakizun hau mugimendu artistiko, existentziala eta politikoa izan zen ezinbestean. Ez zuten hiruren artean zatiketarik egin. Arteak oso puntu indartsua du, gertakizunei justizia egiten dien zentzuan. Artearen definizio posible bat ere izan daiteke hori: artea da, pentsamendu mailan, gertakizunari erabateko justizia egiten diona. Politikan, gertakizunak historiaren arabera ordenatzen dira atzera begira. Baina artea hor dago haien botere bizia guztiz berreskuratzen edo leheneratzen saiatzeko. Arteak bakarrik ematen dio zentzumenen dimentsioa topaketa bati, matxinada bati edo istilu bati. Artea, bere forma guztietan, gertakizunari buruzko hausnarketa bikaina da. Margolan handi bat erakusten duen horretara murriztu ezin den zerbait bere bidez harrapatzea da. Gertakizun ezkutua azaleratzen da eta, esan genezake, ikusten duzuna hausten du. Bretonek gogorarazten digu, ikuspuntu honetatik, artea maitasunarekin oso lotuta dagoela, azken hau, funtsean, gertakizun batek eguneroko existentzia hausten duen unea baita. Honek azaltzen du “l’amour fou” edo maitasun eroa deritzana: Maitasuna ezin da inongo legetara murriztu; ez dago maitasunaren legerik. Are gehiago, arteak maitasunaren alde asoziala erakutsi du askotan. Esaera herrikoiak dioen bezala, azken finean, “maitaleak bere kabuz daude mundu honetan”. Beraiena bakarrik da bizi duten mundua, beraiena bakarrik desberdintasun hori. Surrealismoak goraipatzen duen ‘Maitasun ero’ hori edozein legez gaindiko gertakizun baten botere gisa ulertu behar da. Maitasunak inspiratutako pentsamendua ordena ororen aurka, legearen ordena boteretsuaren aurka sortutako pentsamendua baita. Surrealistek elikadura iturri bat aurkitu zuten hemen hizkuntzan baina baita, azpimarratu behar dut, existentzian ere iraultza poetiko bat egiteko gogoa. Ikuspegi horretatik, maitasunean eta sexualitatean oso interesatuta zeuden, printzipio gisa, existentziaren iraultzarako balizko euskarri gisa. Alderantziz, interes gutxi zuten iraupenarekin. Maitasuna topaketaren poema bikain gisa defendatzen zuten, batez ere. Esaterako, Nadja eleberria (1928), kale kantoiaren bueltan ‘Maitasun eroa’ bihurtuko den topaketa zalantzagarri eta misteriotsuaren poetikaren ilustrazio bikaina da. Topaketa hutsa aurrez pentsatuta dagoen edozerren guztiz kontrakoa da, irauten duenaren mailarik edo betikotasun dimentsiorik gabe. Hala ere, filosofo batzuek betikotasuna momentua dela esan oi dute. Ideia hau greziar pentsamenduan aurkitzen dugu jada. Eternitaterako posible den denborazko dimentsio bakarra momentua dela. Horrek Bretonen alde egingo luke. Berez, topaketa miragarriaren uneak maitasunaren betikotasuna agintzen du, nahiz eta iradoki nahi dudana ez izan hain miragarria nirea lan gogorragoa eskatzen duen maitasunaren kontzeptu bat baita, hots, betierekotasunaren eraikuntza denboraren barruan eta zehar, Bi-ren esperientzia, puntuz-puntu. Topaketaren mirariarekin bat egiten dut, baina uste dut poetika surrealistan mugatuta geratzen dela eta isolatuta dagoela puntuz puntu eraikitzen den egia baten garapen neketsurantz bideratzen ez delako. Eta “neketsu’ hitz hori zerbait positibotzat hartu behar da hemen: Bada maitasun-lan bat; ez da miraria soila. Adi egon behar duzu, erne: zurekin eta bestearekin batera egon behar duzu: pentsatzen, ekin, aldatu. Eta gero, ziurrenik, zoriontasuna dator, lan horren guztiaren sari inmanente gisa.
Bitxia iruditzen zait Samuel Beckett-ek maitasunari buruz dagokionez etengabe aipatzen duzula. Nekez esan daiteke Beckett-en lana zoriontasunean zentratuta dagoenik. Zure ustez, nola egiten du bere obrak, ezkortasuna eta nihilismoagatik famatua dena, maitasuna den “Bi-aren eszena(toki)” horren alde?
Esan dudan bezala, maitasunari buruzko literaturak oso gutxi dauka denboran zehar iraupenaren esperientziari dagokionez. Hori oso deigarria da. Hartu antzerkia adibidez. Familiako unibertsoan garatzen den despotismoaren aurka maitale gazteen borrokak erakusten dituzten antzezlanak aintzat hartzen badituzu -gai klasikoa-, denei eman zaizkie (Pierre de) Marivaux-en Le triomphe de l’amour (Maitasunaren garaipena, 1732) azpititulua. Ildo horretatik, antzezlan askok kontatzen dute nola gazte hauek, maiz apaizak edo beste konplize batzuek lagunduta, guraso zaharrei buelta eman eta azkenean nahi dutena lortzen dutela, ezkontza alegia. Maitasunaren garaipena da, baina ez bere iraupenarena. Horixe da, hain zuzen, topaketa planifikatzea deitu daitekeena. Lan garrantzitsuak, eleberri handiak, maitasunaren ezintasunaren inguruan antolatua daude; eta jasan behar dituen probak, tragediak, apaltze, banatze zein amaieraren inguruan eta abar eraiki ohi dira. Baina oso gutxi daude positiboki irautearen inguruan. Are gehiago, esan genezake ezkontza-bizitzak apenas sortu duela lan handirik. Egitate hutsa da artistak gutxitan inspiratu dituela. Hala ere, Beckett-en idazkeran, etsipenaren, ezinezkoaren kronista entzutetsuan, oso egokia den zerbait aurkitzen dugu: amodio tematiaren idazlea ere baita. Har dezagun adibidez Happy Days (“Egun zoriontsuak”, 1961) antzezlana, bikote zahar baten istorioa. Emakumea besterik ez duzu ikusten, gizona agertokitik arrastaka dabil, dena endekatzen ari da, lurrean hondoratzen ari da, baina esaten du: “Ze egun zoriontsuak izan ziren!” Eta hori dio maitasuna oraindik hor dagoelako. Maitasuna itxuraz hondamendia den bere existentzia egituratu duen elementu indartsu eta aldaezina da. Maitasuna da hondamendi horren barruan ezkutuko boterea. Enough (Naikoa da, 1965) izeneko testu labur bikainean, Beckett-ek oso bikote zahar baten ibilaldiak kontatzen ditu, aldi berean menditsu eta basamortu itxurako eszenatoki batean. Maitasun istorio bat da, bikote zahar honen iraupenarena, ez duena batere ezkutatzen haien gorputzen egoera negargarria, haien existentziaren monotonia, sexualitatearen zailtasun gero eta handiagoa… Testuak hori guztia kontatzen du, baina istorioa, azken finean, maitasunaren botere apartaren eta maitasunak biltzen duen iraupenaren barruan kokatzen du.
Dramagintzaren artea aipatu duzunez, txikitatik elikatu duzun maitasun oso berezia aipatu nahiko nuke: antzerkiarekiko maitasuna. Ahmedei buruzko trilogia idatzi aurretik, oholtzara Scapin garaikide moduko bat oholtzara ekartzen duena, zuk zeuk Molière-ren Les Fourberies de Scapin-en izenburuaren papera jokatu zenuen zure gaztaroan. Zein da antzerkiarekiko duzun maitasun iraunkor honen izaera?
Nire antzerki zaletasuna oso korapilatsua eta aspaldikoa da. Segur aski, nire filosofiaren maitasuna baino indartsuagoa da. Filosofiarekiko maitasuna beranduago dator, polikiago eta zailtasun handiagoarekin. Gaztea nintzela eta oholtza gainean, hizkuntzaren eta poesiaren zatiren bat, modu ulertezinean, gorputzari lotuta dagoelako berehalako sentimenduak liluratu ninduela uste dut. Funtsean, agian, antzerkia gerora maitasuna izango zenaren metafora da jada, une hura eta gero baita pentsamendua eta gorputza nolabait bereiztezinak agertzen zaizkidala. Bata bestearen aurrean daude modu hain estuan ezen ezin duzu esan: “Hau gorputza da” edo “Hau ideia da”. Biak nahasten dira, hizkuntzak gorputza bereganatzen du, norbaiti “maite zaitut” esaten diozunean bezala: bizi den bati, zure aurrean dagoen bati esaten diozu hori baina horretara murriztu ezin den zerbait ere badago hor, presentzia material soila dena, erabat eta aldi berean bai kanpoan eta baita barruan dagoen zerbait. Hori da antzerkia bere jatorrian; gorputzean pentsamendua, pentsamendu gorpuztua. Dakigunez, antzokian entseguak daude. “Berriro egin dezagun”, dio zuzendariak. Pentsamendua ez da erraz iristen gorputzera. Pentsamendu batek espazioarekin eta mugimenduarekin duen harremana korapilatsua da. Bat-batekoa eta aurrez pentsatutakoa izan behar du, biak ala biak batera. Maitasunean gertatzen dena, hau ere. Desioa indartsua da, hemen eta orain, baina maitasunak zaintza eta ber-hartu beharrak eskatzen ditu. Maitasunak dena daki berriz landu beharrari buruz. ‘Esaidazu berriro maite nauzula’, eta askotan, “Esaidazu hobeto”. Eta desioa berriro hasten da, entzun dituzun laztanekin, maitasunak bultzatuta, “Gehiago! Gehiago!” Hara hor keinu fisikoen eske irrikak hitz baten insistentziaz indartzen duen une hori, etengabe berritutako adierazpen baten bidez. Badakigu maitasunaren gaia joku gisa funtsezkoa dela antzerkian, eta, hain zuzen, deklarazioei buruzkoa dela. Maitasunaren antzerki hau, maitasunaren eta zoriaren joko indartsu hau existitzen delako da, izan ere, antzerkiaren maitasun hori dudala.
Antoine Vitez dramaturgoa, 1984an, Avignongo jaialdian, Georges Aperghis-en musikarekin, zure opera L’Écharpe Rouge (Zapi gorria) taularatu zuenak, ideia horren alde agertu zen. Hau idatzi zuen: “Hori da beti oholtza gainean egin nahi izan duguna: ideien bultzada bortitza erakutsi, gorputzak nola okertzen eta oinazetzen dituzten. Ados al zaude berarekin?
Erabat. Pessoa poeta portugaldarrak zera dio nonbait: “Maitasuna pentsamendu bat da”. Oso adierazpen paradoxikoa da hori, jendeak beti esan baitu maitasuna gorputzari, desioari eta sentimenduei buruzkoa dela, edozein gauza arrazoia eta pentsamenduari buruz baino. Baina Pessoak “Maitasuna pentsamendu bat da” dio eta arrazoia duela uste dut. Uste dut maitasuna pentsamendu bat dela eta pentsamendu horren eta gorputzaren arteko harremana nahiko berezia dela, eta beti, Antoine Vitezek zioen bezala, bortizkeria ezin konprimitu batez markatua dagoela. Indarkeria horren esperientzia dugu bizitzan. Guztiz egia da maitasunak gure gorputza okertu eta oinazerik zorrotzena eragin dezakeela. Maitasuna, egunez egun ikus dezakegunez, ez da ibai luze eta lasaia. Inoiz ezin dugu ahaztu suizidiora edo hilketara eramaten duten maitasunaren kopuru nahiko beldurgarria. Antzerkian amodioa ez da soilik, ezta nagusiki ere, sexu-fartsa edo erromantze errugabea, tragedia, arbuioa eta amorrua ere bada. Antzerkiaren eta amodioaren arteko harremana amildegi baten esplorazioa ere bada, gizabanakoak eta maitasunak bi bakardaderen artean jartzen duen zubiaren izaera hauskorra bereizten eta deskribatzen dituena. Beti horretara itzuli behar baitugu: zer pentsamendu-mota agertzen da bi gorputz sexudunen arteko joan-etorrian? Era berean, eta honek zure aurreko galdera esanguratsu bilakatzen du, maitasuna existitu izan ez balitz zertaz hitz egingo ote zuen antzerkiak galdetu behar dugu. Politikaz hitz egingo zuen ziurrenik, eta luze hitz egin du. Eta, beraz, antzerkia politika eta maitasuna dela esan dezakegu, edo, oro har, bien elkar gurutzatzea. Politika eta maitasunaren arteko elkargurutzatze hau tragediaren definizio posible bat da. Baina antzerkiaren maitasuna nahitaez da maitasunaren maitasuna, zeren, maitasun istoriorik gabe, maitasuna familiaren mugetatik askatzeko borrokarik gabe, antzerkiak ez du askorako balio. Komedia klasikoek, Molièreren antzezlanek bezala, funtsean esaten digute nola kasualitatez ezagutu diren gazteek gurasoek antolatutako ezkontza ahuldu behar duten. Eszenatokiko gatazkarik ohikoena, erabiliena, zorizko maitasunaren borroka da lege inplakagarriaren aurka. Sotilago, gazteen borroka da, proletarioek (esklabo eta zerbitzariek) lagunduta, zaharren aurka, Elizak eta Estatuak lagunduta. Eta orain esango didazu: “Askatasunak irabazi du, ezkontza adostuak ez dira existitzen: bikotea sorkuntza hutsa da”. Baina ez nago hain ziur. Askatasuna? Zein askatasun mota zehazki? Zein kostutan? Bai, hori da benetako galdera: zer ordaindu zuen maitasunak bere askatasunaren itxurazko irabazian?
Antzerkiarekiko zure zaletasunak ez al du barne-hartzen komunitatearen, kolektiboaren eta taldearen maitasuna, garai batean antzerki konpainiaren bizitza bizi izan zenuenez, aktore eta teknikarien artean? Ez al du antzerkiak anaitasun baten ordenari dagokion maitasunik?
Bai, noski, maitasuna existitzen dela! Antzerkia komunitate bat eta anaitasunaren adierazpen estetikoa da. Horregatik diot, zentzu horretan, zerbait komunista dagoela antzerki guztietan. “Komunistaz” ulertzen dut komunean dagoena berekoikeriaren gainetik gailentzen duena, lorpen kolektiboa interes pribatuaren gainetik. Horretan ari garen bitartean, maitasuna zentzu horretan komunista dela ere esan dezakegu, baldin eta onartzen bada, nik bezala, maitasun baten benetako gaia bikote bilakatzea dela eta ez bere osagaiak diren norbanakoen asetze hutsa. Hara, hortaz, maitasunaren beste definizio posible hori: maitasuna komunismo minimoa da!
Antzerkira berritzultziz, beti egin zait deigarria antzerki bira baten komunitatea prekarioa izateak. Komunitatea hausten den garai benetan larrietan ari naiz pentsatzen: biran ibili zara, hilabetez elkarrekin bizi izan zara, eta gero, bat-batean, zure bidea egiten duzu. Antzerkiak bereizketa esperientzia hori dakar. Malenkonia handiko uneak daude antzezpenean eta eszenaratzean parte hartzen duen kofradia hausten denean. “Hona hemen nire mugikorraren zenbakia. Harremanetan jarriko gara, ezta?”: ezagutzen duzu erritual hau. Baina inork ez du deituko, ez benetan. Amaiera da eta gure bideetatik goaz. Eta bereizketaren gaia hain da garrantzitsua maitasunean, non maitasuna bereizketaren aurkako borroka arrakastatsu gisa ere defini daitekeen. Maitasunaren komunitatea prekarioa da halaber, eta telefono zenbaki bat baino askoz gehiago ere behar duzu horri eusteko eta garatzeko.
Eta nolakoa da antzerkirako zaletasuna, barrutik, hau da, garai batean izan zinen eta agian berriro izatea gustatuko litzaizukeen aktorearen ikuspuntutik, beste behin Ahmed le subtile (Ahmed sotila) edo Ahmed philosophe (Ahmed folosofoa)-ren bakarrizketa batzuk egitea?
Maitasun berezia da, zure gorputza hizkuntzaren harrapakinean, ideien harrapakinean, lagatzea eskatzen dizuna. Dakizuenez, filosofo bakoitza aktore bat da, nahiz eta etsai sentitzen den jolasekiko eta simulazioarekiko. Jendaurrean hitz egiten ari gara gure arbaso greziar handien garaietatik. Filosofian beti dago norbere burua biluzteko elementu bat: transferentzia ekintza batean gorputzak jasotzen duen filosofiaren ahozko dimentsioa. Horixe zen Jacques Derridarekin izan nuen polemika baten puntua, idatziaren alde ahozkotasunari aurre egin baitzion, nahiz eta berak emanaldi zoragarriak eman. Filosofoak asko kritikatuak izan dira magoak izateagatik, jendea bide artifizialez liluratu eta egia nekezetara eramateagatik sedukzioaren bideetatik. Platonen Errepublikaren V. liburuak («itzulpen oso eta ezberdina prestatzen ari naizen liburu erraldoi honek» aski harrigarri bat dauka. Sokrates benetako filosofoa zer den definitzen hasten da. Eta orduan oso bat-batean, gaia aldatzen ari dela dirudi. Hona hemen nire bertsioa (Sokrates hitz egiten ari da):
«Oso bizi-bizi gogoratu behar duzun zerbait gogorarazi behar dizut? Amodiozko objektuaz hitz egiten dugunean, maitaleak objektu hori bere osotasunean maite duela suposatzen dugu. Ez diogu onartzen bere maitasunari zati bat hautatzea eta beste bat baztertzea».
Bi gazteak harrituta daude. Amanthak bere gain hartzen du haien harridura adieraztea:
“Sokrates maitea, zer lotura dago maitasunaren inguruko desbideratze honen eta filosofoaren definizioaren artean?”
«A, gure emakume gazteak maiteminduta! Ezin aitortu, Fernando Pessoa poeta portugaldar handiak zioen bezala, «maitasuna pentsamendu bat da». Entzun, gazteok: maitasuna abiapuntutzat hartzen ez duenak ez du inoiz ezagutuko filosofia zer den».
Egia da! Gure maisu zaharrari jarraitu beharko genioke. Maitasunetik hasi behar da. Filosofook ez dugu horrenbeste bitartekorik eskura; limurtzeko baliabideak kentzen badizkigute, orduan benetan desarmatuak izango gara. Eta aktore izatea ere hori da! Azken finean egia den zerbaiten izenean seduzitzea da.
* ”Si vous aimez l’amour…” Vincent Gillek zuzendutako Anthologie amoureuse du surréalisme, Annie Le Brun-en hitzaurrearekin, Syllepse, 2001.



