Maitasunaren gorazarrea: -I- Maitasuna mehatxu pean

Abentura, Arriskua, Gorazarrea, Maitasuna

Sarreran egiten duen aurkezpenaren ondoren, “Maitasunaren gorazarrea” liburuaren lehen kapituluan Badiouk maitasunari zoria eta arriskua kentzen saiatzen diren zita guneekiko duen nazka azaltzen du eta maitasuna berriro asmatu behar dela dio errealismo kapitalistaren bestearekin-arriskurik-hartu-gabe-gozatu-hemen-eta-orain eredu kontsumitzaile faltsutik haratago.

 

***

-I- MAITASUNA MEHATXU PEAN

 

Gerora ospetsu bihurtu den Sarkozyren esanahia liburuan, diozu «maitasuna berrasmatu behar dugu, baina baita defendatu ere besterik gabe, alde guztietatik mehatxu pean dagoelako”. Zein modutan dago mehatxatuta? Garai bateko ezkontza adostuak gaur egungo arropa berrietan nola berrenpaketatu dira, zure ustez? Uste dut azken aldiko zita-webgune bateko iragarkiak bereziki deigarriak suertatu zaizkizula…

Bai, Paris interneteko Meetic zita-gunearen kartelez josita dago, benetan kezkagarriak iruditzen zaizkidan iragarkiekin. Erabiltzen dituen hainbat lelo nagusi aipatzea besterik ez dago. Lehenengoak Marivaux-en antzezlanaren izenburua manipulatzen du, Maitasunaren eta kasualitatearen jokua, “Lortu maitasuna kasualitaterik gabe!” Eta gero beste batek esaten du: “Maitatu maitemindu gabe!”. Harrapaketarik ez, ez da hala? Aitzitik: “Lortu maitasun perfektua sufritu gabe!” Eta den-dena Meetic zita-guneari esker, non, ideiak berak arnasa kentzen dit, “maitasunean entrenamendua” eta guzti eskaintzen dizute. Maitasunaren azterketari aurre egiteko prestatuko zaituen entrenatzaile bat hornitzen dizute.

Uste dut iragarki hauek islatzen duten “maitasunaren” kontzeptua ‘segurtasuna batik bat’ dela. Arrisku guztien aurka erabat aseguratuta dagoen maitasuna da: maitasuna izango duzu, baina etorkizuneko harremana hain ondo ebaluatuko duzu, zure bikotekidea hain arretaz hautatuko duzu sarean bilatuz, argazki bat lortuz, bere gustuen xehetasunak, noski, jaioteguna, horoskopoaren zeinua, eta abar, ezen eta hori guzia batera jarriz “Hau arriskurik gabeko aukera da!” esan diezaiokezu zeure buruari. Hori da iragarki kanpainak bereganatzen duen argudio liluragarria. Bistan denez, maitasuna ia denok bilatzen dugun plazerra den heinean, ia guztion bizitzari zentzua eta intentsitatea ematen dion zer edo zer, sinetsita nago maitasuna ezin dela izan erabat arriskurik gabeko ondorioz emandako opari bat. Meetic ikuspegiak Amerikako armadaren propaganda gogorarazten dit bonba “adimentsuak” eta “zero hildako” gerren ideia sustatzeko orduan.

Beraz, “zero hildako” gerren eta “zero arrisku” maitasunaren artean lotura bat dagoela uste al duzu, Richard Sennett eta Zygmunt Bauman soziologoen modu berean, analogia bat ikus daitekeen neurrian: kapitalismo finantzarioak aldi bateko langileari “zurekiko konpromisorik ez” esaten dion bezala maitaleak ‘nire aldetik konpromisorik ez’ dio bikotekideari mundu batean flotatzen duten, non harremanak permisibitate atsegin eta kontsumista baten izenean egin eta desegiten diren?

Bai, dena agertoki bera da, “zero hildako” gerrak, “zero arriskuko” maitasuna. Ezer ausazkorik ez, kasualitatezko topaketarik ez. Eskala handiko publizitate kanpaina baten baliabide guztiekin babestuta dagoen neurrian, maitasunarekiko lehen mehatxua bezala ikusten dut, segurtasunaren mehatxua deituko nukeena. Azken finean, hitzartutako ezkontza batekin ez da hain ezberdina. Familiaren ordena eta hierarkiaren izenean guraso despotikoen bidez egin beharrean inplikatutako pertsonen segurtasunaren izenean egiten da, ausazkotasuna, kasualitatezko topaketak eta azkenean edozein poesia existentzial saihestuz aldez aurreko akordioen bidez, inolako arriskurik gabe.

Maitasunak jasaten duen bigarren mehatxua garrantzitsua dela ukatzea da. Segurtasun-mehatxuaren kontrapuntua maitasuna arrapaladazko hedonismoaren eta balizko gozamen zabalen beste aldaera bat baino ez dela da. Helburua edozein berehalako erronka saihestea da, maitasuna ehuntzen duen bestetasunaren esperientzia sakon eta jator oro saihestea, alegia. Hala ere, gehitu behar dugu arrisku-faktorea ezin denez erabat ezabatu, Meetic-en publizitateak, armada inperialen propagandak bezala, arriskuak beste guztienak izango direla diola! Maitasunerako ondo entrenatu eta trebatu bazara, segurtasun modernoaren kanonak jarraituz, ez duzu gero zaila izango beste pertsona batez desegitea zure nahietara egokitzen ez bada. Sufritzen badu, hori bere arazoa da, ez da hala? Pertsona hori ez baita Modernitatearen parte, “Zero hildako” leloa, izan ere, Mendebaldeko militarrei bakarrik aplikatzen zaien modu berean. Botatzen dituzten bonbek jende asko hiltzen dute, azpian bizitzearen errudun direnak edo. Horregatik, hildako hauek afganiarrak dira, palestiarrak… Ez dira Modernitatearen parte. ‘Segurtasuna batik bat’ lelopeko maitasunak, segurtasunaren beharrak arautzen duen guztia bezala, arriskurik ez izatea dakar aseguru-poliza ona, armada ona, polizia ona, hedonismo pertsonala sustatzeko psikologia ona duten pertsonentzat. Arrisku guztiak kontrako aldean daudenentzat dira.

Konturatuko zinen ez, nola beti esaten diguten gauzak «zure erosotasun eta segurtasunerako» egiten direla, hasi espaloietako zuloetatik eta metroko polizia patruiletaraino. Maitasunak, funtsean, bi etsai ditu: aseguru-poliza batek bermatutako segurtasuna eta plazer arautuetan mugatutako konfort edo erosotasun-gunea.

Beraz paktu edo itun moduko bat dago maitasunaren ideia liberal eta libertarioaren artean?

Bai, uste dut liberalak eta libertarioak bat egiten dutela maitasuna alferreko arriskua dela dioen ideiaren inguruan. Baita ongi planifikatutako ezkontza moduko bat izan dezakezula ere, alde batetik, kontsumoaren gozamen guztiekin eta, bestetik, atseginez betetako sexu-antolamendu dibertigarriekin eta guzti, pasioa baztertuta. Ikuspegi honetatik begiratuta, benetan uste dut maitasuna, gaur egungo munduan, gurpil zoro honetan harrapatuta dagoela, eta ondorioz mehatxupean dagoela. Uste dut filosofiaren zeregina dela, baita beste arlo batzuena ere, haren defentsan biltzea. Eta horrek esan nahi du, seguruenik, Rimbaud poetak zioen bezala, maitasuna berriro asmatu behar dela. Ezin da defentsarako ekintza bat izan, besterik gabe, dagoen status quo edo egoera eusteko. Mundua garapen eta aukera berriez beteta dago eta maitasuna ere berritzen den zerbait izan behar da. Arriskua eta abentura berrasmatu behar dira segurtasunaren eta erosotasunaren aurka.

Alain Badiou, Nicolas Truong (Eloge de l’amour, Flammarion, 2006)
Maitasunaren gorazarrea: “-I- Maitasuna mehatxu pean”. (Itzul., IG)

Share This