Maitasunaren gorazarrea: -IV- Maitasunaren egia

Betierekoa, Bi-aren eszenatokia, Egia, Fideltasuna, Gertakizuna, Maite zaitut, Prozesua, Unibertsaltasuna

Alain Badiouren “Maitasunaren gorazarrea” itzulpenarekin jarraitzen dugu. Aurkezpena eta Sarrera sailean liburuaren ideia azaltzen da, aurkibidearekin batera. Gero 1. kapituluan, “Maitasuna mehatxu pean”, maitasuna berrasmatu egin behar dela dio Badiouk. 2.kapituluan, “Filosofoak eta Maitasuna”, hainbat filosofo eta pentsalarien ideia kontrajarrien azalpena da maitasuna dela-eta, 3. Kapituluaren , “Maitasunaren eraikuntza”, Badiouk maitasuna ‘Bi-aren eszena(tokia) bezala aukezten du, bi lagunen arteko disjuntura gisa alegia, eta maitasuna gertakizuna dela dio. 4. kapitulu honetan,. “Maitasunaren egia”, maitasuna gertakizuna izanik, prozesuan baieztatzen dela den ‘egiaren prozedura’ ere badela da Badiouren tesi nagusia – norbanakoak duen munduan egoteko esperientzia bakarti eta egozentrikoa guztiz aldatu eta hankaz gora jartzen duena. prozesuan oinarritzen da eta hasierako ‘maite zaitut’ deklarazioa gertakizunari fideltasunean oinaritzen da zenbait ‘puntu’ zeharkatzera eskatzen duena, halanola, esate baterko, haurrak, non maitasunaren egia berraukeratzen eta berbaieztatzen den (edo ez). Politikan, zientzian edo, artean bezala, maitasunean garatzen den gertakizunaren egiak betierekoaren edo eternoa denaren esperientziarekin bat dator, hemen, lurrean.

 

-IV- MAITASUNAREN EGIA

 

Lehenago gogoratzen zenigun Platonek jada identifikatu zuela maitasunaren eta egiaren artean dagoen lotura partikularra. Baina zer modutan uste duzu maitasuna “egiaren prozedura” dela?

Bai, uste dut maitasuna nire jerga filosofikoan “egiaren prozedura” deitzen dudana dela, hau da, esperientzia bat da zeinaren inguruan egia mota bat eraikitzen baita. Modu sinple eta zuzenean esanda, egia hau Bi-ri buruzkoa da: zinezko desberdintasunatik ondorioztatzen den egia, alegia. Eta uste dut maitasuna esperientzia hori dela —“Biaren eszena(tokia)” deitzen dudana. Zentzu honetan, erronka onartzen duen maitasun orok, munduaren esperientzia desberdintasunaren ikuspegitik antzemanez irauteko konpromisoa hartuz, desberdintasunari edo diferentziari buruzko egia berri bat sortzen du. Horregatik, benetakoa den maitasuna beti da gizateria osoaren interesekoa, baita azalean maitasun horrek itxura apala edo ezkutua hartzen duenean ere. Jakina da maitasun istorioen izugarrizko eragina jendeengan! Eta filosofoak hori zergatik gertatzen de galdetu behar du. Zergatik daude hainbeste filme, eleberri eta abesti amodio istorioei erabat emanak? Maitasunak izan behar du zerbait unibertsala dena istorio hauek ikuslego horren zabalari interesatzeko. Eta unibertsala dena da maitasun orok egiaren esperientzia berri bat iradokitzen duela, ez bat baizik eta bi izateari buruz. Banakoaren kontzientziaren bidez soilik ez den mundua topatu eta esperimentatu dezakegula, hain zuzen: maitasunak, edozein motakoak, horren froga berriak ematen dizkigu. Eta horregatik zaigu maitatasuna atsegin; San Agustinek dioen bezala, maitatzea gustatzen zaigulako, baina baita besteek gu maitatzea ere: besterik gabe, hain zuzen, egiak maite ditugulako. Eta horrek ematen dio zentzua filosofiari: jendeari egiak gustatzen zaizkio, baita ez dakitenean egiak gustuko dituztela ere.

Badirudi egia hori esan beharra dagoela eta zuk zeuk “deklaratzen” den maitasunaz hitz egin duzu. Zure arabera beharrezkoa da, une bat dago non maitasuna deklaratu egiten baita. Zergatik da hain garrantzitsua maitasun-adierazpena, zergatik maitasuna berbaz gauzatu beharra?

Deklarazioa gertakizunaren egituran bertan inskribatuta dagoelako. Lehenik eta behin, topaketa duzu. Dagoenik adierazi dut maitasuna nola hasten den topaketaren izaera guztiz kontingente eta ausazko baten bidez. Hauek maitasunaren eta zoriaren arteko jokoak dira, saihestezinak, beti existitzen dira, aipatu publizitate iragarki horien despit, gainera. Baina iraun dezakeen prozesua bihur dadin zoriarena, une jakin batean, mugatu egin behar da. Oso arazo zaila da, ia metafisikoa: nola bihur daiteke hasiera batean zori hutsa dena egiaren eraikuntzarako ardatz? Nola liteke funtsean ezustekoa zena eta existentziaren ezusteko aldaketei lotua zirudiena, hala ere, bi bizitza parekatuen esanahi osoa bihurtzea, munduaren etengabeko (bir)jaiotzaren esperientzia hedatuan parte hartzeraino beren begira desberdin bitartekaritzaz? Nola pasatu topaketa huts batetik bi garela agerian geratzen den mundu bakar baten paradoxara? Misterio erabatekoa da. Eta hori da, izan, maitasunari buruzko eszeptizismoa elikatzen duena. Jendeak esango duelako baina zergatik hitz egin egia handi batez, besterik gabe honek edo besteak bere lankidea lanean ezagutu izanaren egitate hutsalaz ari garenean? Eta, hain zuzen ere, horixe da azpimarratu behar duguna: itxuraz batere esanguratsua ez den ekintza bat, bizitzako mikro-mailan gertakizun zinez erradikala da eta bere esanahi unibertsala eusteko eta irauteko gaitasunetik datorkio.

Dena dela zuzena da «zoria mugatu egin behar dela». Mallarmék zioen zerbait da: «Azkenik, zoria mugatuta dago…» Poesiari buruz dio, ez maitasunari buruz. Baina bere hitzak nahikoa aplikagarriak dira amodioaren zein maitasun-adierazpenaren testuingurura, dagozkien zailtasun eta larritasun-mota ikaragarriekin batera. Gainera, ezagunak dira poemen eta maitasunaren arteko kidetasunak. Bi kasuetan arriskuak handiak dira, eta bueltan daude hizkuntzaren beraren menpe. Hitz bat ahoskatzearen ondorioak ia mugagabeak izan daitezke, existentzian. Eta hori da poema bat gidatzen duen nahia ere. Hitz sinpleenak ia jasanezinezko intentsitateaz kargatzen dira. Maitasun-adierazpenarekin gertakizun-topaketatik harago egiaren eraikuntza bati ekiten zaio. Topaketaren zorizko izaera hasiera baten suposizioa bikakatzen da. Eta askotan hor hasten denak hainbeste irauten du, hain da berritasun eta munduaren esperientziaz kargatua, non atzera begiratuta ez baitirudi batere ausazkoa eta kontingentea izan zenik, hasieran agertu zen bezala, ia-ia ezinbestekoa baizik. Eta horrela da zoria mugatzen dela: ezagutzen ez nuen norbaitekin topatzearen erabateko kontingentziak, azkenean patuaren itxura hartzen du.

Maitasun-adierazpenak zoritik patura trantsizioa markatzen du, eta horregatik da hain arriskutsua eta zamatuta dago beldur eszeniko moduko batez, zinez ikaragarria dena. Gainera, maitasun adierazpena ez da zertan behin-behinekoa izan behar; luzatu, hedatu, nahastu, korapilatu eta adieraz daiteke, behin et berriz adierazteko xedea duela ahaztu gabe. Adierazpena zoriari muga ezartzen zaion unea da, zure buruari esaten diozunean: Gertatutakoaz besteari esan behar diot, topaketa zein topaketaren gorabeheri buruzkoak. Besteari esango diot konprometitzen nauen zerbait gertatu dela, nik ikusten dudanez behintzat. Hitz batean: maite zaitut.

“Maite zaitut” norbaitekin lo egiteko trikimailu bat besterik ez bada, hori ere izan daiteke eta. Baina estrategia tranpatia ez bada, zer da, orduan? Zer esaten da hor? “Maite zaitut” esatea ez baita batere erraza. Esaldi txiki hori guztiz zentzugabea eta hutsala dela uste izan ohi da. Gainera, jendeak batzuetan nahiago du “maite zaitut” esateko beste hitz poetikoagoak eta ez hain ohikoak erabiltzea. Baina beti esaten dena zera da: zorizko kasualitate hutsetik beste zerbait aterako dut. Iraunko duen zerbait aterako dut, eustea merezi duen zerbait, konpromiso bat, fideltasun bat. Eta hemen “fideltasun” hitza erabiltzen ari naiz nire jargoi filosofikoaren barruan, bere ohiko konnotazioak kenduta. Ausazko topaketatik sendoa den eraikuntza batera igaro izana esan nahi du, hain zuzen, zorizkoa baino beharrezkoa bilakatu dena.

Testuinguru honetan, Andre Gorz-en lan oso polita aipatu nahi nuke, D.ri gutuna, filosofoak bere emazteari, Dorineri, eginiko maitasun-adierazpena eta, esateko baimena hartzen dut, betirako iraun duen maitasun baten kontakizuna dena. Hasierako lerroak hauek dira: “Laster laurogeita bi urte izango dituzu. Sei zentimetro txikitu zara, berrogeita bost kilo baino ez dituzu pisatzen baina beti bezain ederra, dotorea eta desiragarria zara. Berrogeita hemezortzi urte daramatzagu elkarrekin bizitzen eta inoiz baino gehiago maite zaitut. Nire bularraren hutsune lazgarria zure gorputzaren epeltasunak bakarrik beteko duela sentitzen dut”.

 

 

Zer esanahia ematen diozu fideltasunari? Ez al da fideltasunaren esanahia beste norbaitekin lo ez egiteko promesa soila baino askoz zabalagoa? Ez al du erakusten, hain zuzen ere, hasierako “maite zaitut” horren kontsagrazio berezirik behar ez duen konpromisoa dela, topaketa bere zori edo ausazkotasunetik askatzeko iraungo duen zerbait eraikitzeko konpromisoa?

Mallarmék poema “zoria hitzez hitz garaitua” bezala ikusten zuen. Maitasunera hedatuta, fideltasunak garaipen hau adierazten du: topaketaren zorizkoa egunez egun iraungo duenaren asmakuntzaz garaitua, mundu (propio) baten jaiotzaren bidez. Zergatik esaten du jendeak askotan: betiko maiteko zaitut? Betiere, noski, trikimailu bat ez bada. Moralistek berez burla egin diote horri, inoiz ez dela egia esanez. Hasteko, ez da egia inoiz ez dela egia. Bada jendea beti elkar maite duena, eta uste edo esan litekeena baino askoz gehiago. Denok dakigu maitasun hori hausten erabakitzea, batez ere aldebakarrez, hondamendia dakarrela beti, hori egiteko jarritako arrazoi bikainak edozein direla ere. Bizitzan behin bakarrik utzi dut maite bat. Nire lehen amodioa izan zen, eta gero pixkanaka-pixkanaka hain konturatu nintzen urrats hori akats bat izan zela, non hasierako maitasun hura berreskuratzen saiatu nintzen, berandu, oso berandu -maitearen heriotza hurbiltzen ari zen-, baina beharraren intentsitate eta sentimendu berezi batekin. Gerora, ez diot inoiz amodio bati uko egin. Dramak eta bihotz urraketak eta zalantzak egon dira, baina inoiz ez dut maite bat abandonatu. Eta benetan ziur sentitzen naiz maitatu ditudan emakumeak betiko maitatu izan ditudala. Beraz, arrazoi pertsonalak dauzkat eszeptikoen mihikeriak egiatik urrun daudela jakiteko. Eta, bigarrenik, “Maite zaitut” beti bada, edo gehienetan, ‘betiko maiteko zaitut’ delakoaen iragarpena, horrek zer eta zoria betikotasunaren esparruan lotzen du, eternitatearenean. Ez diegu hitzei beldur izan behar. Zoriaren lotzea betikotasunaren aurreikuspena da. Eta neurri batean, maitasun orok betikoa, eternoa, dela adierazten du. Hori da deklarazioaren baitan gainulertutzat hartzen dena…

Arazoa, orduan, betikotasun hori denboran inskribatzean datza. Zeren, funtsean, hori baita maitasuna: denboraren barruan ahal den moduan bete edo hedatu beharreko eternitatearen adierazpena: denborara jaisten den eternitatea. Horregatik da hain sentimendu bizia. Azkenean zer eta eszeptikoek barregurea eragiten digute, izan ere, norbait maitasunari uko egiten saiatuko balitz, maitasunean sinesteari utziko balio, hori benetako hondamendi subjektiboa izango bailitzateke, eta horretaz denok gaude jakinaren gainean. Bizitza, esan behar da, oso gris kolorekoa bihurtuko litzateke. Eta, beraz, maitasunak indartsua izaten jarraitzen du, subjektiboki indartsua: esperientzia edo bizipen bakan horietako bat, non, une batean inskribatutako zoria eta kasualitatea oinarri hartuta, betierekotasunaren deklarazioa egiten saiatzen baitzara. “Betiko” betierekotasuna adierazteko erabiltzen den hitza da. “Betiko” hori ezin duzulako jakin zer esan nahi duen edo zenbat iraungo duen. “Betiko” “betiereko” esan nahi du. Denboraren barruan konpromiso bat besterik ez da, bat Claudel izan behar delako maitasunak denboraz haratago irauten duela sinesteko, ondorengo bizitzaren mundu zoragarrian. Baina maitasunak, zeinaren funtsa fideltasuna baita hitz honi ematen diodan esanahian, erakusten du eternitatea nola egon daitekeen bizitzaren beraren denbora barruan. Hitz batean: Zoriona! Bai, maitasunaren zoriontasuna froga da denborak eternitatearekin bat egin dezakeen. Eta froga bera aurki dezakezu ekintza iraultzaile batean parte hartzerakoan sentitzen duzun entusiasmo politikoan, artelanek ematen duten atseginean edo sentitzen duzun ia naturaz gaindiko poztasunean, azkenik teoria zientifiko baten esanahiaz sakonki jabetzen zarenean.

Demagun maitasuna Biren etorrera dela, berez, edo diozun “Biaren eszena(tokia)”. Orduan, zer gertatzen da haurrarekin? Haur batek ez al du aldatuko “Biaren eszena” hau? Ez al da “Bi” maitaleek elkartuko dituen “Bata” baina baita “Hiru” bat ere, Bia hedatzeko gauza dena baina baita banatzeko ere? ditzakeena?

Galdera sakona eta interesgarria da. Nire lagun Jérôme Bennaroche eruditoak, judu praktikatzailea, onartzen du maitasunari buruzko nire tesia, neurri batean. Beti esaten dit: bai, maitasuna Biren froga da, haien deklarazioa eta betikotasuna da baina iristen da une bat, Biak bere proba Bataren ordenan gainditu behar duena. Hau da, Bia Batera itzuli behar da eta haurra honen irudi sinboliko eta erreala da, aldi berean. Maitasunaren benetako helburua haurraren existentzia da Bataren adierazpen gisa. Bere objekzio hau enpirikoki auzitan jarri dut hainbat alorretan, batez ere bikote antzuen, homosexualen, eta abarren izaera amodiotsua ukatzea eskatuko lukeelako. Gero, maila sakonago batean, esan nion: haurra, hain zuzen ere, parte da maitasunak markatzen duen espazioarena, eta, beraz, «puntu bat» da nire jargoiaren arabera. Puntu bat gertakizuna finkatzen den une jakin bat da, non gertakizuna berriz jokatu behar baita nolabait, beste era batean eta lekuz aldatuta itzuliko balitz bezala, baina “berriz deklaratzera” behartzen zaituena. Politikoa, amodiozkoa, artistikoa edo zientifikoa izan, puntu bat, hain zuzen, egia baten eraikuntzaren ondorioek bat-batean hautaketa erradikal baten aldeko apustua egitera behartzen zaituenean ematen da, hasierara itzuliko bazina bezala.
Gertakizuna deklaratu eta onartu zen garaian bezala, beste behin esan behar duzu: “Aukera hau onartzen dut, nahi dut eta nire gain hartzen dut”. Maitasunaren kasuan, askotan premiaz, berriro egin behar duzu zure deklarazioa. Puntua (berriro) egin/eraiki behar duzula esan daiteke. Eta uste dut hori dela haurrarekin gertatzen dena, umea izateko gogoa eta jaiotzarekin, alegia. Maitasun prozesuaren parte da, argi eta garbi, maitasunaren prozesuan puntu edo euskarri bat. Badakigu jaiotza, aldi berean miraria eta erronka, bikote guztietzat proba dela. Bia haurraren inguruan birmoldatzea beharrezkoa bihurtzen da, hain zuzen ere haurrara Bat delako. Bik ezin dute munduan elkar bizitzen jarraitu puntu berri honetako erronka jaso aurretik egin zuten bezala.

Ez dut batere ukatzen maitasuna sekuentziala denik, hau da, autonomoa ez denik. Puntuak, probak, tentazioak eta agerraldi berriak daude, eta, aldi bakoitzean, “Biaren eszena(tokia)” berjokatu behar duzu eta deklarazio berri baterako baldintzak aurkitu. Hasierako deklarazioaren ostean, maitasuna ere “berriro” adierazi behar da. Eta horregatik maitasuna krisi existentzial bortitzen iturri ere bada. Egiaren bilaketa dakarten prozesu guziak bezala. Ikuspegi horretatik, are gehiago, antzekotasun nabarmena dago politikaren eta maitasunaren artean.

Share This