Maitasunaren gorazarrea: -III- Maitasunaren eraikuntza

Bi-aren eszenatokia, Eraikuntza, Gertakizuna, Maitasuna, Prozesua

Alain Badiouren “Maitasunaren gorazarrea” liburuaren itzulpena aurrera doa, uste baino azkarrago. Hasteko Aurkezpena eta Sarrera itzuli genuen, non liburuaren ideia nola sortu zen agertzen baita aurkibidearekin batera. Gero “Maitasuna mehatxu pean” 1. kapituluko ideia nagusia maitasuna berrasmatu egin behar dela izan da, Badiouk Arthur Rimbaud-etik hartzen duen esamoldea. 2.kapituluan, “Filosofoak eta Maitasuna”, Alain Badiouk zenbait filosofo eta pentsalarien ideia kontrajarriez ari da maitasuna dela-eta, hala nola, Schopenhauer, Kierkegaard, Platon, Lacan eta Levinas. Bukaeran ‘Bi-aren eszena’ delakoa aurkenzten digu Badiouk, 3. Kapitulu honen, “Maitasunaren eraikuntza”, muina dena. Badiourentzat “maite zaitut” maitasunaren zigilua da eta maitasunaren bi ezaugarri nagusienak hauek dira: maitasuna bi lagunen arteko disjuntura da eta maitasunean hasierako topaketa gertakizun baten jatorria da. Maitasunean disjunktura eta/edo sexu-diferentzia oinarrizkoa da, maitasunak desioa eta sexua barneratzen, bereganatzen eta gorputz-adierazpen bihurtzen dituen heinean. Hay esanda, gertakizun guziak bezala, maitasuna iraupenean gauzatzen da eta etengabeko prozesu bat da. Denborazko dimentsioa funtsezkoa da eta iraupena ezinbestekoa maitasuna bizitzaren berrasmakuntza iraunkorra delako: bi bizitza bat bihurtzen da bien arteko diferentzia ezabatu gabe. Alta, maitasuna ez da familia nuklear baten ekoizpenera murrizten.

 

***

-III-  MAITASUNAREN ERAIKUNTZA

 

Goazen orain zure maitasunaren kontzepziora. Aipatu dugu Rimbaudek maitasuna berriro asmatu nahi zuela. Baina berriro asmatu maitasunari buruzko zein ideiatik abiatuta?

Uste dut denon esperientziari lotuta dauden bi puntuetatik heldu beharko genioke maitasunaren auziari. Lehenik eta behin, maitasunak bi pertsonen arteko desberdintasun soilean eta haien subjektutasun infinituan oinarritutako bereizketa edo disjuntura bat dakar. Disjuntura hau, kasu gehienetan, sexu-desberdintasuna da. Hori horrela ez denean, maitasunak bi figura, bi interpretazio ezberdin oposiziozko jarreran ezarriak daudela ziurtatzen jarraitzen du. Alegia, maitasunak bereizten, dislokatzen eta zatitzen duen hasierako elementu bat dauka. Bi daude. Maitasunak Bi ditu.

Bigarren puntua da, hain zuzen, disjuntura bat barne hartzen duelako, Bi hau eszenatokian agertzen den unean eta mundua modu berri batean bizitzen duten unean, forma arriskutsu edo kontingentea baino ezin duela hartu. Hori da “topaketa” bezala ezagutzen duguna. Maitasuna topaketa batekin hasten da beti. Eta topaketa honi gertakizun baten estatus ia metafisikoa emango nioke, gauzen berehalako ordenan sartzen ez den zerbait baita. Artean edo literaturan hainbat eta hainbat adibide daude maitasunaren abiapuntu hori deskribatzen dutenak. Istorio edo eleberri askok Bi bereziki markatuta dauden kasuetan jartzen dute arreta, bi maitaleak klase, talde, klan edo herrialde berekoak ez direnean alegia. Romeo eta Julieta disjuntura jakin honen alegoria nabarmena da, bi hauek etsaien artean sortzen baita. Ez genuke gutxietsi behar oposiziorik indartsuenetan eta bereizketa erradikaletan barrena arrakalak sortzeko maitasunak daukan indarra . Bi desberdinen arteko topaketa gertakizun bat baita, kontingentea eta kezka sortzen duena, “maitasunaren sorpresak” alegia, antzerkia behin eta berriz. Gertakizun horren arabera oinarrituta gero, maitasuna hazi eta loratu daiteke. Hori da lehen puntua, guztiz ezinbestekoa. Ezusteko honek, funtsean, mundua ezagutzeko esperientzia den prozesu bat abiarazten du. Maitasuna ez da soilik bi pertsona elkartzea eta haien bata bestearen barrura begiratzeko harremana: eraikuntza bat da, egiten ari den bizitza berri bat da, ez jada Bat-aren ikuspegitik, Bi-aren ikuspegitik baizik. Eta horri “Bi-aren eszena” deitu diot. Pertsonalki, betidanik interesatu izan zaizkit-eta iraupen eta prozesuaren gaiak, eta ez abiapuntuak soilik.

Zure ustez, maitasuna ezin da biltze unera mugatu, aitzitik, denborarekin forma hartzen du. Zergatik arbuiatzen duzu maitasuna fusio gisa antzematen duen interpretazioa?

Uste dut jende askok maitasunaren kontzepzio erromantiko bati atxikitzen zaiola, maitasuna hasierako topaketara laburtzen duena. Maitasuna, horrela, aldi berean pizten, kontsumitzen eta burutzen da hasierako biltze unean, benetan den bezalako mundutik kanpoko une magiko batean. Zerbait gertatzen da mirariaren izaera duena, intentsitate existentzial bat, desegiketara daraman topaketa bat. Baina gauzak horrela gertatzen direnean ez gara “Bi-aren eszena” baten lekuko, “Bat-aren eszena” batena baizik. Maitasunaren desegite kontzeptuarekin bat dator: bi maitale elkartu ziren eta Bat gisa ekintza heroiko baten antzeko zerbait gauzatu zuten munduaren aurka. Mitologia erromantikoan ikus dezakegu nola fusio puntu horrek heriotzara eramaten duen askotan. Lotura estua eta sakona dago maitasunaren eta heriotzaren artean, zeinaren punturik gorena dudarik gabe Richard Wagnerren Tristan eta Isolda baita, maitasuna topaketaren une esanezin eta aparteko batean kontsumitzen delako, eta horren ostean ezinezkoa baita harremanetik kanpo geratzen den mundura berritzultzerik.

Hau interpretazio erromantikoa da, zalantzan jarri behar duguna, uste dut. Artistikoki oso ederra da, baina, nire ustez, existentzialki guztiz hutsala. Uste dut mito artistiko indartsu gisa onartu beharko genukeela, baina ez maitasunaren benetako filosofia gisa. Azken finean, maitasuna munduan gertatzen da. Munduko legeen arabera aurreikusi edo kalkulatu ezin den gertakizun bat da. Ezerk ez du ahalbidetzen topaketa aurrez antolatzea – ​​ezta Meetic agentziak ere, prestaketa-solasaldi luze horiek guztiak barne! Azken finean, elkar ikusten duzuen momentuan gertatzen da, elkar ikusten duzue, eta ttak, kontroletik kanpo dago jada! Hala ere, maitasuna ezin da lehen topagunera murriztu, eraikuntza bat delako. Maitasunari buruz pentsatzeko enigma hura loratzeko beharrezkoa den denboraren iraupena da. Izan ere, ez da hasiera horien estasia nabarmentzen dena. Azken hauek, argi eta garbi, hunkituta daude, baina maitasuna, batez ere, irauten duen eraikuntza da. Maitasuna abentura tinko bat dela esan genezake. Alde abenturazkoa beharrezkoa da, baina, berdin, irmotasunaren beharra ere bai. Lehen oztopoan amore ematea, lehen desadostasun larrian, lehen liskarrean, maitasuna desitxuratzea besterik ez da. Batzuetan minez, benetako maitasuna denborak, espazioak eta munduak altxatutako oztopoen gainean behin betiko garaitzen duena da.

Eta nolakoa da eraikuntza hau?

Istorio liburuak nahiko isilik daude alde horretatik, ezta? Istorioaren amaierak honela dio: “Ezkondu egin ziren eta seme-alaba asko izan zituzten”. Bai, noski, baina maitasuna ezkontzea besterik ez al da? Eta seme-alaba asko izatea? Halako azalpena nahiko azalekoa eta makala da. Familia-unibertso baten sorreraren bidez maitasuna esklusiboki betetzen edo gauzatzen delako ideia ez da batere nahiko. Eta ez da familia- unibertsoa maitasunaren parte ez denik. Uste dut, zalantzarik gabe, hala dela, baina ezin da horretara murriztu. Ume baten jaiotza maitasunaren parte dela ulertu beharko genuke, baina ez genuke ondorioztatu behar ume baten jaiotza maitasunaren betetzea denik. Benetan interesatzen zaidana maitasunak irauten duen denbora da Baina izan gaitezen zehatzago: “iraun” ez du esan nahi maitasunak betirako iraun behar duenik. Esan nahi du maitasunak bizitzan irauteko beste modu bat asmatzen duela. Gure existentziak, maitasunak joten bagaitu, denbora bizitzeko modu berri bati aurre egiten diola. Noski, poetari oihartzun ematen badiogu, maitasuna “irauteko gogo latza” ere bada. Baina, hori baino gehiago, iraupen ezjakin baten nahia da. Zeren, denok dakigunez, maitasuna bizitzaren berrasmakuntza baita. Maitasuna berrasmatzea berrasmakuzunaren berrasmatzea da.

Alain Badiou, Conditions

Conditions liburuan, maitasunari buruzko hainbat ideia iraunkor zalantzan jartzen dituzu, batez ere maiteminduta egotearen sentimendua ilusio bat dela dioen ideia, moralista frantsesen tradizio ezkorraren funtsezko kontzeptua dena, eta zeinaren arabera, maitasuna ez baita besterik dekorazio-fatxada bat baizik sexuaren errealitatea aldarrikatzeko” edo “maitasuna funtsean desioa eta sexu-jelosia” dela uste duena. Zergatik kritikatzen duzu kontzepzio hori?

Kontzeptu moralista hau eszeptizismoaren tradizio batekoa da. Filosofia honek dio maitasuna ez dela benetan existitzen eta desioa kamuflatzea besterik ez dela. Desioa da benetan existitzen den gauza bakarra. Ikuspegi horren arabera, maitasuna irudimenak eraikitzen duen zerbait besterik ez da sexu-desira izkutatzeko. Ideia honek, historia luzea duena, gu denok amodioaz susmatzera bultzatzen gaitu. Era berean, segurtasun hizkuntzari dagokio, funtsean zera esaten digulako: “Aizu, desio sexualak badituzu, bete itzazu. Baina ez duzu zertan norbait maitatu behar duzun ideiari lotu beharrik. Hori guztia ahaztu eta aurrera!”. Baina hori horrela bada maitasuna ahultzen -edo, nahi baduzu deseraikitzen- ari dela esango nuke sexuaren errealitatearen izenean. Alde horretatik, nire esperientzia aipatu nahiko nuke. Jakinaren gainean nago, uste dut, ia denok bezala, sexu-desiraren bultzadaz eta insistentziaz. Adinak ez dit hori ahazten uzten. Badakit, baita ere, maitasunak bere garapenaren baitan inskribatzen duela desio horren betetzea. Eta hori garrantzitsua da, izan ere, literaturak antzinatik dioen bezala, sexu-desiraren betetzeak ere froga material arraro horietako bat bezala funtzionatzen duelako, gorputzari guztiz lotuta, maitasuna hitz batzuen adierazpen hutsa baino gehiago dela frogatzen duena. “Maite zaitut” moduko adierazpenak topaketaren ekintza zigilatzen du, funtsezkoa da eta konpromiso bat osatzen du. Baina gorputza errenditzea, arropa eranztea, biluzik egotea bestearentzat, keinu santu horiek entseatzea, lotsa guztiei uko egitea, oihu egitea, gorputzaren inplikazio hori guztia maitasunaren aurrean amore ematearen froga da. Erabakigarrian bereizten du adiskidetasunetik.

Adiskidetasuna gorputz-harremanik gabekoa da, ez dago gorputzaren plazerarekiko ohiartzunik. Horregatik, atxikimendu intelektualagoa da, eta pasioarekiko susmoa duten filosofoek beti hobetsi izan dutena. Maitasunak, batez ere denboran zehar, adiskidetasunaren alderdi positibo guztiak hartzen ditu bere baitan baina maitasuna bestearen izatearen osotasunarekin lotuta dago, eta gorputzaren errendizioa osotasun horren ikur material bihurtzen da. Egongo da zera esaten duena: “Hori ez da egia! Desioa da eta desioa soilik hor lanean ari dena». Nik sostengatzen jarraituko, maitasuna deklaratzen den bere esparru propioan, deklarazio hori dela, baita ezkutuzkoa bada ere, desioaren ondorioak sortzen dituena, eta ez desioa bera. Maitasunaren indarra desioa barneratzean frogatzen da. Gorputzen erritua, horrela, hitzaren adierazpen materiala da, bizitza berriro asmatzeko promesa beteko den ideia helarazten du, hasiera batean gorputzaren bidez. Baina beren eldarniorik basatienean ere, maitaleek badakite maitasuna, egon, hor dagoela, goizean esnatzen direnean, beren gorputzen aingeru zaindariaren gisan, bakea jaisten zaienean euren gorputzek maitasuna deklaratu dutelako frogaz jabetzen direnean. Horregatik uste dut maitasuna ezin dela eta ez dela inorentzat, ezabatzeko gogotsu dauden ideologoak kenduta, sexu-desiraren azal hutsa – espeziearen biziraupena bermatzeko trikimailu sofistikatu eta kimerikoa.

Alain Badiou, Nicolas Truong (Eloge de l’amour, Flammarion, 2006)
Maitasunaren gorazarrea: “-III- Maitasunaren eraikuntza”. (Itzul., IG)

Share This