Maitasunaren gorazarrea: -II- Filosofoak eta Maitasuna

Diferentzia, Filosofia, Maitasuna

“Maitasunaren gorazarrea” liburutxo bikainaren aurkezpenaren (Sarrera) eta lehen kapituluan (Maitasuna mehatxu pean) maitasuna berrasmatu behar dela argudiatu ondoren, bigarren kapitulu honetan, Filosofoak eta Maitasuna, Alain Badiouk dio filosofoek, orokorrean, bi aurkako jarrera izan ohi dituztela maitasunarekiko. Adibidez, Schopenhauer-ek gorroto zuen maitasuna eta Kierkegaard-ek jainkozkoa zela uste zuen. Gero Platonen maitasunaren ikuspegia ematen jarraitzen du, maitasunak zoriarekin eta unibertsaltasunarekin duen erlazioa azalduz eta, jarraian, Lacanek, XX. Mintegian, “Ez dago harreman sexualik” esamoldearekin esan nahi zuena argituz. Badiouk, ondorioz, bi baino hiru modu nagusi daudela dio, filosofiak maitasuna interpretatzeko orduan: (1) maitasuna estasi erromantiko gisa, (2) maitasuna kontratu legalista gisa, eta (3) maitasuna ilusio eszeptiko gisa. Badiouk, maitasunaren hiru interpretazio horien parean, (4) laugarren bat eskaintzen digu: maitasuna Egiaren bilaketa da, Bat-aren ikuspegitik baino Bi-ak osatzen duen maitasunaren subjektu berritik abiatzen den bilaketa da. Bi-aren eszenak erabat aldatzen du Bat-aren munduan izateko esperientzia. Maitasunaren Bi-aren eszenak osatzen duen Subjektu berriaren agerpenak edo gertakizunak gizabanakoaren Bat eta bakarra Izateko agindu garaikide nagusia hankaz gora ezarriko du . Maitasuna, horrela, argibide berri bat indibidualtasunaren kontra baina, modu berdinean, guztiz ezberdina da, azkenik, Levinas batek maitasunaren inguruan duen jarrera eta ikuspuntuarekiko. Badiourentzat Bestearekin topaketa Bestearen esperientzia baino Bestearekin osatutako subjektu berri baten proiektu edo proiekzio existentziala da.

 

 

***

-II- FILOSOFOAK ETA MAITASUNA

 

Rimbaudengandik “Maitasuna berriro asmatu behar da” esaldia hartzen duzu eta poeta eta idazle ugari hartzen dituzu maitasunaren ikuskera propioa garatzen duzun bitartean. Baina lehenik agian beste filosofoei buruz galdetu beharko genizuke. Hain gutxik maitasunarekiko interes serioa erakutsi izanak harritzen zaitu, eta erakusten dutenean, normalean ez zaude haiekin ados. Zergatik?

Filosofoen eta maitasunaren arteko harremana, zalantzarik gabe, ez da oso zuzena. Aude Lancelin eta Marie Lemonnier-en Filosofoak eta maitasuna Sokratesetik Simone de Beauvoir-eraino oso argi erakusten du hori. Liburuak interes gehitua du filosofoen pentsamoldearen eta haien bizitzaren azterketa uztartzen dituelako, gaia moteldu gabe. Zentzu horretan, ia aurrekaririk gabekoa da. Liburuak erakusten du nola filosofiak bi muturren artean oszilatzen duen maitasunari dagokionez, tarteko ikuspuntuak egon arren. Alde batetik, “maitasunaren kontrako” filosofia dago eta Arthur Schopenhauer da joera horren ordezkari nagusia. Ezaguna da emakumeei ez diela inoiz barkatuko maitasunaren grinazko esperientzia izatea idatzi zuela, ondorioz ezertarako balio ez duen giza espezie bat iraunaraztea posible eginez! Mutur bat da. Beste muturrean, maitasuna esperientzia subjektibo maila gorenetako batean bihurtzen duten filosofoak aurkitzen dituzu. Hori da Sören Kierkegaard-en kasua, adibidez. Kierkegaardentzat hiru existentzia maila daude. Maila estetikoan, maitasunaren esperientzia sedukzio eta errepikapen hutsalarena da. Plazeraren berekoikeriak eta berekoikeria horren berekoikeriak berak gizabanakoak bultzatzen ditu, arketipoa Mozarten Don Juan izanik. Maila etikoan, maitasuna benetakoa da eta bere seriotasuna erakusten du. Betiko konpromisoa da, absoluturantz zuzendua, Kierkegaard-ek berak Regina gaztearen gorteilu luzean bizi izan zuena. Maila etikoak maila gorenera bidets gaitzake, erlijioren maila, baldin eta konpromisoaren balio absolutua ezkontzaren onarmena bada. Ezkontza, beraz, ez da maitasun bidegabearen arriskuen aurkako lotura sozialaren sendotze gisa planteatzen, baizik eta benetako maitasuna bere oinarrizko helmugara bideratzen duen instituzio gisa. Maitasunaren azken eraldaketa posible bihurtzen da “Egoa bere gardentasunetik murgiltzen denean sortu duen boterearekin topatzeko”, hau da, maitasunaren esperientziari esker, Egoa bere jainkozko iturrian errotzen da. Orduan da maitasuna sedukziotik harago mugitzen dela eta, ezkontzaren bitartekaritza serioaren bitartez, super-humanoaren eremura sartzeko bide bihurtzen. Ikusten duzunez, filosofiak tentsio handiarekin borrokatzen du. Alde batetik, sexuaren bitxikeria natural gisa ikusitako maitasunak susmo arrazional moduko bat pizten du. Alderantziz, erlijiozko epifaniarekin muga egiten duen maitasunaren apologia ikusten dugu. Kristautasuna atzealdean dago eta maitasunarena erlijioa da azken finean. Tentsio hau, bestalde, ia jasanezina da. Horregatik, azkenean, Kierkegaard-ek Reginarekin ezkontzeko ideia onartu ezin izan zuenean, harekin hautsi zuen. Azkenean, lehen mailako esteta limurtzailearena ordezkatzen zuen, bigarrenaren promesa etikoa bizi izan zuen baina ez zuen ezkontzaren benetako larritasunaren bidez hirugarren mailara igarotzea lortu. Edonola ere, maitasunari buruzko gogoeta filosofikoaren formen sorta osoa bisitatu zuen.

Ez al da arazo honekiko zure interesa Platonek burututako hasierako mugimendura itzultzen, maitasuna Ideiara hurbiltzeko bideetako bat bilakarazi zuenean?

Platon nahiko zehatza da maitasunari buruz dionaz: unibertsaltasunaren hazia maitasunerako bulkadan dago. Maitasunaren esperientzia Ideia deitzen duen zerbaitetarako bulkada bat da. Horrela, gorputz eder bat miresten besterik ez dudanean ere, nahi ala ez, Edertasunaren ideiaren bidean nago. Nahikoa termino ezberdinetan izanda ere berdin pentsatzen dut – maitasunak trantsizio posible baten esperientzia barne hartzen duelaren zentzuan, alegia, zorizko eta auzazko topaketa huts batetik balio unibertsala duen egoera batera igaro daitekeen neurrian. Topaketa batetik, alegia, edo huskeria bat besterik ez den zerbaitetik abiatuta, mundua desberdintasunaren arabera bizi edo esperientziatu dezakezula ikasten duzu eta ez identitatearen arabera bakarrik. Eta prozesuan zenbait erronkei aurre egin beharko diezu baita agian sufritu ere. Gaur egungo munduan, orokorrean, gizabanakoek beren interes propioa bakarrik bilatzen dutelako uste nagusia dago. Maitasuna horren aurkako antidotoa da. Baldin eta elkarrekiko mesedeen truke bakarrik planteatzen ez bada, edo aldez aurretik inbertsio errentagarri gisa kalkulatzen ez bada, maitasuna zorizko kasualitatean jarritako konfiantza paregabea da. Maitasunak, horrela, desberdina denaren esperientziaren funtsezko arloetara eramaten gaitu, funtsean, mundua desberdintasunaren ikuspegitik bizi dezakezula pentsatzera eramaten gaitu. Eta alde horretatik, ondorio unibertsalak ditu: potentzial unibertsala duen esperientzia indibiduala da, eta, beraz, filosofiarako funtsezkoa da, lehena izan zen Platonek intuitu zuen bezala.

Jacques Lacan, maitasunaren teorizatzaile handietako bat, zure ustez, Platonekin ere elkarrizketan aritu zen eta ondorioztatu zuen: «Ez dago harreman sexualik”. Zer esan nahi zuen?

Oso tesi interesgarria da berea, ikuspegi moralista eta eszeptiko batetik eratorria, baina kontrako ondoriora eramaten duena. Jacques Lacanek gogorarazi du, sexuan, banako bakoitza bere kabuz dabilela hein handi batean, nolabait esateko. Berez, bestearen gorputza bitartekaria besterik ez da baina, azkenean, plazerra beti izango da zure plazerra. Sexuak bereiztu egiten du, ez du batzen. Biluzik egotea eta bestearen kontra sakatzea irudi bat da, irudikapen imajinario bat. Benetakoa izan, edo erreala, plazerak urrun eramaten zaituela da, bestetik oso urrun. Erreala dena nartzisista da, lotzen duena imajinarioa da. Beraz, ez dago harreman sexualik, ondorioztatu du Lacanek eta proposamen horrek jendea harritu zuen, garai hartan mundu guzia zehilen eta “harreman sexualak” gora eta behera hitzegiten geratu gabe. Sexualitatean harreman sexualik ez badago, harreman sexual ez hori maitasunak betetzen du.

Lacanek ez du esaten maitasuna mozorro bat denik sexu harremanetarako; esaten du harreman sexualak ez direla existitzen eta maitasuna dela harreman ez hori ordezkatzera datorrena. Eta hori ideia askoz interesgarriagoa da: maitasunarekin baten “bestearen izatera” hurbiltzen saiatzea dela dio Lacanek. Maitasunean norbanakoa bere burutik haratago doa, nartzisismotik haratago. Sexuan, benetan, zure buruarekin harremana duzu bestearen bitartekaritzaren bidez. Besteak plazeraren errealitatea deskubritzen laguntzen dizu. Maitasunean, aitzitik, bestearen bitartekaritza nahikoa da berez. Halakoa baita amodiozko topaketaren izaera: bestearekin engaiatzera zoaz zurekin batera existitzeko, bera den bezala. Maitasunaren ikuskera askoz sakonagoa da, maitasuna sexuaren errealitatearen gainean margoketa imaginario bat baino ez dela dioen ikuspegi guztiz hutsala baino.

Izan ere, Lacanek maitasunarekiko anbiguotasun filosofikoetan ere dihardu eta “maitasuna harreman sexualik eza betetzen duena da” dioenean ideia hori bi modutara interpreta daiteke. Lehenengoa eta agerikoena da maitasuna irudimenak sexuak sortutako hutsunea betetzeko erabiltzen duena dela. Eta egia ere bada, azken finean, sexua, benetan zoragarria baldin bada edo izan daitekeen arren, hutsune moduko batean amaitzen dela. Eta horregatik dago egon errepikapenaren legearen menpe: behin eta berriro hasi behar da. Egunero, bat gaztea denean! Maitasuna, hortaz, hutsune honetan zerbait existitzen den ideia izatera dator, benetan existitzen ez den sexu-harreman honetaz aparte, maitaleak beste zerbaitekin lotzen dituen zerbait.

Oso gaztea nintzela, Simone de Beauvoir-en Bigarren sexua-ren pasarte batek asko harritu ninduen, ia nazkatu. Bertan deskribatzen du nola, sexu harremanak izan ondoren, gizonak emakumearen gorputza laua eta biguna dela sentitzen duen eta emakumeak, paraleloan, gizonaren gorputza, orohar, bere zati tenteaz gain, ez dela oso erakargarria, apur bat barregarria baizik.

Antzerki-farsak edo vaudeville-ak antzeko pentsamenduak etengabe erabiliz eragiten digu barrea. Gizonaren desira Falo komiko, sabel handi eta inpotentearen desira da, eta gaurko edertasun ororen zain dagoen etorkizuna bular eroritakoen atzozahar hortzgabearena. Samurtasun maitagarria, bestearen besoetan lokartzen zarenean, gogoeta desatsegin hauen gainean botatako Noeren kapa bezalakoa da. Baina Lacanek guztiz kontrakoa ere uste du, maitasuna ontologikora (edo izatearen auzira) heltzen dela, hain zuzen. Desioa beti modu fetitxista samarrean bestean zentratzen den bitartean, bularrak, ipurdia eta zakila bezalako objektu jakinetan… maitasuna bestearen izatean zentratzen da, bestea bere izateaz guztiz armatua nire bizitzan lehertu den heinean nire aurreko bizitza guztiz eten eta birmoldatuz.

Benetan esaten ari zarena da interpretazio filosofiko oso kontraesankorrak daudela maitasunari dagokionez?

Nagusiki hiru. Lehenik eta behin, interpretazio erromantikoa dago topaketaren estasiari erreparatzen diona. Bigarrenik, Meetic zita agentziari buruz hitz egiterakoan laburki aipatu duguna, ikuspegi komertzial edo legalista batean oinarritutako interpretazioa, maitasuna azkenean kontratu bat izan behar duela dioena. Kontratu hau ustez elkar maite dutela adierazten duten bi gizabanako askeren artekoa da, inoiz ahaztu ez arren. harremanaren beharrezko berdintasunean, elkarren arteko onuraren sistema dagoela, eta abar Azkenik, maitasuna ilusio bihurtzen duen interpretazio eszeptikoa dago. Nire ikuspuntu filosofikoa da maitasuna ezin dela hurbilketa hauetako batera murriztu eta egiaren bilaketa bat dela esaten saiatzen da. Zer nolako egia? galdetuko duzu. Egia, esan nahi dut, nahikoa zehatza den zerbaitekiko: zer nolako mundua ikusten du batek biren ikuspuntutik bizitzen duenean eta ez baten ikuspuntutik? Nolakoa da mundua diferentziaten eta ez identitatearen ikuspuntutik experimentatzen, garatzen eta bizitzen denean? Hori da maitasuna nire ustez. Proiektu bat da, sexu-desioa bere alderdi guztietan hartzen duena, noski, haur baten jaiotza barne, baina baita beste mila gauza ere, edozein gauza, izan ere, norberaren bizitza eta identitatea zalantzan jartzen dituen momentutik diferentziaren ikuspegitik.

Maitasuna, zure ustez, mundua diferentzian oinarrituta bizitzeko modu bat dela kontuan hartuta, zergatik ez duzu partekatzen Emmanuel Levinas filosofoaren iritzia, hots, maiteminduta dagoen pertsonak maite duen beste pertsonarengan bizitzen duena ez dela “beste edozeinetatik ezberdina den kalitatea, baizik eta desberdintasunaren kalitatea bera”? Zergatik ez duzu onartzen maitasuna bestearen esperientzia dela?

Uste dut ezinbestekoa dela ulertzea diferentzian oinarrituta dagoen munduaren eraikuntza guztiz desberdina dela desberdintasunaren esperientziatik. Levinas-en ikuspegia bestearen aurreko esperientzia murriztezinetik abiatzen da, Jainkoa “Beste Ahalguztidun” gisa ulertzen duen epifania dena. Bestetasunaren esperientzia zentrala da, etikaren oinarria delako. Tradizio erlijioso handi batean, maitasuna ere sentimendu etiko bihurtzen da par excellence. Baina nire ustez, ez dago ezer bereziki “etiko”rik maitasunari dagokionez eta maitasunean inspiratutako hausnarketa teologiko hauek guztiak ez zaizkit asko gustatzen historian eragin handia izan dutela jakin arren. Bat-ak Bi-aren kontrako azken mendekua besterik ez dut ikusten. Nik sinesten dudana da benetan topaketa bat badagoela bestearekin, baina topaketa bat ez da esperientzia bat, gertakizun bat da nahikoa opakua izan daitekeena eta mundu errealaren oihartzun anitzetan soilik gauzatzen dena. Maitasuna ezin dut ikusi, ezta ere, “komunio” baten esperientzia gisa, hots, bestearen izenean neure burua ahazten dudan esperientzia bat balitz edo, hori mundu honetan, Beste Ahalguztidunarengana eramango nauenaren eredua baita, azkenean. Faustoren amaieran, Goethek “femenino eternoak Gora eramaten gaitu” baieztatu zuen jada. Sentitzen dut, baina horrelako adierazpenak nahiko lizunak iruditzen zaizkit. Maitasunak ez nau “gora” edo, bestela ere, “behera” eramaten. Proiektu existentziala da, soilik bizirik irauteko edo nire nortasuna berresteko nire bulkadatik baino ikuspuntu deszentratu batetik eraikitzen dena.

Hemen, “eraikuntza” eta “esperientzia” bata bestearen aurka ezartzen ditut. Maite dudan emakumearen sorbaldan makurtzen naizenean, eta ikusten dudanean, demagun, ilunabarreko bakea mendi-paisaia baten gainean, urre-berde-soroak, zuhaitzen itzala, sudur beltzeko ardiak hesiaren atzean geldirik eta eguzkia gailur malkartsuen atzean desagertzen, eta jakin badakidanean -ez bere aurpegiko espresioagatik munduaren beraren den bezala barnetik baizik- maite dudan emakumea mundu bera ikusten ari dela, eta konbergentzia hori munduaren parte dela eta maitasunak, une horretan bertan, hain zuzen, diferentzia identikoaren paradoxa osatzen duela, orduan, bai, maitasuna existitzen da, eta existitzen jarraituko duelaren promesa berresten da. Kontua bera eta ni Subjektu berezi honetan inkorporatuta gaudela baita orain, munduaren eszena gure desberdintasunaren prismatik ikusten duen maitasunaren Subjektua, hain zuzen; nire irudikapenak besterik ez diren begirada indibidualatik haratago, beraz, mundu hau pentsatu eta sortu dezakeen Subjektua. Maitasunak beti irekitzen baitu mundu berriaren jaiotzan presente egoteko aukera. Ume baten jaiotza, horrela, maitasun barrutik jaio bada, aukera horren beste adibide bat da.

Alain Badiou, Nicolas Truong (Eloge de l’amour, Flammarion, 2006)
Maitasunaren gorazarrea: “-II- Filosofoak eta Maitasuna”. (Itzul., IG)

Share This