Maitasunaren Gorazarrea: HITZAURREA

Afrodita, Eriximako, Gorazarrea, Lacan, Maitasun pandemikoa, Pausanias, Platon, Symposium, Venus

Alain Badiouren arabera filosofiaren betebeharra maitasuna dela eta, maitasuna zer den deskribatzea eta zer izan daitekeen arakatzea da, ez zer izan behar duen — orokorrean hori izan baita, maitasuna zer izan behar den agintzea, alegia, hasi Aintzinako Greziatik eta modernitate ilustratuaren emozioen kontrako arrazoian ardaztutako irudikario nagusietaraino egin dena. Ideia nagusia, horrela, edo halabeharrezko deia zera izan da: maitasuna sexualitate gisa ulertuta gehiegikeria grinatsuari lotuta dagoen heinean, adimenaren indar arrazoizkoekin kontrolatu behar da; benetako maitasunak adierazten duen emozioen zein sexu-gehiegikerien nagusitasuna arrazoizko jakintza bertutetsuaren bidez eduki, eutsi eta garaitu behar da. Edo, bestela esanda, jakintzaren zuhurtasunak maitasuna domestikatu edo etxekotzeko balio behar du.

Emozioen eta arrazoiaren arteko talka horretan , modernitate ilustratuaren aurretik nahiz eta antzera, Aintzinako Grezian ere hedatua zegoen eta nagusia zen Eros edo maitasun erotikoa arriskutsua eta beldurgarria zelako ustea. Eros, maitasunaren eta desioaren jainkosa, are ausardiaren eredu eta heriotzaren beldurrik gabekoa, jakintzaren zuhurtasunaren baliabidez etxekotu edo domestikatu behar zen.

 

 

Alta, Aintzinako Greziakoa aurkezteko halabeharrezkoa da Badiouk Jacques Lacan eta Plato-rekikoduen miresmena azaltzea, baita maitasunaren gai zehatz honi lotuta ere. Badiourentzat Lacan eta Plato ardaztzat hartu behar dira maitasunaren gorabeherez jabetzeko:

Lacan maitasunaren pentsalaria da. Ez dut ezagutzen maitasunaren teoria horren sakonik Lacanena baino Plato kenduta, Symposium-eko Plato, hain zuzen, norekin Lacanek behin eta berriz dialogatzen duen.

Zentzu horretan, zaila da Lacanen eta Platoren ironia fina ez estimatzerik. Lacanek, hasteko, zera dio:

Ikaragarria da jendeak oraindik maitasunari buruz hitz egiten jarraitzea, baliteke ohartuko zirelako, denbora honen guztiaren ondoren, horri buruz hitz egiteagatik maitasunak berak ez duela arrakasta handiagoa izan. Garbi dago, beraz, hitz eginez egiten dela maitasuna.

Eta zer erakusten du, bestalde, Maitasunaren Gorazarrea itzuli izanak, gehi hitzaurre aurkezle hau eta bukaerako hitzoste kritikoa eranstearen beharrak ez bada ganorazko maitasunaren arrakasta urriaren aurrean maitasuna, hemen ere, hitz eginez egiten dela. Alta, eskerrak, gero, arazoa ez dela bakarrik gu moduko jende arruntarena bakarrik. Platoren arabera jainkoak ere sobera alperrak direla baitirudi:

“Jainkoek ezin dute ezertxo ere ulertu maitasunari buruz”

Edo hori dio behintzat Symposium-ean. Aipatu behar da. Symposium grekoa giza-erakunde garrantzitsua zela, gizarte aristokratikoaren familia errespetagarrietako gizonezkoak biltzen baitzituen bertan eztabaidatu, konspiratu, harrotu edo bata bestearen aurka oldartzeko.

Platonen Symposium-ean edo janari festan, Oturuntzan alegia, parte hartzen duten goimailako gizon aipagarri batzuk, Sokrates barne, aldi bereko hitzaldiak eman beharko dituzte afari ostean, aurretik jarritako maitasunaren gaiaren inguruan —Symposium-a bera, hain zuzen, Eros edo maitasunaren eta desioaren jainkosaren ohorean baita.

Lacan, bete aldetik, Pausanias Atenaskoaren diskurtsoan barrena sartzen da, batik bat, gero Eriximako sendagile gaztearekin eztabaida adierazgarri baten protagonista ere badena.

Pausaniasen hitzaldia maitasunaren bi mota desberdinen arteko bereizketari buruzkoa da, maitasuna ezin baita modu bakarrekoa izan, egon bi Afrodita desberdin daudelako.

Lehen Afrodita Venus Uraniarra da, Lurraren kontrako euriaren proiekziotik jaioa, Kronosek Uranioren lehenbiziko zikiratze edo kastrazio primordialaren ondotik hazia. Bigarrena Zeus eta Dionea elkartzetik sortu zen Afrodita da – emakume Titaniarra, ez Uraniarra.

Eta Pausaniasen arabera emakune Titaniar hau emakume pandemikoa da halaber. Pandemikoa pandemia hitzak duen zentzu ezkorrenean, Pausanias sobera esplizitua baita maitasun mota hau errespetu gabeko mespretuz baztertzeko ematen duen azalpenean,
alegia: bigarren Afrodita titaniar eta pandemiko hau ez da aristokratikoa herritarra baizik, eta herriarena, maitasun mota desberdinak nahasten dituen horietakoa.

Maitasun pandemikoak ez du zer ikusirik Afrodita edo Venus Uraniarraren maitasunarekin, zeina goikoen dominakuntzaren osagaia baita.

Aintzinako Grezia ofizialean, beraz, maitasun kontutan sexu biologikoa edo jeneroa ez ziren arazoa, Pausaniasen maitalea, adibidez, Agathon poeta zen, baina aberatsa, eta, ondorioz, berez edo jakituna ez izatea bai.

Pausaniasen jarrera zuzentze aldera, aipatu Eriximako sendagile gazteak, maitasunaren ikusbide zientifikoagoa eskaintzen saiatzen da eta nola maitasunak halaxe gorrotoak, biak ala biak batera, gizakidea eta natura inguratzen dituztela argudiatzen du.

Eriximakoren arabera, maitasunaren kudeaketa medikoa eta fisikoa dela eta, zehazkiago, arazoa ez da Pausaniasek eratzen duen goi mailako maitasun uraniar aristokratikoaren eta behe mailako maitasun pandemiko herritarraren arteko oposaketa.

 

 

Maitasunaren ondorioak ulertzeko astronomia ebokatuz, Eriximakok ematen duen hitzaldiaren muina zera da: maitasunarekin eta sasoien ordenarekin bat etorriz lortu nahi duzun harmonia gauza bat eta bera dira. Naturaren ordena harmoniotsuaren arabera ez bada gauzatzen, maitasuna lilurakeriaz, zakarraz eta gehiegikeriaz barrenblaitzen da eta desastrea, nahasketa eta hondamena dakar — sasoien izaera naturala nahasten denean izotz beltza, txingorra, gari izurria eta beste makina bat gauza gaizto dakarren bezala — baita, erantsi dezakegu adibide osagarri gisa edo, Perikles aintzindari handia, bere bi semeak eta Atenaseko biztanlegoaren herena akabatu zuen sukar tifoideoa ere.

Laburtuz, Pausaniasen arabera maitasun pandemikoa klase jatorriarekin lotuta dago eta herritar xumeen gaitza da soilik, jakintzaren zuhurtasunaz argitua ez dagoen neurrian. Eriximakoren arabera, aldiz, maitasunak gehiegikeria sexuala adierazten du maitaleen jatorria zer nahi, naturaren sasoian sasoizko lege harmonioutsuak jarraitzen ez duena — maitasuna dela eta naturaren legea ugaltzeko lehen betebeharrarekin lotuta baitago, sentimendu sexualak pizten duen suaren eraginak norberaren kontrola galtzea dakarren bitartean.

Antzinako greziar elitearena, hortaz, Eros maitasun erotikoaren eta ugalkortasunaren jainkosak adierazten duen indarra arintzea eta murriztea izango da — Eros etxekotuz, batetik, ugaltzeko lehen betebeharrari lotuko zen neurrian, eta, bestetik, sexuarekiko grinak zein gorputzaren pasiozko desio haragizkoak kontrola galtzea dakarrela salaketaren bidez, bigarren Eros hau baztertzen saiatuz, aintzinako greziarren artean zeharo arriskutsua eta beldurgarria zelako ustea baitzuten.

Zentzu horretan, klase distinkzioaren eta zientziaren erabilera sobera interesatu hauez gain ez da harritzekoa izango maitasuna adierazteko sexualitatearen esanahi-esparrutik kanpoko hitzak ugaltzen badira, Eros beldurgarriaren indarra arintze edo diluitze aldera.

Hitz hauen artean batzuk, Badiouk Maitasunaren Gorazarrea liburutxo miresgarri honetan deskribatuko duen maitasunaren prozesua adierazten dute ia-ia zuzenean, hala nola: ‘Ludus’ edo hasierako topaketa zorizkoaren inguruko maitasun ludikoa eta ‘Pragma’ edo maitasun iraunkorra prozesuaren eta iraupenaren garrantzian sostengatzen dena, baldin eta, hau da, ‘Mania’ edo maitasun obsesiboak gaina ez badu hartzen maitasunaren porrota erakarriz.

Badiouren ikusbidearen osagarri bezala, bestalde, badaude beste hitz batzuk modu zilegizko eta eraginkorrean hemen aipatu daitezkeenak. Hor dago ‘Storge’, esaterako, edo familiaren maitasuna, “gai bitxi eta konponezina” Sokratesen arabera. Gero ‘Philia’ edo adizkidearen maitasuna dago, zeinak, Aristotelesen arabera, zer ikusi zuzena baitu burkidetasunarekin, gudari espartanoen modukoa — elkarrekin garai gogorrei aurre eginda sortzen den taldekideen leialtasun sentimenduak eta sakrifizio zentzua eskatzen duena.

Eta, azkenik, hor daude ‘Agape’ edo norberari gabeko maitasuna eta ‘Filautia’ edo norberaren maitasuna. Norberaren maitasuna, gaur egun, industria oso bat da soilik, ideologia neoliberal garaikide nagusiaren “ni-lehen” urrezko arauaren inguruan antolatzen dena.

 

 

‘Agape’, aldiz, politikagintza kolektiboa ardazteko maitasunaren modu errotiko, gorengo eta garbiena da, Badiouk berak Sauloren unibertsaltasunaz ari denean antzera aditzera emango duen bezala. Agape maitasun desinteresatuaren lekune kolektiboa da, desira materialik gabekoa. Eta burkidetasuna, jakina, gehiago dago lotuta norberari gabeko besteen maitasun altruistarekin norberaren maitasun egoistarekin baino.

Esan bezala, “Maitasunaren gorazarrea” liburu oso laburra da eta Alain Badiouri egindako elkarrizketa batetik sortzen da. Maitasuna, Badiourentzat, ezinbestekoa da filosofiarako. Izan ere, filosofiaren lau baldintzetako bat da bere sisteman, artea, zientzia eta politikarekin batera. Zentzu horretan, gehienbat azterketa kritioa den aipatu Hitzostea-n erakuten da, besteak beste, liburutxo honek Badiouren pentsaera orokorraren oinarri batzuez jabetzeko ere balio duela.

Erantsitako Hitzaurre hau eta Hitzosteaz gain, Maitasunaren Gorazarrea libruaren edukiak zortzi atalen zehar barreiatzen dira;

          Sarrera
          I Maitasuna Mehatxupean
          II Filosofoak eta Maitasuna
          III Maitasunaren Eraikuntza
          IV Maitasunaren Egia
          V Maitasuna eta Politika
          VI Maitasuna eta Artea
          Bukatzeko

Ondoren, spoiler baino gida gisa aurkeztuko ditugunak, labur-labur:

Sarrera: Badiouk liburuaren ideia nola sortu zen argitzen digu eta arestian aipatutakoarekin lotuta, maitasuna filosofiaren baldintza denez, Badiouk digu garrantzitsua dela filosofoa maitalea izatea, artista, zientzialaria eta aktibista politikoa izatearekin batera.

I Maitasuna Mehatxupean: Badiouk maitasunari zoria eta arriskua kentzen saiatzen diren zita guneekiko duen nazka azaltzen du eta maitasuna berriro asmatu behar dela dio. Errealismo kapitalistaren ‘gozatu hemen eta orain’ eredu kontsumitzaile faltsutik haratago, maitasuna bestearekin arriskuak hartzea da.

II Filosofoak eta Maitasuna: Filosofoek, orokorrean, bi aurkako jarrera izan ohi dituzte maitasunarekiko (adibidez, Schopenhauer-ek gorroto zuen eta Kierkegaard-ek jainkozkoa zela uste zuen) eta maitasuna bera interpretatzeko hiru modu nagusi daude: maitasuna (1) estasi erromantiko gisa, (2) kontratu legalista gisa, eta (3) ilusio eszeptiko gisa. Alta, Badiouk laugarren bat eskaintzen digu: maitasuna Egiaren bilaketa da, Bat-aren ikuspegitik baino Bi-ak osatzen duen maitasunaren subjektu berriarekin maitaleen munduan izateko modu berritik. Bi-aren eszena(tokia)k Bat-aren Izatearen agerpena aldatzen du, erabat. Maitasuna argibide berri bat da baina guztiz ezberdina Levinas batek maitasunaren inguruan duen jarrerarekin alderatuz gero. Badiourentzat Bestearekin topaketa ez da Bestearen esperientzia, Bestearekin osatutako subjektu berri baten proiektu existentziala baizik.

III Maitasunaren Eraikuntza: “Maite zaitut” adieraztea maitasunaren zigilua da eta maitasunaren bi ezaugarri nagusienak hauek dira: maitasuna bi lagunen arteko disjuntura da eta maitasunean hasierako topaketa gertakizun baten jatorria da. Maitasunean disjuntura eta/edo sexu-diferentzia oinarrizkoa da, maitasunak desioa eta sexua barneratzen, bereganatzen eta gorputz-adierazpen bihurtzen dituen heinean. Hau esanda, gertakizun guziak bezala, maitasuna iraupenean gauzatzen da eta etengabeko prozesu bat da. Denborazko dimentsioa funtsezkoa da eta iraupena ezinbestekoa maitasuna bizitzaren berrasmakuntza iraunkorra delako: bi bizitza bat bihurtzen da bien arteko diferentzia ezabatu gabe. Alta, maitasuna ez da familia nuklear baten ekoizpenera murrizten.

IV Maitasunaren Egia: Maitasuna gertakizuna izanik, prozesuan baieztatzen den ‘egiaren prozedura’ ere bada, hara hor Badiouren tesi garrantzitsua. Maitasunak norbanakoak duen munduan egoteko esperientzia bakarti eta egozentrikoa guztiz aldatu eta hankaz gora ezartzen du, eta, ondoren, prozesuan oinarritzen da eta hasierako ‘maite zaitut’ deklarazioa bera gertakizunari fideltasunean oinarritzen da, bidean zenbait ‘puntu’ edo momentu erabakior zeharkatzera eskatuko duena maitasunaren egia berraukeratuz eta berbaieztatuz (ala ez). Are gehiago, politikan, zientzian edo, artean bezala, maitasunean garatzen den gertakizunaren egiak betierekoa edo eternoa denaren esperientziarekin bat dator, hemen, lurrean.

V Maitasuna eta Politika: Politika kolektiboaren inguruan ardazten den bitartean maiatasuna Bi-aren inguruan da – hori da politikaren eta maitasunaren arteko bereizketa nagusia. Beraz maitasuna eta politika ezin dira besterik gabe nahastu — politika, izan ere, maite ez dugun jendearen aurka borroka delako. Benetako politikak benetako etsaia identifikatu behar du. Baina maitatzeko ez dago etsaien edo arerioen beharrik. Horrek ez du esan nahi maitasuna prozesu oso bortitza eta mingarria izan ez daitekeenik. Baina maitasunaren benetako arriskuak ez dira kanpoko etsaiak, bi maitaleen arteko funtsezko desberdintasunetik sor daitezkeen barne-gatazkak baizik. Bestela esanda, maitasuna ez da bakearen sinonimo. Maitasunaren benetako etsaiak norberekoikeria (identitatea) eta jelosia (bestearen bestea) dira. Badiouk, gero, maitasuna eta erlijioaren zein komunismoaren arteko harremana aztertzen du “anaitasuna” esanahiari buruzko eztabaida ardatz. Erlijioaren maitasunaren eta anaitasunaren ikusmen transzendenteak baino, Badiourentzat, maitasuna imanentea da: maitasuna hemen eta orain gure munduan egotea errotik aldatzen duen zerbait da. Baina ez da mundua gainditzera eramaten gaituen zerbait. Zentzu horretan, komunismoa, benetako politika kolektibo modu gisa, ez dago berehala maitasunarekin lotuta, nahiz eta bai zabaltzen dituela maitasunerako aukera berriak. Batzuetan, gainera, maitasunaren aldeko borrokak eta askatasunaren, berdintasunaren eta abarraren aldeko borrokak aldi berean gertatzen dira. Beraz bai politikan eta bai maitasunean badago konpromiso moduko bat, amore ez ematearekin lotuta dagoena.

VI Maitasuna eta Artea: Badiouren arabera, artegintzaren ezaugarri bat beste eremuetako gertakizunak (politikoak, zientifikoak eta amodiozkoak) nola islatzen dituen ere bada. Surrealismoarekin buruz, horrela, proiektu artistiko, existentziala eta politikoa zela azpimarratzen du, baita surrealismoaren asmoa maitasuna berriro asmatzea zela ere, à la Rimbaud. Are gehiago, surrealismoari maitasunaren alderdi bat-batekoa eta eroa atsegin zitzaion, inoiz ezin dela maitasuna lotzen duen legerik egon alegia. Alta, Badiourentzat, maitasunaren beste ezaugarri erdi-erdikoa iraupena da, maitasuna irauten duen lana da, modu ezkorrean izanda ere, Samuel Beckett-ek ondo asko azaltzen duena bere lan batzuetan, maitasunaren iraupen alderdi hori, hain zuzen, bestearekin egunerokotasuna, konpromisoa, eta abar irudikatzen duenean. Honetaz gainera, Badiou bere gaztarotik datorren antzerkiarekiko maitasun sakonaz ere mintzo da eta antzerkiarekin lotuta, filosofoek ere aktore izan behar dutela dio. Filosofoen lana, aktoreena bezala, egiaren zerbitzura seduzitzea da.

Bukatzeko: Hemen Badiouren azken hausnarketa biltzaileak datoz, nondik ondorio pare bat atera daitezke: maitasuna eta politika berez ez badira nahastu behar, bai, maitasuna erresistentzia gunea izan daiteke munduko ordena kapitalistaren aurka; eta ez, ez dago zertan nagusien beldur bizi behar, maitasunak zer edo zer erakuste badu gu gizabere arrunton antzeko arazoei aurre egin behar diela baita.

Badiourekin, laburtuz, Maitasunaren Gorazarrea ez da berez Eros jainkosaren gorazarrea. Behin eta berriz, hemen eta han, errepikatuko duen bezala maitasuna eta sexualitatea bereiztu egin behar dira eta sexualitate askearen aldeko jarrerak ez du berez maitasunaren auzia agortzen edo konpontzen.

Edonola ere, maitasunaren gaiari buruzko Badiouren zenbait ikusbideek sortuko dituzten susmo batzuetatik haratago, Badiouren maitasunari buruzko ikusbideen kritikarako ikus Hitzostea, argi dago berea ez datorrela bat dagoen kapitalismo heteropatriarkalak sustatzen dituenarekin, dela bat-bateko zein edonolako sexuaren kontsumo neoliberala edo dela familia nuklear burgesaren defentsa kontserbadorea — biak ala biak batera, kontraesanik gabe, sustatzen dituenak, azken finean! Badiourena, aitzitik, eta zentzu guztiz baikorrean ulertuta, maitasun pandemikoaren gorazarrea da: maitasun herritar potentzialki iraultzailearen gorazarrea.

Gozatu irakurketa.

IG

Share This