Diferentzia, Alain Badiourentzat, zentzu bikoitz batean ulertu behar da. Alde batera, “diferentziari indiferentzia” leloa dago, beste lelo honekin lotu behar dena: ‘ontologia matematika da’. Badiouk berak argitzen duen bezala, errealitatean ontologia ez da matematika, matematiken gaia ez baita ontologiarena, ontologiaren gaia Izatea den heinean.
Lelo hauen helburu bakarra, horrela, Izatearen multiplizitatea edo aniztasuna errealitatean dagoena dela azpimarratzea da: Dagoen errealitatearen Izate guztiz anikoitz eta zeharo inkonsistentearen aurrean, matematiken edo, zehazkiago, multzoen teoriaren betebeharra aniztasun heterogeneo eta nahasi horri argitasuna eta koherentzia ematea da, besterik ez.
Alta, diferentzia errealitatean dagoena besterik ez denez, edo errealitatea bera diferentzia hutsa denez, interes eskasekoa da, halaber, pentsamendurako, hutsaren urrenekoa.
Pentsamenduaren mailan, beraz, Badiouren diferentziari indiferentzia leloak gaur egun nagusi diren kultura aniztasun zein kulturartekotasunaren aldeko ohiko diskurtso sozial-liberal zein baita hainbat diskurtso de-kolonial maiz a-kritiko ere kolokan ezartzeko balio du; eta arazoa ez da hobetzen praktikan.
Praktikan, hain zuzen, diferentziak identitatea ukatzen baitu. Identitateak berdina dena eta errepikapena (baita kultura/nazio batena, edo sexu/generoarena zein arraza/etnizitatearena…) adierazten duen bitartean, diferentziak zinez du bestea (edo bestetasuna) oinarri. Eta dagokigun gaira lotuta, maitasuna, alegia, Badiouk diona argigarria suertatzen da identitatearen parean diferentzia eta bestetasunaren garrantzia azpimarratzeko orduan:
“Maitasunak bestearen aldea onartzea eskatzen du, bestearengan erabateko konfiantza izatea. Beste hori gure bizitzan erabat presente dagoela onartzea, gure bizitza beste horrekin lotuta dagoela”.
Maitasunaren Gorazarrea bikainaren barrena, Badiouk maitasunaren ikuspegi interesgarria ematen digu. Baita, nabarmenduko den bezala, eztabaidagarria ere. Maitasuna, hasteko, bi pertsonen arteko topaketa guztiz ez-usteko edo kontingente batekin abiatzen da. Topaketa horren egia maitasun-deklarazioarekin gertakizun bilakatzen da eta gertakizun hori, gero, prozesuan egiaztatzen da, iraupenean, maitasun-gertakizunaren egiari fideltasunean.
Badiouren arabera, beraz, maitasuna ezin da behin-behineko sexu harremanetara laburtu, are gutxiago gizarte garaikideko merkatuaren lege eta kontsumoaren ideologia nagusitik bultzatzen den norberaren gozamen sexualarekin lotu. Maitasuna zerbait bada, ‘ni-lehen’ lelo neoliberalaren ukapena baita, ukapen politikoa.
Politika eta maitasunaren arteko harremana dela eta, horrela, bi gauza azpimarratu daitezke; bat: maitasuna eta politika egitura desberdineko egiaren prozedurak dira eta ezin dira berez nahastu;baina bi: horrek ez du esan nahi ez dagoela bien arteko zirrikiturik edo bata bestearengandik zer ikasi.
Badiouren maitasunari buruzko ikusbide orokor honetan zenbait begi-bistazko arazo sumatzen dira — nahiz eta kontuz gero begi-bistazkoegiak diren arazoekin.
Hasteko, maitasunaren esperientzia betiere gertukoa eta konkretua filosofiaren hizkuntza urrun eta abstraktuarekin islatu nahi izatea litzateke.
Garrantzitsuago, bigarren, zalantza sor daiteke Badiourena, azken finean, sexualitatearen beste ulermen patriarkal klasiko baten aldaera izango ez ote. Ematen baitu betiko botere patriarkal horrek erabiltzen dituen definizio berdinez baliatzen dela — hasi Eros etxekotzeko saiakeretatik eta pasioen edo emozioen bazterketa ardatz, modernitateko arrazoian ardaztutako jakintzaraino, ohiz sexualitatearen transgresioak euste aldera erabili direnak.
Maitasunaren eta politikaren artean egiten duen bereizketarekin, berdin, sexualitateak emakumeen eta LGTBI+ kolektiboen askapenerako borroketan duten garrantziaren ukapena dirudi, bikotekide heterosexualen arteko maitasun erromantikoaren eremutik ateratzen ez den heinean.
Laburtuz, beraz, ikusi beharko Badiouren azalpenak mendebelako beste gizon zuri eta zahar eta abar baten arzalpenak ez ote. Eta ikusi beharko, are gehiago, Badiouren posizioa eta posizio horrekiko zalantzak eta egon-ezak gure inguru militante hurbiletik begiratuz eta testuinguratuz.
Hasteko, baina, hona hemen, berriz, Alain Badiouren Maitasunaren Gorazarrea liburutxo miresgarriaren muina labur-labur azalduta.
Maitasunaren defentsan
Alain Badiourentzat, bergogoratu dezagun, zientziak, arteak eta politikak bezala, maitasunak egiaren prozedura generiko bat osatzen du. Nahiz eta:
“Artearekin, zientziarekin edo politikarekin alderatuta, maitasuna ez da berez egiaren prozedurarik ohikoena, proposatuena baizik”. [*]
-I-
Maitasunaren indarra azpimarratzeko, Badiou gertakizun guzietara aplikatzen duen hiztegiaz baliatzen da: egia, subjektua, fideltasuna… Eta inportantea, hemen, Bi-ak Bat-ari gaina hartzen diola azpimarratzea da. Maitasuna bi pertsona desberdinen arteko amodiozko topaketa batekin hasten da, zerbait kontingentea, harrigarria, ez-ustekoa da, bi pertsona horien ordura arteko errealitatea hankaz gora ezartzen duena. Baina gertakizuna bera bata bestearen desberdintasun edo diferentziatik jorratzen den prozesuan egiaztatuko da denboran zehar:
“Maitasuna ez da berdin(tsu)en arteko harremana bi diferentzia errotikoen artekoa baizik. […] Maitasuna Biren ikuspuntutik munduaren ikerketa da, eta ez Bia osatzen duten termino bakoitzaren bata besteari buruzko ikerketa…Maitasuna ez da bi nartzisisten arteko kontratua”.
Maitasunarekin onarmen bat dator, eta erabaki bat: ‘ni-lehen’ logika peko nork beraren buruaz kezkatzeko agindua baztertu behar da eta beste pertsona baten existentzia norberaren kezka bihurtzen dela onartu. Maitasunak zerbait erakusten badu benetako diferentzia zer den da, identitateari oposatuta dagoena.
Maitasuna dela eta, gero, funtsezkoa ez baita hasiera bera, maitemintzeak bideratzen duen aipatu prozesua baizik:
“Maitasunaren ez-usteko horrek prozesu bati ekiten dio funtsean munduko esperientzia bat dena. Maitasuna ez da bakarrik bi norbanakoen arteko harreman hertsi eta estua, eraikuntza bat da, egiten den bizitza da, ez Bat-aren ikuspegitik Bi-aren ikuspegitik baizik. Pertsonalki, beti interesatu izan zaizkit iraupenaren eta prozesuaren inguruko galderak, eta ez bakarrik hasierari buruzkoak”.
Bestearekin topaketa harrigarri eta ezustekoa baino, hortaz, amodiozko edo maitasun-gertakizunaren egiarekiko fideltasuna topaketa horretatik jarraian sortutako bizi-mundu edo mundu propio eta elkarlotua da. Maitasun-gertakizunaren egiarekiko fideltasuna prozesuan baieztatzen da, prozesuan zehar ematen diren zenbait ‘puntu’ edo une erabakigarrietan, hala nola: maitasun deklarazioa -maite zaitut-, haurrak, krisiak eta abar. Maitasun-gertakizunaren aldeko apustuak erabaki betiere arriskutsuak hartzea eskatzen baitu denboran zehar.
Maitasuna arriskutsua baita. Arriskutsua berrasmamenaren premia iraunkorra delako; eta horrek esan nahi Badiou, noski, maitasunaren prozesua bortizkeriara irekita dagoela ondo jakinaren gainean dagoela:
“Maitasuna ez da bakarrik drama, era-hilketa eta odola ere bada. Agian politikan bezain beste tragedia dago maitasunean. Maitasuna gauza zaila da, eta azken finean bakana. Porrotez, gaizki-ulertuz, nekez, ezeztapenez beteta dago. Baina beti saia gaitezke”.
Laburbilduz, ez da bakarrik maitasunak bestetasuna eta desberdintasuna edo diferentzia aztertzera behartzen gaituela norbanakoaren edo norberaren identitatearekiko obsesioetatik urruntzera lagunduz; da, baita ere, maitasuna ezusteko topaketa batekin abiatuz etengabeko prozesu arriskuz betea dela, etengabeko egiaren bilaketa bat, iraupena eskatzen duena gertakizunaren egiari fideltasunez. Eta da, are gehiago, maitasunaren subjektuarena ez dela murrizten norberaren asebetetze sexual soilera. Badiouk ez baititu maitasuna eta sexua aldez-alde, bata bestearen ondoan ezartzen; eta, zentzu berean, horrela, bortizkeriaren iturri nagusia dena, jelosia, hain zuzen, edo “Bestearen Bestearekiko susmo” iraunkorra bera maitasunaren prozesutik at ezartzen du.
-II-
Maitasuna eta sexuaren arteko bereizketa dela eta Badiouk adierazi nahi duena gehiago argitzeko maitasunaren teoriko aparta bezala goraipatzen duen Jacques Lacan psikoanalistaren legendazko esaldi batez baliatuz hasten da:
“‘Il n’y a pas de un rapport sexuel’: Jacques Lacanek gogorarazten digu sexualitatean benetan bakoitza bere ‘rollo’ra ari dela, nolabait esateko. Bestearen gorputzaren bitartekaritza egon badago, noski, baina azkenean gozamena beti izango da zure gozamena. Sexuak ez du batzen, banatu egiten du”.
Lacanek dioena hobeto ulertzeko euskarara itzulpena argigarri suertatzen da: “il n’y a pas de rapport sexuel” esamoldean rapport edo erlazio hitzak maitasunaz kanpo ‘har-eman’ sexualik ez dagoela ‘har-har’ sexuala baizik adierazten baitu eta gertakizun gisa, aitzitik, maitasunaren egia sexuzko transakzio hutsetik haratago dago. Beste nonbait dion bezala:
“Pixka bat modu brutalean hitz egiteko: amodiozkoa ez den gorputzen agerpen sexual oro masturbatzailea da zentzu hertsian; posizio baten barnetasuna besterik ez dago. Hau ez da inondik inora epaiketa bat, mugaketa soil bat baizik, masturbazio-jarduera ‘sexuala’ jarduera guztiz arrazoizkoa baita”. [Eta hortik aurrera]: “Beno, erabat ados nago sexua moralatik askatu behar dela. Ez dut astapito zahar baten erara sexualki esperimentatzeko askatasunaren aurka hitz egingo – baina sexualitatea askatzen duzunean ez dituzu maitasunaren arazoak konpontzen.” [*]
Maitasuna eta sexuaren arteko bereizketarekin, beraz, ‘maitasuna ez da sexua’ esamoldeak ez du adierazten maitasuna askatasun sexualaren kontra mehatxua denik. Maitasunak mehatxatzen duena, aitzitik, zer eta benetan dagoen edo existitzen den kapitalismo basatiaren ideologia nagusia baita, eta bertan proposatzen zaigun merkatuaren zein merkatugaien legea — tartean aipatu “ni-lehen” lelo neoliberalean laburbiltzen den norbanako burujabe eta askearen ideia ahul baina arrakastatsuari aurre egiteko maitasunean ehundutako bestetasunaren esperientzia sakonaz baliatuz.
Oinarri-oinarrian, noski, ideologia garaikide nagusiaren bidez maitasunaren esperientzia sakon horren trufa dator eta sexu-merkataritzarekin maitasuna sexu eta asetasun erotiko hutsera laburtzen da: maitasuna bat-bateko sexuarekin lotuta dagoen gozamen hutsaren aldaera besterik ez da. Kontsumo kulturan dena baitago salgai eta dena eskuragai, baita sexualitatearen modu, mota eta tankera guziak ere: gozatu nahi bezala, gozatu nahi duzuenarekin, gozatu nahi beste. Hedonismo norberekoia errege, maitasuna arropa erosketak egitea bezala, edo oporrak disfrutatzea bezala, beste gozamen modu bat da, besterik ez.
Guztiz alderantziz, aipatu maitasunean ehundutako bestetasunaren esperientzia sakonaz ari denean, Badiou bi desberdinen arteko topaketa kontingente batetik abiatzen den prozesuari buruz ari da, maitasunak lehiara eta basakeriara tolesten ez den gizateriaren zati nabarmena erreferentzia bezala hartuz; Badiouk aditzera ematen duenaren arabera ez baita egia lehiakortasuna, gorrotoa, indarkeria, norgehiagokeria eta banaketa munduko halabeharrezko lege direnik. Izan ere, horregatik behar da maitasunaren ideia defendatu, bere haustura balioa eta indar subertsiboa, are iraultzailea berretsiz.
Maitasuna, ber-laburtuz, Bi-aren agerpena da, prozesua da, ez da sexua eta ez da, ezta ere, askatasun sexualaren aurkakoa indar eraldatzaile handiko engaiamendu subertsiboa baizik. Nahiz eta maitasuna eta politika, biak ala biak subertsiboak izanda ez datoz zuzenean bat eta ezin dira, berez, nahastu.
-III-
Maitasunaren Gorazarrea liburutxoan argi eta garbi geratu den bezala, maitasuna eta politika egiaren prozedura generiko berezituak dira, eta, artea bezala, bestalde, berezitu egin behar dira egitura ezberdinak dituztelako: politika kolektiboan oinarritzen da eta ekintza politikoak, politikaren definizioan funtsezkoa den etsai edo aurkari baten aurrean, kolektiboaren gaitasunak egiaztatzen ditu.
Maitasuna, berriz, ez da borroka kolektiboaren eremua eta bere eraikuntzan ez dago parte hartzen duen etsairik. Maitasunaren etsaia, izatekotan, arestian aipatu jelosia da eta, batez ere, norberekoikeria, Bi-aren eraikuntzaren edo maitasunaren subjektuaren porrota.
Alta, egitura desberdineko prozesuak adierazten dituzten heinean, maitasuna eta politika ezin direla zuzenean bateratu ez du esan nahi politika eta maitasuna bata bestearen eredu ezin izan daitezkeenik — are gutxiago bata bestearekin ezin direla gurutzatu.
Azken finean, Badiourentzat, maitasunak kolektiboarekin baino bi norbanakoarekin lotuta dagoen politika komunistaren egitura bera baitu:
“Maitasuna eta politika konpromiso sozialaren bi figura nagusi dira. Politika kolektibo batekin entusiasmoa da; maitasuna bi pertsonen artekoa. Maitasuna, beraz, komunismoaren forma minimoa da”.
Eta maitasuna politikatik bananduz bi egitura guztiz desberdineko egiaren baldintzak direla dioenean, gauza baten, behintzat, Badiou zuzen dabil. Are gehiago, berezkotzat eta emantzat ulertzen dugun gure pentsamendu aurrerakoi eta alternatiboaren barnean zenbait paradoxa eta inkonsistentzien aurrean ezartzen gaitu.
Beste sail batzuetan, Badiouren zenbait kontzeptu nagusien esanahia eta Gertakizunaren teoria azaldu eta gero [I] zera azpimarratu dugu jada, alegia: euskal askapen nazionalerako mugimenduaren hipotesi politiko emantzipatzailearen singulartasuna zenbait belaunaldien zehar luzatutako prozesuan sortu eta garatu ditugun erakunde eta giza-mugimenduetako militante edota burkideen fideltasunean eta konpromiso kolektibo luze bezainbat tematian oinarritzen da; [II] eta, are gehiago, bere agorpenaren inguruan zalantzak zalantza, argudiatu da, baita ere, euskal askapen nazional eta sozialaren prozesu zehatza eta lokalizatua berritzeko eta aurrera bultzatzeko aukera irekia dirauela, besteak beste [III].
Alta, maitasuna eraikuntza luze eta tematitzat aurkezteak berak alarma bat baino gehiago piztuko ditu gure artean eta, beraz, datozen iruzkin kritikoek ez dute, inolaz ere, feminismoari orokorrean inolako leziorik emateko asmorik; aitzitik, zehatz mehatz, askapen mugimenduaren koordinatuetan mugitzen den feminismoarekin elkartruke sortzaile gisa antzeman behar da — mugimendu politiko emantzipatzaile berdineko burkideen arteko elkartasun militante gutxieneko testuinguruan ulertu behar direnak.
Izan ere, nabaria baita feminismoaren aldarrikapen generikoetatik tiraka Badiouri kritika intelektual eta militante posibleak arestian, iruzkin honen lehen zatian, Badiouren maitasunaren inguruko aurkezpena egin eta bertatik tiraka bideratzen direla; hala nola, jada sumatzera eman bezala:
Bat: Badiouren maitasunarekiko hiztegia eta ikuspegia, bikoteak gordetzen duen erditasuna, iraupenaren garrantzia, etengabeko egiaren bilaketa bat dela eta abar, alegia, ez ote dira oinarritzen epelkeria erromantikoetan eta ez ote dira, azken finean, mistifikazio hutsak.
Garrantzitsuago dena, Bi: zertan datza Badiouk operatzen duen bereizketa hori gizakiaren existentzia hutsalaren eta subjektuak sortzen dituen gertakizunen artean? Bai, aparteko gertakizun singular baten subjektu heroikoaren iruditegia miresgarria izan daiteke; baina ez ote da Badiouk berak banalizatzen duen gu giza animalion existentziaren maila arruntean bertan ematen diren benetako borroken kaltetan? Dagoen egoeraren gainditzeko eremua gizakideen existentzia arruntarena baita errealitatean, ez subjektu idealizatuen gertakizunarena, imajinarioan. Eta errealitatean, egon, genero bortizkeria, diskriminazio sistemikoa eta parekidetasun eza dago. Are gehiago, bikoteen existentziaren maila erreala baino errealagoak, oro har, abusu, tratu txar eta ustiapenaren lekune pribilegiatua dirau.
Azken finean, bada, Hiru: Komunismoaren forma minimoa baino, Badiouren maitasuna antzemateko modua ez ote dirau patriarkatuak betikotzen duen emakumeen kontrol eta menderapenerako tresna? Esan nahi baita: Azken finean, Badiourenak gizonezkoen inguruan ardaztutako mendebaleko ezker historikoaren posizio klasiko baten neurria besterik ez du ematen — gure artean, hain zuzen, hau da, euskal askapen mugimendu politikoaren barruan aspalditik gaindituta dagoena.
Bakarrik, barkatu burkide maiteok, betiko salaketari betiko erantzuna: maitasunaren berrasmamenaren premia eta beste politika posible bat azaltzea askatasun sexuala ukatzea ez den bezala, Badiouk proposatzen duen maitasunaren gorestea bera ez dago ardaztuta dagoenaren onarmenean, justu-justu alderantziz baizik.
Honek ez du esan nahi gizaberearen existentzia arruntaren eta subjektu berriak sortzen dituen egiaren gertakizunen arteko mailen artean sortzen den impasseaz jabetu eta arduratu behar ez garenik. Izan ere, Badiou bera ondo asko jabetzen da zailtasun horretaz:
“Giza animaliaren jokaera arrunta Spinozak «izatearen iraupena» deitzen duenarekin lotuta dago, baten interesen jarraipena edo norberaren kontserbazioa baino ez dena. [Giza animalia gisa] iraupena da arautzen gaituen legea. Baina egiaren froga ez dago lege honen pean. Dagoen egoeraren edo jada badagoenaren parte izatea guztion berezko patua da. Aitzitik, egiaren baten subjektu izatea bide jakin bat jarraitzea da, etenaldi iraunkorra, eta oso zaila da jakitea hori nola konbinatu norberaren iraupen hutsarekin”.
Beraz ezin dugu ahaztu gizakide edo giza animalia gisa gure existentzia arrunta baino petralaren baldintzak eraldatze aldera, gu geu ere aparteko gertakizun zehatz eta singular bateko subjektu etiko-politiko kolektibo baten parte-harle militante zuzenak izaten darraigula.
Umiltasun faltsurik ez, hemen! gurea gizabere gisa existentzia arrunta bezainbat petralaren baldintzak eraldatzeko aparteko gertakizun politiko zehatz eta lokalizatu baten agerraldiaren eta garapenaren baieztapena eta gorazarrea ere baita, militante edo burkide gisa egia politiko singular bati fideltasunean oinarritzen dena, subjektu kolektibo eraginkor baten bilakaeraren zehar.
Baina berritzuli gaitezen dagokigun gaira, gertakizuna maitasunaren esparrura laburtu eta politikoki aztertzera.
Nork esan du maitasuna?
Badiouk maitasuna ulertzeko duen inguruan zenbat susmo orokortuen artean, aipatu ditugu jada, bi nagusitzen dira: bere maitasunaren unibertsalizazioak aurresuposatzen omen duena hetero-arau nagusia dela; eta politikaren eta maitasunaren arteko banaketak aurresuposatzen duena sexualitatearen politika transgresiboen bazterketa dela.
Eta gero, beste argudio bat ere egon daiteke, batez ere hasierako maitasun topaketaren inguruko bizigarritasun guziaren aurrean, hainbat eta hainbat literatur lanetan zein kantuetan eta abar nabaritzen dena, Badiouren azalpen filosofiko sakon eta sofistikatuegiek edo, benetako maitasunaren beraren poesia hiltzen ez ote, ia-ia, agian, maitasunaren kimika aztergai, hormonen aldaketaz, testosteronaz edo dopaminaren eraginaz azalpen zientifikoak bezain beste.
Baina arakatu dezagun hau guzia, ondoren, Badiouren benetako esanahietara berritzuliz.
-IV-
Badiouren maitasunari buruzko ikusbide nagusiak maitasunaren beraren beste idealizazio erromantiko bat besterik ez dela litzateke, berria dirudiena baina azken finean, izatez, oso zaharra dena; ematen baitu maitasun-gertakizunen egia unibertsala ukitzeko soilik sexu desberdineko bikoteen epe luzeko harreman konprometituen bidez lor daitekeela: unibertsalizatzen duena, alegia, ohiko bikote heterosexualaren egitura monogamoa da, harreman irekiak direla eta, besteak beste, idazketa feministak edota LGTBI+ planteamenduak erabat baztertuz.
Gauzak horrela, Badiourena maitasun erromantikoaren beste aldaera bat besterik ez dela salatzea zuzena dirudi; are, baita ere, bere ikuspegi puritau, kontserbadore eta idealistak, bestela defendatzen duen komunismoaren aldeko posizio politiko erradikala ahultzen duela. Azken finean, azaltzen duena ez omen baita, oro har, maitasunaren transgresioak eduki nahian ohiko aginte-erakunde atzerakoien amodio erotikoari buruzko azalpen moralisten horren ezberdina.
Zentzu berean, arazo erantsia, aipatu maitasunaren eta politikaren artean marrazten duen muga litzateke. Maitasun modernoaren sexu-transgresioak transgresio politikoekin uztartu gabe ulertzeko bidea balego edo. Aitzitik, emakumeen eta LGTBI+ eskubideak ardatz, maitasuna, sexualitatearekin lotuta, aldaketa politiko eta sozialaren muinean dago. Are gehiago, Badiouk aldarrikatzen duen maitasunaren unibertsaltasunak generoa eta sexualitatearen gain, azal-kolore eta klase posizio partikularretatik abiatutako borrokak baztertzen ditu.
Salaketa orokortu hauek, baina, hurbilagoko balorazioa merezi dute, badago zer erantzun eta.
Hasteko, ulertu behar dena Badiouk maitasuna hitza kategoria filosofiko gisa zergatik erabiltzen duen da, maitaleen esperientzia azaltze aldera. Maitasunaren egia ez baita ematen maitaleen kontzientzia berehalakoan. Maitaleek ez dute beren maitasun topaketez egiaren prozedura edo baldintza edo dena delakoak balira bezala pentsatzen, maitasun-kontu soil bat bezala baizik. Horregatik filosofoari dagokio norbanako edo gizakide gisa baino subjektu gisa maitaleen egia nola barreiatzen den erakustea. Filosofiaren betebeharra maitasuna zer den eta zer izan daitekeen arakatzea da, ez zer izan behar duen.
Zentzu horretan, gainera, esan beharra dago, eta irakurleak onartuko duelakoan nago, Maitasunaren Gorazarrea liburutxoan erabiltzen duen ‘jargoi’ idiosinkratikoa handi-mandia baino arina dela sobera, eta nekez traketsa oso modu dotorean eta ulergarrian emana baizik.
Horretaz gainera, azpimarratu behar da, baita ere, Badiouk ez duela baztertzen gay eta lesbianen edo edonor arteko maitasun-gertakizun bat suertatzeko aukera. Ezta, berez, Bi baino gehiagoren artekoa izan ezin daitekeenik. Bikotearen garrantzia subjektu gisa ez baitator ohiko genero kategorien arteko banaketatik: Maskulinoa / Femeninoa. Badiouren auzia Identitatearen Bat-arekin da, Diferentziaren eta Multiplearen aldekoa den heinean, alegia.
Maitasunaren egiturak ez du ukatzen sexu berekoen partaidetza edo parte hartzen duten bi maitale baino gehiagorena. Bi-aren gorespena ez da genero bereizketaren gorespena, ezta Hirua edo Laua edo zenbat delakoaren ukapena. Goresten duena multiplea eta diferentzia da eta ukatzen duena Bat-aren sakralizazioa: Ni, Jainkoa, Alderdia, Erakundea, Estatua…
Maitasuna eta politikaren arteko harremana dela eta, azkenik, bai, Badiourena maitasuna gertakizun gisa eta kontsumo kultura garaikideko bat-batekotasunean harrapatutako sexualitatea bereizteko ariketa da — artea, sorkuntza estetikoaren eremua den neurrian, merkatuaren boteretik bereizi behar den bezala edo zientzia, giza pentsamendu eraginkor eta desinteresatua den neurrian, interes komertzialetatik aldendu behar den bezala.
Egitura desberdineko egiaren baldintzak izanda, maitasuna politikatik desberdindu behar da. Baina horrek ez du esan nahi maitasunaren, edo artearen, are zientziaren politika ez dagoenik. Badiouk azpimarratzen duen bezala:
“Zentzu horretan da, maitasuna komunista ere badela onartzen bada, nik egiten dudan bezala, maitasun eman baten benetako subjektua bikotearen bilakaera dela eta ez bere osagaiak diren norbanakoen asetze hutsa”.
Badiourentzat, beraz, maitasuna Bat-aren gainditzea da, Bat-aren identitatearen parean multiplearen diferentzia goresten duena. Maitasuna, are gehiago, prozesuan egiaztatzen da maitaleen lehen topaketatik haratago eta sexura ezin dela laburtu ez du esan nahi maitasuna askatasun sexualaren aurka ezarri daitekeenik. Aitzitik, gizarte garaikideetan dagoen egoerari aurre egiteko beste modu bat da, horregatik maitasuna eta politika zuzenean lotzerik ez badago ere.
-V- Ondorioak: zaindu maite duzun hori…errukirik gabe
Berriz esateko, bada: Badiouk proposatzen duen maitasunaren defentsarako zutabeak hauexek dira: maitasuna ez da filosofiaren ikerketarako objektua, aitzitik, maitasunak gertakizun gisa ulertuta filosofia baldintzatzen du.
Maitasunaren subjektuak Bi maitaleen arteko fusio erromantikoa baino, batak bestearen aldea onartzea eskatzen du, jarrera horrek suposatzen duen arrisku guziekin.
Maitasuna gertakizun baten oinarritzen den heinean, maitasun-gertakizunarekiko fideltasun-prozesua hasiera bateko topaketa kontingente batekin abiatzen da eta zenbait momentu edo puntu erabakigarri desberdinen bidez iraupenean egiaztatzen da.
Are gehiago, maitasunaren porrotak eta tragediak ukatu gabe, maitasuna ezin da berez sexualitatearekin nahastu: maitasunaren subjektua ez da bere osagai diren norbanakoen asetze hutsera laburtzen.
Honek ez du esan nahi maitasunaren subjektua askatasun sexualaren kontra mehatxua denik sexualitatea askatzeak maitasunaren arazoak konpontzen ez dituela baizik.
Badiouren maitasunarekiko ikusbideak zenbait susmo eta zalantzen iturri suertatzen dira: erromantikoa, hetero-patriarkala…
Gauzak horrela, feminismotik abiatutako burkideen kritika sumatu daiteke, zeinaren arabera Badiouk mespretxatu edo egiten baitu gizakideon existentziaren maila arruntaren izaera erreala baino errealagoa.
Errealitatea, izan ere, sobera bortitza baita, era-hilketak, jazarpenak eta eraso matxistak… maitasun-gertakizunen gorazarre idealizatu edota poetikoegietan endredatzeko.
Alta, ezin da ukatu Badiouren lanak, orokorrean, dagoenaren aurrean aukera eraldatzaileez jabetzera bultzatzen gaituela.
Badiourena ez baita benetako errealitate materialeko egitura kapitalista eta hetero-patriarkalean betikotzen diren giza-desberdintasunen eta zapalkuntzen ukapena.
Badiourena, aitzitik, gehiago da hiztegi berri bat, edo, hobe, zenbait betiko hitzen ber-interpretazioak proposatzea, dagoen egoera objektibo ilunean bertan subjektuaren agerkeraren modu anitz askoak azaltzeko eta gertakizun gisa ospatzeko mundu bakar baten multiplizitate heterogeneoaren testuinguruan.
Zentzu horretan, Egiak, Badiourentzat, materialki ekoizten dira egoera zehatz eta lokalizatuetan:
“Egia singular orok gertakizun batean dute jatorria. Zerbait gertatu behar da, zerbait berria egon dadin”.
Eta gurea, mugimendu politiko gisa, gertakizun baten egian oinarrituta dago. Gurea leku zehatz batean eta ideia zehatz batzuen egia politikoari fideltasunean garatu den euskal mugimendu emantzipatzailearen bizi-munduko subjektutasun etiko-politiko baten singulartasun errotiko eta murriztu-ezina da.
Maitasunarekin gertatzen den bezala, hala ere, politikan, berdin, ezer ez dago aurretik emana eta dena da egunez egun, hemen eta orain, borrokatu beharra:
“Egia batek ziurtasunik gabeko gertakizun baten aldeko jendarte baten aldarrikapen militantearen bidez irauten du soilik, gertakizunaren agerraldia bera eta ondorioak baieztatzen duten neurrian gertakizunari fideltasuna mantenduz, hau da, gertakizunaren izenean subjektu bilakatzen diren jendarte horren bidez.”
Eta modu batera edo bestera, hori da maitasun politiko baten gorazarrea baimentzen duena. Maitasun politiko batena, bai.
Bukatzeko, bada: maitasuna, ikusi dugu, norberaren maitasun nartzisistaren ukapena da. Baina maitasuna ‘Agape’ bezala ulertzen dena ere bada; politikagintza kolektiboa ardazteko maitasunaren modua dena. maitasun desinteresatuaren lekune kolektiboa, burkidetzari dagokiona, hain zuzen— sinesleen komunitateari, Sauloren erara.
Zentzu horretan, burkide gisa, gure Izate kolektiboan gizabere gisa existentzia eta subjektu gisa gertakizuna bi maila desberdinen arteko tirabiratik sortzen diren zenbait impasse eta paradoxez jabetzea eskatzen du.
Hortaz, zalantzarik ez, ondo esanak gogoan hartu baino gaizki esanak barkatu. Alta, ezin bukatu gure artean nagusitu den maitasunaren gorazarre berri batek, emozioen eta afektuen inguruan antolatutakoak alegia, subjektuaren eragiletasuna baino giza animaliaren biktimizazio areagotua bultzatzen ez ote duen galdetu gabe.
Afektuen politika berriak ezin dira ganorazko engaiamendu politikoa baztertzeko erabili.
Hartu euskal preso politikoen adibide zehatza: ’maite zaituztegu’ diegunean presoak subjektu politikoak balira antzematen ditugu eta askapen mugimenduak garatutako gertakizun politikoaren mailan ari gara, ez euskal herritarren, orokorrean ulertuta, existentzia arruntarenean, giza abere pairatzaile gisa.
Alta, zaintzaren eta afektuen diskurtso berrien aterpean gauza bera ote da ‘pertsona presoak’ bezala izendatzea, burkide presoak, izan ere, biktima pairatzaileak soilik balira edo?
‘Maite zaituztegu’ esaterakoan, gizarteko talde zaurigarri guztiekin bezala, migrariak, gutxiengoak, haurrak, gure ardura nagusia ‘pertsona presoak’ nola ‘sentitzen’ diren, senitartekoak barne, jakitea da, orain, hauei ‘ahotsa ematea’ biktima zaurigarri gisa pairatzen duten sufrimendua arintze aldera.
Hara hor, bada, afektuen albo-efektu oker bat, behintzat: euskal preso politikoak ‘pertsona presoak’ bezala berrizendatuz humanoagoak edo akaso bilakatzen direla sinestea, giza abere arruntak, hain zuzen, gertakizun politiko zehatz eta singular baten engaiatutako subjektu eragile guztiz kontzienteak baino, are subjektu politiko bestela ere errotik bikoitzak iraganeko borroken balizko gehiegikerietatik haratago. Badiouk berak dion bezala:
“Gure gizatasunaren baitan gizadiaren osagai ilun, bortitz eta aldi berean argitsu eta baketsuekin topo egin behar dugu, gure gizatasun-osagaien barneko gizagabetasun-osagaiekin”.[***]
Gure borrokak, ondorioz, nola iraganekoak halaxe orainaldikoak, ez dira gure bizitza intimoa bortizki eteten dituzten istorio ilunak. Gure borrokaren ondorioak, are gehiegikeriak, ez dira gure berezko gizatasuna edo lohitzen dituzten orban zikinak.
Zaintzaren diskurtsoarekin batera suspertu nahi den umiltasuna ez dadila, bada, umiliazio bihurtu.
Zaindu maite duzun hori… errukirik gabe!
Maitasunaren Gorazarrea liburuaren kanpoko aipamenak saio/artikulu hauetatik datoz:
[*] Ainehi Edoro “Love is not a contract between two narcissists” BrittlePaper, 201-09-07-
[**] Alain Badiou “What is Love” Itzulpena ingelerara Justin Clemens in Umbr(a), No 1 (1996): 37-53.
[***] Alain Badiou, “The figure of the soldier” Philosophy for Militants, Bruno Boostels-ek ingelerara itzulia (Verso 2012) Oinarrizko liburua: La relation enigmatique entre philosophie et politique. Germina 2011. Euskarazko itzulpena HEMEN








