Hona hemen Alain Badiouren liburutxo zoragarria den “Maitasunaren gorazarrea” itzulpenaren amaiera. Orain bukatuta dagoela kapitulu denak testu bakar baten lotuko ditugu aurkezpen kritiko batekin batera. Baina bitartean hona hemen kapitulu bakoitzaren lerro bateko azken laburpenak, banan banan. Aurkezpena eta Sarrera sailean liburuaren aurkibidea eta ideia ardaztzaileak aurki daitezke; “Maitasuna mehatxu pean”, 1. kapituluaren muina maitasuna berrasmatu behar dela da; “Filosofoak eta Maitasuna” 2. kapituluan, filosofia eta maitasunaren arteko harremana aztertzen da, uste baino bihurriagoa dena; “Maitasunaren eraikuntza”, 3. Kapituluan, maitasuna gertakizunaren teoriarekin batera azaltzen da eta amodiozko topaketa gertakizuna den heinean “Maitasunaren egia”, 4. kapituluan, maitasuna beste ‘egiaren prozedura’ dela argudiatzen da, politika, artea edo zientzia bezala, prozesuan baieztatzen den gertakizuna; “Maitasuna eta politika”, 5. kapituluan, maitasuna komunismo minimo gisa aurkezten da eta “Maitasuna eta artea”, 6. kapituluan, azkenik, artegintza eta maitasunaren arteko harremana aztertzen da, antzerkigintzarena barne. Hemen, liburutxoaren bukaeran, Alain Badiouren azken hausnarketa biltzaileak datoz, nondik bizpahiru ondorio nagusi atera daitezke: mistifikaziorik ez, Frantzia bezala herri guziak daude zatituta; maitasuna eta politika berez ez badira nahastu behar, bai, maitasuna erresistentzia gunea izan daiteke munduko ordena kapitalistaren aurka; eta ez, ez dago zertan nagusien beldur bizi behar, maitasunak zer edo zer erakuste badu gu gizabere arrunton pareko arazoei aurre egin behar diela baita.
BUKATZEKO
Berriro asmatu eta defendatu beharreko maitasun honetara itzuli nahi dut. “De quoi Sarcozy est-il le nom?” (‘Zein esanahi du Sarkozy izenak”) lanean diozu maitasunaren berrasmatzea merkatuaren lizunkeriaren eta egungo ezkerreko nahaste politikoaren aurkako erresistentzia puntu posible bat dela. Zure ustez, nola izan liteke maitasunak Frantziako presidenteak sinbolizatutako munduaren aurkako edozein erresistentzia?
Uste dut ezinbestekoa dela Frantzia aldi berean iraultzen herrialdea eta erreakzio-lur handia dela ikustea. Horrek Frantzia dialektikoki ulertzen laguntzen du. Askotan eztabaidatzen dut atzerriko lagunekin honetaz, oraindik asmakizun iraultzaileen ertzean dagoen Frantzia zoragarri baten mitoa gordetzen dutelako. Beraz, ezinbestean txundituta geratu ziren Sarkozyren hautaketaz, ez baitzen batere kabitzen ikuspuntu honetan… Frantziako historia bat eraikitzen dutela, esaten diet, non Ilustrazioaren filosofoek, Rousseau, Frantziako Iraultza, (18)48ko Ekaina, Parisko Komuna, Fronte Popularra, Erresistentzia, Askapena eta 68ko Maiatza elkarren atzetik datoz. Hori dena ondo dago eta ona da. Baina badago istorioaren beste alde bat: 1815eko Errestaurazioa, Versailleskoa, Gerra Handiko Batasun Santua, Pétain, gerra kolonial izugarriak… eta Sarkozy. Beraz, Frantziako bi historia daude eta korapilatuta daude. Historia iraultzaile handiak istiluak sortzen dituzten bakoitzean erreakzio obsesiboarekin topo egiten dute. Ikuspegi horretatik, maitasuna ere jokoan dagoela uste dut. Gainera, maitasuna beti egon da gertakizun historikoekin lotuta. Maitasunean erromantizismoa XIX.mendeko iraultzei lotuta dago. André Breton Fronte Popularra, Erresistentzia eta borroka antifaxista ere bada. 68ko maiatza esperimentuen eztanda handia izan zen sexualitateari eta maitasunari buruzko ikuspegi berrietan. Baina testuingurua iluna eta atzerakoia bilakatzen denean, identitatea erdigunean ezartzeko ahaleginak egiten dira. Forma desberdinak har ditzake, baina beti da identitatea. Eta Sarkozy ez zen motel ibili. Lehenengo helburua: atzerriko langileak. Bere tresna: legedi basatia eta errepresiboa, barne ministro zenean jadanik probatuta zuena. Erabilitako diskurtsoak frantses eta mendebaldeko identitateak uztartzen ditu. Ez du erreparorik kolonial txiki bat egiteko “afrikar gizon”-ari dagokionez. Proiektu erreakzionarioa beti da “gure baloreen defentsa”, mundu mailako kapitalismoaren moldean sartzearekin batera identitate posible bakar gisa. Bultzada hori gidatzeko erreakzioa beti oinarritzen da, modu batean edo bestean, identitatearen erreferentzia gordinean. Eta identitatearen logikak irabazten duenean maitasuna mehatxupean dago. Diferentziari lotuta dagoen modua, bere dimentsio soziala baita bere alde basatia ere, potentzialki bortitza barne, mehatxupean daude. Sustatzen dutena segurua den “maitasuna” baita, beste segurtasun-ekimen guztiekin bat datorrena. Beraz, premiazkoa da orain maitasunak legearekiko duen harreman subertsibo eta heterogeneoa defendatzea. Maila minimoenean, maiteminduta dauden pertsonek diferentzian konfiantza jartzen dute, horren susmoa izan beharrean. Erreakzionarioak beti dira ezberdin denaren susmagarri identitatearen izenean; hori da haien abiapuntu filosofiko orokorra. Guk, aitzitik, diferentziari eta horren ondorioei irekiak izaten jarrai nahi badugu, kolektiboa dena mundu oso rako izan dadin, bada, orduan, maitasunaren defentsa norbanakoek praktikatu behar duten zerbait bihurtzen da. Ezberdina denarekiko maitasunak, bakarra, errepikaezina, ezegonkorra eta arrotza dena, zalantzan jarri behar du identitatearekin lotuta dagoen errepikapenaren kultoa. 1982an “Theorie du sujet” (“Subjektuaren teoria” liburuan zera idatzi nuen: “Maita ezazu inoiz bi aldiz ikusiko ez duzuna”.
Era berean, zentzu horretan, Jean-Luc Godard-en, “Eloge de l’ amour” (Maitasunaren gorazarrea, 2001) filmak, gure elkarrizketaren izenburua inspiratu zuen kantata moduko lan zinematografikoak, maitasunaren eta Erresistentziaren arteko elkartze bat, korrespondentzia bat ezartzen du…
Noski! Godardek historiako momentu batetik bestera, erresistentzia eta sorkuntza haintzat hartzen zituenak inskribatu izan ditu beti bere filmetan, eta, oro har, bere begietan irudi baten konposizioan sartzea merezi zuen guztia. Berarentzat ezinbestekoa da, nire ustez, maitasuna sexualitatearen kontzepzio sendo eta puritano baten eta emakumeengan maizago dagoen tentsio benetan amodiotsu baten artean banatzea, gizon guztiek erronkari aurre egin diezaioten haiekin bat egitez edo gai honetan beren agintea onartuz. Lan egin berri dut bere hurrengo filmean, non ziurrenik filosofo-irakasle baten papera egingo dudan luxuzko gurutzontzi batean, edo agian ez, nork daki eta, azkenean, artista honek zer egingo duen filmatutako gauza guztiekin? Baina bere gertuzko zehaztasun berezia eta bere jarrera zorrotza miresten ditut. Eta maitasuna da ia beti jokoan dagoena. Dena den, Godard-en dena koloreztatzen duen malenkoniak bere eta nire arteko aldea markatzen du maitasunaren eta erresistentziaren arteko loturari dagokionez. Kolore subjektibo horrekiko sendaezina den urruntasuna sentitzen dut, baita maitasuna jokoan dagoenean ere.
Nondik dator, zure ustez, zelebritate edo famadunekiko lilura, telebistaren Olinpoko jainko berriak balira edo: iruzur politikotik soilik edo maitasun istorioen erakarpen baten froga da, jendartearengan maitasunaren intentsitatearen ezagutzatik datorrena?
Fenomeno hau irakurtzeko bi modu daude. Ikuspegi politikotik, azkar iristen da zerbait faltsua delako ondoriora. Istorio hauekin jendea dibertitzen eta liluratzen da, horrek benetan garrantzitsua denetik aldendaraziz. Politikari dagokionez, zer interes izan dezake Carla Céciliaren ondorengoa izateak? Batere ere ez, argi dago. Baina ekitaldi horiei ematen zaien publizitatea beste modu batera irakurtzen ere saia zaitezke zeure buruari galdetuz: zergatik funtzionatzen du? Maitasun istorioetan interes generikoa dagoelako izan behar du. Betiko kontua da goiko azal finen arteko amodioak beheko hilkorrentzat dramatizatuak izatea. Zergatik? Galdera horrentzat beste bi erantzun posible daude. Besterik gabe, iradoki daiteke maitasunaren unibertsaltasunarekin zerikusia duela: Sarkozy ere sufritzen ari da inoiz iristen ez den mezu baten zain, etsipenez. Balantza aldatzen baduzu eta egia politikoetatik maitasunaren egietara pasatzen bazara, zure etsai politikoa zu bezalakoa izaten amai daiteke, zeina ez baita bikaina baina bai lasaigarria.
Errege batek sufriaraz dezakeen maitasunak morroiarekin lotzen du, neurri batean. Maila horretan, morroia bera ere erregea da. Bizitzaren alde erromantikoa da: maitasuna beti dago hor gertu. Baina, bada bigarren interpretazio bat: pasioaren itxurazko amankomuntasunak ere erakusten du tipo hauek, erregea, presidentea, Führer-ra Herrien Aita, ez direla hain bereziak, berdin kukurrukutu daitezkeela, beste batekin engainatu, alegia, eta, beraz, ez dagoela haiek errespetatzeko edo haiez beldurtzeko oinarrizko arrazoirik. Beraz, politikara itzultzen gara berriz, oinarrizko maila subjektiboan behintzat, eta esana dugun bezala, politikan etsaiak egon badaude eta ez gara larregi kezkatuko maitasunean sufritzen badute, inoiz ez digute ohore hori egingo eta! Politikoki batere kontzientziatuta bagaude, Sarkozyren emazteak engainatu ala ez, gure arazoa ez dela esan behar dugu. Baina esan behar dugu, era berean, maitasunaren ikusgarritasuna interesatzen zaigula, maitasunaren bertuteen ezagutza zabal baten mailan, kristautasunak sendotu zuen maila horretan gainera. Ikusgarritasun hori mugarik gabeko eremuaren parte da, non ausardia politikoa material ez-puruetatik eratzen baita eta beti abiatzen da etsaiek naturaz gaindiko esanahirik edo botere transzendentalik ez dutela dioen jarreratik. Sarkoziar erdipurdikotasunean ez erortzeko, Frantziako historiako maitasun bizi eta sublimearen adibide bat jarriko dut: Fronda garaian, Austriako Ana erregin erregentak Mazarin politikari bikain, ustel eta bihurriarekin lotu zuena. Matxinatuen ikuspuntutik, maitasun hori oztopo ikaragarria bihurtu zen (Errejentak ez du inoiz senarra utziko) baita, hala ere, herri-erretorikako funtsezko osagaia, Mazarin txerri perbertso baten gisan irudikatuko zuena. Politikaren eta maitasunaren artean lotura anbiguoak bakarrik existitzen direla esateko ez zait modu hoberik etortzen, nolabaiteko bereizketa porotsu edo debekatutako pasabide bat, antzerkiak bakarrik behar bezala konta dezakeena. Komedia? Tragedia? Biak. Maitatzea bakardadetik harago borrokatzea da, existentzia bultza dezakeen munduko gauza guztiekin. Beste norbaitekin egoteak ekartzen duen zorionaren iturria ikusten dudan mundu hau. “Maite zaitut” zera bihurtzen da: nire bizitzarako zaren iturria mundu honetan dago. Iturri honetako uretan gure zoriona ikusten dut, zurea lehenik. Mallarméren poeman bezala:
Olatuan bihurtzen zara
Zure estasi biluzia.

