Lacan etxetik ibiltzeko modukoa: Erreala, Imajinarioa eta Sinbolikoa

Erreala, Errealitatea, Imajinarioa, Lacan, Sinbolikoa

Paul Eluard poeta surrealistak poema bilduma baten idatzita utzi zuenez: “lurra urdina da laranja bat bezala”. Hara hor John Keats poeta erromantikoaren mendeku eguneratua “prisma batera murriztuz, ostadarraren poesía suntsitu zuen” Isaac Newton polimatikoaren kontra — Charles Lamb poeta antikuarioaren arabera “triangelu baten hiru aldeak bezainbat argia ez bazen ezer sinesten ez zuen laguna” omen zena, Newton, hau da..

Eluarden poema bere osotasunean oda bat da maitasunari eta edertasunari eskainia. Poemaren ospea, ordea, lehen lerro erakargarri eta koloretsu honi esker da: lurra urdina da eta lurraren borobiltasuna laranjarena da. Metaforak errealitate fisikoaren deskribapen zientifiko hotza baino askoz ere adierazgarriagoa suertatzen den argazki bat osatzen du.

Baina jakina, kuriositate poetiko-erretoriko xarmagarriak baino gure inguruko errealitate benetako, konkretu eta materialaren izaera ulertzeko errealistatzat eta zientifikotzat ulertzen diren hurbilketak onartuagoak dira — hala nola, bestalde, Karl Marxek berak argi asko azaldu zuen bezala:

“Bizitza sozial guztia funtsean praktikoa da. Teoria mistikara daramaten misterio guztiek giza-praktikan eta praktika horren ulermenean aurkitzen dute konponbide arrazoizkoa”.

Marxen errealismoa nola Newtonen halaxe edozein bazterretako oinak lurrean tinko dituen gizabere txit enpirikoen era tautologiko berdinekoa da, lurra lurra da — gure artean hainbat atsotitz ezagunetan azaltzen zaiguna: Egia egi, ogia ogi, ardaua ardau, bi ta bi lau — Egiak ez ditu bi bide. Errealitatearen izaera guztiz bistaz-bistakoa da eta benetako gauzak gure arrazoizko sen edo zentzu komunaren bidez kudeatzen ditugu benetan diren moduan. Poesia gauza bat da eta errealitatea beste bat. Poesia fantasia da. Errealitatea ez. Errealitateak, egunerokotasun hurbil eta arruntaren materialtasunean, jarrera utilitarioak eta pragmatikoak hartzera bultzatzen gaitu.

Beraz, bai, berriz eta berriz esateko: Benetako errealitatea dago eta errealitate printzipioa kanpoko errealitate material horren egia ukaezinez jabetzen da — gauzak diren bezala, gauza praktikoak, inportanteak, ukatu ezin den errealitatea bere materialtasun arras uki eta ikusgarrian. Are gehiago, bizitza sozial praktikoa arrazoizko zentzu komunean oinarritzen den egia bistaz-bistakoa da, gure egunerokotasun arruntean txertatzen diren halabeharreko jarrera utilitario eta pragmatikoz jorratua.

Alta, galderak segituan sortzen dira: praktika bera praktikoa al da bakarrik? Praktikoa izatea benetan laburtzen da soilik benetan dagoen errealitate materialaren eskakizun pragmatikoak eta funtzionalak modu arrazoizkoan betetzera?

Eta Jacques Lacan psikoanalistaren erantzuna ez eta ez da! Ez, errealitatea ezin da bakarrik lotu arrazoi instrumentala edota funtzionalarekin; eta ez: errealitate materialak berak, errealitate enpirikoak alegia, edo errealitate positiboak berak, hain zuzen, ez du errealitatearen esparrua bere osotasunean betetzen.

 

 

***

 

Lacan dela eta, noski, ezagunak dira ohiz suspertzen dituen zalantza intelektualak: psikoanalisia ez da zientzia, erabili hizkuntza zaila eta iluna da… Alain Badiourentzat, kontrara, gaur egun filosofoa izateko baldintza bat baldin badago, egon, zer eta Lacanen anti-filosofiarekin engaiatzea da, nahitaez. Edo zehazkiago azaltzen duen bezala:

“Bakarrik Lacanen anti-filosofia zeharkatzeko ausardia dutenek merezi dute filosofo garaikidearen izena mantentzea — Lacanen anti-filosofiak, hain zuzen ere, filosofia egiteko aukera eta baldintza adierazten du.”

Badiouk ez du marxismoaren oinarriko errealismo materialista ukatzen. Aitzitik, Lacanen ikasgaietatik eta hiztegiatik tiraka, errealitate materialaren izaera den bezalakoa eta praktikoa ukatu baino, benetako errealitate horren beste zenbait dimentsioen garrantzia azpimarratzen du.

Badiouren filosofia dialektikoa, horrela, marxismoaren materialismoaz gain Lacanen zenbait kategoria idealistez baliatzen da — hala nola, besteak beste, hemen banan-banan eta labur-labur ondoren azpimarratuko ditugunak, hau da: Erreala, Imaginarioa, Sinbolikoa — izan ere, hiztegi tekno-digitaletik hartutako hitz lagungarrien baliatuz deskribatzen saiatuko garenak, tartean aipatu hiru eremu horien arteko harremanen garrantziaz jabetuz.

 

 

Hara, bada, azaltzea tokatzen zaiguna, labur-labur bada ere, guztiz beharrezkoa baita zeharo arrunta eta berez emana bezala ulertzen dugun errealitate lau eta banal horren zenbait gehigarri eraginkorren garrantziaz jabetzeko.

 

-I-Eremu Sinbolikoa / Errealitate Simulatua

 

Errealitatea den moduan baino gehiago dela erakusten duena eremu sinbolikoa da, hitzaren ohiko adieratik (esate baterako, bihotz gorri baten irudia berdin maitasuna) haratago doana, kanpoko errealitatea den moduan baino gehiago dela erakustera lagunduz.

Gehigarri sinbolikoek gizartean okupatzen ditugun posizioak adierazten dituzte, gizartearen ordena sinbolikoan okupatzen dugun posizioa, hain zuzen, gizakideen posizioa edo ideien indarra neurtzeko balio duena: prestigioa, autoritatea, pribilegioak, giza-eragina…

Benetako errealitate materialean txertatzen den gehigarri sinbolikoak errealitate simulatu baten kontua ematen digula esan genezake, nola ideologia nagusiaren gizarte-eraginarena halaxe giza-itxuren eta giza-maskaren antzeztokiarena, gizarteko balio nagusien neurrien arabera performantziak burutzera bultzatzen gaituena — nondik Erving Goffman soziologo ospetsua izandakoaren aholku honen betiereko egokitasuna:

“Aukeratu zure irudikapena arretaz, maskara gisa hasten dena zure aurpegia bihur daiteke eta”.

 

-II-Imajinarioaren eremua / Errealitate Areagotua

 

Gero badago beste eremu elkarlotu bat eragin zuzena duena gure eguneroko bizitza sozial guziaren errealitate arruntaren izaera funtsean praktikoan eta gure giza antseztokiko maskaren dimentsio sinbolikoan.

Eremu hori imajinarioa edo irudimenaren eremua da. Imajinarioak irudimenarekin edo irudikarioarekin zer ikusia du eta errealitate areagotu (edo gehitu, aumentatu) baten kontua ematen duela esan genezake.

Imajinarioak eragin zuzena du gure eguneroko bizitza sozial guziaren errealitate arruntaren izaera funtsean praktikoan. Ideologien edo sinismenen zutabe halabeharrezko izanez gain, desira eta ametsen lekunea ere baita, ilusio, utopia eta fantasiena.

Hartu, zehazkiago, mitoak eta fikzioak. Bai, ilusioak, desirak eta ametsak islatzen dituzten fantasiak dira; baina, era berean, gure errealitateko baldintza materialen arabera hedatzen ditugun giza-jarrerak erregulatzeko ideiak hornitzen dizkigute — hainbat sineskeria eta amesgaizto barne, noski. Alta Slavoj Žižek ezin argiago da, adibidez, fikzio eta ilusioen inguruan hausnartzeko errealitatearekin harremana azalduz:

Fikzioez eta ilusioez beste egiten dugun bezain pronto errealitatea bera galtzen dugu; fikzioek errealitatetik kentzen ditugun une berean errealitateak berak bere konsistentzia logiko-diskurtsiboa galtzen du.

 

 

-III-Errealaren eremua / Errealitate ezku(ta)tua

 

Errealaren eremua edo le Réel Lacanen hiztegian, aipagarria da zer eta antzemanezina edo zuzenean ikusgarria ez den muin ezkutu bati dagokiolako.

Alta, arazoa da errealitate sakon hori melokotoi baten hezur-muina modukoa balitz bezala irudikatzea errazagoa suertatzen zaigula kipularena bezalakoa izango balitz bezala baino. Melokotoiaren hezur-muin sakonekoa piska bat besterik arakatuz gero antzeman baitaiteke. Kipularenarekin, aldiz, geruzaz geruza behera eta geruza gehiagorekin aurkitzen gara, errealitate sakonaren erdi-muineraino heldu eta berez hezur-muin hautemangarririk ez dagoela edo erdi-muina hutsik dagoela ohartu arte — erdi-muinak hutsaren eremua betetzen duela, hain zuzen, zuzenean eskuragarria ez dena!

Testuinguru honetan, arazo gehitua da errealitate printzipioan elikatzen den pragmatismo utilitarioaren agindua bera horren dela sendoa ezen dogma errealista onartu hori gainditzea ez dela batere erraza: ez dago antzeman ezin daitekeen errealitaterik, azaleko edo sakon, ageriko edo ezkutatu! Sano gauden arrazoizko gizakideak gara. Mamuak ez dira existitzen. Eta gainera, ez da bakarrik mamuetan ez dugula sinesten, are gutxiago garela baizik, haien beldur!

Nahiz eta orduan, mamuak ez badaude, zertan egongo zinateke, bada, haien beldur?

Bai, hor nonbait badago, egon, jaia piska bat izorratzen gaituen errealitate ezku(ta)tua, eremu iheskorra, barne-muin edo erdigune eskuragaitza, dagoen ala ez benetan ez dakiguna — aipatu benetako errealitate materialaren, gehigarri sinbolikoen errealitate simulatuaren, eta irudimenaren errealitate gehituaren artean gauzatzen diren harreman etengabean eta etengabeko negoziaketa uztartuetan sortzen diren hutsune, zirrikitu eta arrakala zirristakorren eremu iheskorra.

Errealaren eremuak eta kontraesanek benetako errealitate materialaren beraren izaera ukaezina bezainbat kili-kolokoa, zalantzagarria eta hauskorra aditzera ematen dute.

Erreala, horrela, ezin da errealitatearekin berdindu. Esan bezala, aitzitik, Erreala benetakotzat antzematen dugun errealitate material uka ezinaren, gehigarri sinbolikoen bidez nagusitzen den errealitate simulatuaren, eta imajinario edo irudimenaren errealitate gehituaren arteko harreman etengabean tartekatzen da.

Errealak, bestela esanda, errealitatearen eremu horien guzien arteko etengabeko negoziaketa uztartuetan sortzen diren hutsune, zirrikitu eta arrakala zirristadunen kontu deserosoa ematen du.

Nahiz eta, modu berdinean, Badiou betiere baikorraren arabera Lacanen Errealak zenbait muga aurrez ezjakinen kontua emanez gain, asmamenerako eta sorkuntzarako ateak ere irekitzen dituen, halaber:

Erreala ez da bakarrik barne-muga edo kausa absentea, aurrekaririk gabeko ezagutzak, sekuentzia ineditoak eta harreman berriak sortzeko lekua ere bada.

 

 

***

 

Beraz, laburtuz, hona hemen dagoenaren kartografia sinplifikatua :

Errealitatea dago: erreala e txikiarekin, minuskulaz, non gauzak benetan diren moduan-edo baitira beraien materialtasun ukaezinean, errealitate enpirikoa eta positiboa; ad.: maitasuna erreakzio kimikoa da.

Sinbolikoa dago: gizarteko ordena edo giza-hierarkietan estatus plus bat eransten (edo kentzen) duen errealitate simulatua, giza-itxuren eremua, balioena, prestigioa, autoritatea…; ad: euskara altxorra da.

Imajinarioa dago: irudimenaren bitartez eraikitzen den errealitate areagotua, fantasia eta ilusioen eremua, utopia eta distopien jokalekua, baita makina bat retrotopia. enkantamendu eta madarikazioena; ad: Adimen Artifizialak askatasuna/menpekotasuna dakar.

Eta Erreala dago: Erreala E larriaz, maiuskulaz, errealitatearen azken eremu sakona edo, hainbat impasse, tentsio eta kontraesanez eragindua dagoena, antsietateak eta traumak arrakasta gehiago edo gutxiagorekin nola ezkutatzen halaxe kudeatzen saiatzen dena: ad: demokraziaren oinarri-oinarrian esklabismoa dago.

Benetako errealitate edo mundu errealaren egiaz jabetzeak, hortaz, Erreal-Imajinario-Sinboliko hirukoaren izaeraz jabetzea ere eskatzen du. Ez, baina, hauen erregistroak eta efektuak konpartimentu finkatuetan sailkatzeko edo errealitateaz aritzerakoan bata bestea edo bestea baino gehiago baliotzeko.

Aitzitik, osagai horien artean eta horietako bakoitzaren barnean baitan ematen diren hainbat tentsio, gehiegikeria, egokitzapen eta eraginkortasun jokoak errealitatearen gure azterketak eta hausnarketak fintzeko balio beharko lukete.

Izan ere, Erreal-Imajinario-Sinboliko hirukoaren lotura estu hauek irudikatzeko Lacanek Borromeoren korapiloaz baliatzen da. Borromeoren korapiloak hiru eraztun batzen ditu elkarrekin, eraztunetako bakoitza bata besteekin zuzenean elkarlotuz, hainbat non, eraztunetako bat moztuz gero, beste biak askatzen baitira. Borromeoren korapiloaren irudia erabiliz, beraz, Lacanek (subjektuaren) errealitatea bera hiru eraztunen menpe dagoela adierazten du, Sinbolikoa, Erreala eta Imajinarioa; eta eraztun bakoitza bat bestearena.

Zentzu horretan, errealitatea bere osotasunean ulertzen saiatzea errealitate nahasi edo hobe misto baten egiaz jabetzen saiatzea eskatzen du; begi-bistakoa dena baino haratago arakatzea; benetako errealitatearen dimentsio birtuala edo izaera simulatua eta areagotua aintzat hartzea; are errealitatea eta fantasiaren arteko mugez gain errealitatea eta imajinarioaren arteko harremanez jabetzea.

Saiakera hori baliogarria da errealitatea modu aberatsago batean antzemateko eta, era berean, hainbat balizko kontraesanen izaera eta eragina gehiago argitzeko — baita hainbat itxurazko inkonsistentzia edota egia itxuraz bateraezinekin bizitzeko nahikoa arrazoizko bideak irekitzen dituelako.

 

***

 

Errealitatea, bada, biak ala biak batera da arrunta eta iheskorra. Benetako errealitatearen izaera korapilotsuaz jabetzen laguntze aldera, Jacques Lacanen Erreal – Imajinario – Sinboliko hiruko ezagunaren azalpenaz hasi gara — zeinak, halabeharrez, sailkapenaren itxura hartu duen, ulertzeko inolaz ere zaila izan gabe piska bat sendoa suertatuko ote den arriskuaz jabetuz.

Alain Badiou eta Jacques Lacanen arteko harremana dela eta, hortaz, adieraztea, besterik ez, Badiouk Lacanen hiztegia eta ikasgaietatik tiraka egiten duena guri, militante kontzientziadun gisa, gauza bera egitera gonbidatzen gaituela.

Lacanen ekarpenak Erreal – Imajinario – Sinboliko hirukoaren dimentsio elkarlotuak aintzat hartuz, ideologi(ar)en, hau da, Imajinario politiko(ar)en kritika filosofikorako baliabide bikaina suertatzen da — gizartean nagusi diren zenbait eraketa edo fikzio Sinbolikoen benetako eraginez gain Errealaren intrusio ez-ustekoen egiaz jabetzeko.

Zentzu horretan, Lacanen ekarpena zinez aintzat hartzen duen Badiouren posizioak, zuzenean hitz egiten du komunismoaren mamuari eransten zaion ohiko dogmatismoaren eta ortodoxiaren salaketen huskeriaz.

Komunismoarekin gertatzen den bezala, zeina guztiz eta zeharo baitago baliobikotasun eta kontraesanez beteta, hala daude errealitatea eta errealitatea antzematerakoan agertzen diren hutsune eta arrakalak kontraesan eta inkonsistentziez blai — errealitatearen isla zehatzenean ere beti azalduko baita kontrako zerbait mamu ongi ez-etorriaren gisan edo, impasseren bat, tentsioak, puntua eta kontrapuntua, baita errealitatea bera sostengatzen duten makina bat desira, ilusio, mito eta fikzio.

Azpimarratzekoa, edonola ere, Badiouren ikusbidea baikorra eta zorionaren aldekoa dirauela da, oro har — dagokigun ordena sinboliko moderno zein garaikidearen izaera ulertzeko errealitate historikotik irakaspen zorrotzak proposatzen dituelarik etorkizuna bere potentzial askatzaile guzian imajinatuz.

 

***

 

Ps. Jacques Lacanen pentsamenduaz gehi hizkuntzaren erdikotasunaz jabetze aldera eta gehiago sakondu nahi ezkero, 1984an U.E.U.ko PEDAGOGIA Sailak argitaratutako MINTZAMENA eta ERRALA: hiru irakurgai mintzamenari buruzko gogoeta batetarako liburuaren pdf dokumentua eransten dugu, Txelis Alvarez Santa Cristina, Fito Rodriguez Bornaetxea eta Joxe Martin Apalategi Begiristain egileen lanekin — hitzaurrea: Victor Gomez Pin.

(Sakatu HEMEN)

Share This