Joana Arkukoaren Intsumisioa

Erlijioa, Erresistentzia, Gertakizuna, Herria, Historia, Intsumisioa, Mitoa, Nazioa

Nor da, bada, Joana? Interpretazioen eta sublimazioen azpian lurperatua baitago. Erreta eta sakabanatuta, nonahi hilobi kontaezinak dituen norbait da; Mallarméren hilobiekin ez bezala, inork ezin baitu aldarrikatu bere existentziaren eta bere obraren poema osoa.

Kristoren hilobiak, Hegelen meditazioan, bakarra eta hutsa delako lortzen du bere indarra. Joanen hilobi kontaezinak, ordea, -literarioak, politikoak, historikoak, erlijiosoak, zinematografikoak edo poetikoak- leporaino beteta daude esanahi ezberdinez. Nahiz eta, azken batean, esanahi horiek guziek badute, izan, zerbait engainagarria, dela bakoitza bere kabuz edo dela denak osotasun ulertezin baten bidez irudikatzen baditugu ere.

Joana edertasuna da! Schillerren sublime abstraktua, Micheleten grina abertzalea eta Péguyren sozialismoa, nazionalismoa eta kristautasun unibertsalaren arteko sintesi disjunktiboa. Edo Claudel, pirarekin baino Honeggerren bertsoekin eta musikarekin zuzenean lotzen duena.

Edertasunaren aurpegi horiek erreproduzioaren artifizioen bidez ere ematen zaizkio, begirada absente eta gorputz imajinaezin horrekin amets egin dezagun! Dreyerren Falconetti, Hollywoodeko Ingrid Bergman, Bressonen Florence Deley, Rivetten Sandrine Bonnaire. Argiaren bahitzaile horien gibeletik pasatzen da bat-batean bigarren mailako eta behin-behineko patu batera deituriko itzal bat balitz bezala. Zeren, existitu den heinean, Joana ez baita rol bat, non interpretazio batek ezinezko berpizkunde bati ahalik eta estuen eutsi behar dion. Nor da, bada, Joana? Nork berpizten du?

Zeren itsusiak eta okerrak direnak ere badaude, egon, hasi Shakespeareren sarkasmoarekin, noski, ingeles etsaiarekin, eta Voltaireren lizunkeriaraino, hemen, infamia zapaltzeko Joana kuarteleko gerra-kanta bihurtzea egokia dela sinetsita. Joanak tratamendu horri aurre egiten dio. Baina nor da aurre egiten duena? Ze hara hor, gure hirietan, Joanen estatua inepto hauek guztiak brontzezko zaldi higatu baten gainean banderaz apainduta aurkitzen ditugula, 1914-1918ko harategiatik jaiotako sarraskien zerrenda amaigabea irakur daitekeen monumentu maltzurrekin lehiatzen. Hirugarren Errepublikaren kaskartasun asegarriak Joana nazionalista baten eta gerra absurdu baten arteko zirkuitu-laburra sortu zuen. Péguyren bizitzaren drama den zirkuitu-laburra, halaber, bere poemaren kruxifikzioa, alegia, garaiko zitalkeriak burututakoa. Fetixe kalamita hauek baino askoz lehenago, baina, Joanak bere enigma iraunkorra irradiatzen du. Zeren enigma, baina?

Nor da biak ala biak Voltaireren anti-Joana eta Micheleten Joana, herriaren enkarnazioa, izan daitekeena? Joana nazionalista eta katolikoa, Frantziako Elizaren alaba zaharrena eta erresistentzia zein emantzipazioaren Joana? Azken gerrak enigma muturreraino eraman baitzuen. Han zegoen Pétainen Joana eta Erresistentziaren Joana. Erreakzio iluneko Joana, salatariena eta kolaborazioarena eta komunisten Joana, Alderdi sekretuarekin batera Frantziako koloreak noraino eta Louis Aragoneraino itzuli zituen bera. Gaur egun bertan, Le Penen Joana eta Fronte Nazionalarena dago non, Joana ez baita inbaditzaile boteretsu eta militaristaren aurkako erresistentziaren aldarria («ingelesak Frantziatik kanpora (bota)»), gure herrikideen artean zaurigarrienen atsekabearen eta jazarpenaren aldeko lelo beldurgarria baizik («sans papiers-ak Frantziatik kanpora (bota)»).

Zeren aurka erreibindikatu dezakegu Joana, erresistentziaren inperatiboaren barruan ez badago, Frantzia ezer ez baita berez? Berak, Joanak, bere otoitzaren erdian, ez badigu dena maxima unibertsalekin lotzea proposatzen, gure edozein deklarazio politiko bat edo besteren erdian? Nork deklaratu dezake, beraz, hemen urteak daramatzatenak, dokumentuekin edo gabe, ez direla gu bezain hemengoak?

Iruditzen zait Joanan enigma zera dela: bere agerpenaren singulartasuna hartzen dituen predikatu ezberdinen korapiloan dago, predikatu baztertuak barne. Joanak, bere aldetik, ez bailuke inoiz onartuko predikatu horiek osotasun batera edo bestera murriztuak izatea. Joanan hilobi bakoitza murrizketa horren kontra saiatzen da, eta edonolako totalizazio baten aurrean, Joana beti da hau edo hura adierazteko saiakeraren oroigarri esan gabekoa.

Joana antzemateko erabiltzen ditugun predikatuak guztion ezagunak dira. Frantzia dago – nazioa. Kristautasuna dago – erlijioa. Erregea dago – Estatua. Gerra, armada eta guduak daude. Gatibunea, epaiketa eta tortura. Hauen guzien zehar diagonalean mozten, feminitatea dago, are neska gaztea aintzinako munduan, aldi berean zaurigarria beste guztien artean, eta, hala ere, eskuraezina, bere armaduratzarrean.

Predikatu hauek konbinatzen ditugunean, oximoron praktikoak deitu behar direnak lortzen ditugu, talka guztiz gertaezinak. Horiek dira artistak liluratzen dituztenak, oximorona ezinbesteko eragiketa baita, arteak beharrezko bihurtzen dituen hizkuntzan lotura ez-praktikoak ematen dituelako. Eta, horrela, sublimearen mugimenduaren antzeko zerbait dugu: neska gazte bat buruzagi militar gisa; erregeari pertsonalki zuzentzen zaion baserritarra; bere diskurtso gardena epaileen basakeriarekin zuzenean harremanetan jartzen duen biktima; santua hereje eta sorgin gisa errea.

Hala ere, talka singular hauen indarra nabarmena izan arren, sentimendu sendo bat nagusitzen da gurengan Joana petraldu egin dela baliabide artistiko eta sentikor gisa. Errepertorio bat bihurtu dela, ikurren bilduma bat. Eta Joanak irudikatzen duenaren inguruko pentsamendua alde batera baztertzen dela osotasun baten arriskua baliogabetzen duen indar adierazgarri baten mesedetan.

Hori, dudarik gabe, gainera, behar bezala kontuan hartzen ez dugunaz erreparatu aurretik, alegia Joana izan zitekeenatik at eta eskuragarri dauden predikatuen iraulketa gisa ulertuta, zinez berea zen egoera batean berak ez izatea aukeratu zuena baitago. Joana garaiko egoerak denei ezartzen zien izaera ezinbesteko edo egokiatik urrun mantentzen baita eta Joanaren “ez-izate” hori, hain zuzen, denboraren kristalizazio distiratsu eta bikain bat baino, garai honetako salbuespena da, gertakizun bat, zehatz-mehatz, guztiz arriskutsua eta kontingentea. Horixe da gu guztiontzat, oraindik ere, balio duela argitzen duen gauza bakarra, Joana osatzen duten aipatu predikatuetatik haratago. Gaur egun, Erregetzarik ez dago, ezta kristautasunik ere; emakume izatearen esanahia ez da berdina; Frantziak oso gutxitan planteatzen du Europan Joanarena izaten jarraituko duenaz. Ingelesak herrialdetik kanporatzearen arazoa baino kontua, orain, gehiago baita haiekin nola konpondu Alemaniaren osotasunean guztiz xurgatua ez izateko; ez dugu santuetan edo sorginetan sinesten; aurreikusten ditugun gerretan, nola mugatuak halaxe apokaliptikoak, botoiak sakatuko dituen funtzionarioa zein den jakiteak ez gaitu batere gogaitzen. Eta hala eta guztiz ere, betirako eskuragarri, Joana indar eta enigma dirau guretzat. Nola daiteke predikatu guztiak XV. mende orain ilun batera itzultzen gaituzenean, emakume hau hain garaikidea izatea? Izan behar da, bai, bere egia, edo bera den egia, XV. mende horren begiradan dagoela egon eta, ondorioz, guztiz inmanentea dela eta, hala ere, XV. mendeko denboraz kanpokoa dela, izan, halaber. Bere patua izaten jarraitzea baita, betirako eskuragarria izaten jarraitzea, alegia, berea den XV. mende horretatik kanpo. Hara hor, bada, Joana: mende eman bateko esentzia afirmatiboa da zer eta, izan ere, mende hori delako mende horretatik kanpo.

 

 

Joan den Joana

 

Badaude mendeak zeinaren inguruan iritzi orokorra bereziki ilunak izan direla baita, giza historian, edo, Marxek zioen bezala, bere historiaurre amaigabean, denok ezagutzen ditugun sarraski eta hondamendien mende-multzo luzeen argitan eta guzti. Alta, inork ez du uste, esate baterako, bukatzear dagoen gure XX. mende hau horrelakoa izan denik, Estatu-krimena horren perfekziora eraman badu ere, hainbat non gertatutakoa ulertzeko arazoak batitugu. Eta horrela defendatu dezakegu, beharbada, mende honen balioa, Nietzscheren betiereko itzuleraren froga mantentze aldera edo, erakutsiko duen kemen guztiatik datorkiola, dagokion pentsamenduaren indarratik eta ausardiatik, baieztatzeko, izan ere, justizia, sorkuntza, erresistentzia eta baiezko ikuspegi unibertsalagarri apur bat iraun duela. Iraun, egia esan, baldintzapen guztiz barbaro eta ilunetan, Ernest Jünger-en novellako protagonista alegorikoak, Basozain Burua izenburukoak, hain justu, gorpuztu dituen bezalakoak. Datorren hurrengo garaia Basozain Buruari amore eman ez dionari baitagokie, joandako mendera berritzuliko ez direlakoan sorbalda gainean eramateko.

XV. mendeko hasierak behar den den-dena du garai negargarrien antologian agertzeko: gerra infinitua, dagoen guztia suntsitzen duten bidelapur taldeak, estatuaren figura hondatuak, goseteak. Ordurako, XIV. mendeak izurrite beltza izan zuen ezaugarri hilgarritzat. Baina guretzat, munduko bide arruntaren ohiko ezaugarri kaotiko eta gaiztoak gogortu besterik egiten ez duten kalamitate publikoen ordez, Joanaren izena da garai honetatik geratu den ezinbestekoa eta den-dena, ondorioz, horretara eraman behar da. Garai miserable baten egia iraunkor baten antzekoa edo, salbuespen batetik sortzen baita beti.

Eta, hemen, garrantzitsua da kontuan hartzea Joanak ez zuela bere mendeak eskaintzen ziona aukeratu, ez gauza arrunten egunerokotasunean, ez predikatu erabilgarri gisa. Joana, alde horretatik, bat dator, guztiz, neska gaztearen aparteko funtzio gisa izendatzen jakin izan zuen ingeles eleberriarekin: alde egiten duen neskarena, hain zuzen. Domrémy ez ezik, horrela, Joanak mendeak bere adineko eta jatorriko neska gazte bati eskaintzen zion guztia atzean uzten du. Eta, izan ere, modu arruntean uzten du dena atzean, kanpo-baldintzapenak bihurriak eta ilunak badira ere, Virginia Woof-ek emakume gazte bati eskainitako The Voyage Out (“Kanpora bidaia”) eleberriaren izenburukoan bezala. Liburu hau La Traversée des apparences (“Itxuren zeharkatzea”) izenburuarekin itzuli da frantsesera, modu urrun samar baina onargarrian. Joanaren agerpen predikatzaile bakoitza, baserritarra, kristaua, abertzalea, baita gudaria edo presoa ere, ez da eramaten edo jasaten, aldiz, zeharkatu egiten da, edo Joanaren hautuetan harrapatuta dago egoerak agindutakoatik kanpo. Joana-gertakizuna, horrela, bere agerpen propioari leial izatean datza, konbinaketa guztiz indibidual baten baitan, gertatzen zaionarekiko ziurtasun eta harridura etengabearen baitan.

Har dezagun Joana eta Frantziaren arteko lotura, nazioarena, dudarik gabe bere hil osteko patuaren oposizio deigarrienen jatorria dena. Joanari ematen zaion misioa, zalantzarik gabe, zeruko ahotsen esku-hartze ezinbestekoaren bidez salbazio nazionalarena da, non maxima nagusia erresistentziarena baita: ingelesak kanpora bota, gerra irabazi, lurraldea askatu. Baina zein Frantzia da hau zehazki? Zer da XV.mendearen hasieran, beste zerbait bihurtu den Frantzia hori, prozesu korapilatsuen ondorioz, etorkizun ziurrik gabe, monarkia ingeles batek subiranotasun legitimoa aldarrikatzeko justifikazioraino? “Ingelesak Frantziatik kanpora bota” printzipioa errealitatea izan zedin, garaiko baldintzetan, Frantzia bera osatzen zuen benetako maxima bat izan zedin, Frantzia erresistentzia eta borroka gisa definitzen zuen hautua dago bakarrik.Iraunkortasunaren substantzia bezalakorik ez baitago itxurazko naziotasuna zeharkatzeko oraindik bereizten ez den benetako naziotasun erreal baten bidean. .

Hain zuzen ere, gehiegizkoa badirudi ere, horregatik da zilegi De Gaulleren Joanarekin ia-berehalako identifikazioa ondorengo zentzuan: De Gaullerentzat Frantzia ez dagokie berezko Gaitzaren iraunkortasuna ordezkatzen dutenei, eguneroko bizitzarekin nazien zaintzapean jarraitu zuteneei, alegia. Berehalako inperatibo gisa, aitzitik, Joana naziak eta haien kolaboratzaileak kanporatzea nahi zuteei dagokie, esklusuboki. Pétainek Joanaren erreklamatzea, horrela, erabateko iruzur ekintza bat besterik ez zen, Frantzia, izan ere, terrore ezmugikor batean harrapatu zuen txotxongilo alemaniarra zen neurrian. Esan dezakegu, bada, berezko gertakizuna den heinean, Joana ex dela aise erortzen predikatu nazionalaren menpe, hain zuzen, aurretik erabakitako emaitza izan baino sorkuntzarako gaitasuna gordetzen duelako. Joanak garaiak eskatzen zuena ez izatea aukeratu zuen: erabakiguneetatik urrun bere biziraupenarekin soilik konprometitua zegoen norbait, balantzak zein aldetara joko duen jakiteko itxaroten. Nazioa, horrela, ez da substantzia aurretik emana, gerrak menperatu edo sinbolizatu ezin dezakeen gorputz betierekoaren erarakoa edo. Aitzitik, azken gerrako erresistentziarekin bezala, nazioa bera praktika pertsonala eskatzen duen maxima bat da.

Herriaren Joanara jotzen badugu, orain, ertzeko probintzia delekoa utzi eta erreinuaren jabeengana joten duena, onartuko gara berangandik espero zena ez izatea modu guztiz erabakigarrian aukeratu zuela, herri profeta modukoa edo ex izatea, alegia, bere eskualdeko nekazariek goratuko zituena, trantze mistiko bat sortuz edo igartzeko dohaina duelako itxurak egingo zituena, botereen erregulartasunaren aurkako taldeak osatuko zuen norbait izango zela. Joanak emakumezko Jacquou le Croquant edo Thomas Münzer goiztiarra ez izatea aukeratu zuen. Bai, herritik zetorren, hori ziurra da, baina ez ustezko itxura erdi-erlijioso eta erdi-matxinatu baten barruko logika pean, gure garaiak aldizka irudikatu nahi izan duen erara. Estatura, erregera, ezarritako botereetara jotzen baitu, bai, baina bakar-bakarrik.

Erregearengans hitzegiteko iristen baldin bada, bere konbikzioa, guztiz paregabea, da gertaeren bilakaera alda litekeela, Estatua beste ekintza-printzipio batzurekin hornitu daitekeela. Asaldura profetikoaren figura klasikoaren erara, Joanak Estatuaren norabidea aldatzeko ekintza bat ordezkatzen du. Hori guztia posible dela dio, egoerak ez duela ekarriko Estatuaren printzipioekin bat datorren erresistentzia ezinezkoa. Bere ustea da erregeari bere konbikzioa deklaratuz guztiongan konfiantza piztuko duela. Beraz, Estatuak herriaren aurka egitea ez da beharrezkoa izango. Ziurtatu nahi duena, horrela, Estatuak berak beste nonbaiteko deklarazio bat, kokaezina eta albokoa izanda ere, entzungo duela: Herriak ahalmen aleatorioa du printzipio batzuen koherentzia duten erabakiak Estatuari agintzeko; eta herria gaitasun hori gauzatzean bakarrik existitzen da.

 

 

Joanaren Ahotsak

 

Eta zer esan daiteke gero, Joana kristauaz, Joana katolikoaz? Aitortu behar da, epaiketaren berrikuspena eta Cauchon apezpikuaren izenak daraman kolaboratzaile gaiztoaren ospe legitimoa zapuztuz, ez dela arrazoi onargarririk gabe teologoek Joana herejea zela deklaratu ahal izan zutela, nahiz eta hori eginez Estatuaren lan zikina besterik egin ez. Esan beharra baitago, katolizismoak Eliza baten benetako gorputza zuen garaian, Joanak ez zuela bere sinesmenaren bitartekaritza gorputz horren bidez osatu. Joanaren agintea bere baitatik dator bakarrik, San Paulok Damaskorako bidean bezala, non Jainkoak berari eta berari bakarrik eman zion zeinua. Horretaz gainera, jainko greziarren nahigabeko ereduan oinarritzen da, gizonezko zein emakumezko santuek agindu zioten zeregina bete behar zuelako zentzuan. Zeruko agintari kristaua etengabeko gerra nazionaletan hain estu inplikatuta eta Frantziaren alde hain irmo egoteak harritzen gaituela! Bada Joanaren agintea aldenduta dago arazo horretatik, Atenea, Apolo edo Hera-ren erara, zalantzarik gabe eurenak diren interes eta arrazoiengatik, troiarren edo greziarren arteko borrokan nork irabaziko ala ez arazotik aldenduta dauden bezala.

Zer adierazten dute, orduan, benetako Joanaren ahotsek? Bada, besterik gabe, inperatibo abertzalea baldintzatugabea eta autosufizientea dela, goi mailako probidentzia den heinean. Eta, batez ere, ez dela egoera eman batetik ondorioztatzen, ezta politika errealistaren gorabeheretatik ere, subjektibotasun hutsatik baizik. Eta, dudarik gabe, ahotsek bere bidea aurkitu behar dutela, praktika errealean posiblea zer den ala ez aginduz. Hori da, izan, Joana tematiaren argitasuna eta zentzu ona. Nahiz eta, gero, ahotsen topaketaren formapean, Joana bera indargabea dela dirudi printzipio horri zinez eusteko obeditu behar dela onartzen duenean. Azken gerrako borrokalari erresistenteek bezala, bestalde, euren motibazioei buruz galdetzen zietenean, ia beti hori zela egin behar zena erantzuten zutenean, eta kitto.

Joanen katolizismoa, bistan denez, ez dago eztabaidarako. Baina, aldi berean, garaiko baldintzapen intelektualen pean bizi da, hori baita Joanen patu publikoa, modu bitxian inperatibo pertsonal batera murriztua egonda, benetako erresistentzia ororen baldintzarik gabeko mugagabetasunaren izaerari forma ematen diona.

Eta azkenik, nor da Joana figura femenino gisa? Birjintasunaren motiboak, garaian, Mariaren zeinuaren azpian inskribatzen dela dirudi. Bere garaikideentzat Neskamea da. Nola aldekoak halaxe aurkariak predikatu honi heltzen dira modu txundigarri batean. Matroien testigantza fisiologikoa beharrezkoa izan zen erregea bera ohartzeko, eta zalantza hori insinuatu egin behar da ingelesek euren propaganda sortzeko, edo Voltairek antiklerikalismoa eta lizunkeria artikulatzeko. Baina zer axola zaigu benetan? Birjintasuna hemen hutsune baten seinale baino ez da. Joanak bere erabakia baieztatzen duela erakusten baitu, ez gizonen arabera, edo gizonarengandik, ezta ezkontza-ordezkaritza baten barrutik ere. Joana gizonezkoek emakumei transmititzen dien boterearekiko estigmaren aurreko emakumea da. Emakume gazte gisa egiten du aurrera, bakarrik eta bitartekaririk gabe, eskuraezin eta, hala ere, erabakigarri den feminitate baten armaduraren azpian. Zalantzarik gabe, bere edertasuna barneko armadurarekin bat zetorren emakume batek bakarrik zuen, garaiko baldintzetan, bortxaketa guztietatik eta munstrotasun guztietatik kanpo, eta bakarrik garaiak eskatzen zuena zelako, modu leialean zera esateko aginpidea: “Egin gerra, ez maitasuna”.

Naziorik gabeko abertzalea, matxinadarik gabeko herritarra, Elizarik gabeko katolikoa, gizonik gabeko emakumea: horrela da Joanak itxurak zeharkatzen dituela predikatu guztien substrakzio edo kenketen bidez.

Joanaren kultuaren bertsio erreakzionarioek hura zeharka bakarrik definitzen zuten predikatuak gogorarazten dute, totem astunen erara, edo gure hirietako zaldizko estatuak bezala. Haren sorbaldetan, ondorioz,, ezkutuko pira berrientzako kate berriak zintzilikatzen dira: substantziazko eta arrazaren nazionalismoa, herri hautatuarena, apaizen eta sumisioren katolizismoa, feminitate sakratua.

Aitzitik, baina, Joana bere ibilaldietara berritzuli behar da, bere unibertsaltasunera, non bizi den edo zer egiten duenaren substantzia zein baldintza errealistarik gabeko gertakizunera. XV.mendearen hasieratik, izugarrikeria arruntek ezer kontatzeko ez zutenean, Joana egia dirau. Oinarri-oinarrian, gizakien garaiko une gisa ikusiz gero berezia bezainbat monotonoa izan arren, hor baita salbuespena sortzen: egoera bakar batean izanda ere, bere denborak ezartzen zizkion menpeko predikatuetara ez murriztera jakin izan zuen Joana. Bestela esanda, Joana guztiz da bere garaikoa, izan nahi zuen guztiagatik, eta, are gehiago, ez izatea erabaki zuenagatik XV.mende hasiera odoltsu eta ustel hartan. Baina Joana egia bat dirau, betirako egia da. Joana da, izan ere, bere garai barbaroatik at betiereko itzulera merezi duena.

Horregatik, Péguyk bere poeman dioen bezala, “[…] euren giza bizitza bizi izan zuten emakume guztien eta gizon guztien legez” Joana ohore guziez agurtu behar da.

***

Alain Badiou. “L’insoumission de Jeanne.”
Editions Esprit 12, 238 zenb. (Abendua, 1997: 26-33 orri)

Joana Arkukoaren Intsumisioa – IG itzul.

Share This