…Eta pozik esaten dut hemen publikoki: damutzen naiz (Kampuchéa vaincra ! Kamputxeak irabaziko du!) testua idatzi izanaz. Baina damutzea ez da nahikoa. Damutu beti egin dezakegu. Oso erraza da. Gure estatuburuek ez diote damutzeari eta barkamena eskatzeari uzten. Azken finean, hobe da Spinozak dioen bezala pentsatzea: «damua ez da bertute bat»
Testu hori idatzi izanaz damutuz harago, beraz, zergatik idatzi nuen jakitearen kontua interesatzen zait. Khmer Gorrien garaipenak 1975ean hunkituta utzi ninduelako idatzi nuen. Ez nintzen bakarra izan.Orduko Le Monde-ren lehen orrialdeak berrirakurtzea besterik ez dago. Ilusio hori nire baitan gorde nahi izan nuen orduan, pixkanaka eskuragarri zen informazio multzoaren aurka barne. Politikan etsipena ohikoa da eta ilusioa ondasun preziatua. Khmer Gorriek boterea hartu zutenean garaipen militar ozena izan zen.
Zergatik geunden orduan hain ilusionatuta? Bada oso herri txiki baten garaipena delako, landa-gerrilla gisa antolatua Khmer Gorrien gidaritzapean, amerikar armada erraldoiaren eta bertako konplizeen aurka. Eta, beraz, garai hartan mundu osoko milioika pertsonen itxaropenari eusten zion Maoren adierazpen baten baliotzea dakar: «Herri txiki batek, bat egiten badu eta bere indarrez fidatzen bada, botere handi bat gainditu dezake». Gaur egun ere, botere gordinaren bidez ahulena politikoki indartsuena izan daitekeela dioen ideia horrek garrantzi erabakigarria du.
Beraz, entusiasmo hori zegoen, eta vietnamdarrek Kanbodia inbaditu zutenean, inbasio hori higuingarria iruditu zitzaidan. Amerikarrak kanporatu eta lau urtera, Kanbodiak inbasio berri bat jasan behar izana!
Ez dugu ahaztu behar Vietnamgo armadak 1979an Kanbodia inbaditu zuela sentimendu humanitarioarekin zerikusirik ez zuten arrazoiengatik, inguruko botere arrazoi hutsengatik. Ez dugu hau ahaztu behar, nire 1979ko artikulua Vietnamgo inbasioaren aurkako artikulua baita, batez ere.
Honen guztiaren irakaspen gisa, uste dut, XX.mendearen amaieran, hausnartu egin behar dugula,pentsamendu aurrerakoi eta komunistaren mailan -erabil dezagun berriro hitz zahar hori- entusiasmo garaile, goiztiar eta mugarik gabekoak sortzen dituen hondamendiez. Hartu iraultza boltxebikearen inguruan hamarkadetan zehar gogotsu jarraitu zutenen bizitzak, Stalinen garaian barne, milioika eta milioika lagunenak, langile zein intelektual kontaezinenak, 1917ko Iraultzaren garaipenaren argitan bizitzak bere zentzu osoa hartu zuten horien guzienak alegia; zeren horrek nire Kanbodiako ibilaldi pertsonala baino askoz galdera zabalagoa planteatzen baitu.
Eta galdera hau sortzen da altxatutako herriak oso gutxitan direlako garaile. Oso gutxitan. Denok dakigu hori. Ondorioz, garaipen batek, nahiz eta zalantzakorra, zatitua eta iluna izan, are batzuetan krimen beldurgarriez markatua, elkarretaratzeko ahalmen aparta du. Alta, azken mendeak zerbait irakatsi badigu garaipenekiko lilurarekin kontuz ibili behar dugula da. Are, esango nuke gaur egungo politikaren zeregin handietako bat -benetako politikarena, gizateria osoaren emantzipazioa bilatzen duena- garaipen bat zer den birdefinitzea denean. Politikaren benetako garaipena politika hitz honen oinarrizko zentzu berraurkituan, eta ez, berez, boto-kaxa batean baten beste bateren aurkako garaipenaren zentzu soilean».
***
“Damutzen naiz” testu labur hau France 2n Avant-Premières programako platoan Christophe Ono-dit-Biot kazetariari Badiouk emandako erantzuna da. Esteka ere badago baina erantzunaren bideoa ez dabil. Christophe Ono-dit-Biot-ek berak Badiouren damutze mezua iruzkin labur batekin aurkezten du, 2012/03/14-15ekoa:
“Hemen genozidioa izan arren Khmer Gorrien erregimena sostengatu ondoren eta hogeita hamahiru urtera, damua adierazten du Alain Badiouk.
Khmer Gorrien genozidioari eskaini zion The Elimination liburuan (Grasset), Rithy Panh zinemagileak 1979ko urtarrilaren 17an Le Monde-n argitaratutako Alain Badiouren artikulu bat aipatzen du. Mundu osoak, ikaratuta, krimenaren tamaina deskubritzen duen bitartean, “Kanbodiaren aurkako kanpaina” salatzen du filosofoak,: Kampuchéa vaincra ! (Kamputxeak irabaziko du!) izenburu, gaitzesgarriarekin. Adimen handiko gizon batengandik etorrita, hitz hauek jarraituko gaituzte.
Eta Alain Badiourekin elkartzeko aukera eman zigutenean, bada, Avant-Premières platoan, France 2n, mingaina erretzen zigun galdera egin genion. Ez harrapatzeko, are gutxiago erretrospektiboki ilusiozko nagusitasun morala erakusteko, baizik eta ulertzeko, hogeita hamahiru urte geroago.
Askok, halakoetan, ihesa edo haserrea aukeratuko zuten. Ez da erraza “damutzen naiz” esatea. Alan Badiouk hala esan zuen, zintzo erantzun zion galderari eta bere “Kanbodiako noraeza”ren motibazioak azaldu zituen. Hori horrela, lan intelektualaren eskakizunen gorengo maila erakutsi zuen. Aitortza hau zuri-beltzean idatzia izan behar zuen. Eta filosofoak transkribatzeko baimena eman zigun. Ausardia hori eskertu egin behar da”.

