Gizaberea ala Subjektua? Hori da galdera! AFORISMOAK

Biziraun, Egia, Gertarazi, Gizaberea, Gizakia, Izadia, Mamuak, Subjektua

Mamuak ez dira existitzen. Gainera, ez da bakarrik ez dugula mamuetan sinesten, da are gutxiago garela haien beldur.

Nahiz eta existitzen ez badira zergatik izan, orduan, mamuen beldur?

“Gizakia lumarik gabeko hankabikoa da” — iragarri zuen Platonek.

“Hona hemen gizaki platonikoa” erantzun zuen Diogenes Sinopekoak oilasko lumatu bat lepotik hartuta astinduz, Akademian.

Eta Akademiak gizakiaren definizioa zuzendu zuen: “Gizakia lumarik gabeko hankabiko azkazal lauduna da”.

 

 

“Gizakia abere hutsa da” —iragarri zuen Joxe Azurmendik.

“Bigarren mailako planeta batean bizi dena, eguzki-sistema arrunt batean galaxia hutsal baten ertzetan” — borobiltzen du Alain Badiouk.

Hara hor auzia izateari dagokiona: izan ala gertarazi? Gizakia ala subjektua?

Gizakia da.

Gizakia aberea da, animalia, munduan biziraun eta existitzen dena.

Subjektuak du.

Subjektuak Egiak gauzatzeko eta berritzeko gaitasuna du, jada badagoen mundua eraldatze aldera.

Mundua bere osotasunean bat eta bakarra baita. Baita mundu bakar horretako guzateria bera ere — aniztasun objetibo ukaezin batean barreiatzen dena.

Aniztasun ukaezin bezainbat inkonsistentean.

Aniztasuna, izan, dagoena baita, existentzia soilaren mailan jada badagoen munduan jada badagoen askotarikotasuna..

Alta, jada badagoen munduko bat eta bakarreko aniztasunean, bere existentzia laburrean, giza-animaliak Egiaren orainaldi subjektiboak, subjektuarenak, gertarazteko aukerak ditu.

Subjektu bilakatuz, giza-animaliak Egia unibertsal eta betikoen gauzaketa zehatz, konkretu eta singularrak berritzeko aukera du — hemen eta orain bizi-mundu singularrak ekoizteko aukera.

 

 

Badiouk, are gehiago, hala dio:

“Etortzen zaigun munduari aurre egiteko subjektu oro da artistikoa, zientifikoa, politikoa edo amodiozkoa. Zerbait, gainera, denok esperientziaz badakiguna. Esperientzia erabakigarri horietatik kanpo, jada badagoen munduaren existentzia dago soilik, edo indibidualtasuna, baina ez subjektua.”

Hartu zientzialariaren engaiamendu burubelarrikoa, artista tematiaren artelan miresgarrien sorkuntza, ekintzaile diziplinatuaren antolakuntza politikoan parte hartzea, edozertarako prest egongo diren bi maitaleen lehen topaketa bat-batekoa…

…Zerbait interesgarria egin bezain pronto, gizakia subjektu bilakatzen da eta gizabere norbanako izateari uzten dio.

Gizabere norbanakoa sortzaile bihurtzen baita burujabe izateari uztea onartzen duenean, burujabetza bestearen presentziarekin partekatzen duenean.

Subjektuak gizakiaren Ni-a husten du; norbanako burujabearen lehentasuna ukatzen du, ‘ni-lehen’ lelo garaikidearen lege nagusia dena.

Bere horretan, gizakia, edo gizabere norbanakoa, jada badagoen munduarena baita, subjektuak, aldiz, etortzen zaigun munduari aurre egiten dion bitartean — subjektua datorren mundurako dabil.

Eta hara hor zu, hortaz, dagoen munduan datorren mundurako zu berria egiten, zure txikia kosmikoan, zure animalia espezie biologikoaren existentzia errukigarriari zentzua eta konsistentzia ematen.

Hara hor zu subjektu eraginkor gisa Egia unibertsalak, betikoak eta aldagaitzak, giza-berdintasuna, arrazoikotasuna, elkartasuna, edertasuna… jarduera zehatz eta singularren bidez eraikitzen eta berritzen, zure bizi-mundu zehatzean berritasunak sortzen eta gertarazten.

Hara hor zu Egiaren alde arriskuak hartzen, temati eta burubelarri, diziplinaz eta edozertarako prest.

Hara hor zu eragiten, giza-animaliaren bizirauteko behar naturalak asebetetzetik haratago.

Zeren subjektu gisa, zuk eta nik, izadiak eskaintzen dizkigun mugak gainditzen dituenarekin harremana mantentzeko premia dugu, baita giza baldintzapenen mugak ere.

Eta zuk eta nik badakigu, jakin, bizitzera tokatu zaizkigun esperientzia erabakigarrietan, gure gizatasunaren baitan osagai argi eta baketsuekin bat etortzeko gauza izan garela — baita, baina, aldi berean, zenbait osagai ilun eta bortitzez jabetuz.

Eta hona hemen, beraz, gazteak perbertitzeko azken ikasgaia:

Ez dago arriskurik gabeko maitasun, zientzia, arte edo politikarik!

Hilik gabeko gerra ezinezkoa den bezala.

Lehen Mundu Gerra erabakigarria izan zen ebidentzian oinarritutako neurozientzien garapenean — hainbat zorigaiztoko biktimen burmuinetan balen eta metrailaren eragina aztertzeko bidea ireki zuen.

Guernica egilearen pedofilia misoginoak kolokan ezartzen al du bere ondare artistikoa?

Gizatasuna ezin da antzeman gizagabetasunaren osagairik gabe.

Gizagabetasuna ez da bizitza intimoa bortizki eteten duen istorio opakoa, ez da orbsn zikina edo, berezko gizatasun garbia lohitzen duena.

Giza(gabe)tasuna esperientzia erabakigarri ororen euskarria da.

Eutsi goiari, bada, datorren mundurako ibiltze aldera, ez etsi. Hemen eta orain, borroka da bidea. Maite errukirik gabe. Zientzia ospatu baina ez sakralizatu. Egin gabe dagoen artea, poesia, teatroa…bilatu, landu, arakatu…

Giza-abere gupidagarri gisa bizi? Ez, eskerrik asko. Subjektu eraginkor, erabakitzaile eta sortzaile gisa hil arte, hilezkor, bizi.

“Egiak ez dira lorategian sortzen diren larrosak” — Alain Badiou.

“Munduak ez du hausnartzen mamurik gabe” — Aristoteles.

Share This