Gertakizuna eta euskal emantzipazio prozesua: (3/3) Gertakizuna atzo eta gertakizuna gaur

Estaldura prozedura, Finitu-Infinitu, Gertakizuna, Posible-Inposible, Puntu

Gertakizuna, akontezimendua edo ebentoa Alain Badiou ezagun egiten duen hitz garrantzitsuena da, Hitz hori ardatz, azalpen hau hiru zatitan banatuta dago.

Lehen zatian Alain Badiouren lanean erdi-erdikoa den aipatu gertakizuna hitzaren esanahia eta testuinguru kontzeptuala azaldu da. Gertakizuna hitza ulertzeko gakoak eta zehaztapenak egiteko orduan, gertakizuna hainbat eremu edo baldintza (politika, artea, zientzia, maitasuna) eta hitz edo nozio (egia, subjektua, fideltasuna…) garrantzitsuen esanahi nolabait berrituekin elkarlotzen da.

Bigarren zatian euskal askapen mugimenduaren sorrera eta garapena gertakizun politiko zehatz eta singular gisa aurkezten da. Ariketa Badiouren gertakizuna hitza euskal askapen nazional eta sozialaren aldeko mugimendua ideia eta hipotesi emanzipatzaile zehaztu eta lokalizatu baten Egia propio batekin lotzean datza. Zehatz mehatz: Independentzia eta Sozialismoa lelo ardaztzailea askatasun politikoa eta giza-berdintasuna moduko betiereko Egia unibertsalen gauzatze singular eta lokalizatua da, subjektu politiko kolektibo baten fideltasunaren bidez garatu izan dena eta, noski, garatzen jarraitzen dena.

Hirugarren eta azken zati honetan, hain zuzen, gaur egungo sekuentzia politiko berria iraganean aukera emanzipatzaileak ireki zituen hipotesi estrategiko lokalizatu eta singular berari baina berritu eta eguneratuari lotuta dagoela argudiatzen da, subjekku etiko-politiko berdinaren fideltasun egunerauan oinarritzen dena; eta, betiere, merezi du errepikatzea, askatasun politiko eta giza-berdintasunaren aldeko borrokaren testuinguru generikoan ematen dena. Zentzu honetan ezin da ahaztu gertakizuna, Badiouren arabera, ez dela egoera berri baten bat-bateko sorrera soilik, gertakizunarekin egoera zaharrean irekitzen eta abiatzen dena aukera berri bat dela baizik. Esan nahi baita: gertakizuna prozesuan gauzatzen eta bideratzen da.

Azken edo hirugarren atal honekin hasteko, beraz, Gertakizuna iraganean azpisailean euskal askapen nazional eta sozialaren prozesuan bideratzen den gertakizun politikoaren muina zer den bergogoratuko eta laburtuko da. Bidean Badiouren jada aipatutako hitz garrantzitsu batez bereziki erreparatu gara — ‘puntu’ hitza, hain zuzen, orain arte guztiz argitu gabe geratu den neurrian. Puntuak euskal askapen nazional eta sozialak osatzen duen gertakizunaren egia deklaratu eta abiatu zenetik aintzina aukera bera berdeklaratu eta berrabiazten denan ematen dira, zenbait momentu edo koiuntura zehatzetan oinarriko aukeraren ondorioak behin eta berriz onartuz.

Gero, bigarren, Gertakizuna gaur zertan datzan erakutsiko da, askapen mugimenduak ireki zituen aukera berrien jarraipen gisa ulertuta, zenbait erronka eta arazo berrien parean, demokrazia liberalaren parametroetan parte hartzea dela-eta edo instituzionalizazioaren eta konfrontazioaren arteko tentsioa etab. Honek, halaber, Badiouren ‘posible/inposible’ eta ‘finitu/infinitu’ bikoen garrantziaz erreparatzea eskatuko du. Ganorazko politika askatzailea, horrela, demokrazia liberal finituaren egoeran ezinezkoa dirudiena posible dela irudikazean datza, ez etorkizunerako utopia gisa, ekintza askatzailerako baliabide positibo gisa baizik, hemen eta orain.

Hirugarren, Gertakizunaren ukapenaz arituko gara, gertakizunaren aurkari zein etsai orokorrean amorratuen jarrera nola historikoa halaxe gaurkoaren muina ulertzeko balioko diguna. Horretarako Badiouren ‘estaldura prozedura’ moduko nozio argigarriaz baliatuko gara. Estaldura ematea, oinarri-oinarrian, jada badagoen norma zahar eta finituaren alde egotea da, dagoen ordena posible bakarraren lengoaia nagusiaz soilik baliatuz ganorazko edo benetako berritasuna, hau da, oraindik ez dagoenaren aukera ezinezko edo inposibletzat ukatzeko eta desituratzeko helburuarekin. Dagokigun kasuan, jakina zaigun bezala, hori zenbait lelo errepikakor bezainbat erredukzioniztez egin izan da, ohiz, eta egiten da, oraindik, tartean emozio ilunak astintzeko sentzazionalismo errazkoian eroriz: sozialismoa eta independentzia bateraezinak dira; ez dago zapalkuntzarik, gezurra da, EH ez da existitzen; etnizistak eta baztertzaileak; ortodoxoak, sektarioak, desberdintasunaren kontrakoak; ‘tiro en la nuca’, mafia, Cosa Nostra etab. etab.

Konklusio gisa, ondorio labur-labur batzuekin amaituko dugu Gertakizuna etorkizunean aurreikusteko-edo.

Gertakizuna iraganean

 

Azalpen honen guziaren zehar erakutsi den bezala, Alain Badiouren gertakizunaren teoria euskal askapen mugimenduaren sorrera eta hastapena argitzeko balio izan digu, zehazki, gertakizun politiko singular gisa aurkeztuz, eta bertatik sortuko den mugimendu politiko emanzipatzailearen garapen historikoan egiaztatu dela erakutsiz.

Argudiatu eta arrazoitu den bezala, euskal askapen mugimenduaren momentu eratzaile edo konstitutiboaren operazio politiko nagusia ‘Independentzia eta Sozialismoa’ elkartzea izan zen — hasiera bateko hainbat eta hainbat zalantza zein ez-jakintasun barne, baita hainbat eta hainbat barne-borroka, zatiketa, kanporatze eta berregituraketen bidez ere, askatasun politiko partikular baten sinismen sendoa emantzipazio unibertsalarekin kontraesanik gabe bateratzeraino,

Mistifikaziorik ez, beraz, are gutxiago bidean, aipatu makinabat zatiketa mingarri, barne-borroka zorrotz eta tragedia egon dela ukatzerik ez dagoenean — Egia, bergogoratu, ez da lorategian sortzen den arrosa, ez maitasunean, ez artegintzan, ez zientzian, eta noski ezta politikan ere. Zatiketa eta barne-borrokekin batera, era berean, makinabat traizio eta ernegatu glorifikatu egon da, asmatu berritasun politikoan buru-belarri parte zuzena hartu ondoren berritasun horri eusteko tenplea galduz eta jada bazeuden, are badagoen egoeraren eredu zaharretara berritzuliz.

Hori guzia ukatu gabe, gainera, autokritikoki onartu da jada, askapen mugimenduaren garapenean makinabat totalizazio eta hertsipen ideologiko ere egon dela — nola batetik, borroka armatuari zegokion XX. mendeko bigarren erdiko ziklo orokor baten mundu mailan, biolentzia iraultzailearena alegia, XXI. ean barrena luzatuz, halaxe, betidaniko eztabaida iraunkorra hau, Erakundearen edo Alderdiaren Bat-ak askapen mugimenduaren Heterogeneitatea bere osotasunean sarritan baino gehiago baldintzatuz. Alta, ezin da berriz esan gabe joan euskal askapen nazional eta sozialaren aldeko mugimendu emanzipatzaileak aurrera egin baldin badu, betiere erakunde sozial eta politikoen konglomeratu anitz gisa izan dela; eta aurrera egin du antolakuntza moduen konplexutasuna funtsezko ezaugarritzat onartuz, erakundeen arteko muga argirik gabe. Honetaz gainera, hauteskunde-plataforma zabalak eta gizarte-mugimenduetako erakundeak, sindikatu eta hiritarren ekimen autonomoak, koordinadorak eta alderdiak bildu ditu; ebaketa horizontaleko antolamendu-formak praktika hierarkikoekin tartekatu ditu, tartean zenbait buruzagi karismatiko emanez horregatik pertsonalitatearen kultoan erori gabe. Are gehiago, marxismo klasikoaren klase-ikuspegia ere langu du baina eraikuntza nazionalari amore eman gabe klaseen arteko herri batasunerako eta fronte zabalak eratzeko orduan gutxieneko egitarauen inguruan. Eta, oinarri-oinarrian, aniztasun horren euskarri nagusia subjektu etiko-politiko kolektibo eta antolatu baten gertakizunaren egia propioari fideltasuna izan da, izan ere, askapen nazional eta sozialaren Ideiari eta prozesuari gaurdaino jarraipena eman diona.

Ondorengo hau, beraz, sendo azpimarratu behar da: euskal askapen mugimenduarekin abiatutako den prozesu emanzipatzailean, gertakizunaren egia propio hori, edo oinarriko gertakizunaren egia zehatz, konkretu eta singular hori, independentzia eta sozialismoa, etengabeko berrinterpretaziora irekia egon da, eta dago, zenbait momentu, koiuntura eta sekuentzia politiko desberdinen zehar eta arabera — Badiouren ‘jargoian’, zehazkiago, ‘puntu’ hitz garrantzitsuaz baliatuz azaldu daitekeena. Badiouren arabera:

“Politikoa, amodiozkoa, artistikoa edo zientifikoa izan, puntu bat, hain zuzen, egia baten eraikuntzaren ondorioek bat-batean hautaketa erradikal baten aldeko apustua egitera behartzen zaituenean ematen da, berriz hasierara itzuliko bazina bezala. Gertakizuna deklaratu eta onartu zen garaian bezala, beste behin esan behar duzu: “Aukera hau onartzen dut, nahi dut eta nire gain hartzen dut”.

Noski, puntu hauen inguruko zehaztapenak (… Kas alternatiba … Oldartzen ponentzia… Aralar eszisioa… XXI. Mendeko sozialismoa…) teoriaren aurka ez dauden historigileen eskuetan utziko ditugu baina, hemen, argi geratzen dena zera da: puntuak hitzarekin askapen mugimenduak euskal herri (langile) gisa izendatutako subjektu etiko-politiko konkretu batek markatu izan duen esparru zehatzaren prozesu singularrari dagozkion momentu erabakigarriez ari gara. Puntu bat gertakizunaren prozesuan finkatzen den une jakin bat da, non, nolabait, gertakizuna berriz jokatu behar den, beste era batean eta lekuz aldatuta itzuliko balitz bezala, horrela euskal askapen prozesuaren egia propioa testuinguru desberdinetan behin eta berriz deklaratuz. Askapen mugimenduaren politika betiere emanzipatzailea dela-eta ukaezina baita askapen nazional eta sozialaren aldeko deklarazioak behin eta berriz egin direla prozesuaren beraren testuinguru berrietara egokitzeko beharren arabera, eta puntu bakoitzean gertakizunaren egiari eutsi egin zaiola, gertakizunak irekitako aukerak eraikiz eta berreraikiz.

Laburtuz, gertakizunaren hasierako deklarazioaren ostean, independentzia eta sozialismoa behin eta berrriz adierazi behar izan dira hainbat sekuentzia politiko eta koiuntura desberdinetara egokituz. Eta horregatik krisi bortitzen iturri ere izan dira, Egiaren bilaketak eta gauzaketak halabeharrez dakarten prozesu guzietan gertatzen den bezala. Alta, zera ukaezina dirau, halaber: gaur egun, edonorren begien aurrean frogatu daitekeenez, prozesu emanzipatzaile hau guzia aurrera eraman duena subjektu etiko-politiko kolektibo zehatz eta singular bat izan da, askatasun politikoaren eta giza-berdintasunaren ideia generikoen gauzatze zehatz eta singular bati fideltasunaren bidez gauzatu izan dena — izan ere, are gehiago, maila askotako militantzia eta burkidetasun eredugarri batzuen emaitza eta ondorioa izan dena, eta zeinaren egiaren indarrak militantzia eta burkidego gero eta zabal eta irekiagoa garatzen ari den, betidaniko kontrako propagandaren despit.

Gertakizuna orainaldian

 

Bai, aurreko belaunaldikoek eta, batez ere, askapen nazional eta sozialaren prozesua abian jartzeko erdiko Ideia emanzipatzailea egituratu zuten belaunaldikoen meritua behin eta berriz azpimarratu behar da, haiek izan ziren-eta dagoen mundu honetako legearen azpian ezkutuan eta ikusezina zegoen zerbait ageri-agerian utzi zutenak, garaian zegoenaren murrizketa negatibo eta ilunari aurre eginez proiektu eta proiekzio politiko berri baten agerpen zehatz eta singular bat egoera zaharrean forzatuz. Eta, hasiera-hasieratik, horrela, gure tradizio politiko, kultural eta intelektualean askatasun politikoa edo independentzia nazionalaren eta justizia soziala edo sozialismoaren aldeko aldarri anti-koloniarra anti-kapitalismoarekin lotuta egon da eta dago — baita, esaterako, sekuentzia politiko iraganekoagoen aurrekarien esanetan ere, hala nola Telesforo Monzon bera, adibidez, askapen mugimenduaren indar berritzailearekin ‘kutsatu’ eta gero esan zituenak kontuan hartuz gero, bederen:

“Zalantzarik txikienik gabe eta zeharo gaitzesten dut kapitalismoa. Espainiak Euskal Herrian daukan oligarkia xehatu eta suntsitu ezean berak txikituko gaitu. Horra garbi esan, jakin nahi duenak jakin dezan.”

Gaur egun, noski, erraza zaigu aitortzea iraganeko diskurtso tankera baten aurrean gaudela, oligarkia milardarioak bere horretan jarraitzen badu ere, gaur egun, inoiz baino indartsuago. Alta, merezi du argitzea gauza bat dela letra eta beste bat izpiritua. Batez ere, gainera, subjektu etiko-politiko egiten gaituen gertakizunaren prozesu emanzipatzailean, sekuentzia politiko berri honetan, demokrazia liberal formalaren koordinatuetan saiatzeko erabakia hartu eta gero.

Zer nahi dela, hemen aurkezten den argudiaketa arrazoitu orokorra eztabaidara irekita egonda, noski, sobera lekukotasun dagoela erakutsi da jada zera baieztatzeko: euskal askapen mugimendu historikoak eta gaurko ezker soberanista edota independentista biak ala biak dira bat singulartasun politiko murriztuezin berean errotzen diren neurrian, Idea edo hipotesi emanzipatzaile generiko eta integral baten koordinatu konkretu eta lokalizatu batean. Horren froga erantsia da gertakizuna sortu zen leku edo denbora zehatzetik haratago subjektu etiko-politiko kolektibo batek iraun duela, eta askatasuna eta berdintasuna moduko egia unibertsalei atxikimendua euskal emantzipazioaren ideiari lotuta gauzatu dela, gauzatzen dirauela, subjektu etiko-politiko kolektibo horren beraren fideltasun gaurkotuaren bidez, momentuan momentuzko edo puntuz puntuzko eskakizun zehatz eta lokalizatuean erantzun sortzaileak denboran zehar asmatzeko gauza izanda gero.

Noski, demokrazia liberal formalaren koordinatuetan saiatzeko erabakiarekin batera betiko erronka eta arazo elkarlotua hor dirau giza / herri / masa mugimenduen eta instituzionalizazioaren arteko harremanen moduekin lotuta dagoena, partizipazioaren eta konfrontazioaren arteko tentsioa tarteko.

Batetik, mugimendu emanzipatzaile gisa esperientzia politiko nahikoaz jabetuta gaude jadanik jakiteko estatu erakundeetan parte hartzearen bide soila pribilegiatuz gero, gauzen kudeaketara edo administrazioara mugatuz, benetako politikaren gatazka-lekua desagertzen dela teknokrazia aditu eta post-politiko baten alde. Alta, gauza publikoaren kudeaketa soila ez da gure tradizio politikokoa.

Bestetik, baina, giza mugimenduen autonomia bakarrik ardaztzat hartuz gero, ainguratze instituzionalik gabeko borrokak antzuak dira guztiz, halaber. Zentzu horretan, dagoen sistema politikoaren mailan lorpen hautemangarriak zehazteko, mobilizazio herritarraren eta borroka instituzionalaren tartekatzea beharrezkoa dela badakigu.

Betiko arazo hauei heltzeko orduan, Badiou lagungarri suertatzen zaigu, berriz, ‘posiblea-inposiblea’ denaren arteko harremanari buruz, edo ‘finitua-infinitua’ denaren artekoari esateko duenarekin — izan ere, hain justu, demokrazia liberalari zuzendutako kritikaren testuinguruan egiten duena. Badiourentzat, demokrazia liberala finituaren eta posiblearen arte errepikakorra da, hau da, posiblearen arte famatu hori delakoa-eta ez da, berez, oso politikoa, giza-animalia errukigarrientzat bizirauteko errezeta konformista eta kontserbakoia baizik. Badiouren arabera, baina:

“Emantzipazioaren politika beti datza posible irudikatzean, hain zuzen ere, egoeraren barruan inposibletzat edo ezinezkotzat jotzen dena”.

Badiouk lehenesten duen konbikzioaren politikak, ondorioz, aurre egiten dio dagoen demokrazia liberalaren fikzio onartuak darion konformismoari, bide batez, ezker garaikideko zenbait impasse, paradoxa eta arrakalez zinez kritikoki jabetzera lagunduz.

Fikzio demokratiko liberalaren funtsa giza-animalia gupidagarriak izatera kondenatzen gaituela da— beharrak asetzera eta bizirautera soilik, ortzmuga alternatiborik gabeko posiblearen mundu finitoan. Aitzitik Badiouren inposiblearen eta infinituaren politikak giza-animalien pairatzeko baino subjektutasun sortzaileen gertarazteko gaitasuna azpimarratzen du. Badiouren gertakizunaren teoriatekin giza-aberearen zein norbanakoaren eta subjektuaren arteko desberdintasuna eta arrakala ikertzeko aukera irekitzen da: giza aberearen bizirauteko oinarrizko behar indibidualak betetzetik haratago subjektu kolektiboa, eraginkorra, erabakitzailea eta sortzailea izateko aukera irekitzen da.

Sekuentzia politiko berri honetan, hortaz, gurea ezin da izan demokrazia liberala bera erlijiozko debozio mistikora laburtzea, ezin da izan ‘betiko’ demokrata erdikoi, orekatu, moderatu eta pragmatiko tipikoarena, bentrolokoaren erara erritualki eta dogmatikoki demokrazia sakralizatzen duena, azken finean, mundua dagoenetan eta den bezala izaten jarrai dadin.

Laburtuz, dagokigun tentsioak ez liguke aparteko eragozpenik sortu behar: Ideia edo hipotesi emanzipatzailearen ardatz estrategikoan oinarriko bulkada eta pulsio emanzipatzailea inposiblearen politika goratzea izanda, posiblearen politika baterako irizpideen lekunea ere baita, demokrazia liberalaren muga finituen barruan infinituaren alde operatzeko balio beharko ligukeena. Demokrazia liberalaren parametroetan aritzeak ez du errenuntziarik eskatzen, ezta gure anbizio politikoei uko egiterik ere.

Gertakizunaren ukapenaz

 

Gertakizuna, ikusi dugu, aukera berri baten sorrera eta garapena da, prozesua da — gure kasu zehatzean, independentzia eta sozialismoaren bidean garatutako prozesu singularra da, sekuentzia politiko ezberdinen zehar luzatu den prozesua. Prozesu emanzipatzaile singular eta lokalizatu horretan gertakizuna orainaldiarekin lotzen duena subjektu etiko-politiko kolektibo baten fideltasuna da. Bestela esanda: gertakizunarekiko engaiamendu eta onarmen subjektibo baten bidez da gertakizunaren egia baieztatzen dena eta dela, sekuentzia politiko desberdinetako koiunturen arabera.

Borroka politiko baten testuinguruan, beraz, gauza bat da gertakizunaren beraren egia propioa kanpotik mito eta gezur gisa ukatu nahi izatea eta beste bat, guztiz desberdina, ukapen hori objetibotasunaren edo, nolabait esateko, ‘benetako egia’ kanpoko batetik egiten dela baieztatzea. Ohargarriena, hemen, zera da, alegia, balizko posizio objetibo horren jabetza ‘zientifikoa’ zer eta, gehienetan, beti ez esate arren, jada badagoen gizartearen izenean bere osotasunaren norbereganatu nahi dela. Nahiz eta, azken finean, zera baita aitzitik nabarmentzen dena, izan ere, jakintza objektiboa eta zientifikoa baino Euskal Herrian azkan hamarkadetan eratu den askatasun politikoaren eta giza-berdintasunaren aldeko mugimendu politiko nagusiaren kontra propaganda hutsa eta sostengatua besterik ez dela izan — makinabat historigile, iruzkingile politiko eta sasi-aurrerakoi berritsu eredu, beraiena zientziakotasun objetiboaren araberako ekarpena balitz bezala erreklamatuz, justu-justu kontrara, propaganda-lana ogibide bilakarazi besterik ez zutenean, eta dute, benetako demokraziaren, aniztasunaren eta giza-eskubideen paladín ilustratuen gisanberaien buruak aurkeztuz harrokeria moralizatzaile handi-mandiz.

Alta, badago modu zehatz bat euskal askapen nazional eta sozialaren prozesuan oraindik ere bideratzen den egia politikoa zenbait trikimailu erretoriko, eta ez hain erretoriko, ezagunen bidez ukatzen jarraitu nahi dutenen posizioa zein ahula den azaltzeko. Izan ere, nahikoa baita arestian aipatu Badiouren ‘estaldura prozedura’ edo ‘estaltze operazioa’ delakoaren esanahiaz baliatzea. Badiouren arabera:

“Estaldura prozedura, maila orokorrenean, infinitu berri baten balizko agerpena neutralizatzeko saiakera da, dagoen ordenan aurretik jada badauden esanahiez estaliz, kubrituz edo tapatuz – (jada badagoen ordena eta normaren) egoeran dagoeneko emanak dauden esanahiek infinitu posible berri baten garapena oztopatu eta debekatu nahi dute. Hori batetik. Baina baita, bestetik, infinitu horren bere barneko esanahia edo infinitu berri horren zentzu immanentea eta gehiegikoa edo eszes(ib)oa ere. Kontua ez baita bakarrik kanpotik deuseztea; ezta ez dela gertatu edo ezer ez dela gertatu esatea ere. Kontua, are gehiago, zerbait (berri) horrek bere buruari ematen dion esanahia ezer ez dela (ez dela existitzen) baieztatzea da.”

Badakigu, noski, askapen mugimenduaren sorrera eta garapena zinez gertakizun politiko baten gisa izendatzea ukapenenera irekia egon dela betidanik. Baina gauza bat da gaur egungo Euskal Herriko ezker soberanista edo independentistaren zati handi baten esperientzia historiko singular eta lokalizatua izugarrizko gertakizun politiko baten garapenean edo prozesuan kokatzen dela sinetsaraztea ezinezkoa izango dela aldez aurretik konbentzituta dagoenari halanolako mafia terrorista patologiko batek barreiatutako kaos inmoral baten ondorioa baino besterik ez dela izan. Eta beste gauza bat, da guztiz desberdina, ukapen horren oinarrian nolabaiteko berezko egia natural bat-edo badagoela sinistean oinarritua egotea besteona amezkeria patologikoaren eremuan desitxuratu eta baztertu nahiz (etnikoa, terrorista, sektarioa, dogmatikoa, zurruna…) beraien posizioa benetan existitzen denari lotuta dagoela azpimarratuz — argudiatu dugunaren arabera, baina, zeharo dena jada badagoenaren aldeko aldarrikapen zinez tristea, ez da hala! Finitua eta infinituaren arteko dialektikan dagoen ordena finituaren alde egitea, hain zuzen.

Hona hemen, hortaz, Badiouren aipamen luzea baina beharrezkoa inguruko makinabat ‘kritiko zibiko eta pluralista’ zera baino politikoki tristeen errugabetasunean ardaztutako jarrera etiko-moral epel, erdikoi eta errazkoiak benetan non oinarritzen diren jakiteko, argi eta garbi:

Ordena itxi batek, bere izaera edozein dela, iraunarazteko asmoa du, hau da, asmoa ordenaren itxiera dagoenetan mantentzea da, itxiera horrekiko kualitatiboki arrotza den edozein agerpen eragoztea. Ordena hertsi hau finitutasun mota jakin baten mantentzeko jarduera gisa deskriba daiteke . Hertsitasun finitu honetatik harago doan eta finitutasunaren kontzeptua bera gainditu egiten duela dirudien guztia mehatxu bat da — ordena batek bere finitutasunaren kontzeptua baitarama bere baitan eta hori transmititzen baitu. Horregatik, orokorrean, ordena horrek berea bakarrik posible dela esanez hasten da eta, ondorioz, posible izan daitekeen gainontzekoa blokeatzen du, puntu zehatz batean. Eta itxiera hori desarautu dezakeen gainezkoa (edo eszesoa) dela dirudien guztia, dagoen egoeraren aurkako in-finitutasun arriskutsu gisa hautematen edo ulertzen da – posiblearen in-finitutasun gisa, zehatz-mehatz. Ordena mantentzeko gakoa, izan ere, posible dena blokeatzea baita. Posible den zerbait dagoen egoeratik harago doala edo gainditzen duela agertzen bada, finitutasunaren defentsa segurtatu behar da, finitutasuna babestu behar da egoeraren infinitutasunaren arriskutik.

Ondo asko erakutsi den bezala, baina, dagoen egoera finitutik haratago pentsatu izan duen subjektu etiko-politiko kolektibo zehatz eta singular bat, egon, badago gertakizuna politiko baten egia propioa bultzatu duena eta dagoeneko, behintzat, ezertara errenuntziatu ez duena, gertakizunarekin berarekin ireki zitren aukera eta ondorioei oraindik ere guztiz atxikiz. Zer esanik ez, egon badaude, baita ere, gertakizunaren teoria aintzat hartzeko irekita egonda, oinarriko gertakizunaren benetako pults(i)o iraultzaileari uko egin zaiolako salaketan dirautenak. Salaketa hori hedatua dago eta onargarria da, egungo jarduera politikoa dagoen iruzur demokratiko liberal eta burgesaren kudeaketara murrizten dela alegia, erreformismo hutsean eroriz.

Alta, kritikaren muina baztertu gabe, Badiourekin amaituko dugu berriz, izan ere, Badiouren ustez sorkuntza orok, eta askapen mugimenduarena sorkuntza politikoa da, aurre egin behar duen arazo unibertsala baita: nola eraiki zer edo zer berri jada badagoen ikuspuntu nagusitik desberdina dena? Eta Badiouren arabera: “Mundua gainditu daiteke, baina mundu honen barnetik gainditu daiteke bakarrik”. Esan nahi baita: asmatzen diren prozedura berriak, eta berriz esateko, askapen mugimenduarena prozedura politiko berria da, “asmatzen diren prozedura berriak [hortaz] halabeharrez hartzen dute maileguan, nahi edo ez, dagoen ingurunetik”, edo dagoen ingurunean jada jakina edo definigarria denetik: “asmakizun oro nolabait ukatzen duen mundutik barrutik ekoizten da”— zeina, onartu behar da, zaila baita, ukatu egiten den munduaren legea, dagoenaren lege finitua, alegia, inperioaren eta oligarkiaren aginduetara lotuta dagoena baitirau—Monzonek berak, ikusi dugu, aspalditxo aditzera eman zuen bezala. Baina horrek ez du esan nahi, testuinguru politiko orokor horretan, euskal askapen nazional eta sozialaren prozesuaren aldeko bokazioa berdekalratu eta berretsi ez denik; sekuentzia politiko ezberdinen arabera diskurtso eta balio alternatiboak gure gain hartu izan baititugu belaundadien zehar, baita iraganean hauteskundeetara aurkeztuz eta kargu instituzionalak izanez, horregatik dagoenaren aurkako kritikari uko egin gabe, eta abar.

Ondorioz, aipatu tentsioaren jakinaren gainean egonda, subjektu etiko-politiko egin gaituen gertkizuna bera, dena den, Independentzia eta Sozialismoa elkartu zituen gertakizuna, alegia, oraindik inondik ere agortuta edo saturatuta ez dagoen sorkuntza politiko betiere berritzailea da — sortu zenetik, gainera, banaezina suertatu izan dena. Eta, zentzu horretan, modu bateko edo besteko puritaukeria aldebatekoietatik datozen salaketen gainetik, konbidapena luzatzea besterik ez dago mugiemendu politiko orokorrarekin berriz elkartzeko — garatu dugun gertakizunaren oinarriko konfigurazio edo, gogoratu, fusio kimiko propioaren osagaien inguruan batera lan egiten jarraitzeko,

Independentzia eta Sozialismoa+, ondorioz, ideia-giltza nagusia dirau zeinak, askatasun politikoa giza-berdintasunetik banatu nahian dabiltzatenen azken asmoak azaltzeko, baita salatzeko ere, balio duen: dela naziotasunaren ikusbide zurrun eta subjetutasun kultural esentzialista gaindituen bidez euskal askapen mugimenduaren inpultso unibersatzailea kolokan ezarri nahiz; dela ideia edo hipotesi komunista generikoaren ikusbide zurrun eta subjetutasun politiko transzendental gaindituen bidez euskal askapen mugimenduaren prozesu emanzipatzaile propioak aukera berriak sortzen jarraitzeko erakusten duen gaitasuna ukatuz, eta abar.

Laburtuz, gu moduko ahalmen intelektual osozko militante eta burkide politikoentzat, euskalgintzan, feminismoan, ekologismoan, sindikalgintzan, giza eta herri mugimenduetan, alderdi egituretan… asmoa gertakizun politikoaren sorrerako hipotesi emanzipatzailearen Egia propioari atxikitzen jarraitzea dirau, dagokigun eta egiten gaituen oinarriko Ideia politikoari eustea, hain zuzen, askatasun politikoa eta giza-berdintasuna diren betiereko Egia unibertsalen gauzatze zehatzari lotuta dagoena euskal askapen nazional eta sozialaren aldeko prozesuan garatzen eta sostengatzen diren gaionttzeko borroka guziekin batera. Gure kasuan, hortaz, Independentzia eta Sozialismoa+ ohiko ardatz estrategikoaren erdiko Ideia bera XXI. mendeko testuingura egokitzean jarraitzea da, subjektu etiko politiko egiten gaituen Ideia horri eutsiz gain betiere infinitura irekiz, Badiouk dion bezala: “Infinitua beti baita norberaren burua estaltzen ez uzteko indarra izatea; beti da Ideiari eustea”. Gure berritasunaren potentzial infinitua ez dago estaldura finituekin deusezterik, are gutxiago zaharkeria gaindituekin desitxuratzerik.

Gertakizuna etorkizunean: ondorioak

 

Badiouren ustez denbora oro nolabaiteko erabaki subjektibo batekin hasten da eta gertakizun baten Egia baieztatzeko bakoitzak denboraren hasiera berri bat ezartzen du. Gertakizuna orainaldiz blai dagoen garai batean da beti, partziala den posizio batetik, baiki, eta, hortaz, ezin du subjektiboa edo subjektuarena ez den balízko egitate edo fakto objektiboen jakintza aldarrikatu. Gure subjektibitate politikoak ezin baitu egia objektiborik sortu. Gure egia ez baita objektiboa, unibertsala baizik.

Gure egia unibertsala da, hain justu, egoera eman batetik sortutako gertakizun lokal eta zehatz bati esker subjektu etiko-politiko kolektibo eta singular gisa garatzea posible izan zaigulako, gertakizunaren beraren ondorioka edo konsekuentziak haintzat hartuz zenbait belaunaldi eta sekuentzia politiko desberdinez zehar.

Zentzu horretan, idazlan hau berau gertakizunean bertan eta gertakizunaren prozesutik barnetik interbentzio edo esku-hartze zehatz eta zuzena da, politikoa eta intelektuala. Nolabaiteko kanpotasun aztertzaile eta interpretatzailearen distantzia orekatua-edo norberarentzat erraklamatzeak gertakizunaren beraren muina suntsituko bailuke.

Gauzak horrela, idazlan honen osoaren betebeharra Egiaren subjektu etiko-politiko egiten gaituen gertakizun politikoaren prozesua azaltzea izan da, eta oraindik oso ikusgai eta presente dagoela erakustea eta azpimarratzea, bai euskal askapen mugimenduak asmatutako hipotesi emanzipatzailearen sorrera, garapen historikoa eta bere jarraipen zuzena den gaurko ezker soberanista eta independentistaren izaera ulertzeko eta baieztatzeko — guk geuk, hemen eta orain, eratzen dugun bizi-mundu politiko propio baten konsistentzia baieztatzeko, alegia, mundua bera osatua dagoen errotiko multiplizitate heterogeneoaren testuinguru inkonsistentean ulertuta. Izan ere, hori baita garrantzitsua, hemen, subjektu eraginkorrak eratze aldera gertakizunek irekitzen dituzten aukera amaigabeak, ez bakarrik politikaren eremuan baizik eta, baita, maitasunaren, artearen edota zientziaren eremuetan ere; eta ez aldez aurretik aniztasunaren edo pluraltasunaren alde emandako inperatibo moralen bat-edo. Munduan ez dago besterik aniztasuna ezik! Pluraltasuna dagoena da, jada!

Azalpen honen osoaren asmoa, hortaz, gertakizun politiko baten interpretaziorako bidea argitzea edo gertakizun politiko hori bera interpretazio zehatz baten arabera tratatzeko saiakera izan da, aipatu munduko berezko multiplizitate heterogeneoaren testuinguruan; eta inolaz ere ez ideologia nagusitik bonbardatzen gaituzten aniztasuna, tolerantzia, errespetua eta abarren moduko platitude multikulti liberalenean. Egon ez baitago Egiarik prozesu singularren aurretik, edo gure kasuan, dagokigun prozesu politiko singularraren aurretik.

Hemengo hau, bada, zenbait balaunaldien zeharreko prozesuan konsistentzia eman zaion, eman diogun, bizi-mundu politiko propio bati gorazarrea da — beste makinabat eta makinabat eta makinabat gertakizun kontatu ezinen artean ematen dena. Zalantzarik gabe. euskal askapen nazional eta sozialaren alde abiatu zen gertakizuna mundu honetan, are mundu honetarako gertatutakoa da, mugimendu politiko gisa gure egia propioa batere zerutiar edo transzendentala ez den neurrian, prozesuan, hemen eta orain, garatutakoa baizik, eta, hortaz, zera baieztatu daiteke tronpatzeko inolako arriskurik hartu gabe, alegia: askapen mugimenduaren erakunde politikoen garatzeko eta berritzeko gaitasuna ez da oraindik bukatu, justu-justu, alderantziz berriro hasi baizik XXI. mendeko .testuinguru berri zein betiere berritu beharrekoan independentzia eta sozialismoa+ lelo zehatzaren aldeko borrokarekin irekitako aukera berrien gaurkotasuna azpimarratuz.

Irekitzen ari garen ziklo zein sekuentzia politiko berrira begira, beraz, gure konbikzioaren politikak ez du zertan gure sinismen sendoak kolokan ezarri beharrik oinarriko eta betiereko bi zutabe generiko eta unibertsalen, askatasun politikoarena eta giza-berdintasunarena, alegia, garai berrietara berregokitzeko orduan modu betiere zehatz, konkretu eta lokalizatuan.

Inolako iragan heroikoen-edo inostalgia malenkoniatsuan erori gabe, beraz,

Aurrera bolie!

Share This