Gertakizuna eta euskal emantzipazio prozesua: (2/3) Euskal emantzipazio prozesua gertakizun gisa

Euskal askapen prozesua, Gertakizuna, Sartre, Singulartasun murriztezina

Gertakizuna, akontezimendua edo ebentoa Alain Badiou ezagun egiten duen hitz garrantzitsuena da, Hitz hori ardatz, azalpen hau hiru zatitan banatzen da:

1/2 – Azalpen honen lehen zatian Alain Badiouren hiztegian gertakizuna hitza ulertzeko gakoak eta zehaztapenak azaldu dira bidean hainbat eremu (politika, artea, zientzia, maitasuna) eta kontzeptu (egia, subjektua, fideltasuna) garrantzitsu eta elkarlotuekin erreparatuz.

2/3 – Ondorengo bigarren zati honen asmoa Badiouren gertakizuna hitza euskal askapen mugimendu politikoaren sorrerako hipotesi emanzipatzailearen Egia propio batekin lotzea da. Eso bestela esanda: bigarren zati honetan, askatasun politikoa eta giza-berdintasuna moduko betiereko Egia unibertsalen gauzatze zehatza euskal askapen nazional eta sozialaren aldeko subjektu politiko singular baten bidez garatzen dela sostengatuko da.

3/3 – Gero, batez ere hirugarren zatian gehiago eztabaidatuko dena, gaur egungo sekuentzia politiko berrian iraganeko egoera eman horretan ireki ziren aukera emanzipatzaile zehatzen gaurkotasuna azpimarratuz, hipotesi estrategiko eguneratu eta berritu baina berdinari fideltasunean ardazten diren neurrian.

 

Gertakizuna eta gu: eutsi eta eten gabe garatu

 

Dagokigun gertakizun politikoa dela eta, horrela, merezi du, lehenik eta behin, azalpen honen lehen zatiko bukaeran azaldutako gertakizunen irizpide nagusiak, berriz ere, bergogoratzea labur-labur:

bat: gertakizunak lau eremu edo baldintza edo prozeduren inguruan sortzen dira, maitasuna, zientzia, artea eta politika, eta dagokiguna, berriz azpimarratzeko, gertakizun politikoa da;

bi: gertakizuna gertakizunatik bertatik, barrutik, izendatzen da eta baieztatzen da, nahiz eta ezin da ukatu kanpotik datozen gertakizunarekiko ikusbideen garrantzia;

hiru: gertakizuna momentu erabakior batekin lotuta dago, dagoen egoerarekiko eten edo haustura batekin, hain zuzen; baina

lau: gertakizuna bera prozesuan garatzen da sortutako aukera berrien ondorioei eutsiz; beraz

bost: gertakizunaren egia propioaren aukera berri honi eusteak gertakizunak berak sortzen duen subjektu berriaren fideltasuna eskatzen du, hau da, subjektu politikoaren erabakietan oinarritzen da zenbait sekuentzia politikoen zehar berritzeko beharra nagusitzen den heinean; zeren

sei: gertakizunaren egiari subjektu politiko kolektiboaren fideltasuna modu sortzailean berritzeko gaitasun ezak gertakizunaren agorpena edo saturazioa baitakar; zein arrazoiengatik,

zazpi: gertakizun politikoaren egia propioaren ondorioei subjektuaren fideltasuna prozesu sortzaile etengabea baita, edo bestela gertakizuna baino sasi-gertakizuna bilakatzen da, gertakizunaren simulakroa, hain justu.

Hau guztia bergogoratu ondoren, hortaz, euskal askapen nazional eta sozialaren hipotesi emanzipatzailea gertakizun politiko, eta historiko, ukaezin gisa aurkeztea errezago suertatzen da. Era berean, hala ere, edo bidean, betebehar garrantzitsu bat baldin badago ere, gertakizun politiko honen inguruko zenbait azalpenetan nagusitu diren bi gaizkiulertu nabarien zuzentze aldera. Gaizkiulertu horiek eskatzen duten zuzenketak erantsi eta gero, hirugarren, gertakizunaren gaurkotasuna baieztatzeko froga ukaezin baten kontua emango da, gertakizunari fideltasunarena, alegia, gertakizunaren beraren izaerari buruzko eztabaida irekita dagoela, nola ez, onartuta ere, azalpen honen azken zatian argudiatuko den bezala batik bat.

Lehen gaizkulertua gertakizunaren izaerarekin lotuta dago eta gertakizunaren beraren irrupzioarekin lotuta dago, ohiz frankismo berantiarraren egoera zehatzarekin soilik lotu nahi izaten dena.

Bigarrena, gertakizunaren izaera gertakizuna bera abian jarri eta ahalbideratu zuen erakunde armatuarekin nahastetik dator.

Hirugarren, ondorioz, gartakizunari aipatu fideltasunaren garrantzia erabatekoa azpimarratu beharko da, borroka armatua erabili zen ziklo politikotik
haratago denboran zehar gaurdaino luzatzen baita zenbait sekuentzia politiko ezberdinen zehar — bidean hainbat traizio, totalizazio eta simulakroei aurre eginez — mistifikaziorik ez!

Bat: gertakizunaren sorrera

Hasteko, beraz, zera azpimarratu behar da: Dagokigun gertakizun politikoaren berezko indarra, zer esanik ez, 1960ko hamarkadaren bueltako egoerari lotuta dago. Noski, egon ez dago hasiera eta bukaera absolutorik. Ezer ez da ex nihilo hasten eta momentuko nazioarteko eraginez gain, borroka anti-koloniarrak, 68ko Maiatza… iraganeko II Errepublika espaniarraren garaiko aurrekari historiko nabariak ere hor zeuden hala, batez ere, tradizio abertzalekoak, nola, zalantzarik gabe, baita tradizio komunista eta anarkistakoak ere, eta abar — nahiz eta gertakizuna hitzaren esanahiarekin lortzeko jarraipenik gabe, frankismoak iraganeko prozesu askatatzaile guzien agorpena eta hauek hauspotzen zituzten subjektu politikoen amaiera lortu zuen neurrian.

Zentzu estriktoan, hortaz, gertakizun politiko berria XX. mendeko bigarren erdi aldera Espaniako gerra zibilaren eta nazioarteko mundu-guda osteko testuinguruan emango da, are, zehazkiago, frankismo berantiarraren egoerako legeen pean.

Gertakizuna, horrela, nazioarteko testuinguru berri eta zehatz batean frankismoaren lege horren pean estalia eta ezkutua zegoenaren edo ikustezina zenaren agerpena izango da. Edo, bestela esanda, gertakizun politikoa egoera zehatz horretan ematen den etena edo haustura ez-ustekoa da, apartekoa eta guztiz kontingentea.

Ondorioz, garaiko egoera edo arauak onartu eta haietara egokitu beharrean, gertakizun politiko hori belaunaldi oso baten interbentzio edo parte hartze zuzenarekin abiatzen da.

Aipatu agerpen bat-bateko hori, bestalde, ez da norberaren iritzi pertsonal bat, Jean Paul Sartre batek, kanpotik begiratuta, ‘coup de tonnerre’ gisa izendatu edo adierazi baitzuen, ‘trumoi-hots’ gisa, akontezimendu edo ebento politikoaren sorrera adierazten duena, par excellence. Ikus hau Burgosko auzia, Jean-Paul Sartre, 1971, gehi erreferentzia bobliografiko osoa: Jean-Paul Sartre, «Le Procès de Burgos», in Situations 10, Politique et autobiographie, Paris, Gallimard, 1976, p.9 à 37. (S10).

Alta, hemen beste zehaztapen garrantzitsu baterako momentua dator, 1971an idatzitako eta 1976an argitaratutako saio berean, hau da, ez erretrospektiboki, estatu espaniarreko ‘demokrazia’ra heldu eta gero, gertakizunaren sorrera beraren beroan baizik, Sartrek argi eta garbi baitio borrokaren muina ez dela soilik frankismoaren kontrakoa — hori, bestela esanda, estatu espaniarreko demokraziara ereduzko Trantsizioaren propagandistek gero, erretrospektiboki, artikulatutako duten Polichinelaren egia besterik ez da — hainbat eta hainbat ernegatu sostengatzen saiatuko diren bezala errelatu onartu eta ezagun baina faltsu batean oinarrituta.

Gertakizunaren muina, aitzitik, zerbait zinez berria agertu eta gertatu zela da eta Sartrek, hain zuzen, ‘gertakizun historiko’ baten izena ematen dio, gertakizunaren ondorioak frankismoaren gainditze eta demokraziaren lortzetik haratago luzatuko den subjektu etiko-politiko berri baten jarraipena ulertzeko gakoak eskainiz.

Sartreren arabera, izan ere, berez frankismoaren kontrakoa eta demokraziaren aldekoa baino, borroka bera kolonialismo politiko, kultural eta ekonomikoaren gainditzeko borroka da, are askapen nazionala eta askapen soziala bateratzen dituena, ez Afrikan edo Asian bakarrik baizik eta Europan bertan ere klase borroka orokor baten testuinguruan.

Bi: gertakizunaren izaera

Bigarren zehaztapen garrantzitsua askapen mugimenduaren sorrera historikoan gauzatuko den, edo ‘asmatuko’ den, oinarriko operazio edo hipotesi politikoa da: independentzia eta sozialismoa bateratzea, hain zuzen — barrutik, gainera, Federico Krutwig batek oinarriko ‘fusio kimiko’ fundatzaile bezala izendatuko duena — Joxan Rekondo eta Imanol Lizarralderen arabera behintzat, ez diet nik hemen propaganda gehiago egingo ez bada luzatu nien kritika batera irakurlea bideratzeko, baina eskerrik asko.

Fusio kimiko hau gertakizun gisa ulertzen laguntzeko, Badiouk aurkeztu digun Ertaroko intelektual edo monja/een figurarekin alderaketaz berriz erreparatzea eta behin eta berriz errepikatzea, lagungarria suertatzen da.

Gertakizunaren singulartasun murrizezina, horrela, Ertaroko eskribau kristauek kristautasunetik kanpoko jakintzekin egin zuten bezala, askapen nazionalarekin lotutako lehenbiziko sinismen partikularraren gainean, independentzia, justizia sozialari lotutako bigarren arrazionalitate unibertsal bat, sozialismoa, kontraesanik gabe elkartzerakoan ematen da, naziotasun historikoaren sinismenen agindupeko unibertso mental eta ordena ideologiko zaharretik abiatu eta borroka nazionalaren baitan klase borrokaren kontzeptu politiko eta filosofiko ‘arrotz’ eta ‘profano’en egokitzapen edo adaptazio berri baten bidez — arrotza eta profanoa, beraz, ez historikoki edo geografikoki kontzeptualki baizik: ‘naziotasuna eta sozialismoa bateraezinak dira’ eta horrelako puritaukeria ideologikoak hankaz gora ezarriz.

Zehaztapen hau garrantzitsua da, gainera, gertakizuna, izan, ez baita gertakizuna bera ahalbideratu zuen Erakundea, euskal askapen mugimenduaren barrutik teorizatu izan den bezala — ikus adibidez, 90. hamarkadako Agirre kolektiboaren lanak, zeinaren ekarpen nagusia, izan ere, nagusirik badago, Badiouren
Etika euskarara itzultzea izango baita, Europako ezker kosmometropolitanoak Badiou bera zein zen ere ez zekienean, chapeau!

Alta, Erakundea bera gertakizuna ahalbideratu zuen abiatzaile goiztiar edo iratzarlea da, besterik ez, gertakizunaren lehenbiziko ‘operadorea’ edo ‘gehiegizko (exzeso) eratzailea’, Badiouren hitzak erabiliz. Baina giza-berdintasunaren aldeko munduko jakintzak askatasun nazionalaren aldeko sinismen tinkoarekin bateratuz, gertakizunaren muina borroka nazional partikular baten unibertsalizazioa da — izan ere, eta hirugarren, bada, subjektu politiko berria zentzu errotikoenean sortu zuena.

Hiru: Gertakizunaren subjektua

Zeren eta inolako zalantzarik gabe, gertakizunak subjektu etiko-politiko berria sortu zuen, geroztik, bizpahiru belaunaldi barrena gaur egundaino iraun duena gertakizuna bera ahalbideratu zuen aipatu abiatzaile goiztiarra edo gertakizunaren lehenbiziko operadore eratzaileak jarduera armatuaren gehiegizkoaz edo eszesoaz beste egitea erabaki eta gero. Eta iraun du gertakizunaren Egiari fideltasuna ideiari fideltasuna delako, hau da: Independentzia eta Sozialismoa hipotesi emanzipatzaileari fideltasuna — objetiboki eta enpirikoki frogatu daitekeena, bestalde, fideltasun kolektibo horren lerro historiko etengabea sobera erraz trazatu daitekeen neurrian.

Prozesu konplexu honetan, are gehiago, Independentzia eta Sozialismoa leloak laburbiltzen duen gertakizun politiko singularraren egia propioari fideltasunak, hainbat eta hainbat burkideen bizitzak, erabakiak eta existentzia bera antolatu ditu, gertakizunaren egia berria eta propio baten arabera, gertakizunaren egia bera
prozesu gisa jorratuz, konpromisoa, diziplina eta antolakuntza ardatz, pentsamendu iraultzailearen antolaketa kontzeptualak behin eta berriro landuz eta garaietara egokituz; hau da: gertakizunaren egia eten gabe berrituz — adibidez, feminismoa modu esplizitoan erantsiz, politikagintza berrirako erabaki horrek izango dituen ondorioekin, lídergo berrien mailan eta abar.

Baina gertakizunak subjektu politiko berria zentzu errotikoenean sortu zuela diogunean garrantzitsuena, hemen, zera ulertzea da, alegia, subjektu politiko berri honek aurre-existitzen zion balizko euskal identitate kulturalaren inguruko mistifikazioak betiko gainditu zituela ulertu behar da. Modernitate politiko baliobikoitz baten testuinguruan, izan ere, ‘benetako’ euskaldun errugabearen gorazarre pre-moderno edota post-moderno xaloen propagandarako balioa hutsaren hurrenekoa baita XX. mendeko subjektutasun politikoaren izaera biak ala biak sortzailea eta bortitza batera antzeman behar denean, nahita ez!

Zentzu horretan, atal honekin amaitzeko merezi du Badiouren bi testu magistralez erreparatzea. Bat gudaz eta poesiaz idatzitakoa eta Deabruaren Eskola webgune bikainean argitaratua, honela hasten da:

“Edozein denbora-tartetan, historiaren edozein sekuentziatan, gure aukerak gainditzen dituenarekin harremana mantendu behar dugu; ideia gisa giza-animaliaren behar naturaletatik haratago dagoenarekin. Esperientzia erabakigarrietan, hala nola, maitasuna, sorkuntza artistikoa, aurkikuntza zientifikoak, borroka politikoa, gure bizitzako eta giza determinazioen mugak gainditu behar ditugu. Gizadiaren osagai ilun, bortitz eta aldi berean argitsu eta baketsuekin topo egin behar dugu gure gizatasunaren baitan, gure gizatasun-osagaien barneko gizagabetasun-osagaiekin… Gizateria ez baita inoiz guztiz gauzatzen, ez da inoiz zerbait naturala. Gizatasuna bere gizagabetasunaren osagai inmanentea gainditzen duen garaipen infinitua da. Geure buruaren osagai inhumanoaren esperientzia hau onartzeko eta babesteko, guk guztiok, giza animaliok, irudimenezko bitarteko batzuk erabili behar ditugu.”

Besteak, Badiouk beste idazlan eder eta iradokitzaile batean (Joana Arkukoaren Intsumisioa) XX. Mendeari buruz ziona azpimarratzera bultzatzen gaitu:

“Badaude mendeak zeinaren inguruan iritzi orokorra bereziki ilunak izan direla baita, gizahistorian, edo, Marxek zioen bezala, bere historiaurre amaigabean, denok ezagutzen ditugun sarraski eta hondamendien mende-multzo luzeen argitan eta guzti. Alta, inork ez du uste, esate baterako, bukatzear dagoen gure XX. mende hau horrelakoa izan denik, Estatu-krimena horren perfekziora eraman badu ere, hainbat non gertatutakoa ulertzeko arazoak batitugu. Eta horrela defendatu dezakegu, beharbada, mende honen balioa, […] erakutsi duen kemen guztiatik datorkiola, dagokion pentsamenduaren indarratik eta ausardiatik, baieztatzeko, izan ere, justizia, sorkuntza, erresistentzia eta baiezko ikuspegi unibertsalagarri apur bat iraun duela. Iraun, egia esan, baldintzapen guztiz barbaro eta ilunetan […] “.

Aipamen hauek bere luzaeran aurkeztea merezi izan dute, XXI. mende honen lehen laurdena amaitzear dagoenean, dela XX. mendearen aurreko guden zein gudari uniformatuen laudorio poetikoetan bezala, XX. mendeko borroka iraultzaileetan ere, zalantza izpirik gabe erresistentziaren kemenaz eta askatasunaren izpirituan burutuak, gupidarik gabeko bortizkeriarekin lotuta egon zirelako — baita neurri ukaezin batean, autokritikoki onartuta dago jada, behar zen baino gehiago luzatu zen euskal askapen mugimenduaren kasu konkretuan.

Azalpen honen bigarren zati honetan lehen zatian azaldutako Alain Badiouren gertakizuna hitzaren inguruko teoria orokorrean euskal askapen nazional eta sozialaren aldeko mugimenduaren sorrera eta garapen zehatz eta singularrarekin lotu da, bidean urteetan nagusitu diren hainbat barne eta kanpo ikusbide inguruan zuzenketa batzuk proposatuz.

Datorren hirugarren zatian hemen azaldutako ideia ardaztzaileei jarraipena emango zaie, batez ere, baina, euskal askapen integralaren prozesuan parte hartzeko prest dauden belaunaldi berriei begira — beraiei baitagokie, orain, iraganean irekitako hipotesi estrategiko eta emantzipatzaile berdinean oinarrituta datorren hurrengo garai berriari forma berria ematea joandako sekuentzia politiko zein XX. mendeko borrokekiko nostalgia malenkoniatsuan erosi gabe.

Share This