Gertakizuna, Alain Badiouren hiztegiko errepertorioan hitz ezagunena da, hitz ezagunik badago, akontezimendua edo ebentoa bezala ere adierazten dena. Gertakizuna hitza ardatz, azalpen hau hiru zatitan banatzen da:
1/3 – Lehen zati honetan Badiouren gertakizuna hitzaren esanahia azalduko da dagokion kontzeptu-sare edo testuinguru teorikoan.
2/3 – Bigarren zatiaren asmoa praktikoa da euskal askapen mugimenduaren sorrera eta garapen historikoa gertakizun politiko zehatz eta singular gisa aurkeztea izango den neurrian.
3/3 – Hirugarren eta azken zatiarena, berriz, egoera eman batean gertakizun politiko zehatz horrekin ireki ziren aukera berrien garapenari dagokio — hainbat non, gaur egungo sekuentzia politiko berria euskal emantzipazio prozesuaren hipotesi estrategiko berdinaren jarraipen gisa ulertu behar baita.
***
(1/3) GERTAKIZUNAK BADIOUREN ARABERA:
Egiaren Prozedura Generikoak, Subjektuak eta Fideltasuna
Lehen sail honen asmoa, bada, gertakizunak zer diren argitzea da eta, Badiouren arabera, non, noiz eta nola ‘gertatzen’ diren azaltzea. Alta, azaldu behar den lehen gauza zera da: Badiouren filosofia osoa filosofia bera baldintzatzen duten lau eremu ez-filosofiko identifikatuz barreiatzen da, berezko gertakizunak eta egiak sortzen dituztenak: maitasuna, artea, zientzia eta politika.
Badiouk erabiltzen duen hiztegi propioan, baldintza ez-filosofiko hauek ‘egiaren prozedurak’ edo ‘prozedura generikoak’ dira. Maitasuna, artea, zientzia eta politika ‘egiaren prozedura generikoak’ dira, egiturazko nolakotasun berezituekin aztergai behar direnak nahiz eta hauen arteko zirrikituen eta lotura posibleez jalinaren gainean egonda, halaber:
“Lau prozedura mota daude: zientzia, artea, politika eta maitasuna. Gizateria edo humanitatea, beraz, lau egi mota hauen konposaketa posiblea da eta egiaztatzen da bakarrik baldin eta politika (emantzipatzailea), zientzia (kontzeptuala), artea (sortzailea) edo maitasuna (sentimentalismora eta sexualitatearekin nahasketa batera murriztuta ez) badago”.
Gertakizunak, beraz, testuinguru orokor honetan kokatu behar dira eta Badiouren arabera:
“Gertakizun baten indarra, munduan ezkutuan zegoen edo ikusezina zen zerbait agerian uztean datza, mundu honetako legeek estalia zuelako. Gertakizuna munduaren zati baten agerpena da, aurretik murrizketa negatibo baten moduan bakarrik zegoena.”
Hemen gertakizun politiko zehatz bati buruz arituko bagara ere, inportantea da ez ahaztea gertakizun baten indarra eremu, arlo edo egiaren beste hiru prozedura generikoetan aurkitu daitekeela, dela artegintzaren berritasun apurtzaileen bidez, zientziaren asmakizun zein inbentzio berrien bidez edo bi maitaleen arteko zorizko topaketa batekin ireki daitekeen amodiozko prozesu berri baten zehar — zeinak, hain inportanteago, zera azpimarratzea eskatzen baitu: Ez, Badiourentzat ez dago leku guzietan batera eman daitekeen gertakizun amodiozko, artistiko, zientifiko edo politikotik. Gertakizuna, aitzitik, lekuz lekuko prozesu zehatz eta singularretan bideratzen da eta zehazki testuinguratuta egonda, gertakizun politikoa, bereziki:
“Dagoen legea, arauak eta egoera baten egitura eteten duena besterik ez da, eta aukera berri bat sortzen. Hasieran, beraz, gertakizuna ez da egoera berri baten sorkuntza. Aukera berri baten sorkuntza da, zeina ez den gauza bera. Izan ere, gertakizuna berdina izaten jarraitzen duen egoera batean gertatzen da, baina egoera hori bera aukera berriaren barruan dago”
Aipamen horretan esan nahi dena Badiouk berak erabiltzen duen adibide batekin argitzeko: Saulorentzat, esaterako, gertakizuna Kristoren berpizkundea da, eta gertakizun honek ez du zuzenean ezer aldatzen Erromatar Inperioan. Beraz, egoera orokorra, hau da, Erromatar Inperioa berdina izaten jarraitzen du. Baina egoeraren barruan gertakizunak aukera berri bat irekitzen du.
Ohargarria denez, Badiou zerbait oso sinplea esaten ari da. Egoera eman batean aukera berri bat irekitzeko, sormen berri bat bezalako zerbait izan behar dugula esaten ari da. Benetan irekiera den zerbait izan behar dugu eta irekiera horri gertakizuna izena ematen dio: gertakizuna jada badagoen egoera eman bateko arauetan sartzen edo egokitzen ez den zerbait da, irekiera edo haustura ez-usteko, aparteko eta kontingente batetik aurrera abiatzen dena. Eta gertakizun baten abiatzea bera parte hartze edo interbentzio zuzen baten ondorioz da: gertakizunak parte harleak behar ditu.
Gertakizunak parte harleak edo, Badiouren hitzetan, gertakizunaren ‘operadoreak’ behar ditu. Bestela esanda, gizakideak edo norbanakoak baino, gertakizunak subjektuak behar ditu. Badiourentzat, zehazkiago:
“Subjektua dela-eta, aipagarria da ondorioztatu behar dugula lau generikotasun-motetako ordena estriktuan sortzen dela bakarrik. Subjektu oro da artistikoa, zientifikoa, politikoa edo amodiozkoa. Zerbait, gainera, denok esperientziaz badakiguna, zeren eta erregistro horietatik kanpo existentzia baitago soilik, edo indibidualtasuna, baina ez subjektua”
Subjektua, beraz, ez da gizakidea edo norbanakoa eta, are gehiago, subjektu politikoa kolektiboa da, subjektu politikoa gizakide edo norbanako Bat baino gehiago da. Subjektu politikoa, bestalde, ez dago gertakizunaren aurretik emana; jada aurretik badauden norbanako zein gizakideen existentziatik sor daiteke bakarrik, baina subjektua gertakizun baten efektua da:
“Subjektua, testuinguru honetan, gertakizun bat eta munduaren arteko erlazioa da egoera eman batean. Subjektua, hain zuzen ere, mundu eman bateko gertakizun baten ondorioa da, sorkuntza bat, prozesu berri bat”.
Subjektua gertakizunatik bertatik garatzen den Egia propioaren operadorea da, eta, beraz, inportantea da, baita ere, ondorengo hau ez ahaztea, Badiourentzat alegia:
“Egia ez da lorategian sortzen den larrosa”.
Egia, bestalde, hitzari dagokion bikoiztasunean ulertu behar da. Egia hitzaren esanahia, Badiourentzat, baliobikoitza baita. Egia ideia unibertsala, betikoa eta aldagaitza da baina prozesu zehatz eta singularren bidez eraikitzen da:
“Egia aldagaitza izateak ez du esan nahi autoebidentea denik; eraikita egoteak ez du esan nahi erlatibismoan amaitu behar duenik”.
Egia eta gertakizuna lotuta dauden heinean, egia aldagaitza izanda beti da egoera eman bat ezegongortzen duen egia, dagoenatik edo egoera eman eta nagusi batetik sortzen dena. Edo bestela esanda: Egia unibertsal edo betikoak gertakizun zehatz eta singularretan gauzatzen dira, gertakizunak berak sortzen dituen subjektu(ar)en bidez. Egia subjektuaren eragiletasunarekin lotuta dago gertakizun singular baten testuinguruan. Bigarren sailean ikusiko dugunez, adibidez, guri dagokigun kasuan askatasun politikoaren eta giza-berdintasunaren egia unibertsalak gertakizun zehatz eta singular baten bidez gauzatuko da, Independentzia eta Sozialismoa bateratzearena, hain zuzen, gero Independentzia, Sozialismoa, Feminismoa+ leloarekin gaurkotu eta berrituko dena euskal askapen mugimenduaren hipotesi emanzipatzaile estrategikoak berak sortu eta sortzen duen subjektu politiko zehatz, singular eta, denboran zehar, berritu baten bidez.
Zentzu honetan, inportantea da, halaber, honek guziak esan nahi duenaz erreparatzea, alegia: Egiak ez dira transzendenteak edo metafisikoak eta subjektuak ez dira substantiboak edo aurretik objektiboki emanak. Aitzitik, egiak singularrak eta inmanenteak dira, hau da: halabeharrez daude fisikoki kokatuta testuinguru linguistiko, sozial edo kultural emanetan. Eta, azkenik, hortaz, Egia gertakizun inmanente eta singularren egia izanik, subjektu propioak sortzen dituen egia propioak, hain zuzen, subjektua bera gertakizun baten Egia horrekiko fideltasun harremanean garatzen da.
Fideltasuna, izan ere, gertakizun bati fideltasuna baita, gertakizun baten egiari fideltasuna. Fideltasunak subjektuaren gertakizunarekiko aipatu harremana adierazten du, subjektu egiten gaituen gertakizun singular baten egiari fideltasuna. Gertakizuna, horrela, egoera jakin bateko arauak aldatzeko abiatzen da baina prozesuan baieztatzen, gertakizunaren egiari subjektuaren fideltasunik gabe nekez posible dena.
Fideltasuna, ondorioz, itsua baino arriskutsua da beti: ezin baita aurrez aurre jakin gertakizunaren prozesuan erabakitako berritasunak zuzenak diren ala ez eta, beste aldetik, fideltasuna berritasunarik gabe, gertakizunaren agorpena edo saturazioa baitakar.
Laburpena: Gertakizuna prozesu gisa
Gertakizuna, Egia, Subjektua eta Fideltasuna ardatz, hona hemen, bada, gertakizunaren teoria Badiouren arabera, gartakizunaren irizpide nagusiak banan-banan laburtuta:
-1-
Badiourentzat, eremu edo egiaren prozedura bakoitzeko gertakizunak, amodiozkoak, artistikoak, zientifikoak eta politikoak, beraieri soilik dagozkien egiturazko baldintzapenetan garatzen dira — arlo edo prozedura desberdinen arteko uztarketak eta sintonizazioak posible izan arren.
-2-
Are gehiago, garrantzitsua da azpimarratzea, halaber, edozein gertakizunen egia izendatzeko eta baieztatzeko ahalbidea gertakizunaren beraren barrutik sortzen dela. Egon badago gertakizunen kanpotik identifikatu, azaldu eta argitzeko joera eta beharra, filosofiatik, ‘zientzia’ politiko eta historikoetatik eta abar. Baina, azken finean, pentsatu, gertakizunak berak pentsatzen du bere izateaz: gertakizunatik kanpo ez dago egia eraginkorrik, egia oro gertakizun zehatz eta singularren bidez sortzen da aipatu lau eremu edo prozeduren testuinguruan: maitasuna, artea, zientzia eta politika.
-3-
Zehazkiago hemen dagokigun politikaren prozedura edo eremura egokituz, gertakizun politikoa momentu iraultzaile bat-batekoekin lotzeko joera dago. Eta bai, gertakizuna egoera konkretu eman batean sortzen den eten eta berritasunarekin lotuta dago baina ez da hor amaitzen, egoera horretan aukera berrien irekierarekin zer ikusi gehiago baitu, ondoren, hortaz, prozesuan baieztatzen dena: Lehen unean, horrela, hasierako gertakizuna bera dago, haustura ez-usteko, aparteko eta kontingentea. Kontingentea izanik, gertakizunaren egia ez da transzendentala eta ez da substantiboa edo aurretik objektiboki emana. Aitzitik, egoera jakin eta partikular bati dagokio subjektu berri bat sortzen duena gertakizunaren egia bera prozesuan baieztatuz.
-4-
Gertakizuna prozesuan garatzen dela esan nahi du gertakizuna bere agerpenaren testuingurua gainditzen duen berritasuna dela eta sortzen dituen subjektu berrien gertakizunaren ondorioekin jarraitzeko erabakien bidez irauten duela zenbait momentu edo sekuentzia historiko desberdinen zehar.
-5-
Subjektuaren jarraitzeko erabakiak, bada, subjektuaren gertakizunari fideltasuna islatzen du. Gertakizunaren egiari subjektuaren fideltasuna erdi-erdikoa eta behar-beharrezkoa da, gertakizun baten garapena prozesuan baieztatzen delako froga nagusia baita.
-6-
Baina gertakizunaren egia propioari subjektuaren fideltasuna funtsezkoa da beste neurri garrantzitsu bat ematen digulako: subjektuak bere buruari buruz pentsatzeari uzten dionean, gertakizunaren osagaiei buruz kreatiboki ikertzea ezin gehiago lortuz, gertakizuna agortu edo saturatu egiten da, gertakizunaren egia amaierara iritziz.
-7-
Gertakizunaren egia iraunarazten duena, hortaz, gertakizunak berak sortu duen subjektu etiko-politiko kolektiboaren gertakizunari fideltasun betiere sortzailea da. Gertakizunatik barrutik politikaren figura berrietan lan egitea eta gune politiko berriak sortzen ahalegitea etengabeko jarduna da.
Azalpen honen lehen zati honetan Alain Badiouren hiztegian erdi-erdikoa den gertakizuna hitzaren esanahia azaldu da dagokion testuinguru kontzeptualean. Hau guzia argituta gero, datorren bigarren zatiaren asmo jada aipatua eta zehatza euskal askapen mugimendu politikoaren sorrera eta garapena gertakizun gisa aurkeztea izango da eta askapen prozesua bera zenbait belaunaldien zehar, gertakizun lokal eta singular horren hipotesi estrategiko emanzipatzaileak irekitako aukera berrien ondorio edo konsekuentziei erantzutea izan dela argitzea, hainbat gaizkiulertu posibleen ekiditeko zehaztapen batzuk ere azalduz.
Politika, Badiouren arabera definizio honetan labur daiteke:
“Ekintza kolektibo antolatua, printzipio batzuei jarraituz, eta egoera menderatzaileak erreprimitutako aukera berri baten ondorioak errealitatean garatzeko helburu duena”
Argi asko azalduko den bezala, askapen mugimendua, orain hartzen duen ezker independentista edo subiranistaren forma berritua barne, belaunaldien zehar ekintza kolektibo antolatua da, askatasun politikoaren (independentzia) eta askatasun sozialaren edo giza-berdintasunaren (sozialismoa, feminismoa…) helburu zehatzak garatzeko bidean, dagoenetan dirauen egoera menderatzaile batean erreprimitutako aukera berri baten ondorioei oraindik ere erantzun nahian dabilena gertakizun politiko zehatz eta singular baten koordinatuetan.

