Bideo labur honetan, Markos Zapiain, Maitane Nerekan eta Lander Arretxeak sarrera ikusgarria eskaintzen dute Michel Foucaulten ideia nagusiak hiru momentu erabakagarrietan azalduz: Jakintzaren arkeologia, Boterearen genealogia eta Norberegintza.
Alain Badiou erabat lagungarria da Foucaulten lana eta posizioa argitzeko. Badiouren arabera jakina da Foucaulten benetako erreferente filosofikoa, ezkutuzkoa eta isila, Nietzsche izan zela. Esate baterako, nihilismoaren kritika nietzschearra erdi-erdikoa da Foucaulten ikusbidean, alegia: ez daude berezko egiak, historiagintza akademikotik ere maiz sostengatzen den bezala egiak eta egitateak edo faktoak nahastuz; egiak baino interpretazioak daude soilik, are gehiago, dena da interpretazioaren interpretazioa, betiere interpretazio bat interpretatzen saiatzen gara.
Zentzu horretan, Badiouk dio Foucault ez dela ez filosofoa, ez historialaria, ez bien arteko konbinazio bastardizatua. Aitzitik, Foucaultek antropologia linguistiko edo diskurtsibo bat proposatzen du, guztiz antifilosofiaren esparruan kokatzen dena. Antifilosofia Badiouk Lacanetik mailegatutako terminoa da eta bere interpretazioaren arabera, posizio antifilosofikoaren asmatzeilea San Paulo edo Saulo da. Antifilosofiak, horrela, filosofiaren historian pentsalari multzo sakabanatu baina bateragarri bati erreferentzia egiten dio, Heraklito v Parmenides, Pascal v Descartes, Rousseau v Enziklopedistak…
Tradizio alternatibo bat identifikatzeko aukera irekiz, antifilosofiak filosofiaren jarduera bera erasotzen du horren ordez beste zerbait egitea proposatuz. Badiouren arabera, izan ere, “filosofia akademikoak ez (bait) du ezertarako balio”. Testuinguru honetan, Nietzsche, Wittgenstein eta Lacan bera “antifilosofo moderno handienak dira” eta Foucault pentsamendu garaikideko ‘antifilosofiaren printzea da’.
* Ikus, ingeleraz: Alain Badiou, Wittgenstein’s Antiphilosophy. Itzulpena eta sarrera: Bruno Bosteels. Verso, New York, 2011.
