Salbuespenen bila ibiltzekotan, egon badago adibide bat, ditxosozko euskal salbuespen kulturala baino, askapen mugimenduaren singulartasun politiko eta intelektuala azpimarratze aldera. Neurgailu fidagarri gisa, Alain Badiouren lana ardatz duen Bruno Bosteels aditu eta aritua aipatzea besterik ez dago, joan zen mendearen bukaeran eta berriaren hasierako bueltan lan horren harreraz ari denean:
Badiouren lana, ingelesezko irakurleek justu-justu ‘aurkitu’ berri zutenean, erreferentzia ezaguna zen jada, Latinoamerikako eta Espainiako intelektual eta militante erradikal askorentzat, hasi Euskal herritik eta Mexiko eta Hego Konoraino.
Hemen PDF formatuan eransten dugun Badiouren Etika liburutxo zirt edo zartekoaren euskarara itzulpena testuinguru honetan kokatu behar da, itzulpena bera lehena izan baitzen, akaso eslobeniarrarekin lasterka, biak ala biak frantsesezko jatorrizko testuaren (1994) ostean, bi urte beranduago argitaratu zirenez (1996). Hori bai salbuespen sorionekua, gure mugimendu politiko askatzailearen historia intelektual eta militanteari dagokiona, zehatz-mehatz, garaiko, eta, oraindik ere, egungo mendebaleko ezker kosmometropolitanoaren maisukeria harroputzaren aurrean.
Irakurri Alain Badiouren ETIKA liburua (PDF)
Sortuko da, bai, Etika liburuaren inguruan gehiago hausnartzeko aukera. Bitartean, dohakiela Badiouren Etika itzuli eta aurkeztu zuen Antton Azkargortari eta garaian eratu zuten J. Agirre kolektiboko burkideei miresmenez beteriko agur berantiar beroenak —haiek izan ziren-eta Badiouk garatutako Gertakizunaren edo Akontezimenduaren teoria delakoaz baliatu ziren aintzindariak—. Chapeau!
