Ertaroaren garrantziaz beste hiru ohar garaikide

Askapen mugimendua, Ertaroko intelektualak, Larrosaren Izena, Lewis, Modernia, The Inklings Pub, Tolkien, Umberto Eco

Erreparatu gaitezen, berriz, Alain Badiouren Bost ohar Erdi Aroaren garrantzia garaikideaz artikulu motz baina zorrotz eta guztiz iradokitzaileaz. Iradokitzailea, Badiouk goresten duen Ertaroko moja eta fraide eskribauen jarrera orokorra eredugarria baita zenbait gaizkiulertu argitzeko, hemen, zirkuitulaburren eran erabilitako hiru adibide zehatzen laguntzarekin egingo duguna:

1: Moderniaren eta arrazoikotasunaren ikusbide harroputz batetik abiatuta, esate baterako, Umberto Eco semiotikagile eta kultur kritikariaren Larrosaren Izena eleberri eta gero fílmean aditzera eman nahi denaren kontra, Ertaroa ez da ilunkeriaren eta dogmatismoaren aroa.

2: Dogmatismoaren eta sektarismoaren ohiko salaketatik haratago, euskal askapen mugimenduaren izaera politikoa definitzeko historikoki barreiatu direnak, Ertaroko moja eta fraideen jarrera nagusiak erakusten digu sinesmen sendoak bateragarriak direla jakintza arrotz zein kontrakoekin. Ondorioz,

3: Ertaroko intelektualena inportantea da, baita ere, ideia emantzipatzaile(are)n egiazko erradikaltasun garaikidearen testuinguruan, norberaren sinismen eta konbikzioetatik at ezberdina, are kontrakoa den hori estimatzeko — Oxford unibertsitatearen ondoko The Inklings Pub izenekoan biltzen zen literatur talde ezagun baten adibidearekin azalduko den bezala.

Lehenik eta behin, bada, Badiourentzat, Ertaroa ez da, ohiz aurkezten zaigun bezala, Antzinako munduaren eta Ernazimenduan has/zitako mundu modernoaren artean emango den geldialdi intelektual baten garai iluna. Aitzitik, modernizazio baterako prestakuntza da:

“Ertaroa, batez ere XI. mendetik aurrera, oinarriko berrantolaketa kontzeptual baten garaia da. Zentzu honetan, Descartesera daraman mugimendua Ertarotik abiatzen da, arraziokotasun greziarraren eta kristau fedearen arteko sintesi baten ahaleginean ematen da eta, San Sauloren ondoren, konbikzio pertsonalean ardazten.”

Badiourentzat, Ertaroak ez dakar geldialdi intelektualik eta Ertaroko moja eta fraideak benetako intelektualak dira, eskala handiko bi jarduera jakintsu nagusi garatu zituztenak. Lehena, testuen lehengoratzea edo errestituzioa, da, testuak kontserbatzea, kopiatzea, itzulpena eta transmisioa. Jakintza zein ezagutzaren arlo guztietan funtsezko garrantzia duen ondare testual baten existentzia bera, poesia, antzerkia, historia, zientziak, filosofia… Ertaroko intelektual hauei zaie zor.

Transmisioarekin lotuta egonda, bigarrena, jakintza hauen guzien azalpen edo interpretazio berri bat da. Interpretazioaren mailan, horrela:

“Ertaroko intelektualek kristau fedearen agindupean nagusituko den unibertso mentalarekin hurbilen dagoena azpimarratuko zuten”.

Nahiz eta, era berean, eta hara hor Badiouk azpimarratzen duen haien meritua,

“jakin ere jakin izan zuten ulertzeko gai edo prest ez zeudena gordetzen”

— hala nola, esate baterako, Mendebaldeko XVI. mendera arte erabat asimilatuko ez diren testu matematiko konplexuak eta abar.

Gauzak horrela, lehen kontua ez da, beraz, aipatu Umberto Ecoren Larrosaren Izena eleberri eta filme famatua, hilketa ikerketa baten detektibe istorio ederra izanda, ez dela batere zuzena Ertaroko fraideen benetako jarrera ulertze aldera — liburuaren eta filmearen esentzia zer eta zientziatasun arrazoizkoz zein erlijiozko dogmarik gabe antzematen duen Modernia harroputz batetik proiektatutako irudipen mamutsua edo fantasmatikoa baizik.

Izan ere, Aristotelesen komediari buruz eskuizkriburik balego, Larrosaren Izena istorioaren trama nagusia, alegia, Ertaroko fraideek ahalegin guziak egingo zituzten testua kontserbatzeko eta transmititzeko. Ez alderantziz.

Baina gero, bigarrenez, badago beste kontu bat, izan, zirt edo zartekoa dena, gainera, eta interpretazioaren inguruan hausnartuz ondorioztatu daitekeena. Ertaroko moja eta fraideen interpretazioarena, hain zuzen:

“historian inoiz burutu den hermeneutika zoragarrienetarikoa (bait)da”

Badiouren arabera, eta zergatik, bada kristautasunean sinismen sendoak berak antzinako maisu greko-latindar, arabiar eta abarren antolaketa kontzeptuala berriro lantzera behartuko zielako kristautasunaren sinismen sendo horrekin batera, Errebelazioarena alegia, biak ala biak, kristautasunaren dogma edo sinismen sendoa eta jakintza ‘arrotzak’ bateragarriak ahal izateko. Eta Badiourentzat,

“ideia, horrela, zera da: lehenbiziko fedearen gainean bigarren arrazionalitate bat kontraesanik gabe artikulatu daiteke… Errebelazioaren ordena guztiz desberdinaren baitan kontzeptu zientifiko eta filosofiko profanoen multzo oso baten egokitzapena (posible da)”.

Edo bestela esanda, Ertaroko moja eta fraide eskribauen transmisioarena eta interpretazioarena zer eta euskal askapen mugimendu historikoaren izaera eta garapena argitzeko ere balio digu, zenbait ohiko salaketa errazkoi eta obsesiboetatik haratago: ortodoxoa, dogmatikoa, sektarioa…

Askapen mugimenduarekin bideratzen den gertakizun politikoan, hain zuzen, naziotasun partikular baten inguruan ardazten den lehenbiziko sinismen sendoa dago, zalantzarik gabe, baina naziotasunean sinesmen sendo horren gainean naziotasunarekiko ‘arrotza’ eta ‘profanoa’, are ‘kontrakoa’, den bigarren arrazionalitate bat, sozialismoarena eta emantzipazio unibertsalarena, alegia, egokitzen da, azken finean bi eremuen arteko balizko kontraesana gaindituz.

Are gehiago, oinarriko operazio politiko horrek bakarrik, azken belaunaldien zehar hainbat eta hainbat historigile, iruzkingile eta iritzi emale berritsuen propagandaren despit, ondorengoa erakusten du: euskal askapen nazional eta sozialerako mugimendua, bere sinismen sendoari atxikiz, era berean eta halabeharrez egon dela beti bere oinarriko barne-eremutik kanpoko jakintza politiko eraldatzailetara irekita.

Bigarren zehaztapen garrantzitsua askapen mugimenduaren sorrera historikoan gauzatuko den, edo asmatuko den, oinarriko operazio politikoa da: independentzia eta sozialismoa bateratzea, hain zuzen — barrutik, gainera, Federico Krutwig batek oinarriko ‘fusio kimiko’ fundatzaile bezala izendatuko duena.

Fusio kimiko hau gertakizun gisa ulertzen laguntzeko, Badiouk aurkeztu digun Ertaroko intelektual edo monja/een figurarekin alderaketaz berriz erreparatzea, eta errepikatzea, lagungarria suertatzen da. Gertakizunaren singulartasun murrizezina, horrela, Ertaroko eskribau kristauek kristautasunetik kanpoko jakintzekin egin zuten bezala, naziotasunari lotutako lehenbiziko sinismen partikularraren gainean, independentzia, justizia sozialari lotutako bigarren arrazionalitate unibertsal bat, sozialismoa, kontraesanik gabe elkartzerakoan ematen da, naziotasun historikoaren sinismenen agindupeko unibertso mental eta ordena ideologiko zaharretik abiatu eta borroka nazionalaren baitan klase borrokaren kontzeptu politiko eta filosofiko ‘arrotz’ eta ‘profano’en egokitzapen edo adaptazio berri baten bidez — arrotza eta profanoa, beraz, ez historikoki edo geografikoki kontzeptualki baizik: ‘naziotasuna eta sozialismoa bateraezinak dira’ eta horrelako puritaukeria ideologikoak hankaz gora ezarriz.

Laburtuz, bada, euskal askapen mugimenduaren momentu eratzaile edo konstitutiboaren operazio politiko nagusia ‘indipendentzia eta sozialismoa’ elkartzea izan zen — hasiera bateko hainbat eta hainbat zalantza zein ez-jakintasun barne, baita hainbat eta hainbat
barne-borroka, zatiketa, kanporatze eta berregituraketen bidez ere, askatasun politiko partikular baten sinismen sendoa emantzipazio unibertsalarekin kontraesanik gabe bateratzeraino, geroztik ‘modu natural’ean edo sedimentatuta dagoela pertzibituko dena.

Hirugarren, ondorioz, inportantea da, barrura begira, orain, ideia emantzipatzailearen egiazko erradikaltasuna, besteak beste, baten konbikzioetatik at ezberdina, are kontrakoa dena estimatzeko gaitasunean aurkitzen dela onartzea, jabetzea eta, ondorioz, aipatu Ertaroko
intelektual edo moja eta fraide eskribauen figurarekin berriro erreparatzea. Izan ere, historian inoiz burutu den hermeneutika edo berrinterpretazio zoragarrienetarikoa dela dioenean, Badiouk ez baitu eskatzen ezer desikastera, dena berrinterpretatzera baizik. Esan nahi baita: Mendebaleko ondarean, erlijioskoa, filosofikoa, kultura burgesa…emantzipazio unibertsalaren agindutik at guztiz kanpokoa eta arrotza baina zinez bikaina eta indartsua dena haintzat hartu behar da, bere izaera orokorraz, kapitalista, eurozentrista, heteropatriarkala… ondo jakinaren gainean egonda ere.

Hartu, adibidez, Oxford-eko unibertsitateko inguruetan behin egondako The Inklings Pub izenekoan biltzen zen literatur eztabaida talde informal baten adibidea. Hasteko, badago pasadizo bat bi elkarte-kide ezagunenen artean eman zena: ‘Ura 100 gradutan irakiten da. Hori egia ukaezina da’ dio akuilu gisa J.R.R. Tolkien Hobbit eta Eraztunen Jauna bilduma hirukoiaren egileak eta C.S. Lewis Narniako Kronikak zazpi liburutxutan idatzi zituenak zera erantzuten du: ‘Baita ur horrekin prestatutako te beroaren inguruan ditugun literatur solasaldiak ere.’

Pasadizo hau, noski, argigarria eta adierazgarria da Zientzien eta Letren artean sustatzen den talka zein ahula den nabarmentzera baimentzen digulako eta baita, berriro, ere, Moderniaren imajinario edo irudimen nagusian txertatuta dauden hainbat zentzu komunezko
harrokeriez ohartzeko balio digulako.

Baina, modu berdinean, pasadizoaren beraren haratago, ia bi hamarkadez, 1930 eta piku-1949, iraungo zuen The Inklings pub-eko idazle taldea bera dela eta, denok dezakegu erraz onartu haien kemena aipagarria izan zela fikzioaren balioa, orokorrean, eta, bereziki, fantasiazko narrratiba bultzatze lanagatik. Bestela esanda: The Inklings taldeko literatur zaleena aipagarria da literaturgintzan fikzioa eta fantasia lantzeko sortzailetasunagatik, taldea bera gaur egungo ikuspuntutik, batere perfektoa ez bazen ere, kidegoa gizonezkoz soilik osatua zegoen heinean, gizonezko oso burgesak, adinekoak, eta zuriak halaber.

Laburtuz: Ertaroko intelektualen gorazarrea tentsio dialektikoaren garrantzia azpimarratzearekin batera doa, non, parteen arteko edozein sintesi, errekontziliazio edo konpromisu behi-behinekoa izango baita beti.

 

IG

Share This