Egiaren eta Ongiaren etika. 2/3 : Giza eskubideak-eta

‘Bestea’, Biktima(tasuna), Etika, Fikzio demokratikoa, Giza aberea/animalia, Giza-eskubideak, Nihilismoa, Subjektua

17: Errealaren pasioa eta etika

Egiaren eta Ongiaren Etika ardatz, bortizkeria politikoarekin lotutako lehen hurbilpenean (1 / 3 Indarkeriari buruz) Alain Badiouk Le Siècle bilduman garatzen duen Errealaren Pasioa nozioa aurkeztu da bere Etika liburu zirt edo zartekoaren testuinguruan [5]. Errealaren pasioa delakoa XX.mendeko indarkeria ulertzeko egokia da. Badiouren arabera azken mendearen ezaugarri nabarmena bortizkeria eta suntsiketa izan zen, nola mundu gerra inperialista zein estatu krimenena eta abar, halaxe insurgentziazko indarkeria iraultzailearen testuinguruko sarraskiak eta abar.

18: Etika eta bortizkeria

Azken motako biolentzia hau, hain zuzen, edo kolonialismoaren aurkako gerrak, insurgentziazko borroka armatuak, indarkeria iraultzaileak eta abar, dagoen errealitatea eraldatzeko eta mundu berri bat sortzeko bilaketatik garatuko ziren historikoki. Gauzak horrela, Errealaren pasioak salatu eta aldatu nahiko duena Badiouren hiztegian semblante-a delakoa da; hau da: jada egituratura dagoen egoera edo azaleko eta itxurazko errealitate garaikide nagusia. Alta, XXI.mende honetatik begiratuta, XX.mendeko Errealaren pasioak bultzatuko duen mesfidantza eta susmo etengabetik abiatutako ziren erasoak eta jazarpenak aitortu egin behar dira; beste onarmen batekin batera datorrena, bestalde, ezarritako helburu politikoen lortzerik egon ez zen neurrian, oro har.

XXI. mende honetan, ondorioz, Errealaren pasioak eragindako biolentzia aztertzea eskatzen du, zalantzarik gabe, horrela, gainera, Erreal sakon eta antzemagaitzaren eta azaleko errealitatearen edo semblante-aren arteko harremana bera zehazkiago ulertzeko.[6] Alta, berrikuspen autokritiko horrek ez du Ideia(l) nagusi batzuen inguruan antolatzen diren Egiei traizioa eskatzen, politikaren arlo zehatzean, beti ere, Askatasunaren eta Berdintasunaren aldeko lekuan lekuko borrok(et)an ardaztuta dirauena.

19: Bortizkeria eta politika

Askatasun politikoa eta giza-berdintadun generiko eta unibertsalen aldeko bidean, subjektutasun etiko-politiko engaiatuaren borroka konkretu eta singularrak erreklamatzen jarraitu behar dira; hau da: Errealaren pasioaren ondoriozko gehiegikerien halabeharrezko aitormen autokritikoak ez du eskatzen jada badagoen errealitate edo semblante politikoa onartzea; politika kudeaketa soilera laburtzen duena gehi demokrazia liberalatik sustatutako balizko humanismoak estaltzen duen kapitalismo berantiar baina betiere basatiaren besakarzea.

  • Are gutxiago, gainera, balizko humanismo horren oinarria EZeztapenaren Etika denean, ikusiko dugun bezala, EZaren dogma moralistan eta nihilistan oinarritzen dena.
  • Zentzu horretan, ezeztapenaren etikak bultzatzen dituen Giza eskubideak, Bestetasuna eta Biktimatasun Humanitarioa salagarriak dira gizakia, batez ere, sufrimenduaren eta ahultasunaren bitartez definitzen direlako eta politika etikaren menpe jarriz benetako eta errotiko aldaketa eragozten duelako.
  • Alta, Ez-aren etika eta diskurtso nagusitik haratago. Badiouk sustatzen duen BAIeztapena, Egia eta Gertakizunaren Etikak subjektu etiko-politiko militantearen figura aldarrikatzen du, Gaizkiaren kontra soilik jo baino, Ongiaren alde arriskuak hartzen dituen borroka politikora garamatzana.

 

 

EZEZTAPENAREN ETIKA

 

20: Politika eta Fikzio demokratikoa

Bai, aitortu behar da: XX.mendeko insurrekzio iraultzaileak, gerrila anti-koloniarrak eta borroka armatu emanzipatzaileak, munduan zehar, Europan barne, militantzia eraldatzailearen entusiasmo eta esperimentazio politiko sortzailearekin batera izu hilgarrien iturriak izan dira, halaber!

Alta, XXI. mende honetan, XX.eneko gehiekerien eta eragindako minaren aitormena ez datoz bat, edo ez lirateke bat etorri behar, jada badagoen egoeraren onarmen ‘errealista’rekin. Badiouren arabera, hain justu, kapitalismo globalizatu garaikidearen oinarri ideologiko nagusienetarikoa mendebaleko fikzio demokratikoa baita, eta bere ezaugarri zein helburu politiko nagusia jadanik badagoen errealitatea edo egoera funtsean dagoenetan jarrai dadila; azaleko Errealitate hori, izan ere, edo itxurazko aipatu semblante hori:

“…‘Egoeraren entziklopedia’ deitu nuenaren barruan erabat inskribatuta (bait) dago, kontserbakoitasunak etxekotu dituen lengoaiaren termino eta praktiken multzoan”.[7]

21: Fikzio demokratikoa eta EZaren dogma

Fikkzio demokratikoa, horrela, indarrean dago eta demokraziaren ilusioak indartsu diraute. Jakina, baita demokrazia liberalaren propagandista sutsuenak ere zera aitortuko dizute, alegia: bai, kapitalismoa desberdintasunaren erregimena da; baina gizadiaren gehiengo zabalarentzat bidegabea eta onartezina dela aitortu beharrean, azkenean, beste bide hoberik ez dagoela azpimarratuko dizute. Eta Badiou ondo asko jabetzen da “gure demokrazia” horren kontraesana eta ilusioa non datzan maisuki erakusten digunena:

“Non dago herriaren boterea? Non hirugarren munduko nekazarien botere politikoa, Europako langile klasearena, nonnahiko pobreena? Kontraesan batean bizi gara: egoera basati bat, guztiz desberdintasunezkoa — non existentzia guztia diruaren arabera soilik ebaluatzen baita — ideial gisa aurkezten zaigu. Beren kontserbadurismoa justifikatzeko, ezarritako ordenaren alderdikoek ezin dute esan hori benetan ideala edo zoragarria denik. Horren ordez, gainerako guztia izugarria dela esatea erabaki dute. Noski, esaten dute, agian ez gara ontasun perfektuko egoeran bizi. Baina zortea dugu ez garelako gaizkiaren egoeran bizi. Gure demokrazia ez da perfektua. Baina diktadura odoltsuak baino hobea da.Kapitalismoa bidegabea da. Baina ez da estalinismoa bezalako kriminala. Milioika afrikar HIESak jota hiltzen utzi ditugu, baina ez dugu Milosevic bezalako aldarrikapen nazionalista arrazistarik egiten. Gure hegazkinekin irakiarrak hiltzen ditugu, baina ez diegu eztarria matxetekin mozten Ruandan egiten duten bezala, eta abar.” [8]

Eta dagoen egoeraren enziklopedia kontserbakoiak bahitutako lengoaiaren testuinguru konformista orokor horretan da, hain zuzen, oinarriko ezaugarri etikoa-edo EZean babestutako dogma bihurtzen dela. Are gehiago, EZean oinarritzen den dogma zinez moralista garaikide hau nihilismo hutsa da, salaketa ezagun honetara laburtzen dena: ‘denok Gaizkiaren aurka’; edo bestela esanda: ‘inor ez Ongiarako’. Ongia Gaizkiaren aurkako erantzun zuzen bezala ulertuta, hortaz, ideologia dominantearen eginkizun nagusia:

Edozein ideia edo pentsaeraren edozein proiektu koherenterik debekatzea da, berritxukeria humanitarioz konformatuz.

 

 

GIZA-ESKUBIDEAK, BESTETASUNA ETA BIKTIMAZIOA

 

23: EZaren dogma eta Bestearen biktimatasuna

Badiouk salatzen duen ideologia etiko nagusia demokratismo liberal garaikideari dagokion moralismo kontserbadorean oinarritzen da egungo giza eskubideak eta Bestearen etika ahultzailea ardatz. Giza eskubideen eta Bestea delakoaren etika hori ahultzailea da motibazio nagusia biktimatasuna eta sufrimenduaren ezagutza delako; edo, bestela esanda: berezko ongiaren ikuskera baikorrik gabeko ideologia ezkorra da: ez egin hau, ez egin bestea… Badiouk, ondorioz, modu naturalean eta objektiboan eman nahi zaigun giza eskubideen, biktimatasunaren edo Bestearen etika garaikidea gogor kritikatzen du gizakiak biktima pasibo izatera murrizten dituela argudiatuta,

24: Bestearen biktimatasuna eta pasibotasuna

Bestearen biktimatasunak “biktimaren mentalitatea” bultzatzen du eta Badiouk uste du ikuspegi hau problematikoa dela biktimaren figura pasibotasunera murrizken duelako. Etika modernoak, izan ere, gizakia sufrimenduak eta ahultasunak definitutako subjektu pasibo eta patetiko gisa definitzen du, etorkizun hobeago bat sortzeko arriskuak hartu eta prest dagoen, are gai den subjektu eragile bat izatera bultzatu beharrean.

Horrela bultzatzen dena, hain zuzen, gizakiaren kontzepzio pobretua duen politika kontserbadorea da. Hara, bada, politika etikaren menpe jarriz eta Bestea sufrimendutik soilik libratzen duen «Gaizkiarik gabeko eskubideetan» zentratuz politika kontserbadorearekin lortzen dena: pasibotasunaz gain anbizio eza!

25: Pasibotasuna eta anbiziorik gabeko politika kontserbadorea

Sufrimendua murriztea eta “Gaizkiaren” prebentzioa helburu nagusitzat hartuta, politika eraginkorra sustatu beharrean etika mugatu eta negatibo baten menpe jartzen da. Edo bestela esanda: biktimatasunaren eta Bestearen etikak programa moral eta politiko positiboak egiteko aukera baztertzen du.
Biktimengan zentratutako Etikak, Badiouren arabera, sufrimenduaren alderdi negatiboetara soilik laburtzen den alternatiba positiborik gabeko “kontserbadurismo asaldagarria” dakar. Ikuspegi kontserbadore horrek politika eraginkorra moraltasun mugatzaile baten menpe jartzen du eta benetako aldaketa eragozten du gizakia batez ere sufrimenduaren eta ahultasunaren bitartez definituz, gauzak nola izan daitezkeen irudikatzen duen programa politiko positibo eta anbiziotsu bat sustatu beharrean.

Moraltasun kontserbakoi, mugatzaile eta EZ-zale honek anbiziozko edozein egitarau etiko-politiko BAIkorrik aurrera bultzatzeko aukera baztertzen du.

 

 

BAIEZTAPENA, EGIA ETA GERTAKIZUNAREN ETIKA

 

26: Politika kontserbadorea eta Egiak

Badiouren arabera, biktimaren ikuspegi politiko kontserbadore orokorrak mundu justuago eta bidezkoago baterako programa edo ikuspegi politiko anbiziotsuagoak garatzea galarazten du.

Bestearen etika garaikide kontserbadore eta konformistaren aldean, gizakiaren biktimatasuna eta sufrimendua oinarri dituena, Badiouren Ongian oinarritutako etika, alderantziz, Egiaren etika da, Subjektuaren Egiaren Etika, hain zuzen.

Alta,“egiak ez dira lorategian sortzen diren arrosak”. [9] Egiak jadanik badagoen egoera eman eta nagusi batetik substrazioak edo kenketak dira — zehazki, gero, gertakizun bakar eta errepikaezinetan gauzatzen direnak. Egiak, hortaz, dagoen egoera kolokan ezartzen saiatzen diren gertakizun zehatzen eta kokatuen bidez garatzen dira beti, eta gertakizunen egia hauei subjektuen fideltasunaren bidez.[10]

Badiourentzat, bestela esanda, ez dago etikarik orokorrean, gertakizun zehatzak eta lekutuak eragindutako Egiaren aldeko prozesuen etika baizik — zeinaren arabera egoera eman baten sortzen ditugun aukerei aurre egiten diegun.

27: Egiak eta unibertsaltasun singularrak

Badiouk garatzen duen Egia hitzaren esanahia, beraz, dagokion bikoiztasun kritiko eta dialektikoan ulertu behar da: Egiak zehazki situatuak daude baina balio unibertsaleko errealitateak dira, halaber. Egiak ideia unibertsal, betiereko eta aldagaitzei dagokie. Politikan, zehazkiago, Askatasuna eta Berdintasuna egia abstraktuak dira, transzendenteak; baina askatasuna eta berdintasuna prozesu zehatz eta singularren bidez eraikitzen dira modu konkretu eta immanentean, hau da, hemen eta orain. [11]

28: Unibertsaltasun singularrak eta ‘berdintaskatasuna’

Badiouren filosofiak errotiko giza-berdintasunari lotuta dagoen pentsamendu etiko-politikoa garatzen du. Badiourena, politikaren eremu edo baldintza zehatzen pean, askatasunari eta berdintasunari lotuta dagoen pentsamendua da, Étienne Balibar burkide intelektualak Egaliberté edo ‘berdintaskatasuna’ bezala adierazten duena, pentsamendu demokratiko modernoaren barneko berdintasunaren eta askatasunaren idealen arteko tentsioari eta elkarreragin dinamikoari erreferentzia eginez

29: ‘Berdintaskatasuna’ eta Arriskuen politika

Errepika eta errepika dezagun: Badiouren pentsamendu politikoa Berdintasuna eta Askatasuna moduko egia unibertsalak modu konkretu eta singularretan gauzatzearen aldeko aldarrian oinarritzen da. Are gehiago, berdintaskatasun abstraktuaren aldeko borroka zehatzek arriskuak hartzea eskatzen dute.

Badiouren etika arriskuen filosofia baita: Egia baten oinarritzen den Ongia ez da arriskurik gabe. Eta arriskuak hartzea, halaber, Ongia bera aukerei eta zorteari irekia dagoela onartzea da, errotiko berritasuna eta erabateko aldakuntza datorrenaren ez-ezaguntasunatik pentsatzea eskatzen duena — izan ere, noski, ditxosozko ‘historiaren ikasgaien’ despit eta, maiz, kontra!

30: Arriskuen politika eta Historiaren ikasgaiak

Zeren arriskuak hartzea ez-ezaguna den berritasunera irekia egotea baldin bada, ‘historiaren ikasgaiak’ leloak, aitzitik, in-akzioa eta dagoenarekiko egokitzapena eskatzen baitu; gaur egungo kapitalismo globalizatuaren benetako eragin basatiak ezkutatuz, ohiko pentsamendu liberal-demokratikoaren ideologia etiko-moralista nagusiarekin bat datorrena eta, besteak beste, arriskurik hartu nahi ez duen salaketa ezagunera laburtzen dena; alegia: historiak erakusten digun bezala…; Egia absolutu baten aldeko borroka oro autoritarismoaren eta totalitarismoaren atarian ezartzen gaitu…, eta abar eta abar.

Beste modu batera berriz esateko: EZaren etikan oinarritzen den moralismo garaikideak zientziaren edo, kasu honetan, zehazkiago, zientzia historikoen kanpotasun objektiboa erreklamatzen du, [12] zer eta, jada badagoenarekiko konformismoa eta egon daitekeenarekiko nihilismoa sustatuz fikzio demokratikoak baliotzen duen errealismoaren eta pragmatismoaren izenean:

30: Historiaren ikasgaiak eta berritasunaren ukapena

Historiaren ikasgaiak, bada, aipatu ‘enziklopedia’ren lanak eta hizkuntzak dira, gaur egungo egoeran edo dagoen errealitatean ezarritako arauak eta botere egitura nagusiak daudeetan jarrai dezaten.

Egia berri baten aukera zabaltze aldera dagoen egoera, ordena edo errealitatea aztoratu edo zalantzan eta kolokan jartzen duen indar oro, ondorioz, aipatu autoritarismoa eta totalitarismoarekin, are sektarismoa, ortodoxia eta dogmatismoarekin berdintzen da.

Horregatik da, hein zuzen ere, Badiouk fikzio demokratikoan babesten diren humanitarismoa bezalako marko etiko tradizionalak kritikatzen dituela. Ez bakarrik bere kabuz eta meritu propioz baino. ongia, aitzitik, gaizkiaren aldean eta gaizkiari zuzenean lotuta definitzen duelako; ezta gizakiak kalteetatik eta minatik babestera soilik bideratzen den marko etikoa delako ere; baizik eta, zehazkiago, humanitarismoak aipatu ongiaren eta egien etika berezkoa eta propioa ukatzen duelako eta, horrela, hain garrantzitsuago, berritasunaren edo eraikuntza berrien aukera bera ukatzen duelako soilik jada badakigunaren segurtasunean babestuz.

31: Berritasunaren ukapena eta gertakizunaren etika

Batetik, bada, fikzio demokratikoaren edota humanitarismoaren konformismo etiko-politikoa dago, iraganarekin lotutako beldurraren agindu pean segurtasuna azpimarratu eta egiaren prozesu berritzaileen eraikuntza pisibleek aldez aurretik baztertzen dituena. Eta, bestetik, Badiouren gertakizunaren etika dago, subjektuaren etika eragilea sustatzen duena.

Subjektuaren etika eragilea sustatuz, Badiouk gizakiaren (edo giza aberearen) iraupen soilean eta biktimatasunaren oinarritzen den giza eskubideen eta Beste-tasunaren ideologia etiko garaikidea zalantzan jartzen du.
Badiouren BAIeztapenaren Etikak subjektu eragile eta ausartaren etika da. Etika politikoa etika subjektiboa da, edo sunjektuarena. Ongia etika subjektibo edo subjektuaren etika horretatik bertatik sortzen baita. Ongia ez da Gaizki objektiboren baten aurkako ondorio, gertakizun zehatz baten egiari subjektu fidelaren atxikimendua baizik, prozesu betiere berritzailetan bideratzen dena.

32: Laburtuz: gertakizunaren etika eta gaizkia

Humanitarismoaren marko etiko tradizionalak ongia gaizkiaren aldean definitzen du gizabanakoak kalteetatik babestera bideratuz. Ongia Gaizkiaren kontrako (EZ erahil; EZ lapurtu; EZ…) jarduera da. Aitzitik, Badiouk eskaintzen digun gertakizunaren etika BAIeztapenaren etika da, giza eskubideen eta ‘beste’tasunaren onarmen akritikoa eta konformista baino, arriskuak hartzearekin lotzea eskatzen duena.

Ondorioz, militantzia politikoaren dimentsio historikoa XXI.mendean zenbait ezaugarri garrantzitsuz jabetzeko lagungarria da. Badiouren Etika gertakizunak sortzen dituen subjektu(ar)en egiarena da. Egiaren etika berezko ongi(et)an oinarritzen da. Etika Egia baten alde egiteko nahi edo desira batez bideratutako Ongia da. Eta Gaizkia, horrela, Egia baten berezko Ongiatik sortzen den efektu okerra da.

Izan ere, Egiaren eta Ongiaren Etika sail honen lehen hurbilpenean (1 / 3 Indarkeriari buruz) hori bera azpimarratu genuen; alegia: Ongia, politikan dagoen ordena gainditzen saiatzen den “egia-gertakizun” baten sorrerarekin lotuta dago; testuinguru horretan, gaizkia berez ongia lortzeko ahaleginean oinarritzen den egoera baten barruan efektu oker gisa sortzen da. Berezko ongiaren efektu oker gisa ukertzen den gaizkiak, horrela, hiru forma hartzen ditu: simulakroa (egia faltsu bat, sasi-gertakizuna), traizioa (egiaren bilaketaren bazterketa) eta totalizazioa (egia absolututzat eta behin betikotzat aldarrikatzea).

Lehen azpisail horretan, are gehiago, Badiouren baliobikoiztasun kritikoa goraipatu da gai gatazkatsuei, gatazkaren eta idarkeriaren gaia barne, modu zuzenago eta emankorrago batean heltzeko aldebatekoikeria ideologikoki zurrunak ekidituz; zeinak, era berean, Gaizkiaren kontra soilik eta zuzenean jo baino, Ongiaren alde arriskuak hartzen dituzten borroka politikoak azpimarratzera bultzatu gaituen bigarren azpisail honetan.

Horrela, Mendebaleko ideologia garaikide nagusiaren aurrean, ezeztapenaren etikan oinarritutako giza eskubideak, bestetasuna eta biktimatasun humanitarioaren dogma moralista zein fikzio demokratikoaren politika nihilista sustatzen duena, Badiouren baieztapena, egia eta gertakizunaren etikak subjektu etiko-politiko berrien sorrera eta garapena ulertzeko eta aztertzeko baliabide kritikoak eskaintzen ditu.

Bi azpisail hauetan azaldu eta garatu diren gai nagusiak elkarlotuz eta uztartuz, hirugarren azpisailean euskal askapen mugimenduaren subjektu etiko-politiko militantearen figura aldarrikatuko da, nola argiak halaxe ilunak biak ala biak barne!

 

 

OHARRAK

[5] Ikus 1. 2. eta 4. Oharrak: Le Siècle liburuaren Sarrera Euskaraz; Antton Azkargortaren euskarazko itzulpena Etika-Gaizkiaren kontzientziari buruzko saioa;

Le Siècle eta L’éthique liburuei buruz, bestalde, merezi du ingelerako bertsioetan atzekaldeko azalean Slavoj Žižek-ek diona errepikatzea: Le Siècle bilduma (The Century, Mendea) dela eta zera dio: “Irakur ezazu behar den dardararekin, klasiko bat irakurtzen ari zarela jakitun, Platon edo Hegel-en pareko figura bat dabil, hemen, gure artean eta”. L’éthique (Ethics, Etika) goraipatzerakoan, are laudatzerakoan, berriz, Žižekek Badiouren lanak “intelektual erradikalen zuzentasun politikoan zuzen-zuzenean jotzen duela” adierazten du, “haien bizimoduen oinarriak ahulduz…” eta jo, gainera, “trumoiaren gisan, Etikak erabateko filosofia batera berritzultzea gauzatzen duen neurrian sofismo eta platitude posmodernistaren zurrunbiloan”.

[6] ikus 1. Oharra: ‘Erreala’ kontzeptu lacandarraren esanahiaz gehiago jabetzeko ikus Lacan etxetik ibiltzeko.

[7] Enziklopedia egoera eman eta jakin baten barruan jada badagoen jakintza-multzoa edo informazio-sistema nagusia biltzen duena da. Enziklopediak errealitatearen ulermen finkatua eta normatiboa adierazten du. Egoera jakin eta eman horren logika nagusiaren barruan ezagutzen eta onartzen den guztia biltzen eta sailkatzen du, jada badagoenaren koherentzia eta ordena eutsi nahiz. Enziklopedia, bada, kontserbadorea da, berez; existitzen den egoeraren barruan posible dena edo jada ezagutzen dena kodifikatzen du. Ikus: Enziklopedia, Artxiboa eta JAgirre Kolektiboa

[8] Aipamena Ikus Gaizkiaz: Alain Badiouri Elkarrizketa-Subjektua ahulduta eta suntsituta (2001)

[9] Esaldi hau Maitasunaren Gorazarrea liburutxo bikainean bigarren kapituluan Filosofoak eta maitasuna agertzen da.

[10] Badiouren oinarriko kontzeptu batzuen, Gertakizuna, Egia, Subjektua, Fideltasuna… azalpen laburrez eta erabileraz gehiago jabetzeko, baita Etikari buruzko sail honen hirugarren azpisailera errezago sartzeko ere, ikus 1 / 3 Gertakizunak Badiouren arabera

[11] Kontingentzia / inmanentzia oposaketaz ikus beste testuinguru batean, antzerkiarenean, hain zuzen: Antzekiaren gorazarrea – 3 – ‘Dantza eta Zinemaren artean’ kapituluari sarrera

[12] Jakina da, bestalde, egon daitekeena teorizatzeak sesgo ideologikoaren salaketa jasoko duela dagoenaren alde barreiatuko den jakintza zoentifikoa, objektiboa eta teknikoa izango den bitartean. Zientzia eta objektibotasunaren inguruko aldarrikapen hauen inguruko jabetzeko ikus …. Eta…… historiari buruz ikus 4.oharra

[13] ikus amaiera 1 / 3 Indarkeriari buruz

Share This