1: Filosofia eta politika
Abiatzeko Alain Badiouren filosofiak baldintza erdi-erdikotzat duen politikarekin uztarketa emankorra aintzat hartu beharra dago; egon ez dago-eta arriskuak hartzen dituen ganorazko izpiritu kritikoari uko egiterik:
“Gaur egun filosofoaren konpromiso politikoaren auzia saihestezina da. Uste dut filosofo konprometituaren figurara behartuta gaudelako itzultzen garela. Filosofia akademikoa guztiz alferrikakoa da.”
2: Politika eta etika
Filosofiaren konpromiso politikoa konpromiso etikoa da, halaber. Hemen eta orain, konpromiso militantea subjektu etiko-politikoaren funtsezko gertakizunari fideltasunarena da,
3: Etika eta historia
Badiouk gertakizun politiko zehatzen bidez abiatutako prozesu emanzipatzaileak bere dimentsio historikoan eta etiko-politikoan aztertzeko baliabide teorikoak eta praktikoak ematen dizkigu:
Errealaren pasioa delakoak XX.mendeko dimentsio historikoaren zenbait ezaugarri garrantzitsuz jabetzeko lagungarria da, Badiouk Le Siècle (Mendea) [1] bilduman azaltzen duen erara.
Etika-Gaizkiaren kontzientziari buruzko saioa [2] izenburuko Badiouren idazlan laburra erdi-erdikoa da auzi etiko-politikoari begira.
Je regrette (Damutzen naiz) [3] adierazpenean, Badiouk eragindako minaren aitormenaz hausnartzera bultzatzen gaitu.
XX.MENDEKO ERREALAREN PASIOA
4: Historia eta bikoiztasuna
Le Siècle bilduma-liburuaren zehar Badiouren analisiak XX.mendeko esperientzia politiko nagusiak hartzen ditu aintzat. Badiouren helburua XX.mendeko historia bere ikuspegi filosofikotik aztertzeko saiakera da, Errealaren pasioa esamoldearen aurkezpenarekin batera bikoiztasun dialektiko edota anbibalentzia kritiko zorrotz baten bidez burutzen duena.
5: Bikoiztasuna eta Errealaren formalizazioa
Badiouren Le Siècle bilduma-liburuan nabaritzen den XX.mendeko Errealaren pasioa esamoldean, pasioa hitzak politizazioaren grina adierazi nahi du; ez-guak gurekin biltzeko protokolo edo formalizazio militantea: formalizazioak subjektu politiko militantetik kanpo dagoena erakarri nahi du. Erreala hitzak, bere aldetik, formalizazio politikoaren grina militante hori aipatu errotiko bikoiztasun dialektikotik antzeman behar dela-edo seinalatzen du, zeina:
“Aldi berean baita izuaren eta entusiasmoaren iturria, hilgarria eta sortzailea, biak ala biak batera”.
6: Errealaren formalizazioa eta garaipena
Hartu, bestela, garaipena / porrota hitzen arteko dialektikaren gaia. Badiouren arabera, XX.mendean Errealaren formalizazio politiko eta militantearekin batera garaipenean fedea guztiz eratzailea izan zen. Garaipenean fede horrek inolako frogaren beharrik ez zuen borrokaren zuzentasuna egiaztatzeko orduan. Era berean, paradoxalki, XX.mendeko subjektutasun iraultzailean garaitua izatea edo porrota bera axolagabetasunarekin lotuta zegoen, edonola ere bide berriak irekitzen zituztelakoan-edo.
7: Garaipena eta indarkeria
Ondorioz, Iraultzarekin edo errotiko eraldakuntzarekin oihartzuna zuen neurrian, XX.mendeko Errealaren pasioa aurreko porrot historiko guztiak garaitzeko deia ere bazen eta erabilitako muturreko indarkeria, bereziki, jendertea konplazentziatik astintzeko modu gisa ulertu zen. Erreal puru eta garbi baten alde eragindako pasio politikoari lotutako bortizkeriak, bestela esanda, errealitatearekin topo egiten zuen.
Eta horregatik, XXI.mendeko politika berrira begira, Badiouren bikoiztasun kritikoa indarkeriaren erabilera aztertzeko ere bada. Indarkeria dela-eta, Badiouren bikoiztasuna guztiz nabaria baita, bi irizpide kontuan izan behar ditugula adieraziz.
Lehenik eta behin, batzuetan indarkeria saihestezina da, batez ere, aurkariek indarkeria erabiltzea zalantzan jartzen ez dutenean eta, ondorioz, horren aurrean prestatuta egon beharra dago:
Nire doktrina da indarkeria, oro har, zilegia dela defentsakoa denean. Beste era batera esanda, lortutako irabaziak edo orientazioak babestu nahi ditu. Mundua dagoen bezala, ezinezkoa iruditzen zait sistematikoki indarkeriaren aurka egotea.
Indarkeriaren erabilerari lotuta, baina, bigarren alde bat dago, izan ere, askoz ere garrantzitsuagoa eta Badiouk berak onartzen dituen epai moral baten bidez azaltzen diguna: indarkeria, alegia, gutxitan da egokia, eta ahal den neurrian saihestu egin behar da, indarkeriarik erabili gabe helburuak lor badaitezke askoz ere hobe den heinean. Ondorioz, zera adierazten du argi eta garbi:
Ziur nago indarkeria ez dela zerbait zeinarekin pozik nagoen.
Edo laburtuz, indarkeriaren inguruan Badiouren posizioa horrela borobiltzen da:
Indarkeria ez da eta ez da inoiz izan politikaren arazo kritikoa. Ia denek bezala –faxistak eta ezkerkeriaren aldaera batzuen jarraitzaile gutxi batzuk izan ezik– politikan indarkeria saihestea nahi dut, baina ez dut uste halako desioa axioma bihurtu daitekeenik.
8: Indarkeria eta terrorismoa
Indarkeria politikoaren erabilera aztertzeko orduan, bada, kontrako lelo, kontsigna eta klitxeek (hala nola: Indarkeria datorren lekurik datoterrela gaitsetsi; Indarkeria helburu politikoak lortzeko erabiltzea ez da zilegi…) ez dute inolako baliogarritasunik axioma gisa. Aitzitik, baliagarriak dira, bai, baina soilik propagandarako tresna erabat ideologiko gisa.
Hartu, hain zuzen,“terrorista” edo ‘‘terrrorismo’’ hitzen ohiko erabilera nagusia (edo dominantea). Badiourentzat, hitz horien erabilerak propagandazko ariketa hutsera laburtzen dira:
Esan beharra dago, gaur egun, bere bilakaera semantikoaren amaieran, «terrorista» hitza propagandazko terminoa dela, berez. Ez du irakurgarritasun neutrorik. Egoera politikoen, haien kausen eta ondorioen azterketa arrazoitu oro baztertzen du.
ETIKA: GAIZKIAREN KONTZIENTZIARI BURUZ
9: Gaizkiaren kontzientzia vs BAIeztapenaren Etika
‘Gaizkiaz’ izeneko elkarrizketa (2001) [4] j Alain Badiouren Etika famatu bezainbat motz, zorrotz eta probokatzailean sartzeko lagungarria da. Badiouren etika ez da oinarritzen gaizkian. Gaizkiaren kontzientzia baino lehenago, Badiouren etika BAIeztapenaren politika da:
“Ezeztapenak bateratu egiten du baina ez dakar ez baieztapenik, ez borondate sortzailerik, ez egoeren analisiaren edo politika mota berri bat izan daitekeen edo izan behar duenaren kontzepzio aktiborik”
Badiouren baieztapenaren etikan, bada, ongia da ardatz, ez gaizkia:
“Nire filosofiak baieztapena desiratzen du; alde borrokatu nahi dut; ongiaren alde zer dudan jakin nahi dut eta praktikan jarri.”
10: Baieztapenaren etika eta Ongia
Beraz, baieztapenaren etikari dagokion galdera zera da: ‘zer dut nik edo zer dugu guk Ongiarako’? Badiouren Etika esaldi batekin labur daiteke: Aurka egiteko Gaizkiaren ondorio baino (EZ erahil; EZ lapurtu; EZ…) Ongia Egia baten alde egiteko desira da.
Alta, Ongia Gaizkiaren ondorio ez bada non dago Gaizkia berezko Ongia islatzen duen Egia baten aldeko jardueran?
11: Ongia eta Gaizkia Egiaren efektu oker gisa
Berezko Ongia islatzen duen Egia baten aldeko jardueran, Gaizkia ez da zer edo zer finkoa; aitzitik Egiaren indarratik bertatik sortzen den Ongiaren beraren efektu okerra da, edo, bestela esanda, Egia-prozesu batetik sortzen diren perbertsioak dira; eta baieztapenean oinarritzen den etika politikoan, Badiouren arabera, Egiaren perbertsio edo efektu okerrak hiru forma hartzen ditu: traizioa, hondamendia eta izua.
12: Traizioa
Traizioa gertakizunaren Egiaren inplikazioak muturreraino eramateko beharrezkoa den tenplea galtzearekin dator. Gertakizunari fideltasuna bertan behera uztearekin edo ukatzearekin, konbertsoaren fanatismoa adibide nagusi, edo diziplina ezaren desbideratzearekin datorren subjektuaren porrota da.
13: Hondamendia edo katastrofea
Hondamendia gaizkiaren forma da zeinaren arabera gertakizunaren egia bera joera, indar edo botere zehatz batekin identifikatzen baita (totalizazioa), egia horren interpretazioarena dogma puritau bihurtuz (simulakroa).
14: Izua edo terrorea
Izua, Badiouren Etikaren arabera, halabeharrezko baldintza izan da, historikoki, aukera politiko berriak agerrarazteko orduan: Frantziako Iraultza, Iraultza Sovietarra…. Baina XX.mendeko Errealaren pasioak eragindako desio eta entusiasmo politikoen porrotak aztertzea eskatzen du, XXI.mendeko belaunaldietako militantzia politikora begira.
JE REGRETTE (DAMUTZEN NAIZ)
15: Damutzen naiz
Je regrette (Damutzen naiz) adierazpen laburrean (Ikus 3. oharra), Alain Badiouk bere garaian, 1979an, Khmer Gorriei eskaini zien babesaz damutzen dela aitortzen du. Nahiz eta jarraitzen duen bezala: “damua, berez, ez da bertutea”. Aitzitik, Badiouren damutze adierazpenaren muina, gutxi gora behera, zera da:
“Politika aurrerakoi zein komunistan, oro har, etsipena ohikoa da eta ilusioa ondasun preziatua, altxatutako herrien garaipenak salbuespenak baitira”.
Bestela esanda, jakina: ‘garaile’ baino ‘galtzaile’ suertatu diren munduko herri mugimendu emantzipatzaile gehiago dago. Eta, hala ere: XX.mendekoa neurgailutzat baino abisu gisa erabili behar da. XXI.mende honetarako, hain zuzen, zeregin handietakoa benetako garaipen politiko bat zer den berdefinitzea baita. XXI.mendeko belaunaldietako militantzia politikoan, XX.mendeko entusiasmo garaileak sortu izan dituen hondamendiez ere hausnartzea eskatzen baitu, Badiouren arabera:
“Azken mendeak zerbait irakatsi badigu garaipenekiko lilurarekin kontuz ibili behar dugula da”.
16: Laburtuz: Damutu amore eman gabe
Alde batetik, orduan, XX.mendeko fede politiko grinatsuen zenbait ondorio oker gainditzeko borondatea inportantea da XXI.mendeko militantzia politikoan. Beste aldetik, borondote horrek ez du eskatzen errotiko politikaren aldeko idea(la)k defendatzeko ausardia galdu behar denik, Zentzu horretan, hausnarketa politiko orokorrean, konpensazio etiko gisa edo, emaitza ‘giza eskubideak’ oinarri dituen «humanismora” hurbiltzeak atzeraldi edo erregresio politikoaren seinaltzat kontatzen du, mendebal liberalismoaren fikziozko marko demokratikoaren barruan jokatzera behartzen gaituen heinean, batik bat.
Egiaren eta Ongiaren Etika sail honetako bigarren azpisailean, ‘Giza eskubideak-eta’ izenekoa, azalduko den bezala: Baliobikoiztasun kritikoa ez da bat errotiko ideia (l) eraldatzaileak baztertzearekin.
OHARRAK
[1] Le Siècle liburuaren kapituluak Badiouk College International de Philosophie-n 1998-2001 urteetan eman zuen mintegi bateko ikasgai gisa aurkezten dira. Metodoari buruz idatzi zuenaz euskaraz jabetzeko, ikus Sarrera.
‘Erreala’ kontzeptu lacandarraren esanahiaz gehiago jabetzeko ikus Lacan etxetik ibiltzeko.
[2] Ikus Antton Azkargortaren euskarazko itzulpena Etika-Gaizkiaren kontzientziari buruzko saioa
[3] Ikus adierazpen osoa osoa itzulita: Je regrette” – Damutzen naiz
[4] Ikus Gaizkiaz: Alain Badiouri Elkarrizketa- Subjektua ahulduta eta suntsituta
IGM – 09/25


