Buruko zapiaren Legearen atzean, beldurra

Biluztazuna, Buruko zapia, Erlijioak, Fedeak, Gorputzak, Kultura aniztasuna, Legea, Merkataritza

Aurkezpena: ez da gure borroka!

 

2004an, Jacques Chirac Frantziako presidenteak, Fronte Nazionalaren kontra beste alderdi guzien babesa jaso ostean (%82), eskola publikoetan sinbolo erlijiosoak eramatea debekatzen zuen legea sinatu zuen. Legeak eliza eta estatua bereizten dituen laikotasunaren printzipioari eustea zuen helburu — Frantziako konstituzioak herrialdea errepublika laiko gisa definitzen du.

2003ko uztailean, Chirac-ek eskoletako laikotasunaren eta sinbolo erlijiosoen arteko elkarrekintza aztertzeko batzorde bat izendatu zuen. Batzordeak txostena kaleratu zuen abenduan, sinbolo erlijioso “ikusgarriegiak” debekatuko zituen lege bat onartuz, islamiar beloa, kippa judutarra eta gurutze kristau handiak barne.

Chirac-ek Batzordearen aurkikuntza hauek “laikotasunaren izpirituan” hartu zituen, eta legea, “beloaren legea” izenarekin ere ezagutzen dena, 2004ko martxoan bozkatu zuen Frantziako parlamentuak.

2004ko legeak aurrekariak eta jarraipenak ditu. Erlijio-sinboloak eskoletan direla eta, adididez, XIX. mendeaz geroztik, Frantziak debekatu egin ditu eskola publikoetan ikur erlijioso nabarmenak.

Geroztik, Frantziak hainbat lege erantsi ditu janzkera erlijiosoa arautuz, hala nola 2011koa, Niikolas Sarkozy presidente dela, non, besteak beste, erlijiozko buruko arroparen debekua onartzen baita kiroletan eta aurpegi osoko beloen debekua jendaurrean.

2004-ko ‘beloaren legea’ dela eta, debekuak islamiar beloak eta buruko zapiak barne hartzen ditu, baita turbanteak eta bestelako jantzi bereizgarriak ere; baina fedearen zeinu diskretuak onartzen ditu, hala nola gurutze txikiak, Daviden Izarrak eta Fatimaren esku bat irudikatzen duten palmondo formako amuletoak.

Alta, legea orekatua eta, batez ere, neutrala dela dirudien arren, herritar guztiei dagokien zentzuan, erlijioa edo generoa edozein dela, errealitate praktikoa da hijaba edo buru zapi islamiarra janzten duten neska eta emakume musulmanak lege honen xede direla beste edozein talde erlijioso baino nabarmen gehiago.

Demokrazia liberalaren beraren terminoetan, beraz, aurgudiatu daiteke Frantzian bertan sinbolo erlijiosoen debekuak neurrigabeak direla lortu nahi diren helburuekiko. Gainera, erantsi daiteke, Frantziak ez duela sinesgarritasunez finkatu halako interferentzia intrusiboa beharrezkoa denik gizarte demokratiko batean, edo estatuak eskura duen neurririk inbaditzailerik txikiena zela. Horregatik, debeku hauek diskriminatzaileak eta giza eskubideen urraketak direla kritikatu daiteke.

Laburtuz, Frantziak debekua justifikatzeko erabilitako sekularismoaren nozioa dela eta, laikotasunaren bertsio zinez fundamentalista erabiltzen duela salatu daiteke, oinarrizkoak omen diren balio liberal, demokratiko eta pluralisten testuinguruan.

Edonola ere, Alain Badiou orekatua izan nahi duen gezurrezko zentrismotik-edo- askoz ere haratago doa bere kritikan, baita Islamofobiaren kontrako borroka post edo de-koloniarretatik haratago ere, azken finean, kultura aniztasunaren ikusbide sobera liberaletatik elikatzen dena.

Badiouren arabera: «Egun pentsamenduaren etsaia jabetza da, merkataritza … ez fedea».Zentzu zehatz horretan, beloaren edo buruko zapiaren legea bera lege guztiz kapitalista da. Kaxu, beraz, ez da lege feminista eta, eta, gainera, legearen atzean izkuratzen dena Mendebatarren beldurra baita, heriotzari beldurra, han zuzen — ideia baten alde zinez borrokatzeari uko egitetik datorrena.

Edonola, buru zapien debekatzeko aldarrikatzea ez da gure borrokaren bidea. Eta horregatik, gaur egun gure artean eta inguruan piztu den eztabaidaren harira, egokia iruditu zaigu Alain Badiouk 20 urte baino gehiago dela buruko zapiari buruzko lege frantsesaren inguruan idatzitakoa, sobera sarkastikoa, maiz, euskarara itzultzea.

Lehenengo, Frantziako Tragedia ostean, gero, gaur egun, oraintxe bertan, eskuin-muturreko islamofobia erreakzionarioetan zein, hau ere azpimarratu beharra dago, zenbait ezkerreko jarrera guztiz desorientatuetan islatzen den Fartsa kontuan hartuta, egokia ez ezik guztiz baliagarria ere izango dela sinesteko sobera arrazoi dago.

Jatorrizkoa Le Monde egunkarian 2004ko Otsailak 22an argitaratu zen Derrière la Loi foulardière, la peur izenburu pean (sakatu HEMEN frantsesez irakurtzeko LeGrandSoir.info web orrialdearen eskutik).

Ingelerazko bertsioa Polemics bilduman (Verso, 2006) argitaratu zen lehen aldiz (Part 1-5: The Law on the Islamic Headscarf izenburu pean) baina bertsio hau Verso-k berak webean 2015ko Ekainak 4an berrargitaratukoa da “The law on the headscarf is a pure capitalist law” izenburuarekin: Sakatu HEMEN.

Gozatu irakurraldia (IG)

 

 

—//—//—

 

“Buruko zapiaren legea lege kapitalista hutsa da”

 

[1]

Errepublikar arin batzuk egun batean erabaki zuten neskei ilearen gainean zapiak eramatea debekatzeko lege bat beharrezkoa zela argudiatzea. Lehenik eta behin, debekatu eskolan, gero beste nonbait, eta ahal bada nonahi. Lege bat esaten entzun didazu? Bai, Lege bat! [Chirac] Errepublikako presidentea bera politikari mugatua baina hondoraezina baitzen. Hautesleen %82k erabat hautatutakoa, sozialista guztiak barne, noren artean errepublikar arin batzuk ete erreklutatu baitzituzten, eta presidenteak baietz egin zuen buruarekin: Legea, bai, ilearen gainean zapi hori jartzen duten milaka batzu nesken aurkako Legea. Xelebre kaskar horien aurka! Eta musulmanak gainera! Horrela, beste behin, Petainen Sedaneko kapitulazioaren, Aljeriako gerraren, Mitterrand-en bikoizkeriaren, edo paperik gabeko langileen aurkako lege gaiztoen antzera, Frantziak zur eta lur utzi du mundua. Tragedien ostean, fartsa.

[2]

Bai, azkenean bere neurrira dagoen arazoa aurkitu du Frantziak: neska batzuen buruetako zapiak debekatzea. Herri honen gainbehera erabatekoa dela esan beharrik ez. Le Pen-ek aspaldi diagnostikatu zuen eta gaur egun zalantzazko intelektual batzuek baieztatu duten inbasio musulmanak bete du bere parekoa. Poitierseko gudua aperitifa izan zen, Charles Martel bigarren eskuzko ganibeta baino ez. Chirac-ek, sozialistek, feministek eta islamofobia pairatzen duten intelektual ilustratuek dira zapiaren gudua irabaziko dutenak. Poitiers-etik buruko zapiraino: arrazoibidea sendoa da, nabarmena aurrerapena.

[3]

Kausa handi-mandiek argudio-tankera berriak eskatzen dituzte. Honen antzerakoak, adibidez: buruko zapia debekatu egin behar da, gizonezkoen (aita, anaia zaharra) boterearen sinboloa delako emakume eta neskeekiko. Beraz, haien burugogorretan zapiak eramaten tematzen diren neska egoskorrak erbesteratuko ditugu. Laburbilduz: neska eta emakume hauek zapalduta daude, beraz, zigortu egin behar dira. Pixka bat zera esatea dena: «Emakume hau bortxatu dute, bota ezazu kartzelara». Buruko zapiaren gaia hain da garrantzitsua, axioma berrituak dituen sistema logiko bat merezi baitu.

[4]

Edo, bestetik, argudio hau: emakumeak eurak dira buruko zapi madarikatu hori eramatea libreki hautatzen dutenak, errebelde bihurri halakoak! Beraz, zigortu egin behar dira. Egon piskatxo bat baina: ez al zen ba gizonezkoen zapalkuntzaren sinboloa? Aitak eta anaia handiak ez al dute parterik aferan, orain? Orduan, nondik dator buruko zapia debekatzeko behar hori? Guztiz erlijiozkoa delako egitatetik, hara nondik. Bihurri hauek beren sinesmena erakusten dute: txokora klaseari bizkarra emanda!

[5]

Beraz, edo aita eta anaia handia dira eta buruko zapia urratu egin behar da, «feministikoki», edo, bestela, neskak bere sinesmenari eusten dio, eta kendu egin behar zaio, «laikoki». Ez dago zapi onik! Biluziak, buruak! Biluziak nonahi! Garai batean esaten ohi zen bezala -baita musulmanak ez zirenek ere- irten gaitezen kalera, denok buru-hutsik!

[6]

Hara gaurko Errepublikaren leloa: txapelak kanpora!

[7]

Bereziki, ohar zaitezte neska buru-zapidunaren aita eta anaia handia ez direla gero, guraso-lagun soilak. Sarri iradokitzera ematen den bezala, eta batzuetan baita argi eta garbi adierazten ere, aita langile basatia da, deabru gajoa, atzerriko herrixka batetik etorri eta zuzenean Renault-en muntaketa-kateetara lotua. Gizon arkaikoa. Eta ergela. Anaia handia, berriz, droga-saltzailea da. Modernoa bai. Baina ustela. Auzo maltzurrak. Klase arriskutsuak.

[8]

Erlijio musulmanak beste erlijioen akatsei datu izugarri larri hau gehitzen die: Frantzian, pobreen erlijioa da.

[9]

Angelu honetatik ikusita buruko zapiarenak pobreak pobrea zapaltzen duela adierazten du, Jainko pobre baten begien pean. ‘Nazkagarria!’ dio burges txikiak, norberaren aberastasunarekin batera iraunarazten baizik sinesten ez duena.

 

 

[10]

Hemen bere burua aitortuko duen batek, norekin duela urte batzuk buruko zapiaren gaia eztabaidatu bainuen, zera esan zidan behin: «beraz, ilea ikur sexuala izatea nahi duzu, nahiz eta helburu hori lortzeko ezkutatu egin behar da?». Nik neuk ez dut ezer nahi. Baina gogoratu Baudelaire: “O ile larrutsua, sorbaldaraino kizkurtuta erortzen dena! O sarraila beltzak! O perfumea, axolagabekeriaz betea! Estasia! Gauean alkoba iluna ile horietan lotan dauden oroitzapenekin populatzeko, zapi bat bezala airean astintzea nahi dut! Asia hiztun, Afrika sutsu urrutiko mundu absente, desagertua ia…”

[11]

Gogoan dut, bere ilea askatuz (a! emeki, sorbalda gainera eroriz!) emakume batek bere amodiozko adostasuna ezagutarazi zidan unea. Laikotasunaren aurkako erasoa izan al zen hura? Feminitatearen espetxeratzea? Agian, bai, batek daki!

[12]

Irudikatu Batxilergoko zuzendari bat, eta jarraian zinta-neurriz, guraizez eta Jurisprudentziari buruzko liburuz armaturik dauden inspektore-taldekoek, ikastetxeko sarrerara bidean doazela, buru-zapiak, txanoak eta bestelako txapelak «ikusgarriegiak» diren edo ez erabakitzeko. Zer egin txintxoa estaltzeko zigilu baten moduko buruko zapi handi horrekin? Eta bi euroko txanpon baten tamainako txano horrekin? Susmagarriak oso , guztiak! Txikia handiaren bertsio ikusgarriegia izan daiteke. Baina zer da orain ikusten dudan hori? Kontuz txapela da-eta bakarrik! Txapelei buruz galdetuta, Mallarmék esan zuen jada behin: «Horrelakorik jartzen duenak ezin du gero kendu. Mundua amaitu daiteke, baina txapela, ez». Betiereko ikusgarriegitasuna! Eternitaterako ostentazioa!

[13]

Laikotasuna qua sekularismoa: hara hor herdoilaren aurkako printzipioa! Duela hiruzpalau hamarkada eskolan sexu berekoen klaseak debekatuta zeuden, neskei ez zitzaien galtzak jazten uzten, katixima zegoen, eta kapilautza. Jaunartzea solemnea zen, mutilak beso zuriz jantzita eta neskatto polittak tulezko belopean. Benetako beloak ziren, ez bakarrik buruko zapiak. Eta buruko zapiak eramatea nik delitutzat jotzea nahi duzue, orain? Zer eta erritmoa ez jarraitzearen sinboloa besterik ez dena, iraganaren oroigarri batena, denborazko korapilatzearena? Pozik jolasten ari diren gaurko neskattoak kanporatu behar ditugu orain? Aurrera, gelditu gabe ehotzen jarrai beza makina kapitalistak. Joan-etorriak, damuak edo urruneko langileen etorrerak gorabehera, kapitalismoak beti jakingo baitu erlijioen jainko hilak lantzen salgaien Moloch gizenaren ordez. [oharra: Alexander Kuprin-en eleberri motzean (1896) Errusiako enpresa baten jabe den Moloch honek, amoralitate industriala gorpuzten du bere itxura lotsagabe eta ikaragarri lodiaz.]

[14]

Izan ere, bada, ez al da negozioa bera benetako erlijio handia? Egitate honen ondoan, musulman zintzo hauen itxura ez al da gutxiengo aszetiko batena? Eta ez ote dira erlijio degradagarri honen ikur liluragarriak galtza, kamiseta, zapatila eta abarretan irakurtzen, Nike, Chevignon, Lacoste? Eskolan enpresa bateko ogitarteko-emakume iragarlea izatea ez al da jainko bati fideltasuna erakustea baino askoz ere txiki eta baxuago? Helburuaren muina jo nahi badugu, beraz, handira jokatuz pentsatu behar badugu, badakigu zer egin behar den: marka izenen aurkako Legea. Chirac, ekin lanari, debekatu Kapitalaren seinale ikusgarriegiak, kikildu gabe!

[15]

O! Egon baina! Emakumeen betebeharra al da biluzik ibiltzea? Ezinbestekoa izterrak estali gabe egotea? Titiak erakustea ere bai? Zulatutako sabel-botoi biluziak, derrigorrezkoak? Behin batean, herriko igerilekuan, une jakin batzuk emakumeentzat bakarrik erreserbatuta zeuden, normalean ixilik, ixilduta, bizi ziren andre jainkozaleen bainu eta dibertimendurako. Horri guztiari argudio sendo batekin eman zion amaiera alkateak: «Emakumeen gorputzak ez dira inoren begien aurretik ezkutatzeko». Bai horixe! Biluzik emakume guztiak! Bikainik!

[16]

Baina nork argituko dit hau, alegia: zerk bereizten du arrazionaltasun feminista eta errepublikanoa garai eta leku ezberdinetan gorputzaz erakustsi behar eta ez behar denaren inguruan? Nik dakidanez, oraindik gaurdaino, eta ez eskoletan bakarrik, ez dira ez bularrik, ez ile pubikorik, ez zakilik erakusten. Zati hauek “ikustetik ezkutatuta” daudelako haserretu behar naiz? Susmo pean izan behar dut senarra, maitalea, anaia handia? Ez zen hain aspaldi Frantziako landa eremuan -eta oraindik ere hala da Sizilian eta beste toki batzuetan-, alargunek belo beltzak, galtzerdi beltzak eta mantilak janzten zituztela. Horretarako ez da zertan terrorista islamiar baten alarguna izan behar.

[17]

Baina ulertzen dut: betebeharra biluztasuneruntz joera da! Libération-eko Kazetariek minigonaren etorrera totalitarismoen berehalako erorketaren seinale hutsezintzat jo izan dute beti. Minigonaren enarak giza eskubideen udaberria adierazten du. Gorputzaren gehiegizko estaldura oro susmagarria da. Hondartzako bular biluzien partida aidez irabazi zen. Kotxeak, kanarioak kaioletan, hormigoi-nahasgailuak edo kizkurgailuak ezin dira saldu, ezinezkoa da, salbu ia biluzik dauden emakumeak erakusten dituen merkataritza-seinale baten bitartez. Brassensek, duela hogei urte bere burua «fonografoaren pornografo»tzat hartzen zuena, elizako sagu bat baino zuhurragoa dirudi, gaur egun. Bataio-guneko igelek [meapilas, gazteleraz] batak bestea baino ozenago aldarrikatzen dute apaizen ezkontza homosexualerako eskubidea, gaur egun.

[18]

«Nire gorputza nirea da» lelo feministatik «nire gorputza denona da» prostituzio lelora pasatu gara. Lehenengoan berezkoa eta bidezkoa (inmanentea) zen jabetza bigarrenera bideratu da, zentzugabeko aholku baten bidez: Norberaren gorputzaren jabetzatik tratanteak enkantean jarritako besteak zure gorputzaren jabetzara. Bikaina, berriz, azken emaitza.

[19]

Bitxia, ez da hala, hainbeste emakume feministen (Elle-n, adibidez) buru-zapiz jantzitako neska gutxi batzuen aurkako amorrua, Chirac presidente zahar gizajoari sovietarren antzera %82ko puntuazioa ematera laguntzeraino, gero legearen izenean neska gutxi hauek zapaltzeko eskatzeraino? Bitartean, ordea, hara hor nonahi emakumezkoen gorputz prostituituak, unibertsalki saltzen den pornografia umiliagarriarekin batera; baita nonahi ere gorputzen sexu-erakustaldietarako aholkuak, nerabeei zuzendutako aldizkarien orrialdeak betetzen.

[20]

Modu sinplean azalduta: neska batek saltzeko duena erakutsi egin behar du. Eskaintzeko daukana erakutsi behar du. Emakumeen zirkulazioak, aurrerantzean, eredu orokortuari men egingo diola adierazi behar du, ez ekonomia mugatu bati. Mespretxu gorengoa zuei, aita bizardun eta anaia handi! Gora merkatu globala! Eredu orokortua goi-eredua da.

[21]

Emakume batek aukeratutako pertsonaren aurrean biluztu ahal izateko eskubide ukiezina zuela berezkotzat hartzen zen. Baina ez. Orain, nahitaezkoa da uneoro biluztasuna iradokitzea, biluz-egoera iraunkorrean egotea. Merkatuan saltzeko daukana estalita mantentzen duen emakumea ez da enpresari leiala.

[22]

Bizarrak direla-eta, bestalde, badakigu Luc Ferry ministro lumatsu hark, anaia nagusien bizarra debekatzea aurreikusi zuela. Ikuspegi berdinzaletik bidezkoa da: neskak ilea erakustera behartzen badira, zergatik ez mutilak bizarra moztera behartu? Zergatik ez ilekeriaren kontua estatu afera bihurtu den momentutik? . . . Sindikatuaren etekina, gainera, ez zen, gero, hutsala izango. Hierarkia berri oso bat: Eskolako Barberoak, klaseetan ezkutatuta, bizarra kentzeko krema beti prest. Nesken zapi-kentzea ez da inoiz hain mamitsua izango: Zapi-kenleak? Biluzleak? Strip-Teaser-en Sindikatua? Ez, hori bai ezinezkoa dela. Ze pena!

 

 

[23]

Beraz, bai, honako hau mantentzen dut, nahikoa bitxia badirudi ere: buruko zapiaren legea lege kapitalista hutsa da. Feminitatea exhibitzea agintzen du. Edo, beste era batera esanda, emakumezkoen gorputzaren zirkulazioak merkatuaren paradigma bete behar du, nahitaez. Gai honetan ezer eustsi nahi izatea debekatuta dago -nerabeen unibertso subjetibo osoaren sentikortasuna barne-.

[24]

Aspalditik, zuzendari ezagun [?] baten deklarazioek eta filmek zera azaltzen dute: erotismoaren benetako gorrotoa, sexu-axolagabekeria latza eta enterratzaileen puritanismoa. Hori guztia, gaur egun egin behar den bezala, probokazio lurrunez kamuflatua. Buruko zapiaren aurka ofizioa eginez, zuzendari honek hauxe dio funtsean: ‘Beraz, belarriko lobulua gune erogeno berri bihurtuko dugu!’ Zergatik ez, baina, sexu zuzendari maite hori? Une erogeno bat sortzea edo birsortzea, diot; berri ona eroto-maniakoak garenontzat!

[25]

Nonahi entzuten da «beloa» sexualitate femeninoaren kontrolaren ikur jasangaitza dela esaten duenik. Zer, sexualitate femeninoa kontrolatuta ez balego-edo gure garaian, gure gizarteetan? Benetan? Halako inozokeriak Foucault barrezka jarriko zuten. Sexualitate femeninoa ez da inoiz hain zorroztasun handiz aztertua izan, horren inguruan inoiz ez da horrenbeste aholku aditu eman, erabilera onak eta txarrak zein diren inoiz ez dira hain bereizketa finen mende egon. Gozatzea betebehar maltzur bihurtu da. Ustez zirraragarri diren gorputz zatien erakusketa unibertsala Kanten inperatibo morala baino betebehar zurrunagoa da. Gainera, Lacanek duela denbora pixka bat adieraztera eman zuen bezala: egungo gure esames eta zurrumurruetako ‘goza ezazue, emakumeak!’ eta gure birramonen ‘ez gozatu!’ artean isomorfismo zorrotza dago. Merkatuaren kontrola kontrol patriarkala inoiz izan den baino etengabeagoa, ziurragoa eta masiboagoa da. Prostituzio-zirkulazio orokortua bizkorragoa eta fidagarriagoa da familiaren hertsipenak baino — azken hauen burla, greziar komediaren eta Molièren artean, barre egiteko arrazoia izan baita mendeetan zehar.

[26]

Munduaren ikuspegi nomadan edo gorputzen zirkulazio eta truke etengabeaz gozatzen den lekuan, normala da txanpon batek pentsatzea bera dela munduko gauzarik askeena: gehien zirkulatzen duena baita.

[27]

Ama eta puta. Zenbait herrialdek lege atzerakoiak egin dituzte amaren alde eta putaren aurka; beste batzuetan, putaren aldeko eta amaren kontrako lege aurrerakoiak egin dira. Alta, bien arteko alternatiba baztertu behar da.

[28]

Ez, ordea, aukera ‘ez hau, ez bestea’ dela esanez, lehiatu nahi denaren ordez lekune neutroa (edo erdialdea) iraunazten saiatuz (ez al da hori François Bayrou [zentristak] egiten duena?). «Ez ama, ez puta» esatea guztiz patetikoa da. «Ez puta, ez mendekoa» esatea guztiz absurdua den bezala: ez al da «puta» mendekoa oro har? O! zenbat baina? Frantzian, garai batean, les respectueuses (errespetuzkoak) deitzen zieten. Laburtuz: mendeko publikoak; «mendekoak», agian, puta pribatuak baino ez direnean.O!

[29]

Auzia betikoa da: pentsamenduaren etsaia, gaur egun, jabetza da. Merkataritza da, baina ez arima bezalako gauzak, edo fedea. Zerra baita esan behar dena: izan, fedea (politikoa) da gehien falta dena. “Fundamentalismo erlijiosoaren gorakada” ez da Mendebaldeko asebetetakoen adimen suntsitua islatzen duena baino, ondorioak beldurrez aztertzen dituzten bitartean. Eta, bereziki, pentsamendu politikoaren hondamena da, mendebaldekoek pentsamendu hori nonahi antolatzen saiatu arren, dela demokrazia hutsalen estalpean edo dela paraxutista humanitarioen errefortzu handien bidez. Baldintza horietan, laikotasuna, ezagutza forma ezberdinen zerbitzura dagoela aitortzen dena, arau eskoladun bat baino ez da nola ‘Mendebaldeko’ arauen arabera egokitzeko, halaxe konbikzio edo sinesmen errotiko oro etsai bilakatzeko. Lehia komertzialatik sortzen den kontsumitzaile cool-aren eskola da, negozio leunarena, jabetza librearena eta hautesle desengainatuarena.

[30]

Jainkoaren heriotzaz geroztik, erlijioak hain daude ezgaituak, non elkar ezabatzen saiatu beharrean, betidanik dagokien jainkoei men eginez egin izan duten bezala (are zenbat eta bata bestearekiko haserretuago zeudenean transzendentalki berdinak izanda ere), zer eta orain, elkarri laguntzeko konpromisoa hartzera behartuta baitaude. Artzapezpikuari ez zaio atsegin meskiten inguruan trufa egitea. Imamak, artzainak eta apaizak kontsulta malenkoniatsuak egiten dituzte. Errabina eta Aita Santua ere elkarren artean ari dira. Erlijioen eta zibilizazioen arteko gerra baino askoz gehiago -botere eta petrodolar tramak disimulatzeko fantasmagoria besterik ez direnak- hara hor sinesmen hilkorren Internazionala!

[31]

Horregatik, musulmanen aurkakoa izanda ere, jakina, buruko zapiari buruzko legeak Frantzia sakoneko hautesle katolikoei zor zaien eskuineko diputatu guztiak kezkatzen ditu. Nondik, usain txarra kentzeko, diputatuek zeinu izugarri ikusgarriegiak debekatzea beharrezkoa zela asmatu baitzuten…zeinu politizatuegiak zurelakoan, hain zuzen! Nahiz eta, egia esan, sinesgarria al da hiru? Herri ilunenetan, are auzo beldurgarrietan ere, mailu eta igitai izugarri ikusgarrien harrapaketak egongo direla, alegia! Eta Stalin ikaragarriaren zeinu izugarri ikusgarrienak? Edo Lemazain Handiaren imajina duten buru-zapienak? Ez, ez dut dut uste, oro har, horrelakorik eskoletako bazkaltzeko atsedenaldian ikusten direnik! Bihotzez damutzen naiz, baina ni neu ere, batzuetan neure mintegi publiko handiak ematera joaten nintzen Lenin handiaren txapekin edo nire Mao maitearenarekin. Eta, tira, inor ez zen horretaz ohartu!

 

 

[32]

Inoiz ez gara aski txundituko feminismo bitxi honen ibilbidea dela eta, zeinak, emakume askearen bila gaur egun «askatasun» hori hain derrigorrezkoa dela, non neskak (eta ez mutil bakar bat ere!) kanporatzea eskatzen baitu haien arropa osagarriengatik soilik. Bitxia!

[33]

Hara hor «komunitateak» eta horrelako jargoi-hitz guztiak «Errepublikaren» aldeko borroka metafisiko bezain amorratuekin batera «komunitarismoaren» aurka batuta – zein zentzugabekeria! Utz jendea nahi duen bezala bizitzen, edo ahal duen bezala, jateko ohituta duena jaten, turbanteak, soinekoak, buruko zapiak, minigonak edo clapet-oinetakoak jazten; utz errezatzen nahi duten jainko higatuen aurrean, argazkiak egin diezaietela makurtuta eta urratuta, edo hizkera koloretsuak hitz egiten. Mota honetako “desberdintasunek” esangura unibertsal txikiena ere ez dutenez ez dute pentsamendua oztopatzen, ezta babesten ere. Beraz, ez dago arrazoirik haiek errespetatzeko edo gaiztotzeko. «Bestea» zertxobait ezberdin bizi dela onartzeak -teologia diskretuaren eta moral eramangarriaren afizionatuek Levinasen ondoren esatera atsegin zaien bezala- ez du esfortzu handirik eskatzen.

[34]

Ohituren eta sinesmenen aniztasuna, asko jota, giza animaliaren biziraupen askotarikoaren lekuko da, loro urdinek edo baleek gure arreta erakartzen duten modu berekoa, bizitza anitzaren indarrak intrigatu eta xarmatzen gaituen heinean.

[35]

Giza animaliak beren jatorriaren arabera elkartzeari dagokionez, haien etorrerako baldintzen -gehienetan miserableak (Frantzian)- ondorio natural eta saihestezina besterik ez da. Nork egingo dio ongietorria, nolens volens, lehengusu batek edo jator-herriko auzokide batek ez bada, Saint-Ouen-l’Aumôneko aterpetxean! Txinatarrak lehendik beste txinatarrak dauden tokira joateak norbait mintzea sobera lizuna da, asmoa, behintzat, orain dela 30 urteko Frantziako Alderdi Komunistaren (PCF) araudi-proposamenera berritzultzea ez bada. PCFk etorkinen zama udalerri guztien artean sakabanatzea eskatzen zuen; ezkerreko eta eskuineko kanpo auzoetako udalerrietan berdin banatzea, hain zuzen. «Arabiar guztiak gure kontzejuetara bidaltzen ari dira!» esaten zuten, laburbilduz, gure proletario eta internazionalista burkide hauek.

[36]

Komunitarismoa borrokatzeko eta musulmanen asimilazioa lortzeko zer eta ordura arte ausartutakoa baino urrunago joateko eskatzen, PCFk. Hiri-konglomeratu handi bakoitzean, gehienez bi Marokoko familia egon daitezela eska dezagun, horietako bat bakarra ugaria, Maliko familia bakarra, musulman moderatua bada, turkiar gizon bakarra eta erdi tamildar bat.

[37]

Giza-existentzia, bizi tokia, lana, familia-bizitza edo eskola ez dira, noski, «kultura desberdin» eta «komunitate» horien arazoa bakarra. Alta, egiaren bat dagoen bezain laster, egia hori artistikoa, zientifikoa, amodiozkoa edo, batez ere, politikoa denean, kultura edo komunitate horien izena zein den ez da arazoa, batere. Giza animalia gisa, hain zuzen, norberaren bizitza berezitasunetatik sortua dela baita gauzen legea. Baina, bai, gauzak desastre hutsak bihurtzen dira berezitasun horretatik sortzen diren kategoriak unibertsalak direla aitortzen badira, horrela subjektuaren auzi serioa berezitasun horren gain hartuz. Axola duena predikatuen bereizketa nola egiten den da: Matematika barruko arropa horiz egiterik dagoen moduan, berdin egin daiteke-eta “demokrazia” hauteskundeetara lotzen ez den politika eragilea rasta ile kizkur-luzeekin. Horrek ez du esan nahi, ez teorema horia denik, edo ez horia, ezta politika rasta ile kizkur-luzeduna denik ere; edo rasta ile kizkur-luzeak falta zaizkionik.

[38]

Alderantziz: egiak, politikoak edo bestelakoak, bere burua aitortzen du bere instantzia partikular propioaren printzipioak berak ezer partikularrik ez duela aitortzen duenean, printzipioari berari dagokionenez. Esan nahi baita: instantzia partikular horren egoera dela eta, edonorrentzat guztiz baliogarria denean. Horrela, militante politikoek, edo teorema bat frogatzen dutenek, edo antzerki bat amesten, edo maitasun baten enkantamendua bizitzen, den-denek sortzen dituzte pentsamendu forma singularrak, baina euskarri fisiko eta mental guztiz desberdinetatik abiatuta ere, denek parteka ditzaketen pentsamendu formak dira. Berez, bada, berezitasun sexualak, linguistikoak, erlijiosoak, psikologikoak edo etniko-kulturalak ez dira egiaren prozesu batean sartzen; ezta oztoporik jartzen ere. Saint-Just-ek antzeman aurretik, Saulok esana zuen jada: egia bat jokoan dagoenean, berezitasunak ez du axolarik.

[39]

Eskola bat neska batzuen buruko zapiarena moduko hutsala den berezitasun batez hain mehatxatuta dagoela esaten denean, jokoan dagoena ez da egia, iritzi hutsak baizik, are, izan ere, baxuak eta kontserbadoreak direnak. Ez al ditugu politikariak eta intelektualak aldarrikatzen entzun eskola, batez ere, «herritarrak hezteko» dagoela? Programa goibela, egun, «herritarra» bera hedonistatxo mingotsa baita, egiaren itxura guztiak baztertzen dituena sistema politiko ahultzaile bati atxikita.

[40]

Ez al gaitu kezkatzen, maila gorengo zein behekoetan , aljeriar, marokar eta tunisiar jatorriko neska dezente, beren txintxoak hertsiki lotuta, jokaera soilekoak, gogor lanean, txinatar gutxi batzuekin batera, familia unibertsoari hertsiki atxekita ere, gelako ikaskerik ikaragarri onenak bihurtu izanak? Gaur egun, abnegazio handia behar da horretarako. Gerta daitekeena da, beraz, Chirac sobietarraren Legeak ikasle bikain batzuk zeharo kanporatuz amaitzea.

[41]

‘Goza ezazu mugarik gabe’. 1968ko ergelkeria horrek ez du inoiz ezagutzaren motorra abiadura handian jarri. Borondatezko aszetismo-dosi bat, Freud-i esker ezagutzen ditugu oinarrizko arrazoiak, ez da arrotza irakaskuntzaren eta egia eraginkor batzuen arteko hurbiltasunari. Beraz, zapia bera erabilgarria izan daiteke, azken finean. Patriotismoa, irakaskuntzaren alkohol indartsu hori, orain guztiz falta den lekuan, idealismo oro ongi etorria da, baita eskasa denean ere. Horrela beharko litzateke, behintzat, eskolatzea herritar-kontsumitzaileen «prestakuntzarekin» zerikusirik ez duela uste dutenentzat.

 

 

[42]

Buru zapiaren aurkako maximak: «Eskola nire laikotasuna baino lehenago hilko da»; «Hobe buru biluzi analfabetoa jenio-zapiduna baino».

[43]

Egia esanda, buruko zapiaren legeak gauza bat eta bakarra erakusten du: beldurra. Mendebaldekoak, oro har, eta frantsesak, bereziki, koldar dardarti mordo bat baino ez dira. Zeren beldur dira? Barbaroena, ohi bezala. Barbaroak bai etxean, «kanpo-auzoetako gazteak», bai atzerrian, «terrorista islamikoak». Zergatik dira beldur? Errudunak direlako, nahiz eta errugabeak direla diote. 1980ko hamarkadatik aurrera emantzipazio politika orori, arrazoiaren forma iraultzaile orori, jada badagoena ez denaren beste zerbaiten egiazko baieztapen bakoitzari uko egin eta desegiten saiatu izanaren errudun. Euren pribilegio miserableei atxikitzearen errudun. Euren erosketa askorekin jolasten duten ume helduak baino ez izatearen errudun. Bai, egia esanda, «haurtzaro luze baten ondoren, hazi beharra izan dute». Ondorioz, beraiek baino apurtxo bat gazteago direnei beldur diote, esate baterako: neska burugogor bati.

[44]

Baina, batez ere, mendebaldekoak, oro har, eta frantsesak, bereziki, heriotzaren beldur dira. Dagoeneko ezin dute imajinatu ideia bat arrisku batzuk hartzea merezi duen zerbait denik. ‘Zero heriotza’ da euren desiorik urkoena. Alta, munduan zehar milioika pertsona ikusten dituzte heriotzaren beldur izateko arrazoirik gabe. Eta horien artean, asko hiltzen dira ideia baten ondorioz ia egunero. «Zibilizatuentzat», hori, izu intimoaren iturria da.

[45]

Badakit, gaur hiltzeko prest dauden ideiek, oro har, ez dute asko balio. Jainko guztiak aspaldi alde egin zutela sinetsita nago eta atsekabea ematen dit gizon-emakume gazteak beren gorputzak puska egiten ikusteak sarraski ikaragarrietan, aspaldian existitzen ez den zerbaiten hileta-deialdiaren pean. Badakit, gainera, «martiri» beldurgarri horiek borrokan ari direla dioten etsaietatik apenas bereizten diren konspiratzaileek instrumentalizatzen dituztela. Ezin da nahikoa maiz errepikatu Bin Laden Estatu Batuetako zerbitzu sekretuetako partaide izan zela. Ez naiz aski inozoa garbitasunean sinesteko, ezta handitasunean ere, edo hilketa suizida hauen ustezko eraginkortasunean.

[46]

​​Baina ordaintzen ari garen prezio lazgarria, batez ere, Mendebaldeko hegemoniek arrazionaltasun politikoaren forma guztiak zorrotz suntsitu izanarena dela diot nik; hau da, Frantzian bereziki, intelektual eta langile klasearen arteko konplizitate ugariren ondorioz gauzagarri bilakatu zena. Iraultza ideiaren oroimena ere likidatu nahi izan duzue gogor! “Langile” hitzaren erabilera guztiak errotik kendu nahi izan dituzue, baita alegorikoak ere! Ez kexatu, bada, emaitzaz. Hortzak estutu eta pobreak erahil. Edo utz zure lagun amerikarrek erahil ditzaten.

[47]

Merezi ditugun gerrak dira gureak. Beldurrak zoratuta duen mundu honetan, bidelapur handiek gupidarik gabe bonbardatzen dute jada odolez blai dauden herrialdeak. Bidelapur ertainek desatsegina erakusten duen edonor erahiltzen dute. Bidelapur txikiek buruko zapiaren aurkako legeak egiten dituzte.

[48]

Hain larria ez dela esango dizute. Bai, noski. Zalantzarik gabe, ez dago hain gaizki. Historiako Auzitegiaren aurrean, zirkunstantzia aringarriak aldarrikatuko ditugu: «Ile-apainketan espezialista bai, baina afera horretan paper txikia besterik ez zuen jokatu».

[49]

Lasaiago zaude, orain?

Share This