1.
Erdi Aroa ez da inola ere Errenazimentuak hasitako mundu zaharraren eta mundu modernoaren arteko geldialdi intelektuala. Ilustrazioak ezarri eta XIX.mendeko paradigma zientifikoak iraunarazitako irudi hau, ideologia errepublikanoaren eta erlijioaren aurkako borrokaren arteko loturetatik abiatzen da. Egia esan, Erdi Aroa, batez ere XI. mendetik aurrera, oinarrizko berrantolaketa kontzeptual baten garaia da. Antzinako mundutik datozen nozioak lehenik berraurkitzen diren unea da, eta, ondoren, guztiz bestelako ikuspegi orokor baten barnean bereganatzen diren, erlijio monoteistetan zentratuta baitago. Hala ere ulertu behar dugu zentratze honek modernizazio baterako prestatzen duela, zeinaren muina Subjektuaren ikuspegi berri baten elaborazio progresiboa baita. Zentzu honetan, Descartesengana daraman mugimendua Erdi Aroan hasita aurreikusten da greziar arrazionalismoaren eta kristau-fedearen jarreraren arteko sintesi saiakerarekin, San Pauloren ondoren uste pertsonalean zentratuta dagoena. Erdi Aroaren muinean, bada, filosofoak eskala handiko bi eragiketa intelektual aurkitzen ditu: testu-itzulketa bat eta interpretazio berri bat.
2.
Lehenengo eragiketa, transmisioa dena, “aurkikuntza handi” baten modukoa da baina pentsamenduaren munduan. Gauza jakina da operazio hau arabiarrek ekarri zutela lehenik. Lan dezente behar izan zuen, baldintza material nahiko zailetan. Testuen kontserbazioa, kopia, itzulpena eta transmisioa berez da aparteko abentura. Ikuspuntu horretatik, Erdi Aroko intelektualek Alexandriako eruditoek eta erromatar jakintsuek utzi zituzten gaiak jasotzen jakin zuten. Haiei zor diegu, neurri handi batean, berebiziko garrantzia duen testu-ondare baten existentzia, ezagutzaren esparru guztietan: poesia, antzerkia, historia, zientziak, filosofia. Zalantzarik gabe, interpretazioaren ordenean, beren gogoaren unibertsotik hurbilago zegoena azpimarratu zuten, fedearen agindua nagusi. Baina haietako batzuk ulertzeko prest ez zeudenak ere zehatz-mehatz mantentzen jakin izan zuten, hala nola, XVI. nahiz XVII. mendera arte Mendebaldean guztiz asimilatu ez ziren testu matematiko konplexuak.
3.
Bigarren operazioa Historian inoiz saiatu den hermeneutikarik ikaragarrienetakoa da: kontzeptu profano zientifiko eta filosofiko oso konplexuen multzoa guztiz bestelako ordena bateko Rebelazioaren barruan egokitzea. Ideia da bigarren arrazionaltasun bat egon daitekeela lehenbiziko fede baten gainean kontraesanik gabe artikulatua. Horren harira, Erdi Aroko pentsalarien lana izaera ezberdinekoa baldin bada ere, aro klasikokoarekin alderatzeko aukera ematen duela esan dezakegu. Garai klasikoko pentsalariek, Errenazimendutik hasita, Erdi Aroko pentsamendua mespretxatzen zuten, greko eta latinezko lanek paradigma gaindiezinak baitziren. Noski, Frantzian La Bruyère-k “tout est dit, et l’on vient trop tard depuis sept mille ans qu’il y a des hommes et qu’ils pensent [dena esana dago, eta beranduegi ari gara gizakiak daudela a pentsatsen dutela zazpi mila urte geroztik]” idatzi zuenean, nolabaiteko jatorriaz ari zen, antzinakoek emandako ereduaz. Erdi Aroko pentsalariek antzinako pentsamenduaren maisuak beste hainbeste miresten zituzten, baina ezin izan zuten haiena eredu absoluto bihurtu, Rebelazioak maisu horien kontzeptu-disposizioa lekuz aldatzera eta birmoldatzera behartu zituelako, Rebelazio honekin bateragarri bihurtzeko. Esan daiteke klasikoek antzinakoen imitazioa arau gisa ezartzen bazuten, Erdi Aroko pentsalariek haien egokitzapena landu zutela.
4.
Erdi Aroa letradun elitearen eta herri masen arteko harreman berri bat zehazten den garaia ere bada. Izan ere, antzinako munduan gertatzen denaren aurka, oinarrizko gertaera bat komuna da bientzat: erlijio-fedetasuna eta fede honek gizarte-bizitza arruntean antolatzen (edo kontraesaten) duen guztia. Ondorioa da letradunen zientzia kontzeptualaren eta herriaren sinesmen eta praktiken ehunaren artean bitarteko generoak egon daitezkeela. Hortik sortuko dira maitasun eta abenturazko erromantzeak, poesian praktika berriak, herri antzerki errepertorio batena (pasioak eta fartsak). Egoera hori arte iraultzaile baten norabidean egindako saiakera garaikide batzuekin aldera daiteke. Izan ere, formen sistema eta egoeren errepertorio baten ekoizpena da, aldi berean marxismoaren eskakizun intelektualen mailarekin egokitzen dena, eta entzulego herritar zabal bati zuzendua dagoena, asmo didaktikoak barne. Badakigu artelan benetan handiak (Brecht, Txinako zenbait opera iraultzaile, Latinoamerikako eleberri handiak, etab.) konbentzimendu partekatu baten (uste politiko baten) eta historikoki eratutako mugimendu artistiko baten inskripzioaren arteko borondatezko hurbiltasunatik sortu zirela. Nolabait, saiakera hori Erdi Aroko egoeratik gertuago dago egoera klasikotik baino.
5.
Beraz, Erdi Aroko gaurkotasun batez hitz egin dezakegu. Kapitalismo berantiarraren munduan, gainera, kultura “klasikoaren” interpretazio berri bat proposatu behar dugu, eta gu ere imajinario kolektibo baten aurrean kokatu behar gara (zinema, telebista, musika…). Erreferente teoriko berri bat, marxismoaren etapa berri bat, beharrezkoa dela dirudi Erdi Aroan hainbat erlijio-formen zeregin bateratzaileen erara. Ikuspegi horretatik, Erdi Aroko adimenaren oinarrizko eragiketak ezagutzea interesatzen zaigu (kontserbazioa eta lekualdatzea). Oinarri-oinarrian, goi-kultura burgeseko mende batzuen ostean, mendebaldeko fraideen egoera pareko batean gaude antzinakoen ondareari aurre egiteko. Izan ere, galdera bera egiten baitiogu geure buruari: zer egin horretaz guztiaz, zoragarria eta indartsua dena, baina berez oraindik arrotza dena jarraitzen ditugun helburuekiko, eta “komunista” hitzarekin izenda dezakeguna bere zentzu orokorrean.
Five Remarks on the Contemporary Significance of the Middle Ages
Alain Badiou & Simone Pinet
Diacritics 36 (3/4):156-157 (2006)
