Badiou eta Benjamin: Historia, Aurrerapena, Iraultza

Badiou, Baikortasuna, Benjamin, Historiaren aingerua

Badiouren ikuspegi baikorra Marxismoaren tradizio mendabaldarrean ohiz nagusitu den ezkortasunarekin alderatu behar da, hemen, iraganetik Walter Benjamin adibide paradigmatiko nagusitzat hartuta erakutsiko den bezala.

Walter Benjaminen idazlanetan barreiatuko duen ezkortasun orokorrak ttak egiten du Badiouren pentsamenduan islatzen den berezko baikortasunarekin arlo edo eremu guzietan.

Badiouk proposatzen dituen egiaren baldintzen edo prozeduren harira, horrela, maitasuna dela eta “pertsona bat ezagutzeko modu bakarra hura itxaropenik gabe maitatzea da” dio Benjaminek. Artea dela eta, berriz, akabo artelanaren aura eta akabo berritasunaren bilaketa; moderniarekin, aitzitik, “erreproduzio mekanikoa” nagusitzen da, kopia eta fotokopia. Zientzia dela eta, bestalde, moderniaren ikur nagusi den aurrerapen edo progresoa, mendebaleko bilakaeraren iruzur nagusia da: “ez dago zibilizazioaren ikurrik era berean barbariena ez dena”; eta politika dela eta, ondorioz, Benjaminen ikusbide ezkorra denbora historikoaren izaera aztergai duenean nagusitzen da, berak hala izendatzen duen “historiaren aingeruaz” hausnartzen duenean, prozesu historikoaren ikuspegi malenkoniatsua etsipenaren ziklo etengabe gisa ulertuz— denbora historikoaren izaeraz hausnarketa Historiaren filosofiari buruz Tesiak eskuizkribuan egiten duen bezala.

 

 

Historiaren Aingerua eta aurrerapena

 

Tesiak idazlanan labur, trinko, eliptiko eta bitxiaren ardura nagusia historia bere osotasunean antzematea da. Asmo horrekin Walter Benjaminek Paul Klee margolari erdi-expresionista, kubista eta surrealistak margotutako Angelus Novus edo Aingeru Berri artelanaren interpretazio sobera adierazgarria planteatzen du. Benjaminen arabera, Kleek margotutako aingeruak historiaren irakurketa zehatz bat baimentzen du: aingeruak hegoak zabalik ditu burua biratuta duela ikusleari atzeruntz so eginez. Etorkizuneruntz ibili arren historiaren aingeruak iraganari egiten dio so:

Guk gertakari kate bat hautematen dugun bitartean [aingeruak] katastrofe bakarra ikusten du, hondarrak metatzen jarraitzen duena eta bere oinen aurrean botatzen.

Benjaminen ustetan, ekaitz ikaragarri batek eraginda, aingerua aurrera bultzaturik darrai eta ekaitz hau jada aipatu aurrerapena deitzen duguna da.

Benjamin guztiz ezkorra da aurrerapenaren inguruan Mendebaldean nagusitzen den jarrera eta ikusbide orokorraz; izan ere, zeharo oldartzen da pentsamendu moderno nagusian garatzen den aurrerapenaren mitoaren aurka. Benjaminen arabera, progresoaren mitoa izugarrizko fede irrazional batean ardazten baita, guztiz agerikoak diren ebidentzien kontra: bortizkeria, pobrezia, alienazioa…

Benjaminek Tesiak, bestalde, ohiko historiografia positibistaren ilusioa apurtzen du: ez dago historiatik kanpo-edo operatzerik, hor nonbait distantzia objetiboaren fantasian babestuz. Benjaminen arabera, aitzitik:

Denbora irauli egin behar da eta historia lehertu guztiz ireki arte, orduan bakarrik berrerosi baitaiteke historia, eta bertan gu.

Orainaldean gaurkotzen den iragan bakar eta oso baten irudiak onarmen zuzena dakar: iragana orainean esistitzen bada, iragana ezin da azterketarako objektu geldoa izan. Iraganak eskari gisa luzatzen dizkigu erreparaziorako deiak orainaldean.

Benjaminek maiz errepikatzen duen bezala, historiak iragana aldatzen du, iragana orainaldean nola aurkeztu eta halaxe aldatzen du gure memoria historikoaren izaera.

Historia beti garaikidea den heinean, ondorioa nahikoa zuzena da: oinarriko aldarria izan zirelako gara baino garelako izan dira da.

 

 

Benjamin, Badiou eta aldakuntza

 

Historiaren aingeruak, bada, kili-kolokoa, zalantzakorra eta ikaragarria dena ematen du aditzera. Erreala dena, hain justu, zeinarena, Walter Benjaminen Tesiak adibide zehatza eskaintzen baitigu; ez bakarrik, – hori bai erreala errealik badago!- Nazien hatzaparretan ez erortzeko bere buruaz beste egin aurretik idatzi zituenak azken minutuan Hannah Arendt-en eskuetan uzteko, asmatu zuelako; baizik eta, batez ere, bertan garatutako tesi nagusia zeharo delako itxaropenerako inolako zirrikiturik gabekoa.

Benjaminen historiaren filosofia ezkortasun erabatekoa izanda, Badiouren ikusbide baikorraren berraipatzeko premia sortzen da, kontrapuntu gisa. Nahiz eta esan behar da, halaber, Benjamin eta Badiouren filosofia eta politika ez daudela, oro har, bata bestearen horren urruti bien arteko diferentziak maiz azalekoak diren neurrian eta antzeko ikuspuntu nabariak egon.

Benjaminek iraganak osatzen duen desastreen metaketari begiratzea besterik ez dagoela diosku, etorkizuneko azken helburu oro armoniatsuren batean edozein ilusio edo fantasia, hau da, edozein aspirazio iraultzaile baztertzeko.

Badiouk, bere aldetik, ideia komunista generikoaren aldeko hipotesia aurreratzen duenean, komunismoa helburu gisa baino prozesu bezala ulertzen du, besteak beste, etorkizunera begira iraganeko akatsak zuzendu nahiz.

Badiouren antzera, bestalde, Benjaminek ekintza politikoaren bitartekaritza derrigorrezkoa dela aitortzen du, ustiapen orokorrean oinarritutako egitura zapaltzaileak desegite aldera. Ekintza politikoak berak ez bagaitu, inolaz ere, kontradikzio oro gaindituta egongo diren eremu desiratura hurbilduko.

Badiouk, bere aldetik, inposible horri buruz hausnartzera bultzatzen gaitu, baina helburu gisa baino komunismoaren ideian ardazten den errotiko berdintasunaren aldeko jarrera bera da era(lda)tzailea, hemen eta orain. Edo, bestela esanda, komunismoaren ideia ez da gizarte berri baterako egitarau edo programa zehatz bat, ezta askatasun politikoaren zein giza-berdintasunaren ideia abstraktuen aldeko Iraultza bat-batekoan oinarritzen, berez. Komunismoa, aitzitik, hau da, gizarte zaharraren gainditzeko, are deusestatzeko ere, prozesuari ematen zaion ohiko izena da, bestela ere aldatu daitekeena, izena bera, komunismoa alegia, Badiourentzat oraindik ere ederra eta baliagarria izaten jarraitzen badu ere, oraindik, gaur egun.

Badiourentzat, bada, borroka egiteko inperatiboak errotiko berdintasunaren aldeko desira politiko orokorrarekin lerrokatzen jarraitzea eskatzen du, posiblea eta inposiblea edo erreal(itate)a eta imaginarioaren arteko harremanaren estutasuna ulertzeko bide praktikoak aurkituz. Kontua ez baita ‘baldintza objektiboak’ ez direla oso aproposak, gaur egun, amets eraldatzaileetan indulgitzeko. Kontua da, baldintza objetbo okerrenetan ere subjetibitatea lantzeko baliabidea beti dagoela irekita, subjetuak izateko aukera, hain zuzen, guregan bertan dagoela.

Laburtuz, Badiouren eta Benjaminen arteko desberdintasunak izpirituari baino letrari lotuta daude, batik bat. Izan ere, antzekotasun nabariak baitaude historiaren filosofia eta ekintza politikoaren arloetan.

Benjamin eta Badiou bat datoz, oro har, emantzipazio unibertsalaren leloan eta aginduan oinarrritzen den desira politikoarekin.

Ezberdintasuna ez da orainaldetik iragana antzemateko modu engaiatua, etorkizuna aurreikusteko modu kontrajarriak baizik. Badiourentzat ideia zehatz baten ardazten den epe luzeko Iraultzaren aldeko jarrera bera da era(lda)tzailea, hemen eta orain. Benjaminek, berdin, ekintza politikoaren bitartekaritza derrigorrezkoa dela aitortzen du ustiapen orokorrean oinarritutako atzoko eta gaurko egiturak bertan behera uztearen alde egiteko. Nahiz eta, Benjaminen arabera, ekintza politikoak berak ez gaitu kontradikziorik gabeko eremu utopiar batera eramango. Hobe ilusio edo fantasia lazgarri hori baztertzea.

 

 

Ondorioak

 

Beraz, Iraultzari begira, inportantea, hemen, Iraultzaren asmoa ardatz izanda ere, onartzea da aldakuntzaren asmoa ez dela, berez, helburua; helburua, aitzitik, aldakuntzan bertan dagoela baizik, aldakuntza prozesuaren barruan, subjektu berrien sorkuntza etengabearen bidez.

Historiaría begira, Benjaminentzat iraganak bere barnean daramatza berrerospenerako baliabideak, oraina aurretik gertatutako guziaz blai dagoelako: izugarrizko laburtze baten bidez iragana oso-osorik dago orainaldean, iraganeko une bakoitza orainaren barruan dago.

Zentzu horretan, ez da Benjamin zuzen ez dabilenik ‘zibilizazioa barbarotasuna da’ dioenean; edo Theodor Adorno eta Max Horkheimer Frankfurt Eskolako kideek are zuzenago: “ez dago barbarietik zibilizaziora garapenik harri-jaurtitzailetik lehergailu atomikora baizik”.

Izan ere, badago hainbat adibide nola aintzinako halaxe garaikideko hori zehazki baieztatzen dutena. Hartu, bestela, Pergamoko Claudius Galen (131-201 K.a.) bere garaiko mediku zirujau ospetsuenetarikoa izan zena gorputzaren barne-anatomiaz aditu nagusia bilakatuz — nahiz eta jakintza horretaz non eta, batez ere, gladiadoreen eskola batean jabetu baitzen.

Edo demagun Lehen Mundu Gerra aipatzen duen Michael O’Shea neurozientzialaria, zera jakinarazten diguna haragia zientifikoa erantsiz Benjamin eta abarren tesi espekulatzaileen hezurren inguruan: Besteak beste, Lehen Mundu Gerra erabakigarria izan zen, baita ere, ebidentzian oinarritutako neurozientzien garapenean — hainbat zorigaiztoko biktimen burmuineko leku jakin batzuetan zer eta balen eta metrailaren eragina aztertzeko bidea irekiko baitzuen.

Zalantzarik gabe, bada, badakigu: nork esan du progreso? Zibilizazioa barbaroa da! Eta, hala eta guztiz ere, gutxi gora behera gauz bera esanaz, Badiouk azalpen borobilagoa eskaintzen digu zibiliazioa eta barbariearen arteko harreman dialektikoa ulertzeko:

neurrian. Erreala, hortaz:

“Aldi berean da izuaren eta entusiasmoaren iturria, hilgarria eta sortzailea, biak ala biak batera”.

Da historiaren edozein sekuentziako esperientzia erabakigarrietan, gure gizatasunean baitan, giza osagai ilun, bortitz eta aldi berean argi eta baketsuekin topo egin behar dugula. Enigma gure gizatasun-osagaiak bere barneko gizagabetasun-osagaiekin nola lotu da.

 

Irakurri Walter Benjaminen Illuminations liburua (PDF)
Share This