Artxiboa, enziklopedia eta J. Agirre Kolektiboa

Artxiboa, Enziklopedia, Fideltasuna, Gertakizuna, J Agirre Kolektiboa, Subjektua

-I-

 

Alain Badiouk bereizketa zehatza egiten du artxiboa eta enziklopedia hitzen artean.

Enziklopedia egoera eman eta jakin baten barruan jada badagoen jakintza-multzoa edo informazio-sistema nagusia biltzen duena da.

Enziklopediak errealitatearen ulermen finkatua eta normatiboa adierazten du. Egoera jakin eta eman horren logika nagusiaren barruan ezagutzen eta onartzen den guztia biltzen eta sailkatzen du, jada badagoenaren koherentzia eta ordena eutsi nahiz.

Enziklopedia, bada, kontserbadorea da, berez; existitzen den egoeraren barruan posible dena edo jada ezagutzen dena kodifikatzen du.

Artxiboa, aitzitik, ikertzen eta eraikitzen duen subjektu bati lotuta dago, gertakizun bati fidela den subjetu norbanako edo kolektibo bati lotuta, hain zuzen.

Artxiboa, horrela, jada badagoen egoerarekiko haustura den gertakizun bati erantzuteko sortzen da, erradikalki berria den zerbait sartuz eta sortuz.

Artxiboa ez da neutrala; selektiboa da eta subjektuak gertakizunarekiko duen fideltasunaren arabera zehazten da, egia singular baten prozesuan parte hartzea erabakitzen duen heinean.

 

-II-

 

Hartu Badiou eta gu proiektu militante eta intelektuala. Batez ere bi artxibo-lan zehatz eta elkarlotu ditu akuilu:

  • Alde batetik, noski, asmoa Alain Badiou filosofo zinez apartaren ahalik eta idazlan gehienez jabetzea da.

Honek esanguratsutzat jotzen diren testu, elkarrizketa, manifestu, testigantza eta abarren itzulpen eta azterketa lana eskatzen du.

  • Baina, beste aldetik, hain garrantzitsuago, motibazio nagusia Alain Badiouren lanetik tiraka euskal askapen nazional eta sozialaren prozesu emanzipatzaile historikoa gertakizun politiko zehatz baten ondorio gisa ikertzea da.

Honek subjektu etiko-politiko singular baten fideltasunatik sortutako gertakizunaren egiari eusten jarraitzeko zenbait tesi eta azterketa aurreratzera bultzatzen gaitu. Baita azterketak politikatik haratago zientzia, maitasuna eta artearen eremuetara kritikoki hedatzera ere, askapen prozesuaren beraren politikoki eta intelektualki sendotzeko.

Hau guzia, gainera, belaunaldiz belaunaldi inguratu eta inguratzen gaituen enziklopedia ofizialaren propagandazko jakintzatik ohiz saiatzen diren desitxuratze edo estaldura operazioei aurre egiten jarraitzeko asmoarekin.

Badiou eta gu proiektua, beraz, edo agian hobe esanda, proiekzioa, gertakizun politiko zehatz baten ondorioak formalizatzeko modu gisa ulertu behar da; ezagutza berriak eraikitzeko tresna dinamiko gisa, hain justu — gertakizunaren bilduma estatiko bat baino.

Badiou eta gu proiektuaren artxiboa gertakizun lokalizatu eta singular baten eraikuntzarekin lotuta dago. Proiektuak politikak osatzen duen egiaren prozedura hartzen du aintzat, batez ere: euskal askapen nazional eta sozialaren aldeko mugimendu emantzipatzailea abian jarriko zuen gertakizun politikoarekin lotuta dago, zehatz-mehatz.

Artxibo hau, ondorioz, gertakizun politiko horren ostean jakintza edo egia berri bat osatzeko batu eta antolatzen diren aztarna, dokumentu edo osagaien bilduma da. Ez, baina, zenbait erregistro historikoren biltegi pasiboa, askapen mugimenduaren egiaren prozedura politikoan garrantzitsua dena hautatzeko eta ordenatzeko prozesu aktibo eta egituratua baizik.

Zentzu berean, ondorioz, Badiou eta gu proiektuaren artxibo-lan aktibo eta dinamikoaren proiekzioa bikoitza da, denboran.

Alde batetik, etorkizunera begiratzen du: askapen prozesua belaunaldi gazteengan modu zinez kritikoan azaltzeko ariketa bezala ulertu behar da. Badiouk liokeen bezala, asmoa belaunaldi gazteak askatasun politikoa eta giza-berdintasunaren ideia generiko eta betierekoek hemen eta orain hartzen duten forma emanzipatzaile zehatz eta betiere berrituarekin perbertitzea dirau.

Baina, beste aldetik, hain garrantzitsuago, iraganera ere begiratzen du eta zor militante eta intelektual baten aitortzarekin batera datorren proiekzioa ere bada: euskal askapen nazional eta sozialaren aldeko mugimendu emantzipatzailearen sorrera bera gertakizun singular gisa teorizatu zuten lehenbiziko burkideekiko zorra, hain justu.

 

-III-

 

Sartu, hemen, beraz, J Agirre kolektiboa. Erretrospektiboki, euskal askapen nazional eta sozialaren sorreraz Alain Badiouk proposatuko duen gertakizunaren teoriaren medio J Agirre kolektiboko burkideek lehenbiziko euskal intelektual eta militante politikoak izatea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula!

Izan ere, mistifikazio izpirik ere ez, hemen, zinez ospatu behar den zerbait da!!! Kontuan, hartuta, batez ere, apostu politiko eta intelektual hura Badiouren beraren nazioarteko ospea gaurkoa ez zela, inolaz ere.

Alta, J Agirre Kolektiboaren inguruko gure zeregina ezin da izan iragan hertsi eta amaitu baten-edo memoria historikoan oinarritutako oroimen eta transmisio ariketa hutsa.

Artxiboa, aipatu dugu, aktiboa eta dinamikoa da, ez pasiboa eta estatikoa. Ondorioz, merezitako ospakizun politiko eta intelektualetatik haratago, berezko helburua ezin daiteke izan iraganeko proiektu amaitu bateko idazlanen bilketa lan soila.

Bai, garaian idatzitako ahalik eta liburu, dokumentu, tesi, iritzi artikulu, iruzkin, edota eztabaida gehien erreproduzitzea asmo esplizitua da — dagoeneko hasitako lana dena, bestalde; ikus:

Eta ikus:

Zentzu berean, bada, asmoa eginbide honi jarraipena ematea da beste idazlan eta argitalpen garrantzitsuak kopiatuz eta iruzkinduz.

Baina poliki-poliki beste gauza gehiago jakin eta bildu, are gertarazi nahi dugu; hala nola: Orain arte jakitera asmatu dugunaren arabera izen batzuk ezagunak dira: Antton Azkargorta Aretxabala bera, Niko Xamardo Gonzalez, Jose Luis Herrero Castro ‘Pepelu’, Laura Mintegi Lakarra… Baina:

  • Nola eta noiz sortu edo eratu zen taldea? Zein asmorekin? Zenbat denbora iraun zuen? Zenbat ziren oro har?

Are gehiago:

  • Zein zen harremana J Agirre Kolektibokoen eta Alain Badiouren beraren artean?

Hemen, berdin, jakin badakigu Niko Xamardo Badiouren ikaslea izan zela Parisen 1968ren bueltan eta adiskidetasun handia egin zutela. Hainbat non urteetan Parisa hilero joan izandakoa den Badiouk La Commune antzokian oraindik ere ematen dituen mintegietara.

Badakigu, bestalde, garai batean taldekoek sarri asko joaten zirela Parisa Badiourekin hitz egitera. Batzutan bere etxean elkartzen ziren eta beste batzutan Natacha Michel-en etxean. Natacha Michel idazlea Sylvain Lazarus ekonomistaren bikotekidea zen eta Alain Badiourekin batera hirukote intelektual sendoa osatzen zuten.

Niko Xamardok, Antton Azkargortak eta Laura Mintegik harreman nahiko estua izan zuten hirurekin (hemen agertzen diren argazkiak 1987ko ak dira, bi etxeetan).

 

 

garrantzitsuago, baina, esan dugu hau ez dela memoria ariketa soila. Eta jakin badakigu, baita ere, jakina da, Antton Azkargorta eta ‘Pepelu’ oraindik pankartara joaten direla, Leioako campuseko sarreran, egunero, 1992ko martxotik aurrera, 33 urte! Beraz, garaiko sekuentzia politikoa eta gaur egunekoa guztiz desberdinak direla denok ondo asko jakinaren gainean egonda, jarraikortasun nabariak badaudela baieztatzeko motiborik ez da falta. Eta horregatik beragatik, hain zuzen, eztabaida jarraitzea posible dela deritzogu. Hona hemen bi adibide azkar, esate baterako:

  • Bat: J Agirre Kolektiboko lanetan gertakizun politikoa zuzenean lotzen da ETA eta ENAM-ekin, erakunde gisa ulertuta. Ez litzateke zuzenago izango, baina, gertakizunaren lehenbiziko ‘operadore’ edo erakunde politikoan baino fokoa gertatutako funtsezko ‘operazio’ politikoan ezartzea? Alegia askatasun politikoa eta giza-berdintasuna (ideia abstraktuak, transzendenteak) Independentzia eta Sozialismoa+ gisa (egia konkretu eta inmanenteak) artikulatzea!
  • Bi: J Agirre Kolektiboko hasierako tesiak ondorio nabarmena dakar: sortu zuen erakunde(ar)en amaierarekin gertakizun politikoa bera itzulerarik gabeko agorpen edo saturazio puntu batera heltzen da. Alta, ez al da posible baieztatzea oinarriko ideiaren egiari subjektu etiko-politikoaren fideltasuna ez dela agortu eraberritu baizik? Alegia, hori dela froga, ideiari fideltasuna, hain zuzen, askapen prozesuaren iraupenarena.

Elkarrizketa eta eztabaida oparoen zain, beraz, esandakoa: artxiboa ez da enziklopedia.

Enziklopediak jada existitzen den ordena eman eta egoera jakin baten izaera sostengatzen du. Eta guri askapen mugimenduaren militante gisa dagokigun kasu zehatzean, ondo aski dakigu zein den bere betekizuna.

Gure artxiboak, aitzitik, oraindik hor dirauen egoera zapaltzailearen izaera (edo estatu) eman horrekiko apurketaren osagaiak izendatzeko eta antolatzeko prozesuarekin lotuta egoten jarraitu behar du. Are lotuago, gainera, gure subjektutasun etiko-politikoa gertakizun baten egia singular eta eraldatzaile zehatz eta konkretu bati, oraindik ere, tinko lotuta dirauela argudiatzeko motiborik ez denean falta. Ala bai?…

Share This