SARRERA
Hau Alain Badiouren Artegintzaren In-estetikari eskeinitako hirugarren zatia da.
Lehen zatian, -1/3- Artea, gertakizuna eta egia izen pean jorratutako gaia Badiouk eratzen duen artegintzaren eta filosofiaren arteko lotura azaltzen da. Bukaera aldera artea eta politikaren arteko harremanari buruzko aipamen garrantzitsu bat edo beste eransten dira, betiere Badiouren arabera.
Bigarren zatian, -2/3- Gertakizun (artistiko)en izendatzeaz izenburukoan gai nagusia Badiouren lanari eta posizioari kritika da. Kritika honek bi bide elkarlotu hartzen ditu: batak, orokorra, gertakizunaren teoriari edo aukeratzen dituen lau egiaren prozedurei lotutako zenbait akatsen kontua ematen du; bestean, bereziki, kritika artegintzari eta estetikari buruzko gai zehatzetara luzatzen da — Badiouri ohiz egotsitako balizko elitismoarena barne.
Hirugarren zati honen, 3/3- Kultura ulertzeko arteaz izenekoa, betebeharra artearen (unibertsaltasuna) eta kulturaren (partikulartasuna) arteko talka azaltzea, argitzea eta eztabaidatzea da; edo gaiaren inguruko polemiken jakinaren gainean egonda, saiatzea bederen — besteak beste, legendazko Jorge Oteiza figura erraldoia bezainbat baliobikoizdunaren (eskultore eta/vs idazlea) adibide paradigmatikoaz baliatuz.
Jada azaldu bezala, aurreko bi ataletan Badiouren artegintzari buruzko lanaren hiru erreferentzia nagusi erabili izan dira: euskarara itzulitako “Arte garaikideari buruz hamabost tesi” panfletoa, Handbook of Inaesthetics [pdf ingeleraz] edo Inestetikaren eskuliburu txikia manifesu modukoa, eta “The Subject of Art – Artearen subjektua” hitzaldia, batik bat.
Honetaz gainera, lehenengo bi atalen bukaerako oin-ohartetan bideo bana erantsi dira.
Lehenengo atalekoa Alain Badiou: du modern ou contemporain: l’art ou la possibilité de l’impossible. (“Modernoatik garaikidera: artegintzaz edo inposiblearen posibilítatea”-2019), da. Bertan Badiouren ikuspuntua gehiago zehatzean da, dela artea eta gertakizuna lotzeko orduan edo aipatu artegintza eta politikaren arteko harremana argitzerakoan..
Bigarren atalekoa Oteiza explica su obrar. Oteizaren bere obra azaltzen du, (2017). Bertan, Oteizak eskultore lanak iraganekoak direla adierazten du eta paleo-hizkuntzalaritzara lotutako hipotesi sobera poetikoetan luzatzen da.
Bi bideo horiek, hirugarren atal honetan jorratuko diren gaiak prestatzeko eta ardazteko proposatu dira, datozen azalpen eta eztabaidei testuinguru zehatzago batez hornitze aldera.
Ondorioz, Kultura ulertzeko arteaz izeneko Alain Badiouren In-estetikari buruzko hirugarren atal hau bi azpi-atal nagusiez osatzen da:
-I- Artegintza, Politika, Kultura izenekoa eta -II- Oteiza, Paleo-zientzia eta zaldien inbarientzia izenekoa; bakoitza gero beste hiru zatitan banatuko dena.
-I- Artegintza, Politika, Kultura izeneko lehen azpi-atalean, hain zuzen — artea eta politikaz gain, artea eta kultura edo zuzenean, aurrera jo ahala, artea, kultura eta politika uztartzeko moduak aztertzeko orduan guztiz gertuko zaigun Arantzazuko basilikaren adibideaz baliatzera baimenduko digu.
Esan bezala, azalpena bera hiru zati nagusietan banatuko da:
- Lehen zatian, (-I-1-Artegintzaren gertakizun lokalizatuak) Badiouren in-estetikaren jarraipen gisa eta hitzaldian barrena esaten dituenaz gehiago jabetu ahala, gertakizunak artegintzan esperimentazio lokalak direla azpimarratuko da.
- Bigarren zatian, (-I-2- Gertakizun artistikoa vs/eta gertakizun politikoa) artegintza eta politikaren arteko harremanak, are artea, politika eta kulturaren arteko harremanak azaltzeko eta aztertzeao aukera sortuko zaigu Badiouren hitzaldia ardatz.
- Hirugarren zatian (-I-3- Arantza zu?), aurreko bi sailetan azaldutakoak gehiago argitzeko Arantzazuko santutegiaz [*] eta beste gertuko adibideez, Jorge Oteiza ardatz, noski, baliatzera bultzatuko gaitu, betiere aipatu politika, artea eta kulturaren arteko harreman batere ez zuzenak aztergai.
Jorge Oteizaren figurak, izan ere, azalpen honen -II- Oteiza, Paleo-zientzia eta zaldien inbarientzia izeneko bigarren azpi-atala egituratzeko balioko digu. Jorratuko diren hiru zatitan Oteizaren figurak zenbait korapilo teoriko eta politiko askatzeko balioko digu:
- Lehen izatian (II-I- Oteiza: eskultore edo idazle) Oteizaren aipatu zatiketa garrantzitsu honetaz jabetzen gara. Oteiza, hain zuzen, eskultorea eta idazlea izan baitzen eta, hortaz, Oteizaren eskultore vs idazle bikoiztasunean soilik erreparatuko gara, hemen [**]. Ondorioz, Oteizaren eskultura gertakizun ertistiko gisa zertan datzan erakutsiko da, Oteizak berak, gero, idazle gisa historiaurreko inguruan eratzen dituen mistifikazioen tamainaz aritu aurretik.
- Oteizaren eskutik behin historiaurreko iragan hodeitsuetan sartu ondoren, bigarren zatian (II-2- Paleo-zientzien Neolitoko aje estetikoak) gogo-ariketa bat proposatuko da. Ondoren galdera gehienbat erretoriko batez baliatuko gara; alegia: behin artegintza garaikidearen bulkada berritzailea goratu eta gero, euskal kulturari buruzko iragan mi(s)tifikatuari begiratzeko joera bereizleak ez ote dira menderapen politiko orokor baten pairatzeko konpentsazioak? Are, azpimarratuko da, gero, aintzintasunean eta kultur-berezitasunean oinarritzea eraginkortasun politiko zinez eskasekoa da!
- Konponbide posible gisa, horrela, hirugarren zatian (II-3- Zaldiaren Inbarientzia) Badiouren beste kontzeptu bar proposatuko da, — inbarientzia delakoa, hain zuzen. Inbarientzia delako hori zeina balio heuristiko handiko kontzeptua da izendatzaile komun txiki baten zera esentzial bat-edo adierazten duen heinean: historian zehar, aurrehistorian barne, artegintzan inbarientzia formal baten eta politikan inbarientzia komunista baten kontua ematen du.
Kultura ulertzeko arteaz izeneko Alain Badiouren In-estetikari buruzko hirugarren atal honetan garatzen diren azpiatal eta zatien ondoren, Ondorioak sailean, azkenik, Badiouren in-estetika ardatz, nola artea zein kulturari halaxe politikari eta hauen guzien arteko aipatu harreman ez beti zuzenei buruko argudio nagusiak laburtuko dira — jorratutako euskal testuinguru artistiko, kultural eta politikoari zuzenean lotuta.
***
-I- Artegintza, Politika, Kultura
Beraz, Badiouren in-estetikari buruzko Kultura ulertzeko arteaz izeneko hirugarren eta azken atal honen lehen azpiatal honetan, artea, kultura eta politikaren arteko harreman uste baino korapilotsuagoak aztertuko ditugu.
Horretarako, esan bezala, -I-1- Badiouren aipatu bideoko hitzaldian esaten dituenak jarraituz, benetako artekanak gertakizunak direla azpimarratuko dugu berriz; oraingoan, hala ere, lokal(izatua)k besterik izan ez daitezkeen gertakizun artistikoak direla azpimarratuz. Gertakizun artistikoak zer diren azaldu eta argituta gero I-2- gertakizun artistikoen eta gertakizun politikoen arteko harremanaz jarraituko dugu; eta azkenik I-3- Badiouk azaldutakoak aipatu Arantzazuko basilikako gertuko adibideez baliatuz argituko dugu gehiago.
I-1- Artegintzaren gertakizun lokalizatuak
Badiouren arabera, artegintza garaikideak instalazioak eta performantzia ditu ardatz, bat-batekotasunean eta dagoenaren kritika negatiboan oinarrituak (Marcel Duchamp, Surrealismoa, … edo, eranste arren, gaur egungo artegintza auto-destruktiboa lekuko) eta abar. Baina instalazio eta performantzia artistikoen kritika negatiboaren parean Badiou afirmazioa ardatz duen artegintzaren bila dabil, bi kategoria sinpleen bitartez antzeman daitekeen baieztapenaren bila, hain zuzen; eta bi kategoria horiek kenketa (edo sustrazioa) eta formalizazioa dira. Badiourentzat sustrazioa eta formalizazioa ardatz dituen artegintzaren definizioa laburragoa eta moderatuagoa baita baina, era berean, baita sortzaileagoa ere; edo artegintzaren sortzailetasuna islatzeko egokiagoa.
Badiouren arabera, horrela, artelana dagoen munduko legearen kenketa lokal bat da, sustrazio lokalizatu bat; artelana esperimentazio bat da, betiere lokal(izatu)a baino besterik izan ez daitekeena eta, bai, halabeharrez dagoen mundu emanarekin lotuta dagoena, nahiz eta instalazio/performantzia dialektikara laburtu gabe.
Bestela esanda, artegintza garaikidea munduan modu lokal(izatu)an esperimentatzen den zerbaiten formalizazioa da. Izan ere, are gehiago, Badiourentzat horrela da gertakizun artistiko baten eraginkortasuna neurtzen dela, hau da: mundu honetako leku bat deslekutu (desplazatu) edo kendu (sustraitu) egiteko gauza denean, hain justu.
Azken finean, hortaz, artegintza garaikidearen edo edozein artelanetan benetakoa den ikusgarritasuna, erreal-aren ikusgarritasuna alegia, ez dator dagoen munduan leku bat betetzetik, dagoen munduan bertan leku berri baten forma bat sortzetik baizik.
Artegintza (garaikidea), ondorioz, dagoen munduko leku zahar baten desagerpena eta formalizazio berri bat esperimentatu dezakegunaren froga da. Hori baita artegintza desplazamendu baten esperimentazio gisa: zentzumenari dagokionaren deslekutze edo desplazamendu baten gauzaketa.
Are gehiago, Badiou darrai hitzaldiaren barrena, horrela da, izan, dagoen munduaren eta sorkuntza artistikoaren arteko harremanaz jabetzen garela; eta harreman hori bikoitza da: batetik, hasteko, gertakizun lokal moduko bat daukagu, jada badagoen munduaren legeen errepikapena eteten duena; eta ondoren, bestetik, gertakizun horren ondorio posibleak ditugu: leku berri bat sortu izana munduaren zati eman (eta lokal-izatu) honetan — non, hain zuzen, jada badagoen munduaren lege nagusiak eragina galtzen baitu.
Hortik aurrera, artegintza modernoaren ideia orokorra forma berrien existentzia positiboen bidez dagoen legearen indar abstraktua aldatu egin daitekeela baieztatzea da — mundua nola funtzionatzen duen erakusteko lege zientifikoarena barne.
Badiouk, bestalde, zentzu batean artegintza betidanik hori (izan) dela uste du; eta artegintza garaikidea konstatazio horren azken aldaera bat besterik ez dela. Artea, izan ere, forma baten singulartasuna gailentzen denean gauzatzen baita dauden legeen indar abstraktuen ordez; forma artistiko baten singulartasuna, hain zuzen, dagoen legeak araututako munduaren ordeneko nonbait ezartzen denean. Eta, zentzu horretan, Badiouk aipatzen duen adibidea sinplea bezainbat adierazgarria da, dagokigunera gehiago hurbiltzen hasteko:
Uste dut esperientzia oso arrunta dela errepide baten bueltan eliza bikain bat ikusten duzunean, bat-batean, muino baten magalean, eta tira ba, hori desplazamendu bat da. Hor egon behar ez zen zerbait dago eta, hala ere, hor dago egon, erabat egon gainera. Eta, hortaz, naturaren eta legearen espazioan forma ezagungarria eta aldi berean guztiz berria dago, lege honen beraren salbuespen gisa, funtsean formaren botereak daraman salbuespena dena. [***]
I-2- Gertakizun artistikoa vs/eta
gertakizun politikoa
Artea bada, forma singular baten agerkera lokalizatua da, hor nonbait leku zehatz batean jada badagoen legearen nagusitasuna kolokan ezartzen duena. Alta, artea eta politikaren arteko harremana ulertzeko politika eta artearen arteko desberdintasunaz jabetu negar gara. Horrela, orain arte esandakoari jarraipena emanez, desberdintasun nagusia, Badiouren arabera zera da: artegintzak jada badagoen munduko legeen parean salbuespen lokalizatu bat proposatzen du; baina politikaren anbizioa, aitzitik, lege horiek aldatzea da. Eta hortik, hain zuzen, desadostasun bat dator, diskordantzia bat, artea eta politikaren artean beti egongo dena:
“Politikak bere zeregin orokorraren zerbitzura jartzea eskatzen dio arteari baina arteak ezin du hori benetan egin, artearen zeregin sakona zerbait, nonbait, erabat bereiztua instalatzea delako, konfigurazio berri bat betirako geratuko dena munduko leku baten desplazamenduaren bidez”.
Kenketa eta formalizazio konplexu gisa, bada, artelana etorkizun berri baten proposamena besterik ez da; edo, bestela esanda, etorkizun baten zain egoteko proposamena baino ezin da izan — hori baita kontenplazio artistikoan benetan liluratzen gaituena:
“Koadro bikain bati begiratzen diogunean, musika-lan bikain bat entzuten dugunean, zer gertatzen da zehazki? Lehenik eta behin, egoera guztiz lokala da, denboran, espazioan, hor dago eta denbora baterako soilik da, baina hor gertatzen dena da etorkizuna zer izan daitekeen tokian bertan irudikatzen duela, sinbolikoki, zeina munduari berari emandako grazia bezalakoa baita. Eta munduko leku honetan, munduko leku honi emandako grazia honetan bertan finkatu nahiko genuke etorkizun egokiaren zain.”
Badiouren arabera, zentzu horretan da arteak funtzio politikoa baino funtzio profetikoa izan dezakeela, politikari dagokienez. Funtzio profetikoa beti baita funtzio lokalizatua: profeta beti gelditzen da leku batean eta zerbait esaten du bertan. Artearen funtzioa, horrela, edo, zehazkiago, artearen funtzio profetikoa, hemen eta orain dagoen mundu menderatzailearen legeekin lekualdatuta egongo den etorkizun baten itxaropena mantentzea da.
Artearen asmoa, azken finean, mundu berri bat posible dela adieraztea da eta, izan, hori da, posiblearen eta inposiblearen arteko mugak aldatzea, hain justu, artelanak modu lokalean gauzatzen duena.
Politikak, berdin, galdera berari aurre eginte dio, baina gizarte osoaren antolaketa mailan, ordena menderatzailean posibletzat deklaratzen dena inposiblea edo ezinezkoa denaren norabidean mugitze aldera. Alta, politikaren artegintzarekiko diferentzia, edo diskordantzia zera da: politikak, hori, munduaren legeen mailan egiten du gerora begira; arteak, berriz, mundu berri bat posible dela dioen premisa formala gauzatzen du jada badagoen leku bat mugituz edo desplazatuz.
Badiouren arabera, horrela, artearen eta politikaren arteko ezberdintasun nagusia ondorengoa da:
Artelanak ezinezko berriaren etorrera etsi gabe itxaroteko balio du. Artearen kontenplazioa hori baita, etsipenarena ez den itxaronaldia. Politikan, aldiz, zailagoa da itxarotea. Itxaronaldia zailagoa da. Eta denboran luzea izango dela badakigunean, zailagoa egiten da antolatzea.
I-3- Arantza zu?
Orain arte esandakoaren arabera, bada, artelana forma berri baten agerkera da dagoen lege nagusiaren baitan arrakala bat-edo irekitzen duena baina jada badagoen kege nagusi hori gainditu nahi duen politikatik ezberdindu behar da. su behar da.
Zentzu guztiz onargarri batean, hortaz, ez da zaila aipatu Arantzazuko santutegi berriaren eraikuntza gertakizun artistiko baten gisan antzematea. Gertakizun artistiko hau guztiz lokal(izatu)a baita(go), era berean, baina, lekuz kanpokoa den bitartean.
Lokalizatua dago Oñati eta Urbiaren arteko errepide baten amaierako paraje zoragarri batean — non Ertaroko amabirgintxo zoragarri baten inguruan eraikitako elizatxo bat baitago zera baino bikainagoa dena; eta non bisitatzearen esperientzia arruntak berak sortzen duen lasaitasuna baita azpimarratzekoa.
Lekuz kanpokoa da, mundu honetako legeen araberakoa ez den heinean, jakina baita 1950-1985 artean santutegiaren eraikuntza-prozesuak ezagutu zituen zailtasunak hiruzpalau momentu nagusien zehar — dagoen munduko legeari, nola estetika klasiko zein tradizionalarenak halaxe Elizarenak, pazientziaz aurre eginez burutu zirenak, azkenean, ez makinabat gorabehera xelebrerik gabe!
Hauen artean, noski, azalpen honetan erdiko zaigun Jorge Oteizaren adibidea da ezagunena, fatxada aurreko frisoan 14 apostoluz osatutako eskulturak 16 urtez debekatuta, Arantzazuko errepide bazterrean botata utzita egon zirenak; baina komeriak ez ziren berez oso barregarriak izan, ezta ere, 1950an Francisco Javier Saez Leoiza eta Luis Laorga arkitektoen eraikuntza berrirako plan irabazleekin, arantzak ordezkatzen dituzten fatxadako harripunten ideiak orduko lege estetiko nola zibil halaxe erlijioskoekin topo egin baitzuten; eta berdin Jorge Carlos Pascual De Larak proposatutako erretaularekin, azkenean, bi begirategi polemikoez gain, nola ez, Luis Muñoz-ek amaituko zuena, erretaula sinpleago batekin; eta berdin, azkenik, Nestor Basterretxearen kripta/kaperako margoekin, 1955 aurkeztu eta gero 1984an bakarrik onartuko direnak.
Denera, hala eta guztiz, Badiouk aditzera eman nahi duena dagokigun adibidera aplikatuta, ohar pare batez jabetzera eskatuko digu, halaber— batez ere, artegintza eta politikaren arteko harremana dela eta. Azken finean, mundu zaharrean instalatutako baina mundu zahar horren legetik kendu edo sustraitu den Arantzazuko santutegiaren forma berri honek ez baitu zuzenean adierazten mundu berriaren etorkizuna; hau da: Arantzazuko forma artistiko berriek ez dute lege berria adierazten — hori, etorkizuna, mundu berri bat eta abar auzi politikoa baita, zehazki.
Auzi politikoa, gainera, gure borroka singularraren kasu zehatzean, hau da, askapen mugimenduaren sorreratik eta gaur egungo ezker independentistaraino, askatasun politikoaren eta giza-berdintasunaren aldeko hautu emanzipatzailean ardazten dena; eta, zeinak, ondorioz, eztabaidara irekita geratzen diren galdera pare bat egitea eskatzen baitu — inor txunditu nahi gabe gatz piskatxo batekin ere hartu beharko direnak!
Iraganera begira, horrela, bat: zuzena ote, are politikoki eraginkorra, euskal mugimendu emanzipatzaile honen sorrerararen sekuentzia politikoa momentu bereko mugimendu artistiko zein kulturalen sorrera eta garapenarekin zuzenean lotzea, EHko askapen politikoa (Independentzia eta Sozialismoa) eta Kultur Pizkundea (Gaur taldea, Ez dok amaitu…) direla eta, sarri, are, ohiz egiten den erara? Perspektiba historikoak ematen digun angulu panoramiko zabalagoatik begira, eta batez ere, gaur egungo arrakasta politikotik begira, lotura zuzen hori mugimendu politikoaren arriskurik gabe eta artegintzaren berezko autonomiaren alde banatu daitekeela dirudi; Edo bestela esanda: mugimendu politikoari ez dagokio kultur berpizkunde berri baten aldeko deialdirik egitea, lan egitea baizik helburu estrategikoen lorpenaren alde, lehen bait lehen.
Zeren eta, hain zuzen, eta gaur egungo egoerako aipatu arrakastari begira, bi: ez ote da arrakasta politiko hori nolabait balizkoa, hor nonbait? Orain arte argudiatutakoaren arabera eta Badiouk diona gurera egokituz, itxaropen politikoak ezin du urgentzia zentzua apaldu; aitzitik, areagotu egin behar du, betiere — baita pazientzia estrategikoaren leloa bera, apaltzeko baino astintzeko erabiliz; bestela, oraindik ezinezkoa dena etsi gabe itxaroteko, etsipenarik gabe itxaronaldia pazientziaz, lasaitasunez, ixilean eta zalapartarik gabe jasateko hor daukagu-eta Arantzazuko basilikako arkitektura eta artelanen kontenplatzeko aukera eta ahalbidea.
II- Oteiza, Paleo-zientzia eta zaldien
inbarientzia
Kultura ulertzeko arteaz izeneko hirugarren eta azken ataleko lehen azpiatalean, artea, kultura eta politikaren arteko harremanak aztertu ditugu. Hasteko benetako artekanak gertakizun lokal(izatu)ak direla azpimarratu dugu; ondoren, gertakizun artistikoen eta gertakizun politikoen arteko harremanak, hau da, antzekotasunak eta desberdintasunak azaltzen jarraitu dugu; eta azkenik, aurretik azaldutakoak Arantzazuko basilikaren adibideaz baliatuz argituko ditugu.
Arantzazuko egileen arteko artista ezagunena denatik tiraka, orain, Jorge Oteiza alegia, bigarren azpiatal hau, aurrekoa bezala, beste hiru zatitan banatzen da. Lehen zatian, II-1, Oteizaren bikoiztasuna non datzan azaltzen dugu, eskultore eta idazle gisa (gogoratu Arthur Rimbaud: ni beste bat da). Bigarrenean, II-2, Oteizak eskultura amaitu dela baieztatuta gero, eta idazle gisa aintzintasunaren gorazarrea ardatz, makinabat bat mistifikazio elikatzen duela erakutsiko dugu. Bide batez gogo-ariketa zehatz bat proposatuko da, non Badiou bera erdi-erdikoa suertatzen baita. Izan ere, bestalde, hirugarren zatian bezala, II-3, non Badiouren beste kontzeptu garrantzitsu baten berri, inbarientzia alegia, emanen dugu.
II-I- Oteiza: eskultore edo idazle
Honez gero, ondo jakinaren gainean gaude orain arte azaldutako Badiouren posizioaz, dela artegintza eta estetikaren inguruan edo artea eta politikaren arteko harremanaz. Esandakoak gehiago bergogoratzeko, baita Badiouren In-estetikari buruzko aurreko zatietan ere, Jorge Oteiza guztiz baliagarria eta egokia suertatzen da adibide erakusgarri gisa.
Lehenik eta behin, horrela, Oteizaren eskultore vs idazle bikoiztasunean erreparatuko gara. Oteiza eskultorearen eta Oteiza idazle edo saiogile eta arte-kritikariaren arteko banaketak, ondoren, artearen eta kulturaren banaketa aztertzera bultzatuko gaitu — baten unibertsaltasunaren eta bestearen partikulartasunaren arteko tentsioaren testuinguruan. Eta, hirugarren, azkenik, ondorio nagusia, politikoa, zera izango da: gure borroka askatzaileko egiaren singulartasuna Badiouren unibertsaltasunaren aldeko jarrera errotikoan txertatua dago, eta nahikoa txertatua ez badago, gehiago txertatu behar da. Nola? Hasi gaitezen aipatu Oteiza eskultorea eta Oteiza idazlea banaketarekin azaltzen.
Oteiza eskultorea dela eta, zalantzarik gabe, garatuko duen artegintza gertakizun estetiko baten parte bezala kontatzen du. Beste batzuen artean, Malevich, Henry Moore…, Oteizak, surrealismoaren krisiaren ondoren 1920/30 hamarkadadetako abanguardien konfigurazio artistikoa saturatuta edo agortuta zegoenean, 1950 hamarkadan nagusituko den abanguardia berriaren konfigurazioan (post-surrealismoa, konstruktibismoa…) parte zuzena hartuko du.
Adierazgarria, hemen, zera da: egon ez dago ex nihilo sortzen den gertakizunik; aitzitik, gertakizunak egoera eman batzuen barnetik sortzen dira; eta, ondorioz, bai, Oteizaren eskulturgintza eta hutsaren bilaketa eragin askotatik elikatzen da, besteak beste: bat, Cezanne, Kandinsky, Mondrian edo Picasso moduko artegintza ordurako jada agortuaren aurrekariak daude; bi, Bertolt Brecht antzezgileak bere teatro epikoan espazioa erabiltzeko modu berria dago, “laugarren pareta apurtu”; hiru, Vienako Bigarren Eskola delakoaren musika dodekafinikoaren serialismo aleatorioa; eta, noski, lau, baita cromlech neolitikoan laburtzen den artegintza monumental abstraktoak eskaintzen dion euskarri estetiko-teorikoa ere.
Eragin horien pean, baieztatu daiteke gertakizuna egon Oteizak garatu zuen abanguardiako proiektu estetikoaren barruan dagoela, egia propio baten bilaketa kolektibo sortzaile eta amaigabearen testuinguru zehatzean. Zentzu horretan, Oteiza bera, pertsonalki, haustura estetiko nabarmen baten egilea edo artifizea izango da; alegia, minimalismoaren aurrekaritzat antzeman daitekeen espazioaren desokupazioaren estetika negatiboarena. Baina gertakizuna, berez, konstruktibismo geometrikoaren inguruko subjektu artistiko kolektiboaren zenbait proiektu estetiko berrietan dago.
Oteiza idazlea dela eta, berriz, zalantzarik gabe, guregan gordetzen duen estatus ikoniko-mitikoa ez dago hainbeste lotuta hutsaren inguruko haustura estetikoak suposatzen duen berezko gertakizun artistikoarekin; ezta hutsaren bilaketa horretan aipatu cromlech neolitikoak eskaini zion euskarri teorikoarekin. Gehiago dago lotuta, aitzitik, hileta-monumentu hauen inguruan balizko euskal arima estetiko betierekoaz-edo azaltzen dituen fantasiazko figurazio espekulatiboekin.
Hemen, gainera, beste gauza garrantzitsu bat dago azpimarratu behar dena, eta da Oteizaren idazlan-multzo nagusia eskulturgintza bera utzi eta ondorengoa dela. Bestela esanda: Oteizaren idazgintza etengabeko esperimentazio estetikoan elikatu zen abangoardia berrien gertakizun artistikoaren egiari fideltasuna agortutzat eman ostekoa da; eskulturgintzaren funtzioa bere osotasunean Oteizak berak amaitutzat eman eta geroagokoa, hain zuzen — espazioaren desokupazio osoaren ondoren huts absolutua besterik ez dagoenez, “eskultura amaitu da” dioenean.
Arazoa, ondorioz, segituan sortzen da. Argi eta garbi esanda: Oteiza saiogilearen ekarpenak eskultore-ohi jakintsu batenak baino berritsu baten simulakro primordialak ez ote [****]. Eta esan nahi dena argitzeko erantsi bideo sobera argigarriaz gain, Quousque Tandem liburuko pasarte hau arretaz irakurtzea besterik ez dago:
“Euskaldunongan jasotzen den edo gure bizietaraino heldu izan den Europako izpiritu sortzailea (etikoa, existentziala) euskal arimaren erantzule da, gure lehen arimarena, zeina erradikalki estetikoa baita. Arabiarra edo erromatarra edo feniziarra izan baino lehen (latindarra edo zeltiarra edo indoeuroparra izan aurretik) espainiar guztiek zera aitortu (eta errespetatu) behar dute: beraien jatorrizko europar esentzia euskaltasunean datza. Espainiak ez du euskal arimaren ulermenik. Eta euskaldunak ere bere buruaz pentsatzerakoan erabat arrotza zaion pentsatzeko modu berantiar batean egiten baitu. Bere buruaz gaizki pentsatzen du. Ez du pentsatzen.”
Pasarte honetan zera da Oteiza eskultore ohiak argitzera eman nahi diguna: Neolitoko cromlech borobiletan antzeman daitekeen euskal arima estetiko jatorr(iko)a Europako izpiritu sortzailearen beraren oinarrian dago. Oteizak jatorriko euskal arima estetikoaren izpiritu sortzailea azpimarratzen duenean, Europako, edo Mendebaleko pentsakera nagusian mitifikatzen den zibilizazioaren logika positiboa indartu nahi du, kulturan, artegintzan, jakintzan oinarritzen dena. Bakarrik, hasiera edo jatorria Aintzinako Grezian garatutako filosofian, zientzian, arkitekturan edo teatrugintzan jarri beharrean euskal kultura edo zibilizazio berezitu baten momentu neolitikora aurreratzea proposatzen duela. Eta kontua, hemen, ez da zibilizazioaren hasiera kultura greziar-erromatarrean ezartzea edo batzuen edo besteen kulturaren balioaz eztabaidatzea, zuzenean zera galdetzea baizik: euskal salbuespenaren ideiak berak gure irudikario kolektiboan eragiten duen enkantamendua ez ote menpekotasun politiko zehatz baten, hemen eta orain, estaltzeko madarikazio konpensatzailea?
II-2- Paleo-zientzien Neolitoko aje estetikoak
Dagoeneko, bada, Oteizaren figuran islatzen den zatiketa garrantzitsu batez jabetu gara, Oteiza, hain zuzen, eskultorea eta idazlea izan baitzen. Zentzu horretan, eskultore gisa gertakizun artustiko zehatz baten parte izan den bezala, era berean, idazle espekulatibo bezala, historiaurreko inguruan eratuko zituen mistifikazioen tamainaz jabetu gara piska bat — izan ere, Oteizaren pekatua bakarrik ez dena, joera sobera errotua baizik zenbait inguruko bazterretan.
Horregatik, behin historiaurreko iragan hodeitsuetan sartuta gero, segituan datorren gogo-ariketa egokia delakoan aurkezten da aipatu mistifikazioak hobeto erakutsi eta, ondorioz, baztertze aldera. Gogo-ariketa horretan, garai berdinean, 5000 urte gorabehera, gertatutakoen perspektiba emateko alderaketa posible bat aurkezten da, beraz ekibalentzia faltsuren arriskurik ez, eta aukera bat proposatzen, ea zein zaigun gogokoen!
Batetik, populazioen genetikan aditu oro aitortua izan zen Luigi Luca Calvalli-Sforza zera ondorioztatzera helduko zen:
Azken Paleolito garaiaren zehar euskal eskualdea antzinako kobazuloak aurkituak izan diren ia eremu guztietara hedatu zen. Badago zantzurik euskara duela 35.000 eta 40.000 urte hitz egiten zen hizkuntza batetik datorrela, Frantziaren gizaki modernoen lehen okupazioan, seguruenik hego-mendebaldetik etorri zirenak, baina ekialdetik ziurrenik ere. Kobazulo horietako artistek nekazaritza aurreko lehen europarraren hizkuntza hitz egingo zuten, nondik euskara modernoa sortzen baita.
Badiouk, bere aldetik, zera adierazten du:
Neolitoko jendartea gara. [Horrek] ez du esan nahi Iraultza Neolitikoarekin aurreko gizakiak baino gehiago garenik, gaitasun intelektualari dagokionez. Chauverreko kobazuloan aurkitutako horma-irudien existentzia bera kontuan hartzea besterik ez dago, denok ezagutzen ditugunak eta duela 30.000 urte ingurukoak direnak, garai hartan, ziurrenik, ehiztari-biltzaileen talde txikiak baino ez zeudenean, Iraultza Neolitikoa baino azkoz ere lehenago.Margo horien existentzia soilak giza-aberearen gogoetarako, kontenplaziorako eta idealizatzeko berezko gaitasuna, baita trebetasun teknikoa ere, jada gaurkoak bezain onak zirela erakusten du.
Hona hemen aukera, beraz, itxuraz, behintzat, aukera uste baino bihurriagoa: Batetik, akademiko aditu batek adierazten duena dago, Paleontologia zientziaren metodologia onartuak jarraituz edo oinarri, protokolo eta jarduera zientifiko profesionalki guztiz onartuetan sostengatzen dena. Bertan Paleolitoko ehiztari-biltzaile nomadikoen kobazuloetako zaldi eta bisonteen artegintza figuratiboa euskal berezitazunaren lehen aztarna gisa antzeman daitekeen hipotesia aurkezten da — gerora euskalduntasun berezi baten jarraipen (aurre)-historiko baterako lehenbiziko materialak eskaintzen dizkigutenak, eta nondik zera ere ondorioztatu baikenezake: kobazuloetako margoek erakusten digutena zer eta artegintzarako euskal gaitasun berezi baten lekukotasunak dira.
Bestetik, filosofo baten espekulazioak daude agian, beraz, gure lasaitasunerako ez-zientifikoak direnak. Espekulazio filosofiko hori jarraituz, artegintza horrek ezaugarri unibertsal baten kontua azaltzen digu eta gizateriaren oinarriko ahalmen intelektuala denboran aldatu ez dela erakusten — gizateriaren funtzezko batasun orokor eta unibertsalaren froga eta lekukotasun gisa ulertu behar dena.
Proposatutako gogo-ariketa honekin, hortaz, ez gabiltza erantzun zuzen baten bila. Asmoa aitzitik, galdera gehienbat erretoriko bat, berriro ere, botatzea da; alegia: behin artegintza garaikidearen bulkada berritzailea goratu eta gero, euskal kulturari buruzko iragan mi(s)tifikatuari begiratzeko joera bereizleak ez ote dira menderapen politiko orokor baten pairatzeko konpentsazioak? Are, azpimarratu beharko litzateke, aintzintasunean eta kultur-berezitasunean oinarritzea ez al da, berez, eraginkortasun politiko zinez eskasekoa?
-II-3 Zaldiaren Inbarientzia
Oteizaren figuran laburbiltzen den artista eta kontu-kontariaren arteko zatiketa aurkeztu eta gero, gogo-ariketa bat proposatu da euskal berezitasunaren kontuaz gehiago ohartzeko galdera erretoriko batez baliatuz, Badiouk erabiltzen duen beste kontzeptu arestian jada aipatua, inbarientzia, hain zuzen, baliagarria suertatuko da, orain, kultura/identitatea, politika eta artegintzaren arteko harremanen inguruko eztabaidarekin jarraitzeko.
Inbarientzia nozioak, esan bezala, izendatzaile komun txiki bati dagokio. Artegintzan gutxieneko inbarientzia formal baten eta politikan gutxieneko inbarientzia komunista baten kontua ematen duen zerbait adierazten du — esentziari edo artelanaren muinari dagokion zerbait, hain zuzen, amankomuna den zerbait izendatzen duena denbora historikoaren zehar, aurre historia barne, noski.
Har dezagun, esaterako, zaldia forma artistiko gisa. Badiourentzat posible da 30.000 bat urte dela, Paleolitoan margotutako figurazio estilizatuak Picassoren Guernica margo kubistako zaldiarekin alderatzea; edo, kasurako, baita Koldobika Jauregik Zaldiak izeneko erakusketan erakutsitako eskultura minimalistekin ere, errealismo brutalista eta abstrakzio konstruktibista baten artean hor nonbait [*****].
Posible da alderaketa egitea, hain zuzen ere, hirurak uler daiezkeelako betiko egia artistiko baten adierazle zehatzak balira bezala. Edo, bestela esanda, geroago Picassoren zein Jauregiren interpretazio askoz ere berriagoak bezala, Paleolitiko artegintzak ezaugarri unibertsal baten kontua azaltzen digu eta gizateriaren oinarriko ahalmen intelektuala denboran aldatu ez dela erakusten. Gutxieneko ezaugarri hori gizateriaren funtzezko batasun orokor eta unibertsalaren froga eta lekukotasun gisa ulertu behar da.
Badiouk esan nahi duena, beraz, zera da: egon badago zaldien margo hauen guzien arteko izendatzaile komun txiki bat, lotura hori, hala ere, inolaz transzendentea izan gabe. Dagoena ez baita artistikoki emandako zaldiaren forma absolutu bat haitzuloetako margolanetatik gaurdaino gorpuzten direnen forma konkretuen gainetik, ordezkari nagusiren baten posizioa betetzen duena-edo; dagoena, aitzitik, ikuspegi artistikoen aldaera desberdin horiek batzen dituen zerbait da, formara edo esentziara hurbiltzeko saiakeran gauzatzen dena.
Zentzu berean, ondorengo hau ere erraz ulertzen den zerbait beharko luke; alegia: hasi Paleolitiko margolari anonimo batek, edo margolari talde batek, kobazuloko horma batean egindakoetatik eta Picassoren zein Jauregiren bertsioetara, eta abar, noski, hor eraikitzen dugun jarraipena ez da zaldiena garai historiko desberdinen zehar, are gutxiago zaldiena halanolako kultura berezietara lotutakoa, zaldien zenbait interpretazio artistikoena baizik; hau da: Jacques-Louis David-en ‘Napoleon Alpeak zeharkatzen’ (1801) edo Eugène Delacroix-en ‘Zaldia ekaitzak ikaratuta’ (1829), mendeen zehar ematen den zaldien beste interpretazio bat litzateke, kasu hauetan, artistikoki erromantikoa kulturalki frantsesa baino.
Zeinak beste galdera hau ere egitera bultzatzen gaituen: ba al dago hor nonbait hainbat eta hainbat euskal artegintzaren, kulturaren edota hizkuntzaren emaitzak jarraipen zuzen eta betiereko baten isla gisa irudikatzerik? Hasi, demagun, balizko euskal paleo-hizlarien kobazuloetako aipatu zaldi eta bisonteen margoekin eta ordutik gaurdaino Irulegiko eskuarekin jarraituz, edo Elkanoren mundu-itzuliko inguruan idatzitako literatura akademikoarekin, Bereterretxeren Kantoriarekin, Jesus Guridiren piano lanaekin eta Chill Mafia-ren okurrentziekin bukatzeraino — tartekoak tarteko eta berdin ondorengoak ondorengo hemendik eta 500 urtera eta haratago!. Eta egon, noski, badago, horrek, bere horretan, euskaltasun transzendental baten kontua besterik ematen ez badigu ere — euskaltasun errugabe baten jarraipen historiko etengabea ospatzera eramango gintuena, bai, baina identitatezkoa soilik den simulakro kultural batean burubelarri eroriz.
Alternatiba gisa, hortaz, Badiouk hala izendatzen duen inbarientzia komunista baten kontuak askoz ere hobeto irudikatzen du, eta azpimarratzen, euskal askapen prozesu zehatza, hemen eta orain, elikatzen duen gertakizun politikoaren egia bera. Inbarientzia komunista da esamolde bat denboran zehar aldatzen ez den edo mantentzen den izendatzaile komun txiki bat adierazteko balio duena — tartean gaurko eta atzoko borroka emantzipatzaileen artean hainbat lotura Erreal eta Sinboliko Imajinatzeko aukera baimenduz.
Edo adibide zehatz batekin esanda, bai, egon badago izendatzaile komun txiki bat Espartakok lideratutako esklaboen matxinadatik Euskal Herriko askapen nazional eta sozialaren aldeko mugimendu politikoak bultzatzen duen prozesu emanzipatzaile singularraren borrokaraino: bi adibide ezberdin hauen arteko diferentzia historikoak eta abar zernahi, egon hor baitaude borroka horien zuzentasuna motibatzen eta justifikatzen duten oinarrizko kontzeptu eta arrazoi betierekoak eta unibertsalak, aldatzen ez den zerbaiten ideia ematen diguna: askatasuna, berdintasuna… justicia, emantzipazioa…
Hainbat non, hain zuzen, Oteizak aipatzen dituen 80 belaunaldiko amamen lotura eta jarraipena Neolitikotik gaurdainoko ospatzea baino zuzenagoa, eta zilegiagoa baita Eneko Aritza, demagun, Toussaint Louverture Haitiko esklabu matxinadako buruzagiarekin alderatzera — erresistentziaren arrazoiak biak ala bietan baitira betiereko askatasunaren ideiaren alde borrokatzea, testuinguru desberdinetan izanda ere.
Are gehiago, iraganeko borrokekin loturei buruz bezala, gauza bera gertatzen da gaurko edo orainaldeko borroka garaikideekin — lotura, izan ere, beste zenbait bizi-mundu politiko singularrekin lotura dela, ez kultur-identitatezko bizi-modu bereziekin. Esan nahi baita, elkartasuna ez da, demagun, Lehen Herri indigenekin, euskaldunena Europako Lehen Herri indigena omen delako edo, Lehen Herri indigenen borroka sungularrekin baizik: justizia eta berdintasuna munduko kontzeptu eta arrazoiketa unibertsalen izenean lurren lapurreten edo hizkuntz zapalkuntzaren eta abar, hemen eta orain, salatuz.
Laburtuz, Badiouren inbarientzia nozioak aldatzen ez den izendatzaile komun txiki bat adierazten du. Gutxieneko inbarientzia komunistak gaurko eta atzoko zein bertako eta munduko borroken arteko lotura politikoak eratzera baimentzen du. Gutxieneko inbarientzia fórmalekin, berdin, artegintzan eraiki daitezkeen jarraipen historikoak ez daude lotuta kulturaf bereziekin eta artegintzaren zeregina ez da forma transzendente eta absolutuen bilaketa, forma singular eta konkretuen bidez oinarriko esentzia unibertsal batera hurbiltzeko saiakera baizik.
Ondorioak: berria ez da nobedadea
Jorratu ditugun hiru atal nagusien bidez, hasi -1/3- Artea, gertakizuna eta egia izeneko lehenarekin, jarraitu -2/3- Gertakizun (artistiko)en izendatzeaz bigarrenarekin eta 3/3- Kultura ulertzeko arteaz hirugarren eta azken honekin bukatzeraino, gai nagusia artegintzarena eta estetikarena izan da Alain Badiouren gertakizunaren teoria orokorraren barruan. Artegintza, Badiourentzat, zentzu zabalean ulertzen da, eskultura eta pinturarik, poesia eta literaturaino, musika eta abar ahaztu gabe. Artegintza, horrela, kultura hitzak ohiz adierazten duenaretik, herrien bizi-moduak, hizkuntzak eta abar, banatuta dago. Are gehiago, nahiz eta artearen eta politikaren arteko harreman eta intersekzioez jabetzea inportantea den, modu berdinean dago hauen arteko mugez erreparatu beharra.
Gauzak horrela, lehen atalean, Badiouren in-estetika delakotik tiraka, artea bere gertakizunaren eta egiaren teoria orokorrean, lau prozedura/baldintza edo eremu/esparru nagusienetariko bat dela azpimarratu izan da, politika, zientzia eta maitasunarekin batera. Baita gertakizuna prozesu gisa ulertzeko orduan, gertakizunaren patua bera, berritu ezean, amaiera dela, saturazioa edo agorpena.
Bigarren atalean, aldiz, Badiouren aipatu gertakizunaren eta egiaren teoria orokorrean zein artegintzaren prozeduran bertan sortzen diren zenbait impasse eta kontraesanen kontua eman da — nola, batez ere, gertakizuna bera izendantzearekin sortzen direnak, nork, non, noiz, nola, halaxe Badiouren beraren balizko elitismorena eta abar,
Hirugarren eta azken atal honetan, artea, kultura eta politikaren arteko harreman ez beti zuzenei buruzko zenbait argudio nagusi azaltzen luzatu gara eta arginine nagusi gisa fokoa euskal testuinguru artistiko, kultural eta politiko zehatz batean ezarri dugu — Jorge Oteizaren figura baliobikoitza gehienbat ardatz.
Beraz, hirugarren atal honetara heldu ahala, aurreko bi ataletan zehaztuta geratu diren zenbait ideia garrantzitsu nabarmendu dira, hala nola:
Ez dago soberan azpimarratu eta errepikatzerik: Badiouren pentsakerak berria asmatzera bideratutako estetika baliotzen du.
Batetik, horrela, berriak artegintza antzemateko iraganeko hiru eredu nagusiak, klasikoa, erromantikoa eda didaktikoa, gaindituta daudela onartu beharra dago, edota agortuta/saturatuta; eta artegintza forma berriak sortu ezinak dagoen errealitate sozio-politikoaren ispilu baino ez da, kultur ekoizpen garaikidean nabaritzen den konformismoa islatzen duena, halaber.
Berria, bestetik, ez da entretenimenduaren kuturatik sustatzen den azken nobedadea. Berrikuntzaren bilaketa etengabea ardatz, artegintzak mugen gainditzeko ahalbidea izendatzen du, dela identitatezko muga pertsonal eta kulturalak, dela ‘Bat’aren edo “Maisua”ren irudian laburbiltzen direnak — maisu/bat hori “Filosofia”, “Estatua”, “Demokrazia” edo zernahi absolutua dela.
Badiourentzat, are gehiago, egiak daude, egia artistikoak, amodiozkoak, zientifikoak eta politikoak. Politika dela, batik bat, egien existentziari buruz gure sinismena elikatzeko saiakera bera da Badiouk azpimarratzen duena — azken batean, aldaketa posiblea dela, dagoen egoera orokorra, politikoa, soziala… zein itogarria den ikusita.
Honetaz gainera, edozein egiak, ez bakarrik politikoak baizik eta baita artistikoak, amodiozkoak, edo zientifikoak ere, gutxienez potentzialki unibertsala den zerbait izan behar dute, zerbait, testuinguru zehatz baten sortu besterik ezin badu ere, testuinguru zehatz horretatuk haratago destestuinguratu eta ulertu daitekeena.
Zentzu horretan, ondorioz, zera berriz esan behar da: berez, ezin daiteke euskal edo frantses zein ingeles arteari buruz hitzegin, ezta, bestalde, arte burges edo proletario edo feminista edo dena delakoari buruz — artegintzak sortzen dituen egiak artearenak baitira bakarrik; izan ere, hirugarren atal honetan bertan, hasieratik azpimarratu den bezala Badiouren Modernoarik Garaikidera hitzaldia aurkezterakoan: artegintzaren formalizazio lokalizatuak kultura edo artistaren jatorritik eta politikatik bereiztu behar diren esperimentazioak dira.
Alta, horrek ez du esan nahi Badiou ez dela jabetzen unibertsaltasunaren beraren baliobikoiztasunaz; adibidez, gizarte garaikide kapitalistetan erreferentzia unibertsala nagusia dirua da eta diruaren unibertsaltasunak, noski, artegintzaren kontsumoa baldintzatzen du — ona, atsegina eta ederra denari eta ez denari inguruko definízio estetikoak barne!
Badiouren arabera, bestalde, lau eremu edo prozedura nagusien bereiztu beharrarekin, artea, politika, zientzia eta maitasuna, kontua ez da, berez, arteak ezin duela politikarik islatu, maitasuna, esate arren, islatzen duen hein berean. Badiouren arabera, hain zuzen, artegintzaren ezaugarri bat beste eremuetako gertakizunak, politikoak, zientifikoak eta amodiozkoak nola islatzen dituen ere baita. Arteak bakarrik ematen dezakeen zentzumenen dimentsioa, horrela, maitasun topaketa bat adieraztera bideratu daitekeen bezala, berdin egiten du matxinada edo borroka politiko bat eta abar errepresentatzerakoan. Politikan gertakizunak historiaren arabera ordenatzen diren bitartean, atzera begira, artea hor baitago gero iraganeko gertakizunen botere bizia edozein unetan berreskuratzeko edo lehenerazteko gaitasunarekin — adibideen beharrik ez, aipatu zaldi erromantikoena berez erakusgailu!
Badiouren ikuspegian, dena den, badago bereizketa zehatz eta argi bat, artea eta kulturaren artekoa dena: artea ez da kultura, artea kultura baino gehiago da, artea ez dago lotuta identitate kultural bati, edo kasurako, ikusi dugu, ezta identitate pertsonal-indibidual bati ere. — Jorge Oteiza abangoardiako eskultore modernista gisa interesatzen zaigu, bere jatorria eta aurre-historiako euskal kultura milakaurtekoari buruz dizkionak baino. Are gehiago: Oteizaren jatorria bera garrantzia eskasekoa zaigu garai zehatz batean bere logika propioa zuen artegintza singular eta berritzaile baten parte harle edo operadore zuzena izan zela ulertzeko, gertakizun artistiko zehatz baten testuinguruan.
Gauzak horrela, Oteizaren artegintza kulturalizatzearen edo euskalduntzearen zilegitasuna ez da iruditzen zaigun bezain agerikoa eta zerbait erakusten badigu zera da: Euskal Herrian gertakizun aipagarririk egon bada, gertakizun hori artistikoa edo kulturala baino politikoa izan da — gertakizun politiko bat, hain zuzen, hemen eta han eta harago azalduta, aztertuta eta garatuta geratu den bezala jada, ideia emanzipatzaile baten alde, belaunaldiz belaunaldi, subjektu kolektibo baten fideltasuna segurtatu duena.
Hori bai ospatzekoa, euskal askapen mugimenduaren sorrera eta garapena, eta ez, berez, euskal diferentzia kulturalaren existentzia berezitua.
Euskal diferentzia kulturalaren existentzia berezitua ospatzea ahultzailea baita, ahultzailea ospatzen dena, azken finean, subordinazio edo subalternotasun iraunkorra delako, euskal(dun)tasun transzendental eta errugabe baten jarraipen historiko etengabearen sasi-gertakizun baten kontua besterik eskaintzen ez diguna — identitatezko jarraipen kultural baten simulakroa, hain zuzen, euskal(dun)tasun subalterno betiere galtzaile baina erresilientearen enkantamenduan sostengatzen dena barne.
Aitzitik, askapen mugimenduarekin zehaztuko diren askatasun politikoaren eta giza-berdintasunaren ideiak ahaltzaileak dira, eta izango dira. Ahaltzaileak, hain zuzen, aldatzen ez diren betiko zenbait ideia unibertsal eta iraunkorrez hornitzen dizkigutelako guk, gero, azken belaunaldien zehar modu konkretuan, menpekotasun egoera gainditze aldera baldintzen aukerak sortzen eta gertarazten jarraitzeko.
Burkide maiteok, kulturgintzaren eta artegintzaren maitale finok: hemengo irakurketa pertsonal hau irakurketa sintomantiko gisa pentsatu eta ulertu behar da, zuen arteko batzuk gero, akaso, beste hainbat eta hainbat adibide aztertzeko baliabide eta orientazio gisa. Azken asmoa, hemen, ez baita arrazoi izatea adi egotera deitzea baizik.
Adi, bat: Oteizaren artegintza ulertzeko eta behar den bezala kokatzeko, bere bizitza pertsonala, baita gure mugimendu politiko askatzailearekiko atxikimendua, gaur egun uka ezina, van Gogh putazale tristearena, Gaugin pedofilo koloniarrarena edo Marinetti faszista zein Aragon kumunistarena bezainbat ardura gutxi digu; printzipioz, hau da, ez zaigu batere ardura bere artegintzaren berezko balioa aztertzeko orduan!
Eta, modu berdinean, adi bi: hasi Oteizaren garaiko aipatu berpizkunde kulturalatik, baita aurretik ere, eta momentuko azken nobedade musikaleraino, ez dago, egon, benetan edo egiazki, aparteko euskal gertakizun artistiko edo kulturalez hitz egiterik. Esan nahi baita: euskal kultura makinabat eta makinabat lan estetikoki ttukunen iturria da eta maiz kili maizago kolo, kultura mendebaldarrean bere lekune propioa, ukondoka izanda ere, zeharkatzeko gauza (izan) da. Zentzu horretan, ez dago zalantzarik: euskal kultura indartzen jarraitu beharra dago euskaraz, euskal kultura sendoa eta bizkorra, politikoki, ez metafisikoki, Joxe Azurmendi parafraseatuz. Baina gartakizunik ez dela egon diogunean zera esan nahi da; alegia: ‘euskal’ eskultore, abeslari, nobelagile, poeta, teatrogile eta abarren fideltasun artistikoa halabeharrez egon dela, are egon behar dela, modu bateko edo besteko haustura estetikoen zor eta menpe, dela musika klasikoa, modernismoa, errealismo magikoa, autofizioa edo reggetona eta abar.
Oteizaren figura erraldoiari buruz, beraz, bai, Oteizak gurean, bereziki gure mugimendu politiko emanzipatzailean ematen diren impasseak, paradoxak eta kontraesanak laburbiltzen ditu. Zentzu horretan, ez da kasualidadea, den-dena laburtuz orain, artegintzaren bulkada berritzailea goratuz hasi bagara eta iragan mi(s)tifikatu bati begira euskal kulturari buruzko joera bereizleak menderapen egoera orokor baten konpentsazio gisa pairatzeko eraikitzen ez ote galdetzen amaitu — aintzintasunaren eta kultur-berezitasunaren eraginkortasun politikoa zalantzan ezartzeraino.
Zalantzarik gabe, gure buruari buruz pentsatzeak eta ikertzeak existentziaren eta iraupenaren arazoak, materialak eta ez-materialak, arakatzea eskatzen du — zientzian oinarritutako argudiatze modu arrazoituak barne. Baina sorioneku gu bio-dibertsitateko beste giza-animalia kulturalki bitxi gisa bezala baino subjektu politiko eragile gisa pentsatzeko, ikertzeko, eztabaidatzeko, sortzeko eta gertarazteko gauza izaten jarraitzen dugun heinean, kreatiboki eta ganorazko berria politikoaren bilaketa ardatz.
Oharrak
[*] Hona hemen Arantzazuko santutegiari buruzko bideo labur pare bat: BAT eta BI
[**] Eskultore, idazle eta, bide batez, baita burkidea ere, agur eta ohore! Baina hirugarren erreferentzia honen ingurokoek mamuen eskuetan utziko ditugu. Tudeey (Kent, Erresuma Batua)
[***] Sorpresak ez dira bakarrik errepide baten bueltan, fisikoki, aurki daitezkeenak. Adibide pertsonala jartzeko hara hor nola zera jakin izan nuen diseinu grafikoari buruzko dokumental batean, Mark Chagall artista modernistak 12 lehio-begirategi diseinatu zituela Tudeley izeneko herri txiki bateko All Saints Church- Elizan (Kent-Erresuma Batua)/ Lehioen gaiakez dira guztiz erlijioskoak bi bertako bi gurasok enkargatutakoa baiziksa ezbeharrez hidako alabaren omenez.
[****] Piska bat, bestalde, beste euskal herritar handi baten, hiruzpalau urte dela hil zen Paco Rabane alegia, okultismo exoterikoarekin harremana modukoa islatuko lukeena, abracadabra erritual bateko eo jasmin-sandalo makiltxo piztuen usainak lurrigintzaren garapen eta berrikuntzarekin lotuz— ‘genio’ artistikoa eta eszentrikoa izatear batera doazela agian klitxe bar baino gehiago da.
[*****] Koldobika Jauregi (1959-2024) agur eta ohore, Zaldiak izeneko erakusketa 1989an Oreretako Xenpelar Etxean izan zen, eta ondoren Bilboko Vanguardia Galerian erakutsitako zen— gerora Loiolako Basilikan edo San Telmo museoan ikusi ahalko direnak.




