-I- Artea, gertakizuna eta egia izen pean, lehen zatian jorratu dugun gaia artegintzaren eta filosofiaren arteko lotura izan da, bukaera aldera artearen eta politikaren arteko harremanari buruzko aipamen garrantzitsu bat edo beste azalduz, Badiouren arabera.
-II- Gertakizun (artistiko)en izendatzeaz izenburuko bigarren zati honetan harreman honen izaeraz, artearen eta politikaren artekoan alegia, gehiago sakonduko dugu. Tartean Badiouren lau Egiaren prozedura edo baldintzen eta gertakizunaren teoriaren inguruko zein artearen beraren antzemateko moduei lotutako zenbait akats eta kritiken kontua emango da — Badiouri ohiz egotzi zaion balizko elitismoarena barne.
-III- Kultura ulertzeko arteaz izeneko hirugarren ataleko betebeharra, azkenik, artearen (unibertsaltasuna) eta kulturaren (partikulartasuna) arteko talka argitzen saiatzera izango da, besteak beste Jorge Oteiza den figura erraldoiaren adibideaz baliatuz.
Atal honetan, jada aipatu idazlan eta ikusentzunezkoez gain (“Arte garaikideari buruz hamabost tesi” panfletoaz gain, hiru zatitan banatzen den aurkezpen honetan, “Handbook of Inaesthetics [pdf ingeleraz] – Inestetikaren eskuliburu txikia” manifesu modukoaz eta “The Subject of Art – Artearen subjektua” ) Slavoj Zizek eta Bruno Bosteelsen ekarpen kritikoak gehituko ditugu.
***
Hona hemen, hasteko, lehen sailan garatutako Badiouren In-estetikaren muin gogorra: bat: artea Badiouk identifikatzen dituen filosofiaren lau prozedura edo baldintzetako parte da maitasuna, zientzia eta politikarekin batera; bi: artea ezin da filosofiara murriztu, artea guztiz inmanentea edo koestensiboa da sortzen dituen egiekin, eta singularra da — artearen egiak ez dira beste inon ematen artean bertan baizik; eta horregatik, hiru: arteak sortzen dituen egia singularrak artearen bertatik sortzen diren heinean, artea ezin da zuzenean beste egia amodiozko, politiko edo zientifikoetara murriztu.
Aretgintza, gertakizuna eta filosofiaren arteko harremannak direla eta, berdin, Badiouren arabera filosofia ez dago artea zer izan behar duen agintzeko. Filosofiak, noski, gertakizunei buruz hitz egiteko aukera du, gertakizunak identifikatuz eta agerian utziz edo erakutsiz. Baina filosofiak ezin du gertakizuna pentsatu, gertakizunak berak pentsatzen du bere izateaz: filosofiak ezin du egia eraginkorrik sortu, egia oro gertakakizun zehatz eta singularren bidez sortzen delako eta gertakizunen sortzea filosofiatik kanpo dauden lau kategoriei soilik baitagokie: artea, politika, zientzia eta maitasuna.
Badiouren egiaren prozedura maitasunezko, politiko, zientifiko eta artistikoen ikuskeran, beraz, artea filosofiara murriztu ezin den pentsamendu-modu singular gisa planteatzen da. Filosofiaren zeregina ez da artea pentsatzea; arteak bere burua pentsatzen du hura osatzen duten obren bidez. Konfigurazio artistikoak, beraiek osatzen dituzten lanetan bertan pentsatzen dira, arteak berak sortzen dituen egietan, hain zuzen, beste inon ematen ez direnak.
Honek Artegintzaren eta Gertakizunaren arteko harremana antzematera bultzatzen gaitu. Horrela, Badiouren teoria orokorrean, maitasunaren, zientziaren edo politikaren egiekin gertatzen den bezala, egia artistiko baten ibilbidean momentu antzekoak aurkitzen ditugu. Lehen momentu edo unea hasierako gertakizuna (artearena) da. Gero, bigarren unean, artegintzaren subjektuak gertakizunarekiko fideltasunean jarraitzeko erabakiaren bidez irauten du. Eta hirugarren, egia amaiera jakin batera iristen da bere konfigurazio propioa agortzen denean, hau da, egia hori saturatu egiten da egia horretan fideltasunez parte hartzen duten subjektuek egia beraren izaera ikertzen gero eta gutxiago lortzen dutenean, hots, “bere buruari buruz pentsatzeari uzten dionean (eta) kreatiboki ikertzea lortzen ez duenean”, zeinak gertakizun horrek zeraman egiaren amaiera baitakar.
Badiouk eskaintzen digun teoria edo sistema orokorraren barnean, argi dago, asmatzera bideratutako estetikaren inguruko pentsakera da. Gauzak horrela, zehazkiago, XX. Mendeko artegintzan Badiouk identifikatzen dituen hiru kontzepzio edo eskema estetiko nagusiek (Didaktikoa, Erromantikoa eta Klasikoa) ezagutu zuten agorpenaren edo saturazioaren ondoren beharrezkoa da, hala darrai Badiouren argudioak, XXI. Menderako laugarren kontzepzio estetiko berri baten asmamenean aurrera egitea.
Azkenik, aipatu behar da, baita ere, zinema eta musika garaikidea bezalako kultura herrikoiarekiko, bereziki, edo, orokorrean, hirugarren atalean gehiago aztertuko den bezala, kultura herritar zein herrien kulturekiko Badiouren begirune eskasak susmoa areagotzen duela berea ez ote, azken finean, beste agindu Didaktiko bat, izan ere, eskema Erromantikotik oso hurbil dagoena, eta, gainera, modu oso Klasikoki elitistan aurkezten zaiguna.
Badiouren lanari buruzko susmoak direla eta, bada, ondoren, Badiouren gertakizunaren teoria orokorrean eta artegintzari lotutako in-estetika partikularrean sortzen diren zenbait arazoz arituko gara. Baita arazo horiek sortzen dituzten kritiken baliotasunaz ere, ala ez, guzia hiru azpi-atalen zehar barreiatuz.
Lehenik eta behin, artegintzari buruzko teoriaren inguruan baino egiaren lau baldintza edo prozedura izendatzearekin batera datorrena da. Bai, lehen sailean jada aipatu bezala, Badiouren filosofian ezaugarririk oinarrizko eta orijinalenetakoa bertan lau “egiaren prozedura” identifikatzen dituela da, egia artistikoak, politikoak, zientifikoak edo amodiozkoak, izan ere, filosofíaren beraren baldintzak osatzen dituztenak. Eta, noski, segituan sortzen den galdera da: zergatik lau eta ez hamalau? Edo zehazkiago, Slavoj Zizek, Esloveniako Eskolakide ezagunena, galdetzaile hemen: zergatik lau eta ez bost? Zergatik , adibidez, erlijioa ez?.
Bigarren, are garrantzitsuago, Zizekek berak Badiouren lanen itzultzaile eta aditua den Bruno Boostelsekin batera, beste arazo nagusi pare baina elkarlotu baten kontua ematen dute.
Batetik: gertakizuna haustura zehatz eta ez-usteko edo aurretik antzemanezina bada, nola izendatu daiteke oraindik gertatu ez dena sortu behar den laugarren eskema estetikoaren momentu gisa?
Bestetik: gertakizuna izendatzeko eskubide bakarra gertakizunaren egiari fideltasuna profesatzen duten subjektuen eskuetan soilik badago, ez ote da jarrera hori historizitatearen egitura minimorik gabeko jarrera arras subjektiboa?
Eta hirugarren, azkenik, Badiouren ikusbide estetiko orokorra bera ez ote da sobera preskriptiboa, are, gainera, guztiz elitista artegintzaren ulermenean goi kulturako emaitzak goraipatzen dituen heinean kultura herritarraren kaltetan?
Denera, hortaz, Badiourena, oro har, ez doa arazorik gabe. Alta, galdera da arazo horiek funtsezkoak izanda ere gaindiezinak diren ala ez!
Egiaren baldintzak, gertakizunaren izendatzea eta elitismoa aztergai
Aurreko azpiatalean Badiouren in-estetikan, zehazki, baina, baita, bere Egiaren prozedurei buruzko teorian eta proposamenean ere, oro har, zenbait huts(une) posiblez erreparatzeko bidea dagoela erakutsiko dugu; izan ere, hiru, nagusiki, lehena egiaren baldintza/prozedura edo eremu/arlo/generoak lau izatetik dator; bigarrena gertakizuna izendatzeko eskubidearekin lotuta dago; eta hirugarrena artea eta kulturaren arteko desberdintasuna azpimarratzetik sortzen den arriskuari buruzkoa da, alegia elitismoarena.
***
Slavoj Žizek, hasteko, arazo bestela ere sobera errepikatu batekin datorkigu, arteari berari lotuta baino, Badiouk proposatzen dituen aipatu Egiaren prozeduren aukera dela eta galdera, ikusi dugu, zera da: zergatik lau, eta ez bost, esate baterako, zergatik ez, adibidez, erlijioa gehitu.
Žizekek planteatzen duen galderari, Badiouren erantzuna sobera sinplea eta zuzena da: “nire erantzuna da ez dudala beste bat aurkitzen”. Baina zer gertatzen da, orduan, Saulo santu kristauak duen erdikotasunarekin Badiouren pentsamenduan? Bada, Badiouren arabera Saulo saindu kristauaren unibertsaltsuna eredu dirauela, hain zuzen, “Saulo Egia eta Gertakizunaren matrize formala zabaldu zuen lehena izan zelako” eta, hala eta guztiz ere, erlijioa bera egiaren prozeduretatik kanpo geratzen dela erlijioa dogmatzat hartzen duelako: “erlijioa «gertakizun bati buruzko fabula bat da, eta ez gertakizun bat”.
Zentzu berean, gero, ekonomiak edo historiak ez dute berezko egiaren baldintzarik osatzen, hain zuzen ere zer eta ekonomia (politikoa) eta historia (politikoa, soziala…) politikaren barnean ulertu behar direlako. Eta berdin gertatzen da, esaterako, berritasun teknologikoekin, zeinen izaeraren beraren gertakizuna zientzian kokatzen baita eta abar — hala nola filosofía bera lau prozeduren guztiz menpe dagoen heinean.
Berriz esateko, Badiourentzat, aipatu eta aipatu dugun bezala, filosofia egiaren prozedurak edo baldintzak existitzen diren heinean existitzen da soilik eta bakarrik. Horrek, baina, ez du esan nahi ‘prozedura’ edo ‘baldintza’ hitzak ‘kausa’ bezala ulertu behar direnik. Badiouk egin duena giza espezieak bere gizabere existentzia soilaten gainditzeko milurtekoetan emankorrak izan diren egiak lau genero handietan sailkatzea izan da: zientziak, arteak, politika eta maitasuna. Filosofiarekin batera, hortaz, elkarri lotutako bost prozesuri buruz ari da, nahiz eta argi geratu behar den filosofiak beste laurekin batera existitzera behartuta egotearen posizio betezia hartzen duela, beste laurak, aitzitik, beren kabuz egon daitezkeen eta dauden bitartean.
***
Askoz ere garrantzitsuago, bigarren, artegintzatik abiatuta artegintzatik haratago ondorioak dituelako, Žizekek berak gertakizuna eta bere izendapena dela eta antzematen duen impassea da — Bruno Bosteels-en aipatu oharmen zorrotz batetik tiraka egiten duena: gertakizuna ezin bada aurretik izendatu gertakizuna bera nondik sortuko den jakiterik ez dagoelako, artean egia inmanenteak eta singularrak sortu behar dituen laugarren eskema berri baten aldeko aldarrikapena bera paradoxikoa da eta kontraesanetara irekia dago.
Bosteels parafraseatuz, Badiouk, batetik, gertakizunera sarbide mistiko zuzen ororen aurka egiten du — erromantizismoarena, adibidez, horren eredu nagusia da nola artegintzarentzat halaxe artegilearentzat sublimearen eta genioaren status gorenekoa aldarrikatzen duenean Eta, bestetik, edo, aitzitik, gertakizun artistikoa, beste gertakizunak bezala, bere izendatze edo izendapenarekin lotuta dago: gertakizuna, bestela esanda, gertakizunaren izenean barrutik aritzen direnentzat existitzen da soilik, Badiouren arabera.
Bosteelsen arabera, ordea, Badiouren gertakizunari buruzko jarrera hori arras subjektiboa da eta, esan bezala, jarrera horretan faltan botatzen dena historizitatearen egitura minimoa da.
Gutxieneko historizitatea falta delako argudioa bere gain hartuz, gero, Žižekek Theodor Adorno Frankfurko eskolakideak “Gu lotzeko Berriak duen boterea” esaldiaz baliatzen da eta kritika berdina luzatzen du:
“zerbait benetan Berria sortzen denean ezin da gero segi gertatu ez balitz bezala, Berritasun horrek koordenatu guztiak aldatzen baititu. Schoenberg-en ondoren ezin da musika-piezak idazten jarraitu tonu modal erromantiko zaharrean; Kandinsky eta Picassoren ondoren ezin da era figuratibo zaharrean margotu; Kafkaren eta Joyceren ondoren ezin da era errealista zaharrean idatzi. Edo bai, noski, egin daiteke baina egiten bada, forma zahar hauek ez dira berdinak jada, bere inozentzia galdu dute eta orain faltsukeria nostalgiko gisa agertzen zaizkigu.”
Badiou, noski, ondo jabetuta dago Bosteelsen kritikaz eta Žižekek azaltzen duen prozesuaz. Arte garaikideari buruzko hamalaugarren tesiaz jabetzea besterik ez dago, Artearen subjektua hitzaldiaren anaieran ere errepikatzen duena:
“Hobe da ezer ez egitea jadanik existitzen direla aitortutzat dauden formen asmamenak ikusgai bilakatzen laguntzea baino”.
Žižeken oharra, dena den, garrantzitsua dirau, zeinaren arabera gertakizunak ezin dira soilik aitorpen edo izendapen subjektiboaren esparrura murriztu: Gertakizunak sortzen den egoeraren barruan eragina du, sortzen dituzten subjektuetatik haratago. Are gehiago, Bosteelsek nabaritzen duen akatsa berriz azpimarratzekoa da: gertakizunak gertatu eta gero bakarrik izendatu daitezkeen heinean gertatu ez den artegintzaren laugarren eskema berri baten aldeko aldarrikapenarena, hain zuzen, oraindik gertatu ez den baina gertatu behar den gertakizun gisa izendatzeak Badiouk proposatzen duen gertakizunaren teoria bera ukatzen du.
Badiouren posizioa berrerosteko, baina, aipatu beharra dago berea betiere mugimenduan eta zuzenketara irekia dagoen sistema teorikoa dela. Zentzu horretan, teoria orokorrean hutsuneak aurkitzea kritikaren betebeharra da. Bai, Badiouren teoriaren egituraketa orokorraren barruan artegintzaren eskema berri baten aldeko aldarrikapena bera kontraesankorra da. Alta, oraindik gertatu ez dena aurre-izendatzeko ausardiak berak Badiouren berezko bultzada miresgarriaz hitz egiten du, eraldakuntzaren eta berri(tasun)aren aldeko bultzada politikoaz, noski.
Azkenik, Badiouren balizko elitismoa dela-eta, bai, Badiourentzat, handitasun artistikoa formaren berrikuntzatik sortzen da eta hori nekez gertatzen da masazko kultura herrikoian. Arriskua, ondorioz, begibistakoa da Badiouren salbuespen artistikoaren gorazarreak betiko elitismo klasistaren forma ezaguna hartzen ez ote duen — esate baterako Beethoven nahiago Berri Txarrak baino. Nahiz eta artearen eta entretenimenduaren arteko mugak ezin beste lausoagoak diren gure garaiotan, posizio elitista bat babestu baino, Badiouk artegintza sitiatuaren berezko balio ordezkaezin eta berritzailea azpimarrratu nahi duela argudiatu daiteke.
Euskal Herriko rock musika tartean sartu dugunez, baina, ez dago sail hau bukatzerik aipatu gabe artea, Badiourentzat, ezin dela berezitasun kultural edo pertsonal baten adierazpen hutsa izan, Artea in-pertsonala eta a-kulturala da, guztioi zuzendutako egia artistiko baten ekoizpena da eta bere unibertsaltasuna baten kultura propiotik haratago de-kontestualizatu eta beste batean ber-kontestualizatu daitekeenean nabaritzen da.
Esate baterako, onartu dezagun Badiouk berak uste omen duenaren kontra eta guzti, hard rock eta heavy metal musika estilo herrikoiak konfigurazio artistiko propioak osatzen dituztela. — eztabaida, orain, ez da gertakizun gisa musika tankera singular horiek agortuta edo saturatuta dauden ala ez, eta gaur egun egiten direnak agorpen edo saturazio hori agerian ezartzen dituzten errepikapenak besterik ez direla. Estuan dagokigunari lotuta, Badiouren argudioa, hemen, zera litzateke, alegia, Berri Txarrak edo, izen ezagunez baliatzen arren, Esne Beltza taldekoen historia pertsonala edo jatorria bera garrantzi gutxikoak direla hemen sortutako musika hau han eta harutzago edonorentzat irekia dagoen jakitea baino.
Orain arte garatutako bi sailetan aipatu dugu, Badiourentzat, edozein egiak, dela artistikoa, amodiozkoa, politikoa edo zientifikoa, zerbait izan behar duela gutxienez potentzialki unibertsala dena. Ondorioz, ezin da euskal edo ingeles arterik egon, ez, bestalde, arte burges edo proletariorik eta abar: artegintzak sortzen dituen egiak artearenak dira, soilik eta bakarrik.
Arriskua, ondorioz, begibistakoa da Badiouren singulartasun artistikoaren gorazarreak ttak egingo ez ote duen gure artean nagusia den euskal kultura berezitu baten gorazarrearekin.
Korapilo hau askatze aldera, hirugarren eta azken sailean, zuzenean arituko gara jada aipatu Jorge Oteiza eskultore eta idazlearen adibideaz — bide batez, gainera, burkidea ere izan zena. Eta jada sarri aipatu bezala, baita ere, azpimarratuko dugu balizko berezitasun kulturalean baino gertakizuna bera, egon, euskal askapenaren prozesu integraleko singulartasun politikoan dagoela.[*]
[*] Hirugarren atalera begira aipagarria da ‘Oteizak bere obra azaltzen du’ bideo motza (gazteleraz). Era berean, Xabier Gantzarainen ‘Zuloak’ liburuko (2018) lehen kapitulua ‘Zuloa. Ibon Aranberri’ izenekoa (11-17 orri.) eta Xabier Mendigurenen ‘Oso latza izan da’ (2023) gertakari politiko ilun baten inguruko eleberria batera ekartzeko bidea irekitzen da.
Enfasia ezberdina izanik, Gantzarainena artegintza da, Mendigurenena historia politikoa, biak ala biak eskaintzen digute Oteizaren figuraren inguruan antolatuko den datorren sailaren eztabaidarako muina.
Gantzarain Heraklito-zalea da (“goizean herritik urten eta gauean etxera itxultzean herria ez da lehengo bera…”) eta bere saioa euskal artegintza garaikideari buruzkoa baldin bada ere, ondo asko jabetuta dagoela ematen du, benetan ‘bereizten’ gaituen zerbait badago hori singulartasun politikoa dela (“Gu izenorde politikoena, idatzi zuen Joseba Sarrionandiak”).
Mendigurenenen eleberria guztiz da politikoa, eta Joseba Arregi tortura pean poliziak erahildakoaren gorputz ubelduaren erreskatean parte hartuko duten pertsona(íez) jabetuz gero, zerbait erakusten bada, ondo asko gainera, aipatu gertakizun politikoaren subjektua bera zein motaskoratikoa (izan) den da — historikoki, estaldura prozedura bitarteko, ideologia nagusi eta zapaltzailetik ohitu nahi izan gaituen figura ortodoxo, dogmatiko, sektario eta krudelatik guztiz haratago.
Alta, artegintzari zehazki lotuta eta Oteizaren Quosque Tamdem liburuak garai baten izan zuen arrakasta dela eta, Gantzarainek zera dio: “Itxi. Zuloa itxi. Ez dago jatorri mitikorik”. Eta Ekaingo kobazuloko margoen harira baietz, “denboran atzera egitea d[el]a benetan liluratzen zaituena, eta duela milaka urte jende batek zaldiak margotu zituen leku berean egotea. Leku berean egotearen ilusioa”.
Mendigurenen eleberriko narratzailearentzat, aldiz, ‘ilusioa’ hitzaren esanahia ez dator bat fantasiarekin pozarekin baizik; “pintura paleolitikoa eta abanguardiako artea” batasun batean lotzen dituenean bezala — hain zuzen ere, Parmenidesen erara, esan daiteke hor nonbait. Eta hala darrai “Oteizaren itzala” nabarmenduko den garai bateko Ekain Arte Lanak eta gaurko Ekain galerietako sustatzaileen harira: “Ekain da historiaurreko labar-arte ederrenekoa duen kobazuloa, paleolitiko euskal margotik hunkigarrienetarikoak dituena. Garai hartaz mintzatzean ’euskal’ hitzak zer esan nahi ote duen, duela 15.000 urte gure hizkuntzaz mintzo ote ziren, gu haien ondorengo genetikoak ote garen, ez dakigu ziur, baietz suposatzen dugu, hipotesi posiblea izateaz gain erosoa zaigulako, poz eta harrotasun natural bat ematen digulako eta politikoki onuragarria zaigulako ere bai. Edonola ere, zentzu grografiko hutsean “euskal” arteaz jo dezakegu” (35-36 orri.).
Zer esanik ez, hirugarren atalean Gantzarainen saioaren izpirituarekin errazago etorriko gara bat Mendigurenen fikziozko narratzailearekin guzia desadostasuna ez bada ere — kontraesanezko arrazoi nagusiak bi izanik:
1/ Herria bera goizetik gauera egun berean aldatzen bada artegintza bera antzemateko moduak aldatu egingo dira, halaber. Alta, Ekain kobazuloko zaldiak eta Picassoren “Guernica” margoko zaldiaren artean loturak aurki daitezke, baita puntuan joan zaigun Koldobika Jauregik egindakoekin — Badiouk berak bere ‘inbarientzia’ kontzeptuarekin onartuko duen bezala: dela ‘egia artistikoaren inbarientzia’ edo “egia politikoena”.
2/ Modu berdinean, baina, zilegi da galdetzea euskal berezitasun kulturalaren kondairen bidez poz eta harrotasun natural bat ematen digun ilusioa bera politikoki benetan onuragarria den ala baliagarria, aitzitik, elikatzen dugun subalternotasun iraunkorraren madarikazio nartzizista norainokoa den autoindulgentea ohartzeko, behingoz eta betikoz.
Hau esanda, noski, ikusbide hain kontraesankorrez eztabaida bera egoteak bakarrik ondo asko erakusten du EHan hamarkaden zehar eratu den askatasun politiko eta giza-berdintasunaren aldeko mugimendu emanzipatzailearen barneko eta inguruko aberastasun artistiko eta intelektuala. Oteiza beraren lfantasiak eta errealitateak ekuko.



