Artegintzaren In-estetika: Berritu ala hil (1/3) Artea, gertakizuna eta egia

Artegintza, Didaktikoa, Egia, Erromantikoa, Eskemak, Filosofia, In-estetika, Klasikoa

Euskarara itzulitako “Arte garaikideari buruz hamabost tesi” panfletoaz gain, hiru zatitan banatuko den aurkezpen honetan, “Handbook of Inaesthetics [pdf ingeleraz] – Inestetikaren eskuliburu txikia” manifesu modukoaz eta “The Subject of Art – Artearen subjektua” hitzaldiaz baliatuko gara, gehien bat.

-I- Artea, gertakizuna eta egia izen pean, lehen zati honetan jorratuko dugun gaia artegintzaren eta filosofiaren arteko lotura izango da, baita bukaera aldera artea eta politikaren artekoa ere, Badiouren arabera.

-II- Gertakizun (artistiko)en izendatzeaz deitutako bigarren zatian, Badiouren artearekiko zein gertakizunaren teoriari berari lotutako zenbait akatsen kontua emango da, besteak beste, Badiouren balizko elitismoarena barne.

-III- Kultura ulertzeko arteaz izeneko hirugarren zatian, artearen (unibertsaltasuna) eta kulturaren (partikulartasuna) arteko talka argitzen saiatuko gara Jorge Oteizaren lanaz (eskultore eta/vs idazlea) adibide paradigmatiko gisa baliatuz.

 

 

***

Lehen zati honen sarreran zera aipatuz eta bergogoratuz hasi behar dugu, alegia, Badiouren sistema filosofikoan lau “egiaren prozedura” daude eta Egia bakoitza egoera jakin baten egia da lau prozedura hauetako baten baten barruan, egia artistikoak, politikoak, zientifikoak edo amodiozkoak. Hau, izan ere, Badiouren filosofian ezaugarririk oinarrizko eta orijinalenetakoa da.

Berezko egiak sortzen dituen gertakizunen lau eremu posible identifikatuz eta subjektuak egiaren prozedura horietako baten operadore edo eragile gisa azalaraziz, egiaren lau baldintzen teoria honek aukera ematen digu filosofiaren betebeharraren arazo zaharrari modu berri batean heltzeko.

Badiouren meritua filosofia baldintzatzen duten lau eremuak, maitasuna, artea, zientzia, eta politika, aipatu modu sistematikoan zabaltzea da. Badiourentzat ez baita lau eremu horiek leku eta denbora guzietan aurkitzen direnik, baizik eta lau eremu horietako batetik edo bestetik kanpo ez dagoela egiak sortzen dituzten subjekturik, soilik existitzen diren gizabereak baizik.

Filisofiaren eta pentsamenduaren domeinuetara begira, oro har, lehentasunen gainazpiraketa hau lehen ordeneko iraultza intelektuala da: egia ez da objetiboa eta egia zer den jakiteko iturria ez dira jakintza edota sinesmen preskriptiboen aginduak; egiak, aitzitik, gertakizun zehatz eta singuarretan sortzen diren subjektu eragileen garapenean kokatzen dira.

Badiouren ikusbide orokor honen muin berritzaileak ondorio zuzenak ditu artegintza eta filosofiaren arteko harremana azaltzerakoan:

“Filosofiak artearekin duen harremana beste egiaren prozedura guztiekin duen erlazioa bezalakoa da, eta den bezala erakustera laburtzen da. Filosofia egiarekin, egiaren prozedurekin, egiten ditugun topaketen bitartekaria da”.

Badiouren egiaren prozedura maitasunezko, politiko, zientifiko eta artistikoen ikuskeran, artea ere filosofiara murriztu ezin den pentsamendu-modu singular gisa planteatzen da. Eta artearen eta filosofiaren arteko lotura historikoari heltzeko orduan, Badiouk hiru forma edo eskema nagusi identifikatzen ditu: Didaktikoa, Erromantikoa eta Klasikoa.

Hasteko, bada, eskema bakoitzaaren muina laburtuko da, zeinak filosofiaren artearekiko harremanak aztertzera bultzatuko gaitu eskema bakoitza, bide batez, beste aldagai batekin lotuz, alegia: pedagogia edo subjektuen heziketarena, bereziki gazteena — zeinak, jarraian, artegintzaren hiru eskema hauen eta Egiaren arteko harremana azaltzeko bidea irekiko baitu.

Ondoren, Badiouren gertakizunaren teoria bera artegintzara aplikatuta argigarria suertatuko da, eskema estetikoen garapenaren nolakotasuna bere prozesu edo luzaera osoan antzemateko balioko batigu, baita, halaber, Badiouri sortzen zaion arazoa azaltzeko, alegia: aztertuko dituen XX. mendeko hiru eskema nagusi horien agorpen edo saturazioaren ondoren, XXI.ean ez dela beste eskema berririk sortu, dagoeneko behinik behin.

Artegintzaren hiru eskemak

 

Non mimesis han katarsis? Ez beti! Mendebaldeko pentsamenduaren historian artearen xedeari, funtzioari, esanahiari eta balioari buruzko estetikaren teoria asko egon da. Badiouren arabera, estetikari buruzko aurreko kontzepzioen aniztasun teoriko hau hiru eskema edo forma historiko nagusietara labur daiteke: Didaktikoa, Erromantikoa eta Klasikoa.

Eskema didaktikoan, lehenik, arteak funtzio pedagogiko berezia du zentzumenen didaktika gisa. Didaktika ‘irakatsi’ esan nahi du grezieraz, baina arteak irakasten duen egia artetik kanpo dator: ‘arrazoiz’ko helduen bidez, gazteei estatuak eta filosofiak irakasten die artea zer den. Platonen mimesis edo imitazioa ardatz, eskema didaktikoaren asmo garrantzitsuena artearen kontrola da.

Bigarren, eskema didaktikoaren betebehar pedagokikoa eta eskema erromantikoarena guztiz alderantzizkoak eta aurkakoak dira. Eskema erromantikoan artea bera baita, soilik eta bakarrik, egia gauzatzeko gai; artea absolutua da, eta arteak bakarrik lortzen du filosofiak adierazi besterik ezin duena. Eskema erromantikoan artearen egia Egia bera da: ez dago artearen egia beste egia amodiozko, zientziazko edo politikazko prozedura generikoekin uztartzerik.

Eta hiru: «zaintza» didaktikoaren eta «gorapen» erromantikoaren artean Klasizismoak bake uneak gaitzen ditu, noizbehinka. Eskema klasikoak, Aristotelesenak, alegia, bat egiten baitu didaktismoarekin: artearen esentzia bera mimetikoa da eta sortzen duena itxurazkoa; artea errealitatetik bikoizten duen “antzekotasun”ean oinarritzen da; errealitatearen errepikapena den heinean, artea ezin da izan berezko egiak sortzeko gai; arteak bere buruaz egia balitz bezala nahi beste pentsa dezake, baita artearen xedea ezagutza eta jakintza dela ere, eta abar, baina arteren xede bakarra katarsia da eta filosofiak artearekin duen harreman estetiko bakarra, katarsiaren arrakastaren arabera neurtzen da — ‘atsegin zait’ gisa adierazten dena: katarsiaren harremana ez da artearen berezko egiarekin, arteak imitatzen duenaren ikus-entzun-irakurlegoaren harrerarekin baizik.

Badiourentzat, laburtuz, artearen eta filosofiaren arteko lotura ezberdina da hiru kontzepzio horietan: batetik, didaktismoaren kontrol estetiko estua dago; bestetik, erromantizismoaren artelanarekiko leialtasun liluratua; eta tartean, klasizismoak lortzen dituen bake edo konponbide momentuak.

Merezi du aipatzea Badiouren ikusbidean Egia betikoa eta hilezkorra izanik modu berdinean dela inmanentea eta singularra, hau da, ez da transzendentea eta forma konkretuak hartzen ditu.[*] Politikan, esate baterako, askatasun politikoaren eta giza-berdintasunaren edo justizia sozialaren ideia unibertsalak gertakizun inmanente eta singularren bidez egiaztatzen dira, hala nola, erakutsi dugu jada, askapen nazional eta sozialaren prozesuan ematen dena bezalakoa. Modu berdinean, artegintzan edertasunaren ideia generikoa artelanen izate inmanente eta singularretan gauzatu beharko lirateke. Alta, didaktismoan artegintza inmanentea da baina ez singularra — kanpotik azalgarria eta moldagarria den heinean; erromantizismoak artelanaren singulartasuna goresten du baina bere sorkuntza ez da inmanentetzat antzematen, artea Egia beraren neurri bakarra baita, artearen neurri transzendentea; eta eskema klasikoan artegintza ez da inmanentea eta ez da singularra; aitzitik, hala dio Badiouk:

“eskema klasikoan artegintza «zerbitzu publikoa» da, zeinaren egia imajinarioaren eremuan soilik gauzatzen baita”.

Badiourentzat, ondoren, betebehar nagusia hiru eskema nagusi horien agorpen edo saturazioaren osteko aukerez hausnartzea da — paradoxalki, hausturen eta berritasunaren garai paregabekoa izan zen XX. mendeko ezaugarri nagusia zer eta, zinez, inolako eskema «berri»ren lekuko ez zela izan baita: Abangoardiek, zehazkiago, eskema didaktiko-erromantikoaren uztarketa sintetikoa sortu zuten, baina ez zuten lortu klasizismoa gainditzea eta, ondorioz, abangoardien didaktismoaren eta erromantizismoaren arteko lotura sintetiko horretatik sortutako efektu guztien itxiera edo hertsipenaren lekuko gara, gaur egun.

Testuinguru horretan, Badiouren asmoa gure garaiari dagokion saturazio eta hertsipen egoeran eskema berri bat sortzeko saiakeran aritzea da, artegintzaren egiarekiko harremanak posizio berri bat har dezan. Eta Badiouren gertakizunaren teoria lagungarria suertatzen da enpeinu horretan, hau da: jada agortutako eskema estetikoen prozesuak ulertzen laguntzen digu; eta balizko eskema berri hori sortze aldera, egia eta artegintzaren arteko edo artegintza eta filosofiaren arteko harremanez modu berri batean jabetzera bultzatzen gaitu.

Artegintza gertakizun gisa

 

Gai nagusia, hemen, artegintzarena da, Alain Badiouren egiaren teoria orokorrean, lau prozedura/baldintza edo eremu/esparru nagusienetariko bat dena, politika, zientzia eta maitasunarekin batera. Badiouren ustez, ikusi dugu, estetikari buruzko hiru jarrera nagusi daude: klasikoa, erromantikoa eta didaktikoa, non, artea nolakoa izan beharko lukeen agintzeko orduan filosofiari, edo ez-filosofiari, zehazkiago, eredu erromantikoan, botere gehiegi ematen zaion arteak edo poesiak eta abar zer egin behar duten edo zer ez agintzerakoan.

Badiouren in-estetikaren funtsa, aitzitik, zera da: egia artistikoak arteari dagozkie soilik. Filosofia ez da gai arteak zer izan behar duen edo lukeen esateko. Filosofia indargabetua dago arteari buruz aritzeko. Filosofiaren lana ez da mundua nola dagoen jakiteko egiak agerian uztea. Filosofiaren betebeharra, aitzitik, beste baldintza edo eremu batzuek, arteak barne, agerian uzten duten egiei buruz hitz egitea eta egia horiek zer ondorio dituzten arakatzea da.

Marko teoriko orokor horren barruan, gero, Badiouren azterketa zehatzak Modernismoaren eta Abangoardien ikerketan ardaztu eta hedatu dira, ez bakarrik baina bai gehienbat. Eta hemengoa inbitapena luzatzera laburtu daiteke, bakarrik, bere azterketa in-estetiko ainitz eta aberatsez jabetzeko — hasi Picassoren, Malevichen edo Duchampen arte-esperimentalari buruz eta Hölderlin, Pessoa, Beckett, Celan edo Mallarméren literatur-lanen irakurketa sotil eta probokatzaileetaraino, poesiaren, antzerkiaren, zinemaren eta dantzaren espezifikotasunaren inguran iruzkin ausartak ahaztu gabe.

Azpisail honen asmo nagusia, baina, artegintzan bertan gertakizunaren prozesua ulertzeko zenbait adibide eta gako berri eranstea da. Badiouren teoria orokorrean, maitasunaren, zientziaren edo politikaren egiekin gertatzen den bezala, egia artistiko baten ibilbidean gertakizun batekin hasten den prozesuan momentu edo une antzekoak aurkitzen baititugu. Lehen momentu edo unea hasierako gertakizuna (artearena) da. Gero, bigarren unean, artegintzaren subjektuak gertakizunarekiko fideltasunean jarraitzeko erabakiaren bidez irauten du. Eta hirugarren, egia amaiera jakin batera iristen da bere konfigurazio propioa agortzen denean, hau da, egia hori saturatu egiten da egia horretan fideltasunez parte hartzen duten subjektuek egia beraren izaera ikertzen gero eta gutxiago lortzen dutenean:

“Konfigurazio eman batek osatzen dituen artelanetan pentsatzen du, eta bere buruari buruz pentsatzeari uzten dionean, hau da, bere osagaiak konfigurazio horretan kreatiboki ikertzea lortzen ez duenean, [konfigurazio horren] egia amaitu egiten da”.

Adibide batzuk jartzeko: Joseph Haydn konpositoreak musika klasikoaren estiloa asmatzen duenean gertakizun bat ematen da. Haydn-gertakizunak, hain zuzen, estilo klasikoaren konfigurazioa inauguratu zuen, hau da, kontzienteki edo inkontzienteki, artikulatuago edo ez hainbeste, egia bat inauguratu zuen nagusi zen barrokotik haratago haustura gisa. Ondoren, ordura arte barrokoan kokatuta zeuden konpositoreek antolaketa berri horren egia besarkatu eta fidelitasunez jarraitu zuten, Beethovenekin saturazio puntu batera heldu arte.

Zentzu berean, Cezanne, Matisse, Munch, Seurat, Toulouse Lautrec, Pisarro, Rousseau… gertakizun post-inpresionistaren hausturan parteharleak dira, Inpresionismoren konfigurazioa saturatu eta abangordien konfigurazio artistiko berri bat abiaraziko zuten heinean.
Modu berdinean, Oteizaren artelanak gertakizun baten parte dira bigarren mundu gerra aurreko aipatu abangoardien saturazio eta gainbeheraren ondoren, bigarren mundu gerra ostean, alegia, subjektu artistiko kolektibo berri baten zenbait proiektu estetiko berrietan, konstruktibismo geometrikoa, minimalismoa… parte zuzena hartu zuelako.

Jada aurkeztu bezala, Oteizaren ingurukoaz hirugarren zatian gehiago aztertzeko aukera izango dugu. Arrastroa uzteko, baina, ohargarriena, oraingoz, da Badiourentzat gertakizun artistikoaren subjektua ez dela artegilea, berez; are gehiago:

“artea pentsatzeko unitate egokia ez da obrari ala egileari buruzko ikerketa egitea, gertakizun baten hausturak abiaraziko duen konfigurazio artistikoari buruz hausnartzea baizik”.

Adibidez, eztabaida estetikoaren fokoan dagoena ez da Picasso bera, edo Picassoren jatorria, edo bere sexu preferentziak eta gehiegikeriak, ezta Guernica margoa edo margoa bera inspiratu zuen Gernika hiria ere. Gertakizuna kubismoa da. Eta horrek esan nahi du artelanak berak ez duela berezko egiarik, artelana bere baitan ez da nahiko ikerketa-unitate egoki gisa. Artelan bat, bere horretan, egitate edo facto bakan bat baino ez denez, ezin da, oro har, gertakizun gisa planteatu, ezta egia gisa ere; egia ez baita artefaktuan gauzatzen, prozedura artistikoan baizik. Izan, prozedura artistikoa da gertakizun baten testigantza ematen duena:

“Egia artistiko baten subjektuak egia hori osatzen dituzten artelanak dira”.

Funtsean, orduan, gertakizun artistiko batek gure zentzuen eskura edo dispoziziora jada badauden form(ul)a nagusien aldakuntza aurresuposatzen du, jada badagoenaren oinarrizko eraldaketa berrikuntzaren bidez.

Ondorioak: berritasunaz eta saturazioaz

 

Ez dago soberan azpimarratzerik: Badiouren pentsakerak berria asmatzera bideratutako estetika baliotzen du eta, beraz, Egia eta artegintzaren arteko harremana oraindik ez dagoenaren edo berriaren bilaketan oinarritzen da. Izan ere, are gehiago, hor datza, baita ere, artea eta politikaren arteko lotura edo sintonizazio posible bat. Gertakizun artistikoa, Badiourentzat, oraindik forma ez den zerbaiti formalizazio berri baten agerpenerako aukeren irekiera da. Bizi gaituen mundu sentsible askotariko eta kaotikoaren existentziatik haratago, gertakizun artistikoa formalizazio berrien aldeko disposizio berri bat da:

“Gaur egun artea existitzen ez denaren abiapuntutik baino ezin da egin…Arteak in-existentzia hori ikusgai bihurtzen du. Hori da arte ororen printzipio formala arautzen duena: existitzen ez dena guztiontzat ikusgarri bilakaerazteko ahalegina.”

Zentzu horretan, ikusi dugu jada, XX. mendean — hausturen mendea eta «berriaren» mendea izan omen zena, ez ginen izan lehendik zeudenen agorpen edo saturazioaren lekuko baizik. Gaur egun hiru eskemak, didaktikoa, erromantikoa eta klasikoa saturatuta egoteak esku artean dugun errealitate sozio-politikoaren ispilu baino ez da, saturazio eta itxiera egoera baten lekuko den errealitatea berarena, hain zuzen — kultur ekoizpen garaikidean nabaritzen duen konformismoa barne. Badiourentzat gaur egungo auzi politikoa oso iluna baita eta, horregatik, garrantzitsua da esperimentazio artistiko berrietan aritzea, determinazio politikoak ilunak direnean sorkuntza artistikoaren ardura espezifiko horrek, bilaketa horrek, egoera argitzen lagundu dezakeelako.

Edo, zehazkiago, sorkuntza artistikoaren ardura nagusia gizateriariarentzat paradigma subjektibo berria aurkitzen laguntzea da:

“Artearen subjektuak bere eremuan prozesu berri bat sortzeaz gain, gerra eta bake kontua ere bada, paradigma berria —paradigma subjektibo berria— aurkitzen ez badugu gerra amaigabea izango baita. Eta bakea —benetako bakea— nahi badugu, subjektibotasuna benetan sorkuntza infinituan, garapen infinituan irauteko aukera aurkitu behar dugu”.

Bestela esanda: Maitasuna berrasmatu badaiteke ideia komunistaren forma minimo gisa ulertuta, artegintzaren eskema berri bat hipotesi komunistari forma berria ematen lagungarri suerta daiteke. Alta, inportantea da maitasunaren eta artearekin egiten duen bezala politika eta artea zuzenean ez nahastea eta egiaren prozedura desberdin gisa ulertzea [**]

[*] Egia hitzari dagokion bikoiztasunean ulertu behar da. Egia hitzaren esanahia, Badiourentzat, baliobikoitza da. Esan bezala, Egia ideia unibertsala, betikoa eta aldagaitza da baina prozesu zehatz eta singularren bidez eraikitzen da: “Egia aldagaitza izateak ez du esan nahi autoebidentea denik; eraikita egoteak ez du esan nahi erlatibismoan amaitu behar duenik”. Egia eta gertakizuna lotuta dauden heinean, egia aldagaitza izanda beti da egoera eman bat ezegongortzen duen egia, dagoenatik edo egoera eman eta nagusi batetik sortzen dena: Egia unibertsal edo betikoak gertakizun zehatz eta singularretan gauzatzen dira, gertakizunak berak sortzen dituen subjektu(ar)en bidez. Egia subjektuaren eragiletasunarekin lotuta dago gertakizun singular baten testuinguruan.

[**] 2019ko Urriak 22an Bruselan frantsesez eman zuen hitzaldian, Du moderne au contemporain – L’art, ou la possibilité de l’impossible, artearen eta politikaren arteko banaketa honetaz ari da, eta, besteak beste, adibidez, artea eta giza-iraultza ezin direla batu, ondorioztatzera bultzatzen gaitu, baita ere, “pazientzia estrategikoa” moduko kontzeptualizazioak gehiago daudela lotuta artegintzarekin politikari dagokion urgentzia taktikoarekin baino. Gertakizunak artegintzan, bestalde, esperimentazio lokal gisa ulertzen ditu eta 34’-39’ artean gehi azken galderari erantzunean esaten duenaren arabera batek ezin du Arantzazu izugarrizko gertakizun artistiko baten leku bezala ikusi baino.

Share This