Alain Badiou: Etika jomugan – Humanitarismoak gure barneko ongia hiltzen ari ote du? (Steven Gambardella, 2022)

Egia-gertakizuna, Etika, Gaizkia, Humanitarismoa, Militantea, Ongia, Subjektua

Ingeleraz: Alain Badiou: Ethics under fire – Is humanitarianism killing the good within us? بواسطة (egilea) Steven Gambardella 3 أغسطس، 2022, (Abuztuak, 3 – 2022)

 

–//–//–

 

Bi funtsezko egitate eztabaidaezinek osatzen dute gure bizitza. Gure mundua aldatzen da, eta gizakiak aldaketaren eragile nola izan deliberatzen du.

Bi egitate hauek gaur egun lanean ari den pentsalari esanguratsuenetakoa den Alain Badiouren filosofiaren oinarrian daude. Badiouk hamarkadak daramatza aztertzen gizakiak zergatik berrantolatzen duen bere mundua, zerk bultzatzen dituen horretara eta, denera, zer egin behar duten.

Bere ideiak multzo matematikoen teorian eraikitako existentziaren teoria batean oinarritzen dira. Kosmosa deskribatzen duen konplexu kristalino baten artean, Badiou-k aldaketa sozialek ekoitzitako giza-eragilea definitzen du, era berean, baina, bertan parte hartzen duena.

Aldaketa hauek zibilizazioak aldatzen dituzten iraultzak bezain handiak edo gizabanakoen arteko maitasun harremanak bezain txikiak izan daitezke. Eskalaren mutur bakoitzean aldaketa hauek ulertzeko etikarekin engaiamendua eskatzen du  —  bizitza nola bizi behar dugun aztertzea nola banako halaxe kolektibo gisa.

Badiouren Etika: Gaizkiaren kontzientziari buruzko saioa (1993, ingelesera 2001ean itzulia – [ikus euskaraz, 1996]) bere ideietara sarrera eskuragarria da eta etika birpentsatzeko adibide sutsua. Liburua ongiari eta gaizkiari buruz pentsatu ohi dugunaren kritika gogor batekin hasten da.

Badiouren kritika ez da, oro har, etikaren, eta, zalantzarik gabe, ez etikaren beharraren aurka, mendebaldeko munduak zabaldu duen etika humanitario orokortu eta nagusien kritika baizik.

Etika hauek abstraktu, ageriko eta unibertsal balira ezarri dira eta termino ezagunen bidez etortzen zaizkigu, hala noka: “Giza eskubideak”, “tolerantzia”, “kultura aniztasuna”, “laguntza humanitarioa” eta, eztabaidagarriena, “esku-hartze humanitarioa”—  indarraren erabilera herrirarrak, itxura denez, gaizkiatik babesteko.

Ideia hauek guztiak onak ez ezik, naturalak ere badirela aurresuposatzen da; badirudi gizakiaren berezko moraltasun batetik sortuak direla. Ideia horiek hauste aldera, Badiou mediku forentsearen erara abiatzen da, bere ustez berez naturalak edo derrigorrez onak ez diren oinarriak agerian uzteko.

 

 

“Gizona” (gizakia) existitzen al da?

Teoria etiko guztien ikuskera oinarriko galdera etikaren subjektua non dago da. Mundu helenistikoko (greziarren) filosofia zaharretan, Nia zen etikaren subjektua. “Bertutea” (estoizismoa) edo “plazerra” (epikureismoa) norberak zuzendutako praktika etikoen ondorioak ziren. Printzipio horien arabera biziz, antsietatea edo mina bezalako gaizkietatik babesten da norbera.

Norbera, baina, ez da Mendebaldeko etika humanitarioaren kontzepzio orokortuaren oinarria; aitzitik “gizakia”ren ideia unibertsala da.

Denok dakigu jendartea existitzen dela, baina “gizakia” (“gizona”) pertsona guztiak aintzat hartzen dituen ideia da — beraz, “unibertsala” da — , gizateriaren esentzia bera izango balu bezala. Herritarren berezitasunak albo batera uzten dira eta horren ordez “gizadiaz” hitz egiten dugu, “giza izaera” edo “giza-natura”-ren ideiaz.

Herritar partikular guztiak “gizateria” izatera murrizte horrekin gizakiek elkarrenganako jokabidean berez agerikoak omen diren printzipioak eratzeko aukera ematen du. Murrizketa horren emaitza giza esentzia hori baita. Humanitarismoak giza esentzia horri kalte egiten dion guztia zehaztea dakar — Gaizkia zer den bere osotasunean zehaztea, hain zuzen.

Etika humanitarioan ongia gaizkiatik eratortzen da, eta ez alderantziz. Ongia, bada, ez-gaizkia bezala definitzen da gaizkia zer den zehazten adostasuna lortzea errazago delako ongia zer den baino.

Etikaren funtzionamendua legea bezalakoa da. Legea gaizkiaren aurkako legea da — jokabide eta ekintza gaiztoak identifikatzen ditu. Ekintza jakin baten gaizkia argia ez bada legeak arbitrajea eskaintzen du. Legeak ez du ongia definitzen ez saritzen, gaizkia definitzen eta zigortzen du. Era berean, giza eskubideak ez-gaizkiaren eskubideak dira: umiliatua, mindua, iraindua edo eragotzia ez izateko eskubidea.

Badiouren ustez, beraz, “gizon” orokortua gaiztakeriak jasaten dituen gizakia da baita, era berean, gaizkia identifikatu eta gelditu behar dela dakien gizakidea ere. Horregatik, humanitarismoaren marko etiko orokortuan, gizakia, Badiouk darrai, «bere burua biktima gisa aitortzeko gai den izakia da».

 

 

Gizaki hilkorra eta Gizaki hilezkorra

Orduan daukaguna gizakiak kalteak pairatzeko eta sufritzeko duen gaitasunean oinarritutako etika bat da. Beraz, gizakia gizakiaren harrapari gisa animaliari dagokion abjekzioa den bitartean, gizakiak, eta berean, gaizkiaren biktima pairatzailearen papera betetzen du. Zergatik? Gizakia bere osaera biologikoaren azpiegituran disolbatzen delako — gorputzaren hezur eta haragi hauskorretan.

Badiouk dio izuaren eta torturaren egileek jendea izugarri mintzeko gauza direla biktimak gizakiak baino gutxiagotzat hartzen dituztelako, gure gorputzen animalitasunera murriztuz. Badiouk adierazten duenez, horrela, ez sufritzeko eskubidea animalien eskubideekin alderatu daiteke.

Sufritzen duen gizakia abere mespretxagarria da eta hor dago egon, bakarrik, esku hartzen dutenek salbatzeko zain. Nondik, ondorioz, «esku-hartze humanitario» oro mespretxuan oinarritzen baita, gaizkiaren kalteetatik askatu behar den azpi-gizaki hauskor bat ikusten duelako — zeinak, are gehiago, nazio aberatsen eta txiroen arteko harremana koloreztatzen baitu bereziki. Badiouk zera idazten du:

“Horregatik da ‘etikaren’ erregealdia, kolonialismoaren eta inperialismoaren kritika ausarten ostean, gaur egungo ‘Mendebalde’ko auto-asebetetze sordidoarekin bat datorrela, argudio tinko baten bidez zeinaren arabera Hirugarren Munduko miseria bere ezgaitasunaren ondorio baita… bere azpi-gizatasunarena alegia”.

Filosofo askok argudiatu dute “gizakia” fikzioa dela. Friedrich Nietzsche, Michel Foucault eta Louis Althusser-ek “gizakiaren” kontzeptuak errealitatean oinarririk ez duela proposatu zuten
.
Homo Sapiens-ek ezaugarri komunak ohi dituen arren (hala nola, hizkuntzaren gaitasuna, bi beso, bi oin eta abar), filosofo hauek gizaki indibidual guztien existentziaren aurretik “gizadiaren” esentzia definitzailerik ez dagoela defendatu dute.

Badiouk, berdin, gizaki unibertsalik ez dagoela proposatzen du, “subjektua” den zerbait baizik.

“Subjektua”, filosofikoki ulertuta, gauzekiko erlazioan dagoen subjektua da — subjektua objektuetatik bereizten da. Sinesmenak eta nahiak subjektu gisa dugun egoerarekin lotuta osatzen ditugu.

Badiourentzat, subjektua gizakiak korapilatuta aurkitzen diren egoera zehatzekin harremanetan sortzen da. Beraz, “gizakiaren” esentzia unibertsalik ez dagoen arren, badago mekanismo unibertsal bat zeinaren bidez gizaki gisa gure eragiletasuna ulertzen eta aplikatzen dugun, eta mekanismo hori subjektutasuna da.

Modu honetan, Badiouk iradokitzen du, jendeak gizakiaren azpiegitura biologikoa gainditzen du. Ematen duen adibidea tratu ankerrak edo kontzentrazio-esparruetan bizirik irauten dutenena da, normalean “izaki hilkorra baino [gehiago] beste zerbaiti” eusten baitiote; bizirik irauten dute etorkizuna aurreikusiz — beren gorputzaren biziraupena soilatik haratago beste zerbaiten aldeko konpromisoa hartuz.

Subjektua, Badiouren terminologian, “hilezkorra” da. Ez betirako bizi delako, gizakia “bizitzaren fluxu anitz eta azkarraren barruan” bere gorputzaren osagai material hutsak baino gehiago izan daitekeelako baizik.

Subjektua, beraz, ongiaren jokabiderako oinarria da, animalien azpiegitura gaizkiaren biktima bakarrik izan daitekeen bitartean. Har hor, ondorioz, humanitarismoaren arazoa, gizakiak jasan dezakeen kaltean soilik oinarritzen dena.

Etika humanitario horiek herritarrei kaltetuak izatea eragozten die, baina ez diete ahalmenik ematen beren behar biologikoetatik haratago beren potentziala betetzeko. Humanitarioak “askatasuna” bezalako gauzen alde indarrez esku hartuko du, baina bakarrik norbait fisikoki kaltetua izan daitekeen neurrian, adierazpen askatasuna erabiltzearen ondorioz, adibidez.

Baina gure proiektu etiko bakarra gaizkiaren aurkakoa bada, orduan, ez dugu aurrerapen esanguratsurik egiteko itxaropenik — aitzitik  «kontserbakoitasun trakets» batekin geratzen gara, gaizkia berez-agerikoa balitz bezala definitzen eta kontzeptualki eusten baita (kaltea eragiten den tokian, gaizkia dago).

Ondorioz, negatiboki definitutako etika honek giza bizitzarako positiboki definitutako aukerak itotzeko balio du. Ongia denari buruzko gure doktrina etikoa definitzen eta eusten ez badugu ezin ditugu gero jendartearen onerako aukerak hobeto imajinatu!

Horrelako marko etikoa ez da aldaketa positiboren motorra — politika edo gizarte aldaketarako beste edozein indar etika horren menpe daude. Badiourentzat etika humanitarioa “moralismo miserable bat da, zeinaren izenean derrigortuta gaude munduan nagusi den modua eta bere erabateko injustizia onartzera”.

Badiourentzat etika humanitario honek gizaki “hilezkorra”ren gauzaketa debekatzen du, etorkizunera begiratuz, “gizaki hilezkorrak aukerak daudela eusten duelako dagoen egungo errealitatearen aurrean”.

Etika humanitarioak egoera zehatzean pentsatzea eragozten dio gizakiari, “biktima” bera gizaki ez-espezifikoa balitz bezala ulertuz. Aitzitik, gizaki hilezkorra  — subjektua —  haren egoera zehatzaren arabera sortzen da eta, beraz, etika bere subjektutasunaren baldintzetara lotzen du eta horrela da, hain zuzen ere, “subjektua bere aukeraren bidez eusten dela”.

Badiourentzat, ondorioz, ez dago, oro har, benetako etikarik: “Etika ez da existitzen. Zerbaiten Etika baino ez dago”, alegia: positiboki definitutako etika bat egoera jakin batean etikoki pentsatzeko modu batekin lotuta dago — egoera horretarako etikoki egokia dena ulertzeko. Etika ez da unibertsala, egoera singularren menpekoa baizik.

Badiouk medikuaren adibidea ematen du, bi itxuratan. Bada medikua “gaixoei” laguntzen diena kudeatzaile sanitario gisa, eta bada benetako mediku gisa pazienteak banan-banan indibidualki laguntzen dituena. Mediku kudeatzailearentzat, “gaixoak” sufritzen-duten-izaki etiko unibertsalak dira —  lesioen biktima lausoak, estatistiketara murriztuta daudenak.

Benetan etikoa den medikuak egoera klinikoaren unean uneko etika medikoa aplikatzen du: aurrean duen arazoa konpontzen du. Mediku-kudeatzaileak, are gehiago, tratamendua nork merezi duen  zehaztu nahiko du — adibidez: Segurua ba al dute? Bertako hiritarrak ala paperik gabeko migratzaileak dira? Mediku-medikuak, aldiz, bere klinikan sartzen direnei laguntzen die, haien “egoerari” buruzko galderarik gabe!

 

 

Egiaren Etika

Badiouk proposatzen duen positiboki definitutako etika “egia-gertakizunak” deitzen dituen horietan oinarritzen da. Motzean, “egoera”   dagoen giza antolaketaren eremu jakin baten konfigurazio arrunta da eta “egia-gertakizunak” egoera horretatik sortzen diren berrikuntza eta eraldaketa uneak dira zenbait eremutan. Halako eremu bat politika da,terako.

Normalean errutinaren eta “iritzia”ren munduan bizi gara — onartutako egietan gauzak modu onartuetan eginez, egia horiek kontingenteak eta eraikiak izan arren. Beraz, ezarritako “egoera” batean munduari buruzko oinarrizko aurresuposaketa edo sinesmenak onartzen ditugu, eta horien arabera bizi gara.

Baina egoerek berezko arazoak dituzte beti. Esaterako, jendartea bere gobernu sistema politikoaren muinean dagoen hipokresia pairatu eta horrela bizitzeko gauza izan daiteke. Alta, sistema horrek ezin ditu jendartearen interesak behar bezala ordezkatu. Beraz, aipatu aurresuposaketa edo sinesmen horien barnean alde bat irekitzen da — edo «hutsunea» Badiouk deitzen dion bezala —  herritar gisa gure egoera ez dela egokia etengabe jabetzera bultzatzen gaituena.

Hori da sistema politikoaren muinean hutsune bat litzatekeena; eta “egia-gertakizuna” hutsune horretatik sortzen den egia agerikoa da. Jendartearen arteko klase baten interesak ordezkatzen ez badira, ordezkapen ez edo oker horretan gauzatzen da hutsunea, nondik, gero, egia sortuko baita.

Egia-gertakizuna ganorazko ordezkapenaren faltarekin gauzatzen den hipokresiaren aitortza da eta ordezkaritza politiko adierazgarriago baterako alternatiba. Frantziako Iraultza, esaterako, egia-gertakizun baten adibidea da Badiourentzat.

Subjektua, horrela, egia prozesu horretaz “induzitua” dago: Gizakiek ez dute beren subjektutasuna hautatzen, egiak bihurtzen ditu subjektu. Beren aukeraketa, ikusiko dugunez, egiarekiko duten harremanarekin egiten dutena izango da.

 

 

Ongia eta gaizkia

Ongia, beraz, arestian aipatutako egiari, edo egia-gertakizunari, fideltasuna eta konpromisoa da. Injustizia edo hipokresia bezalako hutsune baten berri dugunean, justiziaren eta osotasunaren ulermen argia dugu. Jokabide zuzena egia hauei ohore eginez alde eragitea da.

Ongia gaizkiaren aurka definitzen den eta mugatu nahi duen etika humanitarioan ez bezala, Badiouren etikak ongia positiboki definitzeaz eta bultzatzeaz arduratzen da. Etika —  Badiouren ikuspegian —  ez da gizakiak indarkeriatik babestea, indarkeria hori existitu ezin den mundu bat sortzea baizik.

Baina orduan, zer da gaizkia? Badiouk ez du sinesten aldez aurretik intuizioz ulertutako gaizki batean —  ez dago gaizkiaren esentziarik, ezer ez dago berez agerikoa denik.

Badiou, izan ere, filosofoen ongiaren zein gaizkiaren “a priori” ulertzeko joeraren aurka dago. “A priori” hemen “instantzia baten egitatearen aurretiko ezagutza” esan nahi du. Adibidez, triangelu batek hiru alde dituela a priori ulertzen dugu, triangeluaren definizioa hiru alde dituen forma dela baita. Gaizkiaren a priori ideia “nahita egindako kalte-ekintza” litzateke, agerikoa dirudiena, berez, baina Badiouk “nahita” hitz horren esanahia zalantzan jarriko luke .

Badiourentzat, norberaren interesean burututako ekintza gaiztoak “ongiatik eta gaizkiatik kanpo” daude, berez, norberaren “egien” esparruan bakarrik baita gizakia eragile etikoa. Bergororatu dezagun: Lapurraren erara bere interes maltzurren alde besterik gabe dabilen gizakia, demagun, “animalia” da soilik, giza aberea, eta, ondorioz, hilkorra da, ez gizaki “hilezkorra”, zeinaren eragiletasuna egia-gertakizun baten aurrean azaleratzen baita.

Lapurretak eta erasoak, horrela, ez dira, berez, Badiouren ongiaren eta gaizkiaren eremuan sartuko liratekeen delituak, ezarritako ordena moralaren transgresioak baizik.

Eta hori azpimarratzea garrantzitsua da, Badiouren helburua ez baita moralki zuzena edo okerra dena modu dogmatikoan zehaztea, zuzena eta okerra ulertzeko marko berri bat proposatzea baizik.

Ongia, azken finean, horrelako transgresioen agertu beharra gelditzea litzateke, batik bat. Ekintza bakoitzak badu arrazoiren bat, gaizkian edo ongian besterik oinarritzen ez dena. Badiouren pentsamendua arrazoiez arduratzen da, ez arrazoi horien dimentsio moralaz.

Gaizkia, Badiouren berdefinizioan, egiaren alde abandonatu dena da, gaizki ulertutako edo gaizki irudikatutako ongia, hain zuzen. Funtsean, gaizkia egiekiko dugun harremanaren hondamena da, ez giza jokabideetan aurretik jakin — eta detektatu — daitekeen esentzia, berez agerikoa dena-edo.

Hau guzia Badiouren “ez dago etika orokorrean” aipatu esaerarekin bat dator, “egoera baten aukerak antzemateko prozesuen etika baizik”. Jarraitzen duenez: ”(Etika) egiak daudelako bakarrik, eta bakarrik egia horien subjektuak dauden neurrian dago, egon”

Horrela definituta, Gaizkia hiru eratan dator:

Simulakroa —  Badiouk honekin esan nahi duena da egia-gertakizun faltsu bat sortzen dela (arazo faltsu bati irtenbidea, nolabait). Simulakroa hemen “faltsua” esan nahi du. Badiouk erabiltzen duen adibidea nazismoa da. Nazismoak garai hartan nagusi den sistemaren dekadentzia iraultzeko sortu zen egia-gertakizun baten erakargarritasun guztia zuen  —  Weimar Errepublika. Baina nazismoa irtenbide faltsu bat zen, egia baten kausa izan beharrean (askapena bezalako kontzeptu unibertsala), berezitasunen kausa zen (nazionalismoa eta arrazakeria). Ondorioz, bere jarraitzaileek izua eta gorrotoa erabili zituzten euren helburuak lortzeko.

Traizioa  —  Interes propioaren mesedetan egia bati uko egitearen gaizkia da, Badiouren arabera. Zuzena zer den dakitenek «zuzena» den hori gauzatzeko ahaleginak alde batera uzten dute, nolabait etekina ateratzeko edo beren bizitza errazteko. Argi eta garbi esateko, hemen, traizioaren errudun izatea ongiaren alde ahal den dena ez egitea da. Egia traizionatzea norberaren izatearen alde hilezkorra galtzea da —  egiarekiko sortu zen subjetutasuna galtzea —  eta norberaren izatea animaliaren azpiegitura asetzera berritzultzea.

Totalizazioa — Gaizkiaren forma da, zeinetan egia jakin batek dena bere baitan barneratzen baitu egia behin betikoa eta erabatekoa balitz bezala. Egoeraren hutsuneetatik sortzen diren egiak “egia BAT” balitz bezala ukertzea zehatzagoa da “egiA” bere osotasunean balitz bezala baino. Gertakizun batetik ez dago egia orokorrik ateratzerik.

Egia bat, are gehiago, benetan antzemangaitza baita hizkuntzaren bidez. Esaterako, maite dudanari “maite zaitut” esatea guztiz desberdina da beste inori “maite zaitut” esatearekin alderatuz gero (Londres bezalako hiri batean, ohikoa da jendeak “maite zaitut” esatea adiskidetasunezko maitasun-adierazpen gisa, eta ez debozio gisa), baina adierazpena berdina da.

Halaber, “pertsona guztiak berdinak dira” bezalako egia bat ere sentitu egiten da , ez da pentsatzen. Egia bat ezin da frogatu (maitasun adierazpena frogatu ezin den modu berean). Adierazpena iritzi bat besterik ez da, ez egia Badiouk azaltzen duen moduan. Egiak aldez aurretik izendaezinak dira. “Egiek beren sartze berezia iritzien ehunaren bidez egiten dute bakarrik”, Badiouk dioen bezala.

Egiak aldez aurretik esangarriak direla uste denean, Badiouk “hondamendia” edo “desastrea” deitzen duen hori dugu, fanatismoaren antzekoa dena, non iritziak egia absolututzat hartzen baitira. Badiouk Txinako Kultura Iraultzaren Guardia Gorri fanatikoen eta Friedrich Nietzsche filosofoaren erlijioaren kontrako jarrera sutsua ematen ditu adibidetzat. Biak egia totala inposatzeko borondate suntsitzaile (eta autosuntsitzaile) baten itxura hartu zuten.

Gaizkiaren hiru mota hauek — egia faltsuak, egien traizioa eta fanatismoa  —  gertakizunaren egiari dagokion aurrerapenerako mehatxu handienak dira, eta, beraz, horiek hirurak dira benetako gaizkiak. Badiouk idatzi zuen bezala:

“Emantzipazio politika batentzat, gehien beldurtu behar gaituen etsaia ez da ezarritako ordenaren eskutik datorren errepresioa. Nihilismoaren barnekotasuna da, eta bere hutsunearekin etor daitekeen ankerkeria mugagabea”.

Beste era batera esanda, egiaren subjektu bihurtzen garenean, gure fedearen galtzea — edo hondamena — da ankerkeria handienak ekar ditzakeena. Cabinet aldizkarian (Ikus, Gaizkiaz: Alain Badiouri elkarrizketa…” esan zuen bezala: «Gaizkia esaldi batean definitu daiteke: gaizkia interes partikularren edo indibidualen presioaren eraginez egia bat etetea da».

Merezi den kausa bati fidel eta leial jarraitzeko inperatibo etikopean (“egia” Badiouren terminologian), hiru gaizki edo gaitz mota hauei aurre egin behar diegu ongian irauteko. Horrek esan nahi du “diszernimendurako baliabideak” erabili behar ditugula  —  kausa faltsuetan ez erortzeko, amore ez emate aldera ausardia izaten jarraitzeko, eta gure ikuspegiaren inguruan neurritasuna erabiltzea osotasunaren edo totalizazioaren muturretara ez erortzeko.

 

 

Deliberazioa eta Eragiletasuna

Badiouren Etika-ren alde kritikoa arrakastatsua da, etikari buruzko pentsamendu hedatuaren akatsak (garrantzitsuena, negatibotasuna) agerian uzten dituelako. Hori egiten du etika humanitarioa historikoki kontingentea dela adieraziz, gehi funtsean kontserbadorea dela, eta ideia etiko horiek instrumentalizatzen (eta, hortaz, hedatzen) dituzten indarrak kamuflatzen laguntzen dutela, hau da:  mendebaldeko hegemonia kapitalista eta inperialismoa—.

Hori gutxi balitz, etika humanitario hori gizakien hauskortasunean oinarritzen da: Gure animaliatasunaren azpiegiturara murrizten gaitu eta gure patu kolektiboan parte hartzeko aukera ematen diguten gizaki izatearen ezaugarri transzendente eta hilezkorrak ezabatzen ditu.

Badiouren pentsamenduaren alde positiboa pentsalari gisa eta praktikan aktibista gisa eratutako ideietan oinarritzen da. Ideia hauek gainerako ideia unibertsalak, hala nola giza esentzia edo ongiaren eta gaizkiaren inguruko berezko ideiak uxatzen dituzten arren, ez dira erlatibistak.

Badiouk, nabarmen, izan ere, egiak badirela uste du. Egia horiek kontraesanetatik sortzen dira — jada badagoen “egoeran” iritzi nagusiek definitutako “ hutsunetik”— . “Pertsona guztiak berdinak dira, arraza edozein dela ere” bezalako adierazpena oso onartua izan daitekeen egia da, baina oraindik praktikan gauzatu beharrekoa.

Egia batek, berez, egungo munduaren eta etorkizuneko munduaren arteko zubiak eraikitzen ditu. Egia horien erakargarritasunak gizakiak gizakiak izatetik etorkizuna lantzeko egiaren subjektu bilakatzen ditu. Horrela bilakatzen gara ongiaren eta gaizkiaren artean aukeratzeko gai garen eragile etikoak.

Tesi positiboaren arazoa, Badiouren beraren ideietan oinarritua izanik, diszernimendua da. Nola bereizten dugu objektiboki “simulakro” bat eta benetako egia bat? Eta nola antzematen dugu zehazki zer den “traizioa”?

Informazioan oinarritutako aldaketaren eragile bihurtzen gara. Dagoen Egoera-ren egia ez zaigu iristen jainkozko errebelazio bat profetari heltzen zaion bezala  —   osorik eta akatsik gabe. Eta egiarekin konprometitu garen neurrian “onak” bagara ere, nola deliberatu taktika eta estrategia ezberdinen artean? Subjektuen artean desberdintasunak azaleratzen badira, nork zehaztuko du fideltasunaren eta traizioaren arteko muga?

Etika humanitarioaren indar integrala, hain zuzen, ongiaren eta gaizkiaren a priori ulertzean dago. Esparru etiko honetan inor ezin da akatsez gaiztotzat jo, nahiz eta akatsez kalte egin (esaterako, esku-hartze humanitario armatuen “lagunarteko suan” eta “albo-kalteetan”).

Badiouren etika positiboa “egia” “simulakro”tik, “fideltasuna” “traiziotik” eta “apaltasuna” “osotasunetik” bereizteko gaitasunaren araberakoa da, baliotze-mekanismo objektiborik gabekoa dena eta soilik epaiketa onartzen duena.

Badiou zuzen dabil etikarik ez dagoela dionean, egoera emanetano etika baizik.

Horrela, etika ez da jokabide-kode unitario bat, giza eragiletasunari loturiko praktiken eta ideien aniztasuna baizik. Azken finean, hausnarketa etikoa norberaren eragiletasuna balioztatzea da, gure askatasuna aurkitzen garen egoeraren aurrean proban ezartzea. Etikari buruz horrela pentsatuz gero, Badiouren tesia argigarria eta garrantzitsua dela ikus dezakegu. Baina, orduan, Badiouren beraren definizioa jarraituz, berea, berdin, iritzi bat besterik ez da.

 

–//–//–

 

Ingeleraz: Alain Badiou: Ethics under fire – Is humanitarianism killing the good within us? بواسطة Steven Gambardella 3 أغسطس، 2022

 

Euskarara itzulpena: IGM / 2025-10

Share This