2003ko abenduaren 4an, New York-eko The Drawing Center-ekoek lacanian ink aldizkariaren udazkeneko zenbakiaren aurkezpena antolatu zuten eta Alain Badiou ekitaldi horretan egon zen ohiko kolaboratzaile gisa. Badiouk arte garaikideari buruz hitz egin zuen 15 tesi arte garaikideaz izenburuko hitzaldian.
Hemen 15 tesiak itzuli dira bakarrik, baten bat, agian, goiko esteka sakatu eta hitzaldi osoa euskaratzen animatuko delakoan. Tartean, bestela, sortuko dira, bai, Badiouren artegintzari buruzko ikuspegi orokorraz zein artearen eta kulturaren arteko ezberdintasunez eztabaidatzeko aukerak.
Oraingoz, hemen, zera gogoratzea merezi du, alegia, Badiourentzat, maitasuna eta sexua, zientzia eta teknologia, edo politika eta kudeaketa bereiztu behar diren bezala berdin egin behar da artea eta kulturaren artean.
Hitzaldiaren hasieran dion bezala, Badiouren ustez, arte garaikidearen auzia edo galdera handia zera da: nola ez izan erromantikoa. Galdera handia dela dio, eta oso zaila. Galdera, zehazkiago, nola ez izan formalista-erromantikoa baita, erromantizismoaren eta formalismoaren arteko nahasketa moduko zerbait dena.
Alde batetik, forma berrien desio erabatekoa dago, beti forma berrien aurkitu beharra, desio infinitua moduko zerbait dena: Modernitatea forma berrien desio infinitua da.
Baina, beste aldean, gorputzarekin obsesioa dago, finitutasuna, sexua, krudeltasuna eta heriotzari lotuta dagoena.
Arte garaikideko korronte nagusia formalismoaren eta erromantizismoaren arteko sintesia bezalako zerbait da forma berriekiko obsesioaren eta finitutasuna, gorputza, krudeltasuna, sufrimendua eta heriotzarekiko obsesioaren arteko tentsioaren kontraesanean bizi dena.
Badiouren hamabost tesien helburua-edo, ondorioz, nola ez izan formalista-erromantikoa galderari erantzutea da.
Badiouren hamabost tesiak urteak daramatzate artearen eta filosofiaren eremuen arteko hainbat bertsioen bidez zabaltzen, Hemengoa Chtodelat errusiar taldekoen web orrialdetik hartutakoa da (Itzulpena IG).
Hasieratik ohargarria suertatuko denez, artea, Badiourentzat, ohiko partikularismoen zein pertsonalismoen erabateko erakustalditik guztiz desberdina da, funtsean. Unibertsaltasunaren asmoari eutsi nahi badio, arteak ezin du atzera jo erromantizismoaren sormen adierazgarrien bila.
Aitzitik, arteak nolabaiteko soiltasuna eta hoztasun anti-erromantikoa barne hartu behar ditu. Matematika bezala, artea ekintza inpertsonal bat da. Ekintza artistikoaren baieztapenean artista osagai neutroa da.
Honatx, bada, Alain Badiouren…
15 tesi arte garaikideaz
1. Artea ez da infinituaren jaitsiera sublimea gorputzaren eta sexualitatearen abjekzio mugatuan. Aitzitik, serie subjektibo infinitu baten ekoizpena da, kenketa material baten bitarteko finituen bidez.
2. Artea ezin da izan berezitasun baten adierazpen hutsa (izan etnikoa edo pertsonala). Artea guztioi zuzendutako egia baten ekoizpen inpertsonala da.
3. Artea egia baten prozesua da, eta egia hori beti da sentimenaren edo sentsualaren egia, sentibera qua sentiberarena. Horrek esan nahi du: zentzuzkoa Ideiaren gertakari bihurtzea.
4. Arteen aniztasun bat dago nahitaez, eta edozein dela arteen arteko gurutzatzeen imajinatzeko moduak, ez dago aniztasun hori totalizatzeko modu imajinagarririk.
5. Arte oro forma ez-puru batetik garatzen da, eta ez-purutasun horren garbiketa progresiboak eratzen du egia artistiko jakin baten eta haren agortzearen historia.
6. Egia artistiko baten gaiak osatzen duten lanak dira.
7. Konposizio hau konfigurazio infinitua da, gure testuinguru artistiko garaikidean osotasun generikoa dena.
8. Artearen erreala ez-purutasun ideala [Èelle] da bere purifikazio prozesu inmanentearen bidez sortua. Bestela esanda, artearen lehengaia forma baten sorrera kontingenteak zehazten du. Artea orain arte formarik gabeko forma baten etorreraren bigarren mailako formalizazioa da.
9. Arte garaikidearen maxima bakarra hauxe da: ez izan inperiala. Horrek ere esan nahi du: ez izan demokratikoa, baldin eta demokraziak askatasun politikoaren ideia inperialarekin bat etortzea suposatzen badu.
10. Arte ez-inperiala arte abstraktua da nahitaez, zentzu honetan: berezitasun orotatik abstraitzen da, eta abstrakzio keinu hori formalizatzen du.
11. Arte ez-inperialaren abstrakzioa ez da inongo publiko edo ikuslego jakin batekin arduratzen. Arte ez-inperiala etika proletario-aristokratiko moduko batekin lotuta dago: esaten duena egiten du, pertsona motak bereizi gabe.
12. Arte ez-inperiala demostrazio matematiko bat bezain zorrotza izan behar da, gauean segada bat bezain harrigarria eta izar bat bezain goratua.
13. Gaur egun artea Inperioaren testuinguruan existitzen ez denaren abiapuntutik bakarrik egin daiteke. Bere abstrakzioaren bidez, arteak in-existentzia hori ikusgai bihurtzen du. Hau da arte ororen printzipio formala arautzen duena: Inperioarentzat (eta, beraz, hedaduraz guztiontzat, ikuspuntu ezberdin batetik baldin bada ere), existitzen ez dena denentzat ikusgarri egiteko ahalegina.
14. Merkatalgaien-zirkulazioa eta komunikazio demokratikoa arautzen duten legeen bidez ikusgarriaren eta entzungarriaren domeinu osoa kontrolatzeko duen gaitasunaz ziur dagoenez, Inperioak ez du ezer zentsuratzen. Arte guztia, eta pentsamendu guztia, kontsumitzeko, komunikatzeko eta gozatzeko baimen hori onartzen dugunean hondatzen da. Geure buruaren zentsore errukigabe bihurtu beharko ginateke.
15. Hobe da ezer ez egitea Inperioak jadanik existitzen dela aitortzen duena ikusgarri bihurtzeko modu formalak asmatzen laguntzea baino.


